Ateak itxita, zauriak irekita

  • 2010ean Egunkariako auzipetuak absolbitu egin zituzten. Estatu aparatuek sorturiko ipuin zentzugabeari amaiera eman zion epai hark. Baina duela hamar urteko operazioaren ondorioak agerian daude oraindik: egunkariak itxita segitzen du, tortura eta tratu txarrak ez dira ikertu, eta auzi ekonomikoa epaiketara bidean da.


2013ko otsailaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Egunkariaren kontrako operazioak kezka eta larritasuna sortu zuen jendartean. (Garikoitz Garaialde / Argazki Press)

2003ko otsailaren 20an euskal prentsaren kontra inoiz egin den eraso larrienetako bat abiarazi zuen Guardia Zibilak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz, hainbat egoitza arakatu eta Euskaldunon Egunkaria itxi zuten. Egunkarian ardurak izan zituzten hamar lagunen etxeetan ere sartu ziren, gauez, eta hainbat egunez inkomunikatuta izan ondoren baldintzarik gabe espetxeratu zituzten haietako sei. Tortura salaketak izan ziren –atxilotuetako bat ospitalera eraman behar izan zuten oraindik argitu ez diren arrazoiengatik– eta kezka berehalakoan nagusitu zen.

Egun horietan jazotakoak sekulako eragina izan zuen euskal gizartean, Donostian egin zen manifestazio erraldoiarekin neurtu daiteke jendearen kezkaren norainokoa. Atxilotuak apurka libre geratu ziren –kasu batzuetan kartzelan hilabete luzeak egin ondoren–. Del Olmo epaileak egunkaria sei hilabetez itxita mantentzeko agindu zuen auto baten bidez. Ez zen gehiago ireki. Hortik hilabete batzuetara, sumarioa sekretupetik atera zenean, muntaia horren guztiaren argudio nagusia zein zen jakin zen: Egunkariak ETArekin konexio ekonomikoa omen zuela.

Zenbait medio eta politikari Euskaldunon Egunkaria kriminalizatzen hasiak ziren 90eko hamarkadan, ETAren berripapera zela esanez. 2001ean guardia zibilak euskalgintzako hainbat enpresa ikertzen hasi ziren, lehenago Egin ixteko erabiliak izan ziren ETAren paper batzuk oinarri hartuta. Eginahalak egin zituzten lotura ekonomikoa justifikatzen zuen froga ñimiñoenaren bila, baita beste operazio polizial bat antolatu ere. 2003ko urrian egunkariaren kudeaketa ekonomikoan parte hartu zuten beste zortzi lagun atxilotu zituzten. Berriz ere inkomunikazioa, berriz torturaren mamua.

Irakurketa politikoa eginez gero, askoren ustez Espainiako Estatuak ezker abertzaletik haragoko abertzaletasunari mezua helarazi nahi zion, hain justu Ibarretxe lehendakariak estatutu politiko berrirako plana aurkeztu zuen garai beroan –ETAren entorno-aren kontrako operazio gehiago ere izan ziren, bat nabarmentzearren, AEKren kontrakoa–. Baina guardia zibilek ez zuten bihi bat ere aurkitu galdeketa eta erregistroetan Egunkaria ETArekin lotzeko. Orduan, konexio ekonomikoak huts eginik, Del Olmok auzia bitan banandu zuen: auzi nagusia eta auzi ekonomikoa. Auzi Nagusirako dedukzio soilez eraikitako errelatoa jarri zuen instrukzio-epaileak mahai gainean eta zazpi lagun prozesatu zituen: Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Pello Zubiria eta Xabier Alegria.

Auzi horren burugabekeria bistakoa zen arren, urte luzetako gurutz-bidea eta epaiketara arteko prozesu gorabeheratsua jasan behar izan zuten auzipetuek euren errugabetasuna frogatze aldera. 2010eko apirilean Auzitegi Nazionaleko Bosgarren Salak absoluzio epaia eman zuen eta Del Olmoren instrukzioa ipurdi bistan utzi zuen, akats larriak eta interpretazio okerrak egin zirela nabarmenduz. Epaiak, besteak beste dio, instrukzio epaileak ez zuela Euskaldunon Egunkaria itxi behar. Del Olmok Auzitegi Nazionalean segitzen du ohiko jardunean.

Eta auzi ekonomikoa zer?

Del Olmok sumarioa bitan banatu zuen arren, bi adarrak lotuta joan dira hein handi batean. Bateko ustezko delitu terroristak, bestearen ustezko delitu ekonomikoak ere terrorismo bihurtu zituen.

Impasse handi baten ostean, 2007an Del Olmok zortzi lagun prozesatu zituen auzi ekonomikoan: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena. Zehazki, BEZa aldatzea, diru laguntzak lortzeko tirada handitzea eta irregulartasun ekonomiko txikiak egitea leporatzen zien epaileak. Akusazioaren zigor eskaera desorbitatua da: 13 eta 26 urte arteko kartzela zigorrak eta 21 eta 33 milioi euroko isunak.

Auzipetzearekin batera, Del Olmok prozedura laburtuari ekin zion, epaiketa ahalik eta azkarren egiteko. Baina auzi nagusiko absoluzio epaia lehenago kaleratu zen, eta horrek auzi ekonomikoaren norabidea aldatu du. Delitu terroristarik ez dagoenez, Auzitegi Nazionalak ezin ditu delitu ekonomiko arruntak epaitu, eta auzia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren esku geratu da.

Auzipetuen defentsek Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren txosten bana aurkeztu dituzte, iruzur fiskala eta malbertsazioa egon zirela ezeztatzeko. Bestalde, 2011ko abenduan Dignidad y Justicia-k osatutako herri akusazioa auzitik kanpo utzi zuen Gipuzkoako auzitegiak behin betiko, elkartearen helburua “terrorismoarekin loturiko delituak” pertsegitzea dela argudiatuta.

Txosten horiek eskuan, eta herri akusaziorik gabe, fiskalak akusazioa erretiratuko zuela pentsa zitekeen, baina oraingoz ez du halakorik egin, eta epaiketa egiteko arrisku handia dago. Besterik da zigor eskaera berak mantenduko ote diren, eta epaiketa egitekotan, auzitegiko 3. zigor salako Carmen Zubimendi magistratuak zein erabaki hartuko duen.

Egunkaria ixtea Estatuari debalde

2010eko absoluzio epaia erabakigarria izan zen arren, Euskaldunon Egunkariarekin gertaturikoa ez da amaitu, eta zauri ugarik irekita segitzen dute. Ondorio judizialak oraindik hor daude, ikusteko baitago auzi ekonomikoak nola bukatuko duen. Bestalde, atxiloen eta auzipetuen sufrimendu pertsonala ez da inolaz ere erreparatu. Nola ahaztu kartzelan izandako egun eta hilabete luzeak? Jasandako torturak eta tratu txarrak?

Tortura salaketa guztiak artxibatu egin ditu Espainiako justizia administrazioak. 2008an, Martxelo Otamendik Estrasburgoko auzitegira jo zuen, Espainian bide guztiak agortu ondoren. Duela lau hilabete kaleratutako epaian, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen Otamendiren tortura kasuak ez ikertzeagatik eta 24.000 euroko ordainsaria ematera zigortu zuen: “Espainian torturatzea merkea da”, adierazi zuen Otamendik.

Euskal jendartea ere jasaten ari da Estatuaren itsukeriaren ebakia: Euskaldunon Egunkaria itxi zuten, eta itxita segitzen du, Auzitegi Nazionalak esan arren halako neurri baten beharrik ez zela. Estatuari debalde atera zaio gainera, kalte-ordainak jasotzeko erreklamazioak atzera bota baitituzte auzitegian. Euskarazko egunkaria sortzeko zenbat jenderen esfortzua zapuztu ote zuten 2003ko otsail ilun hartan?

Gaur egungo egoera politikoa bestelakoa da, baina Estatuak orain hamar urteko egitura errepresibo guztiak oso osorik mantentzen ditu. Zein berme dugu, gaur edo bihar, beste norbaiti bati berriz ere antzeko sarraski bat egitea bururatzen bazaio?

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


2021-03-21 | Ander Perez
Samara Velte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren memoria
"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio... [+]


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude