"Armairuan daudenak, aniztasuna ulertu nahi ez dutenak dira"

  • LGBTIfobiaren Kontrako Egunean, kolektiboaren instrumentalizazioaz, gure gorputz, desira eta harremanak birplanteatzeaz, etiketez eta erasoez hitz egin dugu Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduko kide batekin. "Marika txuri naizen honek eskubide batzuk lortu ditudalako, ezkondu naitekeelako eta familia osatu dezakedalako, ez da borroka bukatzen".

"Maskulinitateak heteroaraua betetzeko duen dispositiboa da marika iraina, maskulinitate eredu hegemonikotik ateratzen den edozein keinu eta ekintzagatik zara marika". Argazkia: Coe.int

2023ko maiatzaren 17an - 01:00
Azken eguneraketa: 10:07

Instituzio eta eragile asko ikusiko dugu gaur ortzadarraren bandera astintzen.

Bai, baina egun bateko keinuak ez du balio, egunero landu beharreko gaia da. Ortzadarraren bandera jartzeak ez du ezertarako balio, LGBTIfobiari aurre egiteko instituzioek eurek duten ardurari heltzen ez badiote. Eta instituzioetatik egiten dutenak ez du zilegitasunik, ez bada LGBTI mugimenduarekin kontrastatzen eta adosten, mugimenduan eta kalean militatzen gabiltzanak garelako hau guztia pairatzen dugunak eta aintzat hartu behar gaituzte euren politikak egiteko garaian.

Kolektiboaren instrumentalizazio bat dago?

Gure kolektiboarena eta beste hainbatena. Ez da berria, kapitalismoak dena hartzen du eta egiten du bere, hierarkia baten barruan.

"Gure helburua ez da soilik identitate jakin batzuen eskubideen alde egitea, baita ere da kritikatzea nola ulertzen ditugun gure gorputzak, desirak, identitateak, harreman afektibo eta erromantikoak…"

Hain justu, heteroarauak LGBTI siglak ongi asimilatzen jakin duela esan izan duzue, gizartearentzat “onargarria” den molde eta eredura egokitzen den LGBTI jendea saritzen duela. Non kokatzen da gaur egun genero eta sexu disidentzia?

Horregatik, identitateak identitate, orokorragoa da gure aldarrikapena: sexu askapenaren aldeko mugimendua gara. Ez ditugu LGBTI siglak bazterrean uzten, baina heteroaraua harago doan zerbait dela eta denoi eragiten digula nabarmendu nahi dugu, gure helburua ez baita soilik identitate jakin batzuen eskubideen alde egitea, baita ere da kritikatzea eta eztabaidatzea nola antolatzen diren eta nola ulertzen ditugun gure gorputzak, desirak, identitateak, harreman afektibo eta erromantikoak… Moral sexuala apurtu behar dela diogu, familiaren ideia eraldatu behar dela… Hori guztia bada hazkura eragiten duen zerbait, bada disidentzia, sistemaren ardatza den heinean.

Esaterako, marika txuri naizen honek eskubide batzuk lortu ditudalako, ezkondu naitekeelako eta familia osatu dezakedalako, ez da borroka bukatzen.

Askapen guztiek joan behar dute batera: ez da sexu askapenik egongo beste askatasun batzuk ematen ez badira, edota ildo berean ez da klase askapenik egongo ez bada sexu askapenik ematen.

Etiketarik gabeko gizarte baten alde ere egingo du hainbatek, gaurko egunean. Etiketak beharrezkoak dira?

Bi ideia garrantzitsu azpimarratuko nituzke: inork inori ez ezartzea etiketarik, norbera izatea etiketa edo kolektibo batera atxikitzen dena. Eta bigarrenik, batzuetan etiketak beharrezkoak direla, izendatzeko: izenak izana dakarrelako, eta izendatzen ez dena ez da existitzen. Batzuetan, jakina esan behar dugula transak, marikak, bollerak, bisexualak garela. Eta aldi berean, beste batzuetan ez dugu etiketarik behar, mugatu ere egin gaitzakeelako: prozesu baten baitan, agian etiketa batera gogorki atxiki gara, baina gero ez dugu hala sentitzen. Azken finean, lehenago aipatu moduan, sexu askapena dugu aldarri, ez gara hainbeste zentratzen politika identitarioetan.

