Autogestioa, asanblada eta auzolanaren balioak ezberdin ikusten ditugu


2020ko abenduaren 01ean - 22:36
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Arkillos 10 etxea 2010. urtean okupatu zen. Gasteizko Udalaren jabetza duen eraikin historiko bat da. Urteak zeramatzan abandonatuta eta 10 urte luze hauetan, bizitza eman dioten pertsona asko pasa dira bertatik. Askotariko jendea bizi izan da bertan, eragile ezberdinetan militatzen zutenak: gazteak, feministak, ekologistak, gaztetxeroak, auzo eragileetako kideak, anarkak, baita kolektiboetan antolatuta ez zegoen jendea ere. Etxea bera, etxebizitza izateaz gain, espazio irekia izan da: bizikleta tailerra, antzerkiak, afariak edo kontzertutxoak egin izan dira, kolektibo askorentzat bilerak egiteko txokoa ere izan da 10 urte hauetan.

Modu horretan heldu zen Arkillos pasa den urriaren bukaera aldera. Orduan, arkitekto tekniko bat etxera etorri zen eta gutun bat eman zigun, zeinean jakinarazi zigun udalak eraikineko ITEa (Eraikinaren Azterketa Teknikoa) egitea enkargatu diola.

"Arkillos 10 etxea 2010. urtean okupatu zen. Gasteizko Udalaren jabetza duen eraikin historiko bat da. Urteak zeramatzan abandonatuta eta 10 urte luze hauetan, bizitza eman dioten pertsona asko pasa dira bertatik"

Arkillos, oro har, ondo dago, badugu arkitekto baten txostena, horrela adierazten duena. Horregatik, eta ITEa ez pasatzeak ondorio txarrak ekar litzakeelako ‒isunak edo udala indarrez sartzen saiatzea‒ erabaki genuen ITEa egitea.

Jakitun ginen ITEa egiteak ekar zitzakeen arriskuez, Udalak Talka desalojatu zuen konfinamendu erdian eta gaztetxea, gazte-leku baten araudi baten aitzakian, pandemia-neurriak aldatu arte isun-mehatxupean itxiarazi zuen. Horregatik, ITEari begira, etxean “txapa-margoketa” saio integral bat egin, eta txukun-txukun uztea erabaki genuen. Etxe handia da eta banan-banan lanak hainbesterako ez baziren ere, denak pilatuta dezenteko lana zen, eta, gainera, arkitektoak epeekin estutu gintuen: bi astean egin behar genuen dena, bere bisitaren aurretik.

Azaroaren 12an, lana planifikatzeko ezohiko bilera bat egin genuen. Orduan, etxeko lau kidek proposamena jarri zuten mahai gainean: Errakik lagunduko zigun ekonomia zein giza baliabidez, etxea Errakirekin lotzearen truke. Kide horien arabera, etxea ahul zegoen, lan horiei aurre egiteko gaitasunik gabe, eta Erraki zen etxeko obra egin eta ITEa ondo pasatzeko berme bakarra. Azaldu ziguten, Errakirekin etxea lotzeak ez duela eskatzen etxeko kide guztiok ildo sozialistako kideak izatea, baina Errakirekin etxea lotzeak bere betebeharrak dauzkala: Langile Kontrolpeko Gune (LKG) izatera pasatzea, Errakirekiko diziplina eta subordinazioa izan beharra eta beste LKG bat erasoa jasan edo arriskuan egonez gero, pankartak jarri eta haren aldeko mobilizazioetan gure Arkillos 10 LKGa presente egotea.

Egia da Arkillos 10 egoera ahulean zegoela, sei kide geratzen ginen etxean ( gainontzeko bi pertsona orduantxe alde egite prozesuan zeuden eta beste bat zer egin ez zekiela zebilen). Bestalde, esan behar da etxean geratzen ginen sei kide horietatik lau oso berriak ginela, eta, badaezpada: gure artean ez zegoen ez haserrerik, ez gatazkarik.

