Ateak eta sarrailak

  • Azaroaren 12an Durangon jokatutako finalaurrekoaren kronika. Saioko puntuazioa: Aitor Mendiluze (740,5 puntu), Miren Amuriza (678,5), Jon Maia (675), Oihana Iguaran (671), Iñaki Apalategi (648) eta Miren Artetxe (639).

Kattalin Miner @MKattalin
2017ko azaroaren 13a

Finalaurrekoak, ondo atera ezkero, kategorikoak izaten dira. Igandeko Durangokoa gutxien-gutxienean, gozatzekoa izan zen. Puntuaketekin, beti bezala, polemika Landakoko ate aurrean, tarte handia lehenengotik bigarrenera, baxuegi beste batzuk… Eta oraingo honetan, zigarro arteko kritikagintzan, puntu-erantzunei ez-ezik, hainbat gaiei egurra indar bereziz. Eta egia esan, meritua badute gure bapatekari hauek, auto-ilara bati edo barrita energetiko batzuen paperei seina bertso ateratzeko. Bejondeizuela!

Barkatuko didazue ageriko zerbait esaten badut, baina Aitor Mendiluzek hizketan baino errazago egiten du bertsotan, edo hori gogoratu genuen behintzat lehenengo bertsotik. Esango nuke, zaleago izan edo ez, utzitako bertsoak-bertso, kapazidade hori ikustea espektakuloa dela bere horretan eta punto. Eta nekea eta postua dira gutxienekoa esan bazigun ere ofiziotan, ondo merezitakoa izan zuen atzokoa.

Segidan Miren Amuriza, otsokumeak ondo defendatuta, hortzak bistan, lehenengotik puntu tarte dezentekoa aterata ere, saioan zentratuta, serio, baina hala esan zigun-eta berak seiko motzean: hobe orain estu hartzea, gero damutzea baino, eta arrazoi. Eta kartzelakoan esandakoak interesatuki erreskatatzen baditugu, zera esango genioke bere hitzekin: hara noraino heldu den, harritu gaitu zeharo (harritu agian ez) eta oraindik iritsi baietz, askoz ere aurrerago! Segi!

Jon Maiak gogorarazi zigun nor den Maia, esango nuke batik bat kartzelakoan, eta BEC-a buruan darabilela argi utzi zigun entzule danoi; baina ofiziotan hala gomendatu bazion lagunari, geuk hari itzultzen diogu orain: berak bakarrik gainditu behar du azken apustua! Zorte on!

Oihana Iguaranek oso ondo aritu arren, berak aipatu bigarren peajea ez ote zuen atzo ordaindu. Hain nago txapel grinean, entrenatuz ekinean, eta lehiatu nahi nuke besteen neurri berdinean bota zigun seiko motzean, eta ofizioek sarri zenbat egia uzten dituzten, atzetik etorri zen Mendiluzerena kasu: besteak dira zure mailara jarri behar dutenak, bada bai, esango nuke, esaterako bakarkakoan egindako ekarpen horrekin neurria hark jarri zuela. Ederra.

Iñaki Apalategi, gorabehera handirik gabe, mailan, neurrian mantendu eta hurrengo faserako azken billetea lortuta etxeratu zen.

Azkenik Miren Artetxe izan genuen, askoren harridurarako, puntuazio baxuarekin, batik bat, puntu-erantzunetan zein seiko motzean utzitako bertsoak kontuan hartuta. Hala ere, bide egokia ez da sekula zuzena, esan zigun seikoan, eta problemarik ez neska honek, ze, giltzarik ez bada, sarraila aldatu egiten baitu. Edonola, txapelketako bidea errurik eta damurik gabe agurtu zigun, elegante.

Eta gaur buen rollito, kritika gehiegirik ez (lasai, etorriko dira-eta) zeren ospakizuna amaitu zenean, ez zen ezer amaitu, honek aurrera darrai eta hiru saio faltan, hortxe azken guda dantza zain, beraz, neuk bezala entzun zenutenez hau zertaz doan, azkenak atea itxi dezala.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bertsolari txapelketa 2017  |  Durango

Bertsolari txapelketa 2017 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude