"Auzoa(n) bizitzeko modu bat ari dira epaitzen"

  • Astelehenean bost pertsona epaituko dituzte Gasteizko epaitegietan, Talka espazio feminista okupatuaren hustearekin lotuta. 2019ko abenduan kolektibo feministak Adolfo Domínguez arropa enpresaren jabetzako lokal hutsa okupatu zuen Gasteizko Alde Zaharrean, eta Ertzaintzak 2020ko maiatzeko konfinamendu aldian indarrez hustu. Epaiketa egunaren arratsaldean "elkartasun argazkia" aterako dute Ahiztogile plazan, "auzodefentsa" aldarri. Epaiketa, okupazioa, feminismoa eta auzogintza izan ditugu hizpide Talkako kide Karmelerekin (izena asmatua da).


2020ko azaroaren 27an - 11:05
Maiatzaren 8an hustu zuen Ertzaintzak lehenbizikoz Talka. Argazkia: ARGIA

Astelehenean bost pertsona epaituko dituzte Talka espazio feministaren hustearen harira. Zer delitu leporatzen zaie?

Bost auzokideak Hedegile kaleko Talkaren okupazioaren eta desalojoaren testuinguruan izan ziren identifikatuak, eta usurpazioa eta okupazioaren delitua egozten zaie. Identifikazio gehiago ere egin zituzten, eta baliteke ofentsiba errepresiboa hurrengo hilabeteetara luzatzea. Horrez gain, beste auzokide bati mozal legea ezarri diotela salatu nahi dugu: maiatzaren 8ko huste saiakeran, eta beti ere Ertzaintzaren bertsioaren arabera, bere etxeko leihotik Talkaren alde eta desalojoaren aurka oihukatzeagatik.

Kanporatzea legez kanpokoa izan zela salatu zenuten. Zergatik?

Baimen judizialik gabe egin zen desalojoa maiatzaren 8an eta 15ean. Ertzaintzak kalea inguratu eta moztu zuen, Adolfo Domínguezek kontrataturiko enpresa batek Talkako atea hormatzea ahalbidetuz.

Abenduan lokala okupatu zenetik baziren identifikatutako pertsonak eta, legearen arabera, desalojo prozesua jakinarazi behar zitzaien; aldiz, ez zen jakinarazpenik izan, prozedura juridikorik ez zegoelako martxan. Dirudienez, botere ekonomiko handia baduzu ez da beharrezkoa legearen babesa Ertzaintzak zein Udaltzaingoak zure interes pribatuak defendatu ditzan.

Zergatik okupatu zenuten espazio hori eta ez beste bat? Zein da lokal horren historia?

Aspalditik salatu dugu Gasteizko Udalak –PP zein PNV egonda alkatetzan– korporazio handien eta multinazionalen interesen aldeko jarrera duela. Bereziki Alde Zaharrean agerikoa da horien esku hartzeak auzoa gentrifikatzen duela, garestituz eta bizilagunak kanporatuz. Gainera, auzoan arazo gehigarri bat dugu: etxebizitza zahar ugarik konponketak behar dituzte, eta bizilagun askok zailtasun ekonomikoak dituzte konponketei aurre egiteko. Alde Zaharra hiriko errenta baxuenetarikoa duen auzoetakoa da, udalak turismorako saltzen du auzoa, baina bizilagunak kontuan izan gabe. Ez du auzokideontzat etxebizitza duinak bermatzeko asmorik, eta espekulatzaileen interesak defendatzen ditu. Adolfo Domínguezen kasua adibide bat da: Udalaren jabetzapeko lokala izatetik era susmagarrian multinazionalaren eskuetara pasa zen, salerosketa hori inon agertzen ez delarik.

Auzoan bi lokal okupatu izana ez da ausazko erabakia. Espazioei erabilpen komunitarioa emateaz gain, bizilagunon beharrak mahai gainean jarri eta auzoaren gentrifikazioa salatu nahi izan dugu.

2018ko abenduan Alava-Velasco jauregia okupatu zenuten Talkako kideek, 2019ko abenduan Adolfo Domínguezen denda izandakoa. Bietatik kanporatu zaituzte Poliziak baina lanean jarraitzen duzue.

Gure lana ez da inoiz eten desalojoekin, auzoan eragiten jarraitzen dugu. Horregatik diogu auzoa(n) bizitzeko modu bat ari direla epaitzen. Okupazioa erreminta politikoa da, beste askoren artekoa, gure behar eta nahiei bide emateko. Martxoak zortziaren bueltan izan zen jauregiaren hustea, Gasteizen bigarren greba feminista antolatzeko espazio nagusia zenean –Adolfo Domínguezen lokalaren kasuan bezala, Álava-Velasco jauregiaren desalojoa baimen judizialik gabe egin zen eta indar polizialek enpresarien bizkartzain lanak egin zituzten–. Hedegile kaleko desalojoa maiatzaren 1a igaro ostean egin zuten, konfinamendu egoeran, gure eskubide politikoak urratuta zeuden momentuan. Epaiketa berriz azaroaren 25etik bost egunera izango da. Datek oso ondo erakusten eta deskribatzen duten bezala, gure bizimodua eta bizitza ulertzeko eraren kontrako epaiketa da.

 

Sortu ginenetik esan genuen talka egiten genuela, feminismoa talka gabe ezin zelako ulertu eta gaur horretan berresten gara. Auzodefentsa eta auzoan bizitzea gatazkarik eta talkarik gabe ezin dugu ulertu. Auzoa ez da armonia, auzoa ez da bakea eta auzoan ez dago guztiontzat tokia. Hemen talka handia dago, auzoa esplotazio produktu eta aberastasun ekonomikorako iturri bezala ulertzen dutenen eta gure artean. Guk, bizilagunon behar indibidualei erantzun kolektiboak emanez komunitate politikoa eraikitzeko apustua egin genuen, bizitzen defentsan. Bizitzak defendatzea ez da esaldi hutsala, auzokideontzat bizigarriak diren bizitzen alde borrokatzea da, eta ustelkeriari, desalojoei, Poliziari, espekulazioari eta errepresioari aurre egitea. Emakume, bollera eta trans bezala antolatzeagatik ari gara desalojatuak eta epaituak izaten, auzodefentsa sarea osatzeagatik, gure auzo, bizitza eta gorputzen aurkako indarkeria neoliberari era kolektiboan aurre egiteagatik. Feminismotik auzoa defenditzen eta egiten jarraituko dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


2023-12-18 | Garazi Zabaleta
Otxantegi Herri Lurrak
Lurra negozioa egiteko ala elikadura eta bizitza duinerako?

Lurrak espekulaziorako eta dirua egiteko helburu bakarrarekin darabiltzaten jabeak badira Euskal Herriko hamaika txokotan; horren adibide nagusi izan dira azken urteotan Arbonako, Senpereko eta Kanboko esperientziak. Baina Hego Euskal Herrian ere badira antzeko kasuak; Uribe... [+]


Donostialdeko okupazio bulegoak hamargarren urteurrena ospatuko du

Donostialdeko okupazio bulegoak hamar urte beteko dituela eta, urteurren festa antolatu du astebururako. Ostiralean mahai ingurua egingo dute Parte Zaharreko Birunda gune autogestionatu berrian, Etxebizitzaren defentsan, antolakuntza esperientziak ezagutzeko. Bertan izango dira... [+]


Errekaleorren 10. urteurreneko ekintzetan jasandako polizia jazarpena salatu dute

Errekaleor Bizirik auzoaren hamargarren urteurrena ari da ospatzen. Adierazi dutenez, 24 orduan lau identifikazio eta hiru isun jasan dituzte. Isunak mozal legea aplikatuta jarri dizkiete.


Eguneraketa berriak daude