“Amestutakoa baino askoz ederragoa izan da anaiarekin horra heltzea”

  • Laugarren finalean, txapela. Norekin, eta Joanes anaiarekin buruz burukoan. Historikoa izan da Nafarroako aurtengo txapelketa. Estu ibili dira, eta 23 urteko illarregitarrak jantzi du txapela. Bigarren faserako bien izenak esan dituztenean, orro egin du Iruñeko Nafarroa Arenak. Oraindik oihartzun horiek gogoan, biharamun gozoan hartu gaitu Xabat Illarregik. 

Xabat Illarregi txapelduna, Leitzan (Nafarroa) finalaren biharamunean. Iñigo Uriz / Foku

2025eko abenduaren 1ean - 09:00
Azken eguneraketa: 12:36
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zer moduz txapeldunaren biharamuna?
Pozez, finalean bezalaxe, baina nekatuta ere bai, eta oraindik ere hankak lurrean jarri gabe sentitzen naiz. Bertsoak berriz entzuteko tarterik ez dut hartu oraindik.

Zein irudi, edo zein momentu daukazu gogoan iltzatuta?
Buruan argien dudana buruz burukora pasatzeko momentua izan zen, gure izenak esan zituztenekoa. Plaza ere lehertu egin zela uste dut.

Hasi eta buka, indartsu nabaritu zitzaizun bertsotan, bizkor eta ausart. Nola sentitu zinen? 
Arratsalde guztia lanean eman nuela sentitzen nuen. Ez nuen sentitu bertsoa bizkor zetorkidanik, ezta gaia pare-parean jotzen nuenik ere. Hau da, ez nuen lehen momentuan argi ikusten zer kontatu nahi nuen gai bakoitzarekin. Esan didate kanpotik ez zela transmititzen irudi hori, baizik eta kontrakoa; erraz ari nintzela, edo hori zirudiela. Ederra da hori.

Esan bezala, lan egin nuela sentitu nuen, eta horretan ongi ari nintzela. Buzoa jarri, eta gai bakoitzari ahalik eta ertz gehien bilatzen saiatzen nintzen. Eta ikusten nuen egoera zailenei aurre egiteko tenple onean nenbilela. 

"Ez nuen sentitu bertsoa bizkor zetorkidanik, ezta gaia pare-parean jotzen nuenik ere; esan didate kanpotik ez zela transmititzen irudi hori, baizik eta kontrakoa"

Eroso nabari zitzaizun.
Ez nengoen deseroso. Gaiak hasieratik ez nituen pare-parean ikusten, eta bilaketa lan bat eskatzen zidaten. Atzaparra lurrean sartu eta zuloa egin behar izan nuen, lur azpian zerbait zegoen ikusteko. Gero, buruz burukoan, askeago sentitu nintzen; argiago ikusten nituen gauzak.

Ausart aurkeztu zinen bakarkakoan, doinuarekin.
Ez neukan argi zein doinu erabili bakarkakoan, eta bertso eskolakoek animatu ninduten, esanez hori ongi zetorkidala. Doinu arriskatua zen, lau motz eta lau luze baititu. Baneuzkan nire beldurrak, kezkak, baina azken momentuan baietz esan nion nire buruari, eta gaizki aterako bazen ere, gutxienez saiakera eginda geldituko zela. Apustua ongi atera zitzaidan, eta horren poz handia daukat.

Finala anaiarekin kantuan hasi zenuen, zortziko handian. Hasteko modu ona izan zen, babesean?
Ederra izan zen. Aste osoa genbiltzan esaten ea ofizioren batean edo zerbaitean elkarrekin tokatzen zitzaigun. Eta zozketan, berak bost zenbakia atera zuenean eta nik seia, segituan elkarri begiratu eta: “Ondo hasi dugu finala, eta gaurko eguna ondo joango da”.  

Elkarri adierazi zenioten babesa, hala nola bertsoaren amaierak elkarrekin abestuta.
Naturalki ateratzen zaigun zerbait da, beti egin dugu hala. Etxean egotea bezala izan zen. 

