Askatasunaren Ontzidiak Israeli leporatu dio irteera gelditu izana

  • Gazara doan Adkeniz itsasontziaren irteera eragozteko Israelen ahaleginek beste traba bat jarri dute. Gazako itsas-blokeoa hautsi nahi duen misioaren paturako behin betikoa izan liteke.


2024ko apirilaren 26an - 10:42
Adkeniz itsasontzia, apirilaren 23an. Argazkia: Edu León - El Salto

Justifikazioa teknikoa da, baina presio politikoa funtsezkoa da: apirilaren 26an, ostirala, Askatasunaren Ontzidia ateratzeko xehetasunak amaitzen ari zirenean, beste eragozpen batek arriskuan jarri du misioa. Arazo berriak ontzidia atzeratuko du, eta ekimena bera behin betiko eragotzi lezake.

Adkeniz itsasontziak Ginea Bissauko komenientziazko bandera batekin nabigatu behar du, eta Israelek horren kontra jo du azken ahalegin gisa, haren itsas-blokeoaren aurkako mehatxu politikotzat jotzen duelako Ontzidia.

Ontzidiko ordezkari Ann Wrightek horren berri eman du Tugra Hotelean, ekimenaren erdigune neuralgikoan, egunero egiten duten bileran: "Israelgo Gobernuak Adkeniz ontziaren bandera kentzeko eskatu dio Ginea Bissaukoari", azaldu du AEBetako armadako koronel ohia denak. "Ez genuen horrelakorik espero, baina Ginea Bissau da bandera horren jabea, eta onartu egin behar dugu", aitortu dute antolatzaileek Tugrako aretoan. "Presio horiek erakusten dute Israel politikoki kikilduta dagoela", adierazi du Wrightek.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, aurtengo martxoan, Umaro Sissoco Embaló Ginea Bissauko presidentea Isaac Herzog Israelgo presidentearekin bildu zen, eta bien arteko "adiskidetasun sakona" erakutsi zioten munduari.

Ginea Bissauko ikuskatzaile bat itsasontzian izan da apirilaren 25eko arratsaldean. Ikuskapena luzatu daiteke, eta ontzidiaren antolakuntzak ez daki zenbat denbora beharko duen. Horrek misioa arriskuan jarri du. Adkeniz eta Conscience itsasontzietara igotzeko zain dauden ehunka pertsonen sorbaldetan nekea eta frustrazioa pilatzen ari dira. Istanbul inguruko portu bateko ontziolan daude itsasontziak.

Itxaronaldi luzeagoa Istanbulen

"Azken txanpan gaude", aitortu dute antolatzaileek. Asmoa aurrera jarraitzea da, baina datozen aste edo hilabeteetan beste porturen batetik abiatu litekeen antzeko ekimen oro ere begi onez ikusten da.

El Saltori egindako adierazpenetan, Ada Colau Bartzelonako alkate ohi eta Barcelona en Comúko liderrak, ontzidian itsasoratzeko asmoa duten nazioarteko figura nagusietako batek, salatu du Israelgo Gobernuak "duela egun batzuetatik komunikabideen bidez mehatxu egin diola ontzidiari, eta gaur ikusi dugunaren moduko presioak egiten ari dela". Colauk gaineratu duenez, "oso zaratatsua da Europako gobernu demokratikoen isiltasuna, mehatxu eta presio horien zein Gazan gertatzen ari denaren konplize dira".

Antolatzaileek eskatu dute gutxienez beste bi egun itxaroteko Turkiako hirian. Mezua ondokoa da: gertatzen dena gertatzen dela, ontzidia aterako da, baina ziurgabetasuna handitzen ari da, eta 30 herrialdetatik iritsitako jendea nekearen zantzuak erakusten ari da. Pertsona batzuek apirilaren 12tik daramate hirian, eta dagoeneko aurreikusitako irteeraren lau atzerapen bizi izan dituzte. Irteera horiek hilaren 18an, 21ean eta 24an izan behar ziren. Egonaldiaren kostu ekonomikoa da aurrera jarraitzeko zailtasunari gehitzen zaion beste faktoreetako bat. Hainbat herrialde arabiarretatik, Amerikatik eta ia Europa osotik iritsitako palestinarren eta giza eskubideen aldeko militantez osatutako mugimendua du jo-puntuan Israelgo Estatuak .

"Itxaropena ez dugu galduko, duela zazpi hilabete baino gehiagotik Gaza ari da erresistitzen eta guk eutsi egingo diogu", eskatu du Ismail Varol IHH Turkiako erakunde erlijiosoaren buruzagiak. Ontzidiak herrialdean duen babesle nagusia da IHH. Izan ere, Gazara bidali nahi duen laguntzaren zatirik handiena Ismail Varolek bildu du.

Asteazkenean eta ostegunean irteera prestatzeko lanak aurreratu zituzten. Israeldarren eraso posible baten aurkako indarkeriarik eta erresistentziarik gabeko entrenamenduak egin zituzten kide guztiek, eta Turkiako agintariei dokumentazio egokia eman zieten. Turkiako agintariek ez dute ezezko ofizialik eman, baina ez da baztertzen ontzidia irtetean horrelakorik gertatzea. Israelen erantzunak erakusten du ehunka pertsonako ordezkaritza txiki batek oso urduri jarri duela arma ekonomiko, politiko eta militarrak dituen estatu bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Askatasunaren Ontzidia
"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun ari dira parte hartzen Askatasunaren Ontzidian, Turkiatik Gazara laguntza humanitarioko 5.500 tona material eraman nahi dituen nazioarteko ekimena: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Apirilaren 18an hartu dute Bilbotik... [+]


"Ontzidia ez da ostiralean irtengo, baina irtengo da. Ari gara gauzak prestatzen"

Istanbul. Apirilak 25, osteguna.

Zazpigarren eguna Istanbulen. Arazoak bata bestearen atzetik jaso ditugu egun hauetan, eta esan behar dugu ostiralean ezingo dela abiatu Askatasunaren Ontzidia. Irtengo gara, baina ez orain. Presio izugarriak jasaten ari gara. AEBetatik,... [+]


2024-04-24
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da

Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude