Planeta Prekarioan liburua aurkeztu du ARGIAk Lasarte-Oriako erredakzioan, Pello Zubiria Kamino kazetari eta lankidearen eskutik, munduko bazter askotako kronikak biltzen dituen lana eta hedabide honen kazetaritza egiteko modua islatzen duena. "Irakurleek ARGIAren eskaintza baloratzen eta ordaintzen badute, izan behar du maite edo behar dituztelako bestelako ikuspegiak", azaldu du egileak.
Hogei urteko ibilbide baten emaitza den liburua aurkeztu du ostegun goizean ARGIAk, Lasarte-Oriako bere erredakzioko estudioan: Planeta Prekarioan. XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak. Pello Zubiria Kaminoren sinadurapean, kazetariak ibilbide horretan ARGIA astekariko Net Hurbil sailean idatzitako ehunka artikuluen aukeraketa bat da.
Baina "hau ez da bilduma bat, edo ez dugu ideia horrekin osatu", ohartarazi du Urko Apaolaza ARGIAko erredakzioko kideak: "Pelloren lana ezagutzen duenak ondo daki bere artikuluek etorkizunera proiektatzen gaituztela askotan, eta hain zuzen hori da liburu honen helburua: Gaurko ikuspegitik, biharko eguna ulertzeko gakoak eskaintzea irakurleari".
"Pelloren lana ezagutzen duenak ondo daki bere artikuluek etorkizunera proiektatzen gaituztela askotan, eta hain zuzen hori da liburu honen helburua: gaurko ikuspegitik, biharko eguna ulertzeko gakoak eskaintzea irakurleari"
(Urko Apaolaza)
Gaurko gatazka eta alternatibak
Artikuluen aukeraketa egiteko editore lantalde bat sortu zuten ARGIAn –Jenofa Berhokoirigoin, Jon Torner, Lander Arbelaitz eta Urko Apaolaza aritu dira zeregin horretan– eta galbahea pasatzea prozesu luzea izan dela azaldu du Apaolazak. Hogei urtez 900ndik gora artikulu idatzi ditu Zubiriak Net Hurbil sailean, "imajinatuko duzuen bezala ez da batere erraza izan".
Irizpide nagusietako bat, baina, "artikuluek gaurkotasuna mantentzea izan da: munduan ernetzen ari diren alternatiben eta orain gertatzen diren gatazken nondik norakoen berri ematea".
ARGIAko kidearen esanetan, hedabide honek duen "egiteko modua" oso ondo islatzen du Planeta Prekarioan liburuak: "Bai mamian, kazetaritza ikuspuntutik artikuluek dituzten ezaugarriengatik, baina baita liburua osatzerakoan funtzionatu dugun eragatik ere". Izan ere, taldean egindako lan bat izan dela nabarmendu du Apaolazak, "horregatik sentitzen dugu liburu hau ARGIA osoarena ere badela".
Zortziko txikiko bost bertsotan
Aurkezpenean, Pello Zubiria eskertuta azaldu da lankideekin eta liburuaren aintzisolasa eta irudiak egin dituzten Emilio Lopez Adan Beltza eta Adur Larrearekin.
Jarraian Net Hurbil sailaren inguruko gorabeherak kontatu ditu. 2002. urtean espondilitis ankilosatzaile gaixotasun kronikoak erasanda larri zenean, "krisi haren irtenbidetzat" abiatu zuten saila: "Aitortu behar dut hogeita bat urtean ia astero idatzitako kronika haietako batzuk orain liburu bihurtuko direla jakiteak bertigo puska bat eman didala".
"ARGIAk bere ahalmen eta muga guztiekin zeregin handi bat dauka, beti eduki duen gisan: gertakarien mamian dautzan gakoak azaltzea, batean ea bestean lantzen diren alternatibak erakustea, analisi eta iritzi zorrotzenak bilatzea, ezkutuan gera litezkeen bidegabekeriak nabarmentzea"
(Pello Zubiria)
Denbora tarte horretan asteroko maiztasunarekin idaztearen sekretuetako batzuk aletu ditu Zubiriak. Besteak beste, nabarmendu du Net Hurbil-eko artikuluek bi bertsio izan dituztela hasieratik, paperekoa eta webgunekoa: "Kazetaria aurkitu da behartuta astero errealitatearen osagai txit ezberdin bat hasi eta buka azaltzera zortziko txikiko bost bertsotan, mila xehetasun kanpoan uztera bortxatua, baina kontsolatuta gaian sakondu nahi duen irakurleari internetez iturrietan gehiago jakiteko bidea eman diolako".
"Ahalegindu naiz irakurlea amaieraraino lotuta edukitzen"
Planeta Prekarioan liburuan irakurleak aurkituko duenaz ere hitz egin du egileak. "Net Hurbilez bezala ARGIAz ari bagara, batez ere daude irakurleak –esan du–. Ez naiz ezer asmatzen ari esanda ARGIAk irakurle berezi eta kualifikatuak dituela". Zentzu horretan, eduki horiek baloratzen badituzte "izan behar du maite edo behar dituztelako bestelako ikuspegiak".