Proposamena ekarri zutenean, beste bi kideak harrituta geratu ginen, ez genuen espero. Gu, ITEa zela eta, etxeko markoan ari ginen lanean ordura arte arkitekto, abokatu eta auzoko eragileekin kontaktuan, egin beharreko lanak planifikatzen. Gainera, lan horiek egiteko zegoen premiagatik, ez zegoen Errakirekin lotzeko proposamena eztabaidatzeko denborarik, are gutxiago antolakunde politiko zehatz batera lotzeko beharrezko eztabaida sakona emateaz ari bagara.

Ez geunden ados, eta proposatu genuen ahalegin bat egitea: Arkillosetik pasatutako etxekide-ohi, kolektibo, kulturgile, eta lagunei auzolanetan parte hartzeko dei egitea, denon artean auzolan horiek egitea, ez Errakirekin ez inorekin lotu gabe. Gure artean adostasunik ez zegoenez, iganderako hitzordua jarri genuen.

Igandean, auzolanerako deiak izandako erantzuna mahai-gainean jarri genuen: ia 40 lagun, Arkillosekin harremanetan izandako kolektibo pila batetik: Zaharraz Harro, Goian, euskal preso politikoen aldeko solidarioak, internazionalistak, Talka, Errekaleor eta Sumendikoak, Auzoan Bizi, Bizikopon, Kutxi eta Txikitako etxe okupak, Ernai, gaztetxeroak… baita gure inguruko lagunak ere. Tartean, hamaika auzolanetan parte hartutako jendea. Lagun haiek guztiek gehi ildoko kideek ekarri ahal zituztenek, denek elkarrekin, etxeko lanak egitea zen gure proposamena.

Alabaina, ildoko lau kideek eutsi zioten beren proposamenari: Erraki arduratuko zen obraz, Arkillos Langile Kontrolpeko Gune bihurtu eta Errakirekin lotuko zen. Prest agertutako pertsona horiek, baldintza horietan, auzolanean parte hartu nahi bazuten ongi etorriak ziren. Ildokoak ez garen bi kideok esan genuen, Arkillos Errakirekin lotzearekin ez geundela ados, eta hori ematekotan etxea utziko genuela. Luze eztabaidaturik, ez ginen ados jarri eta astearterako jarri genuen behin betiko bilera zirt ala zart egiteko. Ildoko kideek beren artean eta beren erakundean hitz egiteko tartea hartuko zuten. Asanbladaz kanpoko eragile batekin kontsultatu behar horrek, galdera bat sortu zigun: non uzten zuen horrek etxeko asanblada?

"10 urtez, bizilagunez eta kolektiboz oso anitza izan den etxe bat, non, besteak beste, ildoko kideek ere beren bilerak eta bestelako erabilerak burutu izan dituzten, lau egunetan pasatu da Errakirekin lotu den etxe bat izatera"

Asteartean, berririk ez. Etxeko ildoko lau kideek Arkillos Errakiekin lotzea erabakia zuten. Beste bi kideok etxea utziko genuela esan eta hala egin dugu.

Zergatik? Bada, gure ustez sinplea da: Erraki ildo sozialistak diseinatutako Langile Kontrolpeko Guneetarako babes sare bat da, ez da Euskal Herriko gaztetxe eta gune okupatu anitzen sarea. Horrez gain, ez geunden ados proposamena lantzeko formekin (unea, epeak, erabakiak hartzeko moduak, etxekideon arteko elkar zaintza eza,… .)

Gainera, nola etorri zitzaizkigun? Finean, ostegun hartan mahai gainean jarri ziguten aitzakia ez beteta ere ( obra epeen barruan Errakik bakarrik bermatu ahal zuela gezurtatu genuen ‒Errakiz kanpoko 40 lagun geneuzkan auzolanerako‒), ildoko kideek aurrera jarraitu zuten beren erabakiaz. Galdetu genien denek elkarrekin auzolana egiteko zein arazo zuten, erantzuna da Erraki, sare gisa, ezin dela lanera etorri, etxea haiekin lotu ezean. Alderantziz bai, etxea haiekin loturik, denok, gure aniztasunez, joan beharko genuke auzolanera. Ulertuta.

Finean, 10 urtez, bizilagunez eta kolektiboz oso anitza izan den etxe bat, non, besteak beste, ildoko kideek ere beren bilerak eta bestelako erabilerak burutu izan dituzten, lau egunetan pasatu da Errakirekin lotu den etxe bat izatera. Une zehatz bateko gehiengoak inposaturik bai, ez kontsentsuz.

