Bederatzi gazte zortzi egunez euskara hutsean bizitzen saiatuko dira

  • Lutxo Egia artistak 2015ean egindako ariketa errepikatu nahi dute. Azaroaren 12tik 19ra euskara baino ez dute hitz egingo bederatzi gazteek. Euskaraldiaren bezperatan egingo dute Gaztealdia izeneko ariketa. Helburu nagusia gazteak aktibatu eta euskara erabiltzeko hautua egitera animatzea da. Gazteak euskalgintzak bultzatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte: “Parte hartu, ez ekimenak ondo atera daitezen, euskarak aurrerapausoak eman ditzan baizik”. Euskaraldian ahobizi rolean parte hartzera gonbidatu dituzte gazteak.


2020ko azaroaren 9an - 13:33
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lutxo Egiaren ariketari segika, azaroaren 12tik 19ra arituko diren bederatzi gazteak herri hauetakoak dira: Sodupe, Zornotza, Deustu (Bilbo), Plentzia, Lasarte-Oria, Iruñea, Tutera, Donibane Lohitzune eta Urepele. Gazte horiek atzean sarea dute eta ondoko eragileek bultza dute ekimena: Bizkaiko Topa Gaitezen, NUPeko euskara taldea, Iep! Ibaetako Unibertsitateko euskara taldea, Gasteizko EHUko euskara taldea, Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldea, eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteko gazteak.

Zortzi egunez euskara hutsean bizitzeko ariketa egingo dute eta badakite euskaraz bizitzeko dauden oztopoak azaleratuko direla egun horietan. Alabaina, gazteon helburua oztopoak azaleratzea baino gazteen kontzientziak piztea da eta gazteek euskararen erabileraren aldeko hautua egitea.

Zabaldu duten prentsa-oharrak dio gazteok ahots propioz hitz egin nahi dutela beraiek euskararekin duten loturaz. Hala diote: “Euskalgintza Euskaraldia eta Korrika bezalako herri ekimenak antolatzeko gai den arren, kaleetan eta belaunaldi berrien artean ez da euskarari lehengo bultzada emateko energiarik sumatzen. Gazteok, orain arteko hizkuntza politiken eta euskalgintzak egindako hipotesi eta apustuen fruitu garenok, ez ditugu espektatibak bete”.

Ez dakite bederatzi gazteek euskara hutsean bizitzea lortuko duten, baina helburua argia da: Euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzea eta ikustaraztea. Zentzu horretan bi gako azpimarratu dituzte. Batetik: “Hautu hau ezin dugu herri-proiektu batetik bereiztuta ulertu. Ezin baitugu hizkuntza batez hitz egin lurralde eta herri batez hitz egin gabe”. Berdinen arteko eta zapalkuntzarik gabeko herri baten eraikuntza aldarrikatu dute, “horrek, ezinbestean, herri euskaldun bat dakar berarekin, euskarak ez baitu beste inoren hizkuntza ez naziorik desagerraraziko, gaur egun gure herrian gertatzen ari denaren kontran”. Bestetik: “Euskararen aldeko hautua, euskarak ematen dizkigun aukeren araberakoa izango da. Ezin baitugu erabilerarik ulertu eskubide, eremu seguru eta boteregunerik gabe. Euskaraz bizitzearen hautua hautu zorotzat hartzen baldin badugu, eta konbentzituta gaudenoi hamaika buruhauste suposatzen badizkigu, botere gune ezberdinetan estres sortzaile izanik, nola eskatu txikitatik inguru erdaldun bat eduki duenari euskarak bere atzetik dakarren estresa asumitzeko?”.

Gaztealdian parte hartuko dutenen profilak sare sozialetan zabaltzen ari dira. Hemen horietako bat:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
2023ko azaroaren 29
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

2023ko urriaren 18
Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!