Benetako lagunak zer diren


2023ko otsailaren 09an - 12:07

Durangoko Azoka. Salmahaietan zehar abiatu naiz, azokaz kanpoko oro desagertzen dela sentituz. Liburu bat hartu, ireki eta bere baitara jauzi egin dut. Hitzak, irudiak, mundu bat. Halako batean, gero eta hurbilago sentitzen dudan zarata batek harrapatu nau, eta errealitatera bultzatu nau:

– Danel. Danel. Danel! Daaaaaaanel!!!– lagunak indarrez oratu nau besotik, jiratzera behartuz.

Arrastaka narama, txintik esan gabe, begiak ikusi ezin dudan helmugan josiak dituela; heldu garen arte ez da gelditu. Orduan ohartu naiz:

La hostia!

Joseba Sarrionandia parez pare. Dagoeneko luzea da maisua zuzenean ezagutu nahi dutenen ilara (bai, futbolari ospetsuena balitz bezala, eragiten duen lilura bezain luzea den errenkada sortzen ari da). Mundualdi oso bat iruditu zaigun tartea itxoin eta gero, unea heldu zaigu: baldarki, izan ginen umemokoen gisan, totelka, elkarrizketa baten antz gutxi duen zerbait izan dugu idazle handiarekin. Sinadura liburuan, hori bai. Eta, “klik”, argazkia ere bai; eternitaterako.

Ibiltzen hasi gara, gertatutakoa digeritzeko edo. Gelditu, begietara so egin eta elkar besarkatu dugu. “Biba!”, Athleticen gola ospatzen dutenen modura. Literaturaren hooliganak? Auskalo, baina, aurpegian irribarre zabala dudala, zera pentsatu dut: “Literaturaren hegoak eta adiskidetasunaren beroa, nahikoa, zoriontsu izateko!”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Eguneraketa berriak daude