ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Baionako Maurizia eraikin okupatua "beranduenik ekaina hastapenean" hustu dezake Poliziak

  • Ostegunean uxerra bertaratu zaie Baionako Santa Ursula karrikako 16. eraikinean dagoen Maurizia gune okupatura, kanporatze aginduaren berri emateko. Baionako Herriko Etxearen eta EPFL Lurraren egitura publikoaren elkarrizketa-ezak deitoratzen dituzte okupatzaileek. Egun berean, Hazparneko gazte bat epaitu dute Lapurdiko hiriburuan, 2021eko udan okupazio batean parte hartzeagatik.

Maurizia okupazioa aurkeztu dute publikoki, prentsaurreko bidez maiatzaren 16an. Argazkia: Euskal Irratiak

2023ko maiatzaren 26a - 10:31

Uxerra bertaratu zaie maiatzaren 25ean Baionako auzitegiak izenpetutako kanporatze agindu batekin. Beren baitarik eraikinetik ateratzeko eskaerari uko eginez gero, "beranduenik ekaina hastapenean" kanporatuko dituztela jakitera eman die okupatzaileei. Maiatzaren 4az geroztik okupaturiko eraikinean xede duten egitasmo sozial eta kulturalarentzako aukerarik ez diete utzi nahi jabe diren Baionako Herriko Etxeak eta EPFL Lurraren egitura publikoak.

Okupazioaren berri eman zuten maiatzaren 16an Herriko Etxearekin elkarlanean proiektu bat adosteko nahikaria adierazita. Baionako Santa Izpiritu auzoko Santa Ursula karrikako 16. zenbakiko bizitokiak okupatzen dabiltza, etxebizitzaren arazoari aurre egin nahian, zein auzoko herritarrei eta eragileei espazio sozial eta kulturala eskaintzeko asmoz. Baina jabeak elkarrizketari "itxiak" direla deitoratu dute maiatzaren 25ean egindako prentsaurrekoan. Bertaraturik ziren 70 bat gazte, kanporatzeko mehatxua oztopatzeko xedez. Ondoko irakurketa zabaldu dute: "Gure elkarrizketa saiakerei entzungor izateaz eta proiektuak ukan duen herritarren sustenguari ezikusiarena egiteaz gain, kanporatze estrategia ilegala ikus dezakegu. Uxerrak okupatzaileen identifikazio eza baliatu du aitzakiatzat, baina azken honek bisitatu gintuelarik ez zuen identifikazio eskaerarik egin". "Prozedura akats larriak" identifikaturik dituzte.

Hazparneko okupazioaren harira, auzitan

Ostegun honetan epaitu dute Hazparneko gazte bat, gaztetxea aldarrikatzeko asmoz okupazio batean parte hartu izanagatik. Ttattola gaztetxeak aterperik ez zuela, 2021eko udan okupatu zuten urte luzeetan hutsik zen herriko etxeetariko bat. Etxe horretan "indarrez eta mehatxuka sartzea" egotzi diote epaituriko gazteari eta epaia ekainaren 22an ezagutuko dute. Ehun bat lagun elkartu ziren Baionako auzitegi aitzinean, elkartasuna adierazteko epaituari. Okupazioa kolektiboki egin zutela oroitarazirik, kide bakarra erantzuletzat hartzeak "talde indarraren haustea eta presioa pertsona bakar baten gainean ezartzea" bilatzen duela gaitzetsi dute gaztetxeko kideek.


Okupazioa kanaletik interesatuko zaizu...
2023-06-01 | Ilargi Manzanares
Oinharri eskolak herri mugimenduentzako formakuntza eskainiko du Errekaleorren, uztailaren 15etik 23ra

Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegia eskainiko du, Euskal Herriko herri mugimenduentzako formakuntza politikoa. Lau urte daramatzate formakuntza ematen, eta beraien metodologia Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduan (MST) oinarrituta dago, materialismo dialektikoa ardatz.


Desokupa legez kanpo jartzeko legea abiaraziko du Unidas Podemosek Diputatuen Kongresuan

Desokupa moduko enpresa edo antolakundeak desegiteko lege bat abiaraziko dutela iragarri du Ione Belarrak, Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak.


Eskaintza sozial eta kulturala garatu nahi dute Baionako Maurizia eraikin okupatuan

Maiatzaren 4an Baionako Santa Izpiritu auzoan abiaturiko okupazioaren berri eman dute hamar bat gaztek aste honetan. Maurizia izena jarri diote guneari eta etxebizitzaren arazoari begira aterabide izateaz gain, proiektu sozial eta kulturala ere dute marrazturik. Herriko... [+]


Burlatako gaztetxea arriskuan dagoela salatu dute

Prentsaurrekoa egin dute gaztetxeko kideek, gaztetxearen egoera azaldu eta haren kontra Burlatako PSNk eta Navarra Sumak izan duten jarrera salatzeko.


Eguneraketa berriak daude