Testuinguruak ere markatzen du. Gizon kuadrilla batekin banago, esango dut marika naizela, eta gainera garrantzitsua iruditzen zait esatea, baina beste testuinguru, foro eta egoera batzuetan, non adibidez araua hain markatua ez dagoen, ez dut behar hori sentitzen.

"Batzuetan etiketak beharrezkoak dira, izenak izana dakarrelako; beste batzuetan etiketak mugatu egin gaitzake"

Askatasun handiagoak lortu ahala, erantzun erreakzionarioak ere ugaritu egin dira?

Jarrera atzerakoi horiek erakusten digutena da hor egon direla lehen ere, eta eskubidetan-eta aurrerapenak eman arren, hor segitzen dutela; ohartarazpen bat da, ezin garela lokartu, lortutakoa galdu daitekeela eta atzera egin dezakegula, erne ez bagaude. Borrokan jarraitu behar dugu kalean, gorroto diskurtsoak hor daudelako eta gorroto diskurtso horiek ondorioak eragiten dituztelako.

Ikerketen arabera, bullying homofobikoa izan da tradizionalki eskola jazarpen nagusia. Egoera aldatzen ari da pixkanaka?

Bullying homofobikoa esaten zaio, baina gehiago lotzen dut nik sexismoarekin eta matxismoarekin, mutil batek femeninoa izateagatik jasaten duen jazarpenaz ari garelako, alegia femeninotasuna arbuiatzen. Kontuak kontu, “marika” da irain errepikatuenetakoa, eta hori zerbaiten seinale da. Maskulinitateak heteroaraua betetzeko duen dispositiboa da irain hori, maskulinitate eredu hegemonikotik ateratzen den edozein keinu eta ekintzagatik “marika” zarelako. Eta ikusten ditugun eraso askoren atzean ere, “marikoia” hitza dago.

Armairu gehiegi ditugu oraindik, apurtzeko?

Fokua aldatu nahi genuke: armairuan daude aniztasuna ulertu nahi ez duten horiek guztiak. Gu beti egon gara eta beti egongo gara, beraz aldatu behar dena batzuen begirada da, haiek dira armairuan sartuta daudenak. LGBTIfobiarekin berdin gertatzen da: norbaitek erasoa jasaten duenean badirudi arrazoia dela marika, transa edo bollera garela, eta ez, arazoa dira homofoboak eta transfoboak, erasoa egin duten horiek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTIfobiaren aurkako nazioarteko eguna
2022-05-18 | ARGIA
Antolatu eta borrokatzera deitu dute eraso LGTBIfobikoei aurre egiteko

Euskal Herri osoko hiri eta herrietan egin dira mobilizazioak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Bilbon azken asteetan ezagutu diren hilketak izan dituzte bereziki gogoan.


Eraso lesbofoboa Donostian: "Ez izan erasotzailearen konplize, erantzun dezagun kolektiboki"

Donostiako Ondarreta hondartzan itsasotik atera eta komentarioak, begiradak, argazkiak, askotariko irainak eta mehatxuak jasan behar izan ditu emakume talde batek. “Lesbiana putak, nazka ematen duzue, ez zarete batere femeninoak…”. Inguruan zegoen... [+]


2022-05-17 | Estitxu Eizagirre
Gizarte LGTBIfobikoa salatu dute elkarteek eta mobilizazioetara deitu

Gaurko egunez 1990ean, Osasunaren Munduko Erakundeak erabaki zuen homosexualitatea "gaixotasun mental" gisa gehiago ez hartzea. Geroztik, egun hau erabili da salatzeko zer diskriminazio jasaten duten lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualek. LGTBI... [+]


2022-05-17 | ARGIA
Francisaldia: hautsak harrotu zituen hilketa homofoboa gogoratzen duen zikloa

Francisaldia zikloa antolatu du Errenteriako Udalak, Francis trabesti homosexuala hil zuten eguna, LGTBfobiaren aurkako eguna eta sexu askapenerako eguna batuz. Herriko kaleak aldarrikapenez bete nahi dituzte, “pertsona guztiontzako gune seguruak eta askeak izan... [+]


Eguneraketa berriak daude