Gurutze plazako parkingaren proiektua gerarazi du Ibarrolak, babes faltagatik

  • Babes politikorik ez duelako, eta bizilagunen desadostasuna onartu ondoren, Iruñeko alkateak aparkalekuaren proiektua bertan behera utzi du "behin behinean". Ibarrolak proiektuaren aurkako protesten atzean EH Bildu dagoela adierazi du.


2023ko abuztuaren 17an - 10:34
Azken eguneraketa: 2023-08-19 12:46
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gurutze plazako proiektua “denboraldi batez etenda” egongo dela adierazi du Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak prentsaurreko batean.

Agerraldian azaldu du aparkalekua “bizilagunen eskaeretan” oinarritzen dela eta Gurutze plaza berriz urbanizatzea “espazio biziagoa sortzeko" beharretik datorrela, “jarduera gutxiko” tokia delakoan eta “segurtasun falta” nabaritzen delako inguruan bere esanetan. Hala ere, onartu du ez duela ez babes politikorik ez bizilagunen babesik proiektua aurrera eramateko. 

EH Bilduri “indarkeria giroa” bultzatzea leporatu dio, nahiz eta auzoan egin diren protestak baketsuak izan diren. “Erasoak” izan direla salatu du, bai hitzezkoak bai azpiegiturei, baina Berriak nabarmendu duen moduan, ez du eraso horien frogarik aurkeztu.

“Orain ez dugu bermerik herritar gehienak asebeteko dituen proiektu bat osatzeko. Gure ustez, hartutako erabaki hau da aukerarik onena babes handiagoa duen irtenbide bat aurkitzeko; hiria hobetu behar baitugu”, adierazi du UPNko alkateak, proiektuaren inguruan. 

Zangoza kalean Iruñeko udal gobernuak egin nahi zuen lurrazpiko aparkalekuak Gurutze plazako zuhaitzei eragingo dien kalteen aurrean –horietako asko moztea baitzegoen aurreikusia–, mobilizazio ugari eta jendetsuak egin dituzte azken hilabeteetan auzotarrek.


Ingurumena kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...