"Buruz burukoan, askeago sentitu nintzen; argiago ikusten nituen gauzak"

Saio ederra egin zenuten hasi eta buka, bai zuk eta bai Joanesek, eta Saioa Alkaiza ere ongi aritu zen. Bazirudien hiruren artean zegoela buruz burukora pasatzeko aukera. Nola bizi zenuen?
Horrelako zerbait ikusten nuen nik ere, estu joango zela. Norberarena ez da inoiz argi ikusten, baina Joanes barruan ikusten nuen, eta banekien, gero, Saioa hortik egongo zela, eta bion artean ibil zitekeela. Hiru izen horiek neuzkan buruan. Buruz burukora zein bi bertsolari sartzen diren alfabetikoki esaten dute, abizenaren arabera, eta hortaz, lehenbizi Joanes esan zutenean, Saioa kanpoan zen, eta argiago ikusi nuen nire burua.

Argazki ederra ikusi zen gero: zuon bion arteko besarkada. Oroituko da irudi hori.
Bai, nire gogoan bai behintzat. Gauzak, gero, gaur egungo munduan, azkar ahazten dira. Baina plaza lehertu zen une horretan, eta ederra izan zen. Momentu hunkigarria izan zen bertan ginenontzat; halako momentu gutxi biziko ditut txapelketan, uste dut.

 Bertsozale / CC BY SA

Plaza lehertu eta oso bizkor hasi zineten kantuan, puntuka, umoretik gainera, Sanfermin eta San Saturnino aipatuta. Nola kudeatu zenituen emozioak, kontzentrazioa mantentzeko?
Euforia momentu bat da, baina segituan bertsotan hasi behar duzu. Burua lehengo mekanikan ipini eta hankak lurrean jarri behar dira. Besarkada eman genuenean, gure artean aipatu genuen: “Orain bertsotara; gero ospatuko dugu ospatu behar dena”. Uste dut ongi aktibatu ginela kantuan hasteko. Puntuka, gainera, konexio berezia dugu, eta saio onak egiten ditugu normalean. Gero, seiko motza ere oso azkar joan zen. Buruz buruko osoa pasatu zitzaidan hegan, baina asko gozatutako momentua izan zen.

Azken txanpan anaiarekin lehian egotea zer moduz eramaten da? 
Ametsik hoberenetan ere ez nuke imajinatuko bizitako momentua. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, buruz burukoan, lehenbiziko aldiz Nafarroa Arenan, horrelako momentu bat bizitzea... banekien bizitzekotan ederra izango zela, baina imajinatzen nuena baino askoz ere ederragoa izan zen.

Biek, gainera, laugarren finala zenuten. Eskarmentua pilatuta heldu zarete.
Hankak egonkortuta, edo egonarri batekin aritu gara txapelketa osoan. Eta finalak ez gintuen sorpresan harrapatu. Uste dut aurreko aldietan baino prestatuago heldu garela. 

"Hankak egonkortuta, egonarri batekin aritu gara Joanes eta biok txapelketa osoan"

Ganbarakoan, gai politikoari heldu zion Joanesek, preso baten etxeratzea eta ongi etorria kontatuta. Zuk, aldiz, txikitasun batetik-edo, gaixotasun bat igaro duen haurraren paperetik egin zenuen bertsotan. Zergatik jo zenuen horra?
Presoen gaiari heltzea pentsatu nuen, etorkinena ere bai... Baina burura etorri zitzaidan gaixotasun baten ostean eskolara itzultzen den haurraren irudia, nolako goxotasunez hartzen duten lagunek. Hortik kantatzeak pozetik kantatzea eskatzen zuen, eta horregatik hartu nuen. Drama egiteko balitz, seguruenik ez nuke hartuko. Baina horrela, lizentzia hartuta, funtzionatu zezakeela iruditu zitzaidan, eta uste dut hala izan zela.

Bukaerako agurrean, txapela lagunei, familiari eta bertso kideei dedikatzeaz aparte, euskarari eta euskararen aldeko borrokari ere luzatu zenion mezua. Pentsatuta zenekarren?
Aurten, egiatan, inork sinetsiko ez badit ere, ez neraman ezer pentsatuta. Joanesi aitortu nion, eta esan nion: “Txapeldun edo txapeldunorde geratu, berdin-berdin bertso iguala botako dut, e”. Ez neukan astirik ezer pentsatzeko. Zentralitatea eman nahi nion hizkuntzaren auziari, Nafarroan asko pairatzen baitugu alor horretan, eta nahi hori banekarren etxetik, uste dudalako horrelako plaza batean kantatu beharra zegoela. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Bertsolari Txapelketa
2021eko abenduaren 16
Saioa Alkaiza Guallar. Sorkuntzaren gozamenaren bidea
"Heroismoak gehiago konektatzen zuen garai batean, baina niri populista egiten zait"

Eguneraketa berriak daude