Estatu Islamikotik ihesean ziren Hernanin agertutako hiru kurduak

  • Hernanin kamioi batean aurkitutako hiru iheslariak siriarrak zirela uste bazen ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du Kirkukeko kurduak direla, eta Estatu Islamikotik ihesi zirela.


2015eko urriaren 1ean - 12:25
Atoitik atera zituztenean, hiru gazteak hipotermiak jota eta oxigeno faltarekin aurkitu zituzten. Hiru iheslarien helburua, Erresuma Batura iristea zen.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Une honetan, iheslarietako bi, 19 eta 26 urteko gizonezkoak, polizia-etxean daude Espainiako poliziaren zaintzapean. Hirugarrena, 19 urteko gizonezkoa hau ere, Donostiako ospitalean da behaketan. Argitzeko dago asilo eskaria egingo duten edo ez.

Poliziak haien aurkako kanporaketa txostena abiatu du. Horren aurrean, hiru iheslariek asilo eskaera egin dezakete. Onartu ezkero, Eusko Jaurlaritzaren kargu geratuko lirateke, eta Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko litzateke haien ongizatea bermatzeaz. Maite Peña Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Gaietarako ahaldunak ziurtatu du egoerari “aurre egiteko” baliabideak dituztela, eta siriarrak izan edo ez protokoloak martxan jarriko dituztela Eusko Jaurlaritzarekin eta gainontzeko erakundeekin elkarlanean, Noticias taldeko egunkariek jaso duten bezala. Hiru kurduen helburua ordea, Erresuma Batura heltzea zen, eta beraz, asilo eskaerari uko egin ezkero kanporatuak izan daitezke.

Martitzenean, arratsaldeko zazpiak aldera aurkitu zituzten hiru iheslariak AP-8ko gasolindegi batean, Hernani parean. Hiru kurduak kamioi baten atoian zeuden ezkutatuta. Inguruan zebiltzan zenbait pertsonek oihuak eta kolpeak entzun zituzten aparkatuta zegoen kamioitik, eta Ertzaintzari deitu zioten. Atoitik atera zituztenean, hiru gazteak hipotermiak jota eta oxigeno faltarekin aurkitu zituzten. Hiru iheslarien helburua, Erresuma Batura iristea zen. Horretarako, batek 7.500 eta beste bik 9.000 dolar ordaindu zizkieten pertsonen trafikoan aritzen diren mafiei.

Bidean ezagutu zuten elkar

Ertzaintzari azaldu ziotenez, hilabeteko ibilbidea bere kabuz hasi zuten hiru gazteek, eta bidean ezagutu zuten elkar. Kirkuketik Turkiara iritsi ziren lehenik, eta bertan mafiei ordaindu ostean hainbat autotan jarraitu zuten bidaia Frantziara iritsi arte. Bertan, zehaztu ezin duten herri batean, igo zituzten kamioira. Kamioia Poloniatik Anberesko portura, (Belgika) eta hortik Madrilera zihoan. Ertzaintzak uste du iheslariak Belgikako hiri horretan igo zirela kamioira. Hamar graduko tenperaturan egin zuten mila kilometroko bidea, eta hotzari aurre egiteko lo zakuak soilik baliatu zituzten. Ertzaintzak kamioilariari bere bidea egiten utzi dio, iheslariekin zerikusirik ez duela baieztatu ostean.


Errefuxiatu krisi globala kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...