"Intuizioz idazten dut, ez naiz idazlea, baina ahalegindu naiz irakurlea amaieraraino lotuta eduki eta 'gutxi gusturekin' uzten, gose punttu batez, ea hurrengo astean eskainitako amuari kosk egin eta hurbiltzen den otordu berrira", aitortu du Zubiriak.
Horrez gain nababarmendu du taldearen eta hedabidearen biziraupena ahalbidetu duen ezaugarrietako bat gakoa izan dela Net Hurbil-ak idazten jarraitzeko: "ARGIAko kideok daukagun kontsentsua, bolada gozoagoetan bezala garai garratzetan". Artikulu bakoitzean, hedabide honen inguruan gorpuztu diren proiektuetan aritutako jendearen "auto-exijentziaren eta emaitzen mailara hurbiltzen ahalegindu naiz".
"Bazter guztietan nagusitu den espektakulu gisa antolatutako komunikazioaren erdian edo bazterrean, ARGIAk bere ahalmen eta muga guztiekin zeregin handi bat dauka, beti eduki duen gisan: gertakarien mamian dautzan gakoak azaltzea, batean eta bestean lantzen diren alternatibak erakustea, analisi eta iritzi zorrotzenak bilatzea, ezkutuan gera litezkeen bidegabekeriak nabarmentzea", amaitu du Zubiriak.
Liburua ARGIAren webguneko Azokan salgai
Liburuaz eta Pello Zubiriak kazetaritzaren inguruan dituen ikuspegi eta iritziez gehiago jakin nahi duenak, aste honetako ARGIAn Jenofa Berhokoirioginekin egindako elkarrizketa irakurri edo entzun dezake.
Planeta Prekarioan liburua eskuratu nahi duenak ARGIAren Azokara jo dezake zuzenean edo ohiko salmenta guneetan erosi. Gaur egun ARGIAko kide direnek 20 euroko prezio berezian izango dute azaroaren 5a arte (azoka@argia.eus-era idatzi edo +34 943 37 15 45-ra deituta), eta epe horren barruan ARGIAko kide egiten direnek, aldiz, etxean jasoko dute opari.
Pedro Sánchezek adierazi zuen martxoan desinformazioa “mehatxu nagusia” zela demokraziarentzat. Baina, nola egiten dio horri aurre Espainiako Gobernuak? Dirudienez, gardentasunarekin eta argitasunarekin baino, ez-ikusiarena egiten.
Hasi ginenean ez genuen urrik ere emango, baina Beranduegi iritsi da bere seigarren denboraldira. Eta oraingoan, babesle eta guzti: Reparaz autoak. Guk ere agindu bat jaso dugu, George Orwellek San Mames betetzeko esan digu, baina gure aurretik Pellori utziko diogu, eta... [+]
Itsuki Irratia Bermeoko ahotsa izan zen 1985etik 2022ko otsailera arte. Orduan, zailtasun ekonomiko eta teknikoek proiektua bideraezin bihurtu zuten, eta irratiaren itxiera ekarri. Baina urtebeteko berrantolakuntza prozesu baten ondoren, irailaren 1ean berriro martxan jarri dute.
Informazioaren arloko dozenaka profesional bildu dira ostegun arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan, Gazan kazetari lanetan ari direnen aurka Israelgo armada egiten ari den sarraskia salatzeko.
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]
Pablo Gonzalez Polonian atxilotu zuten 2022an espioitza leporatuta. 2024ko abuztuan aske utzi zuten baina ez zuten bere prozesua itxi. Orain, prozesua berriz ireki eta epaileek 2025eko udazkenean epaitu nahi dute Gonzalez.
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
ARGIAk aspaldi du harremana Alemaniako Red.media hedabidearekin, beren bideo batzuk topatuko ditu irakurleak ARGIAren webgunean. Baina haien aurkako jazarpen kanpaina baten ondorioz proiektua ixtea erabaki dute. Red-eko kideek arrazoiak publikoki azaldu dituzte eta artikulu... [+]
Aldatu Gidoiaren iritziz, EITB "sortze helburuetatik aldendu" da, eta "urgentziazko demokratizazio prozesu bat" eskatu du, zuzendaritza taldearen hautaketa prozesutik hasita.
Landareen inteligentziari buruzko eztabaidak hor jarraitzen du, eta podcast honetan gustatzen zaigun gaia denez, berriro ere ekarri egin dugu. Memoria, kontzientzia eta komunikazioa gauzatzeko gaitasuna gizaki eta animaliez gain landareek ere ba ote duten da oraingo ikerketa... [+]
2025ean Guatemalan gutxienez kazetari bat hil dute eta beste bat desagerrarazi. Arriskutsua da kazetaritza lana egitea herrialde horretan, eta hala jaso du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak ere, maiatzaren 2an argitaratutako 2025eko Prentsa Askatasunaren Munduko Sailkapenean... [+]
Espezieei buruz aritu gara gaurkoan. Aurreko saioetan ere aipatu izan ditugu, baina gaurkoan ikerketa bat ekarri dugu, datu interesgarri asko dituelako. Kurkuma, kanela eta jengibrea oso ohikoak ditugu gure artean, baina badira espezietzat jotzen diren sendabelarrak ere (ezkaia,... [+]