Arrazionaltasuna vs emozionaltasuna

  • Gezurra ematen badu ere, oraindik ere entzun egin behar dugu –gehienbat emakumeok– emozioak arrazionaltasunaren gainetik jartzen ditugula, eta horrela ezin dela taxuzko erabakirik hartu. Azken asteotan bi gizonezkori entzun diet argudio bera, energiaz ari zirela.


2024ko martxoaren 11n - 06:00

Argudioak sortutako dardarizoak eraman nau psikologiako apunteei hautsa kentzera, eta emozioen eta sentimenduen arteko ezberdintasunarekin egin dut topo. Lehenengoak bat-batekoak dira, unibertsalak, berezkoak eta inkontzienteak. Emozioek biziraupena ziurtatu digute, arriskuetatik libratu eta hona ekarri gaituzte, belaunaldiz belaunaldi. Sentimenduak, aldiz, denboran mantentzen dira, eta emozioen eta pentsamenduen ondorioak dira; emozioen interpretazioa omen dakarte. Lobulu aurrefrontalean sortzen dira –planifikazioa, hausnarketa eta erabakimena sortzen diren leku berean–. Hortaz, hizlariek "emozio" eta "sentimendu" kontzeptuak nahastu egin dituzte.

Ñabardurak ñabardura, deigarria da arrazionaltasuna vs emozionaltasuna eskemetara itzultzea, biek elkarren arteko inongo konexiorik izango ez balute bezala. Edozein kasutan, bitxia da –zer edo zer esatearren– nolatan, oraindik ere, iritzi bati kontra egiteko erabiltzen den arlo emozionalaren gutxiespena. Oso bitxia.

Zenbait jardueraren etika falta zuritzeko ere erabili izan da dikotomia hori. Nirera etorrita, zootekniari buruzko XIX. mendeko tratatuetan definizioak zioen: etxeko eta basoko animalien hazkuntza, hobekuntza eta ustiapena aztertzen dituen zientzia da, produktibitate maximoa eta errendimendu handia lortzeko helburua duena.

Jakina, lan egiteko molde horretan sentimenduak ez ziren –dira– existitzen, –ez animaliena, ezta pertsonena ere–; "objektibotasuna" lehenesten zen. Orduko tratatuetara joko bagenu, ez genuke aurkituko "jasangarritasun" hitza –oraingoetan bai: jarrai dezagun ustiatzen, baina modu guayan–. "Ustiapenaren" izpiritu hark bere horretan jarraitzen du, zertzelada berde batzuk gehituta. Helburuak jarraitzen du produktibitatea eta errendimendua izaten. Animaliak jarraitzen du sentitzen ez duen elementua izaten. Egoera horretan bizitzera kondenatutako animaliarekiko enpatia izpi txikiena erakusten duena, milika eta animalista da.

Mende bat eta erdi geroago, beste arlo askotan –gehienetan ez esatearren– aplikatzen zaio filosofia bera lurraren gainean –edo azpian– dagoen edozein elementuri, baita pertsonei ere. Definizioa errepikatzen da, eta horrek eraikitzen ditu munduan egoteko modua eta munduari begiratzeko era.

Energiaren gaia ez da salbuespena, eta errealitatea eta bizitza excel tauletatik begiratzen dutenek martxan dagoen kolonialismo energetikoaren alde ilunak azaleratzen ditugunoi arrazionaltasun falta leporatzen digute, emozioek pisu handiegia omen dute gure iritzietan. Aurrekaririk ez balego bezala, beste lurraldeetan gertatutakoak hemen errepikatuko ez balira bezala –baita beste itxura batekin ere–.

Hori horrela, zaila da injustiziaren aurrean sentimenduei iskin egitea; zaila da naturaren –eta beraz, denon bizitzaren– suntsiketaren aurrean ezer ez sentitzea. Ezinezkoa ez hausnartzea, ez antolatzea, ez erabakitzea horren kontra egitea; izan ere, denon bizitzak jokoan daude.

Kasualitatea ote "arrazionaltasun" horren aldarrikatzaileak maiz gizonak izatea? Emozioak eta sentimenduak bereizten ez dituzten horiek ez al dute ezer sentitzen? Benetan uste dute haien altzairuzko pentsamendu pragmatiko eta teknikoa sentimenduen bekatutik libre dagoela?

Nola sinetsi planeta honetan bizitzea –bere zentzu literalean eta hertsian– ezinezkoa egiten ari den arrazionaltasun berak salbatu behar gaituela?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


2024-05-07 | Ahotsa.info
Karta Sozialak alternatiba ekosozial justua aldarrikatuko du larunbatean Iruñean eta Bilbon

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu... [+]


2024-05-06 | ARGIA
Meaka-Irimo herri plataformak kontzentrazioa egingo du maiatzaren 7an Jaurlaritza aurrean

Capital Energy multinazionalak Urretxu ondoan dagoen Irimo mendian zentral eolikorik egin ez dezan eskatzeko egingo dute elkarretaratzea maiatzaren 7 goizean.


Itzaltzen ari zaigun argia

Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz bezala, larreak “argi txikiz” apaintzen zirela maiatza inguruko gau garbietan... [+]


Eguneraketa berriak daude