Autogestioa, asanblada eta auzolanaren balioak ezberdin ikusten ditugu guk.

 

Artikulu hau sinatzen dute:

Ruben Sánchez,

Maite Aranalde,

Arkillos 10eko 5 etxekide ohi

 

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Ez Ferreirak, ez Bengoetxeak, ez Perezek

2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]


2025-09-11 | Piter Encinas
Eutanasiaren legea laugarren urtez indarrean

Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]


Trekutz eguna

2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]


Bizipenak

Bizipen multzoa da gure historia. Esperientziek osatutako atal eta kapituluak. Errutina eta egunerokoa zipriztintzen dituzten gertaerak. Baina adin batera iritsita, bizi izandako momentu batzuk atzenduta geratzen dira, buruaren zokoren batean ostenduta. Ez ahaztuak,... [+]


2025-09-10 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Euskal. Jai.

Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]


2025-09-10 | Nekane Txapartegi
Zenbat arantza Arantzak

Arantzaren buruko loreek ez zuten arantzarik, Arantzaren bizitzak, ordea, asko. Emakume izatearekin batera, jaiotzetik batzuk. Besteak gaztetatik eransten joan zitzaizkion, komisarian torturak ezarriak, Burgosko prozesuan eta kartzelan, arantza horiek denak patriarkatuak... [+]


2025-09-10 | Iñaki Barcena
Parte izan, parte hartu eta parte eman

Ez dira gauza bera. Sistema demokratiko bat, edozein eskalan, parte-hartzailea ez bada ez da demokratikoa. Demos batek ez badu lehentasunik erabakiak hartzerakoan, demokrazia eredu hori hutsala da. Israelgo Estatuan hauteskundeak egiten dira, baina ariketa politiko horrek ez dio... [+]


Teknologia
Teknologia bizigarriak?

Teknologien azken joerengatik galdezka aritu da mastodon.eus-eko erabiltzaile bat, ezagutzen zuenak ez baitzion zirrararik eragiten. Zer pentsatua eman digu zenbaiti, eta jaso dituen erantzunak oso ezberdinak izan dira.

Nik adierazi diot teknologiek gizakion arteko... [+]


2025-09-10 | Tere Maldonado
Nire garuna ote naiz? (eta II)

Ez dut ikusi nahi gorputza arimaren kartzela gisa. Baina ezin dut saihestu gorputz atletikoak, gazteak, osasuntsuak, ulertzea luxuzko ibilgailuak balira bezala, jabeen eramaile arinak. Gazte (osasuntsu, atletiko) ez garenon gorputzek ere bere jabeok eramaten gaituzte, baina kasu... [+]


2025-09-10 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Udako postalak

Ikasturtearen hasiera, lankideekin, laneko deskantsuan, kafe baten inguruan, atzean utzitako hilabeteen oroimenak mahairatuz. Deskantsua paraje desberdinetan egin izanagatik ez ditugu alboratu gizarte gisa ibiltzen dugun garaia. Distantzia hartu eta geldiunean gaudenean gai gara... [+]


Desberdintasunen garrantzia nazioarteko politikan

Trumpen muga-zergen dantza da azken hilabeteetako berri nagusietako bat. Gerra komertziala eta ekonomikoa hedabideen eta analisten ahotan daude oraindik ere. Gehienetan, baina, herritarrei gauzak era oso sinplean azaltzen zaizkie, gutxi-asko esanez Etxe Zurian ero bat dagoela... [+]


2025-09-04 | Joseba Alvarez
Dena blokeatu!

Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.

Izan... [+]


Barkoxeko pastoralaz

Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.


2025-09-03 | Castillo Suárez
Maitasunaz

Akordatzen naiz Blanca Llum Vidal poeta maitasunaz hizketan entzun nuen lehendabiziko aldiaz. Bere esperientziaz aritu zen, besteak beste. Esan zuen bere ordura arteko bizitzan maitasuna beti amaitzen zela, baina maitasunak ez lukeela amaitu beharko sentituz bizi dela. Ez dela... [+]


Eguneraketa berriak daude