Bioaniztasunaren Kontseiluaren sorrera txalotu dute Gipuzkoako natur taldeek

  • “Legealdiaren bukaeran” eta “ia garaiz kanpo” bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bioaniztasunaren Kontseilua sortu izanagatik pozik azaldu dira herrialdeko hamasei talde kontserbazionista eta ekologista, hedabideei igorritako gutun batean.


2015eko maiatzaren 7an - 11:43
Aiako Harria, Natura 2000 Sareak Gipuzkoan izendatuta dauzkan Kontserbazio Bereziko Eremuetako bat (Arg.: Euskaldunaa-CC By SA).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Biodibertsitatearen alorreko adituak eta administrazioko eta jendarteko eragileak bilduko ditu organo sortu berriak. Eskutitza sinatu dutenen esanetan, Natura 2000 Sarea –“Europar Batasunak natura babesteko garatu duen erremintarik eraginkorrena”– tokian-tokian behar bezala garatzeko ezinbestekoa izango da, hain zuzen, ingurune naturalaz adituak direnen iritziak eta ezagutzak kontuan hartzea.                                      

Orain arte oso bestela jokatu du Gipuzkoako Aldundiak, natur taldeen esanetan. Izan ere, erabakiak hartzeko organoak zenbait lobbyren mesederako (egurzaleak, ehiztariak…) egituratu izana leporatu diote Aldundiari.

Mendiak eta Natura Ingurunea saileko zuzendaritzak, sustatutako politiken bitartez, ondare publikotik irabazi pribatuak lortzea lehenetsi duela adierazi dute kontserbazionistek. “Horretan onuradun izan diren enpresek eta banakoek gogor egi(te)n diote politika horiek aldatzeko ekimenei”, gaineratu dute.

Aipatutako lobbyen artean batez ere egurraren sektoreko enpresak nabarmentzen direla uste dute sinatzaileek, baina EHNE eta ENBA sindikatuen jarrera kritikatu dute halaber. “Lehen sektorea nola dagoen ikusita, politika horietan aldaketak eskatzen ditugunon artean aliatuak bilatzeko ahalegina egin beharko luketelakoan gaude”.

Bukatzeko, Bioaniztasunaren Kontseilu sortu berria benetan eraginkorra izan dadin konpromisoa eskatu diete alderi politiko guztiei, hauteskunde kanpaina hastear dagoen honetan.

Natur taldeen eskutitza osorik hemen


Irakurri gehiago: Ingurumena Gipuzkoa Euskal Herria
Ingurumena kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin