Apirilaren 21a: hauteskundeak derrigor


2024ko apirilaren 17an - 12:28

Duela gutxi jakinarazi zidaten hauteskunde-mahai batean 2. mahaikidearen 1. ordezkoarena egitea egokitu zitzaidala zozketa baten ondorioz.

Junta Electoral delakoari honako deklarazio hau igorri nion:

1. Ez diot inori baimenik eman nire izena inongo zozketatan parte hartzeko sar dezan.

2. Euskalduna naiz eta ez diet inolako zilegitasunik onartzen zapalkuntzatik eta zapalkuntzarako sortutako instituzio horiei, ez baitute inondik ere nire nazioa ez nire klasea ordezkatzen. Arrotzak eta burgesak dira.

3. Hortaz, ez dut inolaz ere horrekin guztiarekin zerikusirik izango.

Idatzi labur horren bidez neure burua intsumiso aldarrikatzen dut. Zenbait egunetara nire “alegazioen” ukapena jakinarazten zidan komunikazioa jaso nuen. Espainiera hutsean.

Berriz ere Junta Electoral delakoari idatzi labur bat igorri behar izan nion kontua argitze aldera.

Junta Electoral delakoari honako deklarazio hau igorri nion: euskalduna naiz eta ez diet inolako zilegitasunik onartzen zapalkuntzatik sortutako instituzio horiei, ez baitute inondik ere nire nazioa ez nire klasea ordezkatzen

1. Ez nuen helegiterik tartekatu, egingo dudanaz (ez dut parte hartuko) oharpena bidali baizik, hots, dagozkidan eskubide zibil zein politikoen ariketa praktiko bat, zeina gizalegez egin bainuen, denboraz abisua emanez oztoporik ez eragiteko. Hori, jakina, behin egin dut, baina ez dut errepikatuko.

2. Halaber, guztiz esanguratsua, ezen ez harrigarria, izan da jasotako erantzunean erabilitako hizkuntza: espainiera. Zeuen legedia ere betetzen ez duzuen berberek zatozkit inposizio eta mehatxuen bidez, neuk bete dezadan.

3. Euskal herritarra izateagatik isuna ezarri nahi badidazue eta kartzelara sartu nahi banauzue, zer egin dezaket? Euskal herritar langileon eskubide zibil zein politikoen defentsan intsumisio ariketa honi eutsi, prefosta.

Izan ere, halaxe baita, jasotako komunikazioan honakoak irakur zitezkeen: Ley vigente, caracter obligatorio, multa de 6 a 24 meses, pena de prision de 3 meses a 1 año… Hobe lukete haien Hauteskunde Legearen 140. artikulua aplikatuko balute haien joko zital-perbertso horretan parte hartu nahi ez dutenak/dugunok bakean utzita.

Soberan dakit noraino iritsi daitekeen jazarpena arrazoi ideologikoengatik, mehatxuak eta indarraren bidezko inposizioak derrigorrezko atxikimendu eta jendarte otzan, esaneko, beldurtua, automugatua… sortzeko tresnak direla dakidan bezalaxe.

2024ko apirilaren 21ean badut zeregin hoberik.

Nolabaiteko kontzientzia duenak hausnartu dezala.

Xabier Balerdi Ibarguren

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude