Bi langilek desagertuta jarraitzen dute Zaldibarko zabortegiak eragindako lubiziaren azpian

  • Ostegun (otsailak 7) goizaldean agintariek hala manaturik, eguerdian artean etenda zeuden Zaldibarko (Bizkaia) Eitzaga auzoan luizi handi bat eraginez galdutako bi langileen bilaketa lanak. Ostegun arratsaldean amildu ziren zabortegiaren lurrak eta AP-8 autopistaraino heldu zen milioi erdi tona baino gehiagoko hondakin masa. Bi beharginen bila ari zirela jakin zuten agintariek bertan ohiko hondakin ez arriskutsuez gain amiantoz osatutakoak ere bazirela. Autopista zabalik dago, erdia baliatuz bi norabideetarako erabiltzeko. Eta polemika piztu da zabortegiaren kudeaketa eta segurtasunaren inguruan.

A8 autopistaraino heldu den hondakin-mendiak harrapatu ditu falta diren bi beharginak. (Argazkia: Sos Deiak)

2020ko otsailaren 07an - 11:30

Zaldibarko Eitzaga auzoan Verter Recycling enpresak kudeatzen duen zabortegian galdutako 50 eta 50 urteko bi langile dira. Ezbeharra ostegunean (otsailak 6) 16:00ak aldean gertaturik, laster hasi ziren erreskate lanak, ilundu ostean ere gauez jarraitu zutenak, harik eta agintariek goizaldeko 01:30 inguruan erabaki zuten arte lanak etetea, ostiral goizean segurtasun batzorde berezi batek jarraitzeko baldintzak erabaki arte.

Eguerdian Eusko Jaurlaritzako larrialdietarako daukan SOS Deiak jakinarazi duenez, agintari eta adituen bilera berezi batean erabaki dute gaur langileen bilaketa-lanei berriro ekitea, horretarako eskatuz amiantoa bezalako hondakin arriskutsuen erabileran trebatutako ekipo baten laguntza:

Ia 14 orduz egon dira etenda lanok, berriro bazkalondoko 15:00ak pasata ekiteko:

Etenaren arrazoia amiantoan zetzan. Ustez, Eitzagako zabortegiak hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimena zeukan arren, amiantoarekin egin zuten topo bertan lanean ari zirenek. Goizean polemika piztu da baimenon inguruan. Alde batetik, (Naiz-ek aurreratu du xehetasun hau lehenbizi) hondakin arriskutsuentzat dela aipatzen duelako 2016an Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari zabaldutako Ingurumen Baimen Bateratuan behin eta berriro espreski aipatzen delako puntu hori. Aldiz, Berria-k zabaldu duenez, agintariek istripuaren hasieratik jakin behar zuten zerekin egin zezaketen topo sorospen zerbitzuek, amiantoa biltzeko baimena espreski ematen zitzaiolako enpresari 2007an emandako Ingurumen Baimen Bateratuan.

Geroago, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileek Radio Euskadi-n adierazi dute Verter Recyclingek bazuela amiantoa kudeatzeko baimena, Naiz-ek berak zabaldu du enpresa honek baimen hori daukala justu 2017tik.

Goizean entzun dira langileen eta sindikatuen kexuak, lehenbiziko erreskate lanetan aritu direnek amiantoa bezalako gai arriskutsu bati dagokion babes neurri barik jardun direlako. Geroago zabaldu diren irudietan, inguruan zaintza lanetan ari diren Ertzaintzako agenteak janzki bereziak beztituta ageri dira.

Urte luzez Bilbotik Irun aldera edo Donostiatik Barakaldorantz joan diren milaka herritarrak ohituta zeuden Ermua inguruko bihurguneen goiko aldean ageri zen bete-lan gero eta erraldoiago hura ikusteaz. Masa itzel hori maldan behera abiatu da orain eta autopistaren erdia denbora luzez eduki beharko dute itxita: bidea oztopatzen duen pila kentzen hasiz gero gainera etorriko da goitik anitzez gehiago... eta ikusteke dago segurtasun azterketak ez ote duen autopista osorik etetea eskatuko hurrengo euritearen beldur...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude