Ostegunean uxerra bertaratu zaie Baionako Santa Ursula karrikako 16. eraikinean dagoen Maurizia gune okupatura, kanporatze aginduaren berri emateko. Baionako Herriko Etxearen eta EPFL Lurraren egitura publikoaren elkarrizketa-ezak deitoratzen dituzte okupatzaileek. Egun berean, Hazparneko gazte bat epaitu dute Lapurdiko hiriburuan, 2021eko udan okupazio batean parte hartzeagatik.
Uxerra bertaratu zaie maiatzaren 25ean Baionako auzitegiak izenpetutako kanporatze agindu batekin. Beren baitarik eraikinetik ateratzeko eskaerari uko eginez gero, "beranduenik ekaina hastapenean" kanporatuko dituztela jakitera eman die okupatzaileei. Maiatzaren 4az geroztik okupaturiko eraikinean xede duten egitasmo sozial eta kulturalarentzako aukerarik ez diete utzi nahi jabe diren Baionako Herriko Etxeak eta EPFL Lurraren egitura publikoak.
Okupazioaren berri eman zuten maiatzaren 16an Herriko Etxearekin elkarlanean proiektu bat adosteko nahikaria adierazita. Baionako Santa Izpiritu auzoko Santa Ursula karrikako 16. zenbakiko bizitokiak okupatzen dabiltza, etxebizitzaren arazoari aurre egin nahian, zein auzoko herritarrei eta eragileei espazio sozial eta kulturala eskaintzeko asmoz. Baina jabeak elkarrizketari "itxiak" direla deitoratu dute maiatzaren 25ean egindako prentsaurrekoan. Bertaraturik ziren 70 bat gazte, kanporatzeko mehatxua oztopatzeko xedez. Ondoko irakurketa zabaldu dute: "Gure elkarrizketa saiakerei entzungor izateaz eta proiektuak ukan duen herritarren sustenguari ezikusiarena egiteaz gain, kanporatze estrategia ilegala ikus dezakegu. Uxerrak okupatzaileen identifikazio eza baliatu du aitzakiatzat, baina azken honek bisitatu gintuelarik ez zuen identifikazio eskaerarik egin". "Prozedura akats larriak" identifikaturik dituzte.
Ostegun honetan epaitu dute Hazparneko gazte bat, gaztetxea aldarrikatzeko asmoz okupazio batean parte hartu izanagatik. Ttattola gaztetxeak aterperik ez zuela, 2021eko udan okupatu zuten urte luzeetan hutsik zen herriko etxeetariko bat. Etxe horretan "indarrez eta mehatxuka sartzea" egotzi diote epaituriko gazteari eta epaia ekainaren 22an ezagutuko dute. Ehun bat lagun elkartu ziren Baionako auzitegi aitzinean, elkartasuna adierazteko epaituari. Okupazioa kolektiboki egin zutela oroitarazirik, kide bakarra erantzuletzat hartzeak "talde indarraren haustea eta presioa pertsona bakar baten gainean ezartzea" bilatzen duela gaitzetsi dute gaztetxeko kideek.