Andres Urrutiak 16 urtez euskaltzainburu izan den Jean Haritschelharren lekua hartu zuen atzo (27), Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako ekitaldian. Euskaltzainek 2004ko abenduaren 17an egindako osoko bilkuran gehiengo osoz hartu zuten Andres Urrutia euskaltzainburu izendatzeko erabakia. Kargu-hartze ekitaldian Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusi Pedro Pegenaute, Frantziako Kontsul Nagusia Bilbon Thierry Fraysse, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietako, Eusko Legebiltzarreko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, politikariak eta beste hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren. Lehen aldiz, Espainiako Gobernuko ministro bat izan zen Euskaltzaindiaren kargu-hartze ekitaldian.