Euren eremu eta eskaintza soziokultural propioa sortzeko, eraikitzeko eta zabaltzeko asmoz, Algortako Sarrikobaso kaleko 11 zenbakiko eraikina okupatu zuten barikuan, udalerriko dozenaka gaztek. Hala ere, gune autogestionatu berriak gutxi iraun du, goizaldean, polizia-operatibo batek gaztetxea hustu egin baitu. Gazteek ertzainen "oldarraldia" salatu eta arrastiko 17:30ean, San Nikolas plazan, kontzentrazioa egin dute. Ikusi bideo-erreportajea eta desalojoko irudiak Hirukaren webgunean.
Alternatiba soziokultural propioak sortzen, eraikitzen eta zabaltzen jarraituko dutela iragarri zuten atzo, barikuan, dozenaka gaztek Algortan okupazioaren aldeko manifestazio batean, "guk egiten ez dugun bitartean ez duelako beste inork egingo". Hala, mobilizazioa bukatu eta gutxira, hainbat urtez hutsik egon den Sarrikobaso kaleko 11 zenbakiko eraikin zaharra okupatu eta bertan gaztetxea egingo zutela iragarri zuten.
Herrian #gaztetxe baten beharra aldarrikatu eta gazte borrokaz lortuko dutela oihuka Algorta erdian: "Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia!" pic.twitter.com/orOIWcEBdV
— Iker Rincon (@irincon_) February 11, 2022
Halere, gune autogestionatua udalerriaren erdian izatearen ametsak ez zuen asko iraun, sartu eta berehala jasandako poliziaren presentziak iragar zezakeen bezala.
Inoren zain ez daudelako, gaztetxe berria okupatu dute Algortako erdigunean. pic.twitter.com/tpLrabp0qN
— Iker Rincon (@irincon_) February 11, 2022
Izan ere, iluntzea lasaia izan zen arren, goizaldea ez da halakoa izan. Goizeko 05:00ak aldera, hainbat polizia-patruila bertaratu dira gune autogestionatu berrira, errepidea alde bietatik moztuta, eraikina hustu eta zigilatu guran. Bertan, baina, dozenaka gazte zeuden zain, eta hori ekiditeko eserialdia egin dute, okupatutako eraikinaren kanpoaldean. Handik gutxira, Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko sei furgoneta gerturatu dira eta, banan-banan, protestan zeuden gazteak kanporatu dituzte. Une horretan, oldarraldiak bizi izan dira eta, gazteek salatu dutenez, ekintzaileetako bat zauritu dute buruan, borra bategaz kolpatuta. "Bertaratu diren osasun-zerbitzuek artatu behar izan dute", deitoratu dute.
Eserialdia desegin ondoren, eraikinaren barruan zeuden ekintzaile biak kanporatu dituzte ertzainek, eta baita identifikatu ere. "Okupazio-delitua egotziko dietela jakinarazi diete, eta prozesua abiatuko dutela", azaldu dute gazte mugimenduko kideek.
Kontuak horrela, gaztetxea hustuta eta zigilatuta argitu du egunak eta, hori salatzeko asmoz, kontzentrazioa egingo dute gazteek gaur, zapatuan, arrastiko 17:30ean, San Nikolas plazan.
Manifestazioaren ondoren gazteek irakurritako oharra, osorik:
Gazteok sutan gaude.
Urteak daramatzagu Getxoko udalaren politikekin erreta, eta azken garaian bizi izan dugun pandemia egoerak ez du gar hori hedatu besterik egin. Langabezian ez dagoen gaztea, lan prekarioetatik ihes egin ezinik dabil. Lan horien soldata urri, lan ordu extra zein kontratu ezek kiskali egin dituzte gazteok herrian bizi-proiektu duinak eraikitzeko zein emantzipatzeko ditugun esperantza guztiak, eta jadanik suminduta gaude.
Aipatutakoak ez dira arazo berriak, krisi ekonomiko batean hezitako belaunaldia gara, eta ez dugu inolako zalantzarik: gutxi batzuen mesedetan dihardute aspaldiko su horiek itzali gabe.
Bestalde, krisi ekonomiko horri ezinbestean gehitu behar diogu azken urteotan egoera pandemikoaren ondorioz zuzenean gazteok kolpatzen gaituen krisi soziala. Gazteok kriminalizatu gaituzte, gazteoi egotzi digute osasun egoerak okerrera egitearen ardura, gazteon atzetik bidali dute polizia eta gazteok bete gaituzte isunez. Ez da kasualitatea, pandemiaren kalte-ordainak gaixotasun mentalen intzidentziaren gorakadarako erregai izatea. Gure osasun mentala da jo puntuan kokatu dutena.
Egoera itogarri horren adierazlerik nabariena, pandemiaren aitzakiapean aisialdirako genituen espazio propio eta eskaintza soziokulturala murriztu izana da. Saldu nahi izan diguten aisialdi eredua kontsumo hutsera bideratuta dago, eta horrek ez du gurearekin bat egiten.
Kezka horiek plazaratzeko, joan den ostegunean, hilaren 27an, Udaleko osoko bilkuran egon ginen gazteon ahotsa gertutik entzun zezaten. Gure harridurarako, Udalak gurekin biltzeko nahia adierazi zigun, aipatutako problematikei buruz aurrez-aurre hitz egiteko. Ate hori zabalik utziko badugu ere, ez gara beraien zain egongo, esperientzian oinarrituta jakin badakigulako kea saltzen ari direla eta beraiek izan direla beti ate guztiak itxi dizkigutenak.
Gazteak erreta gaude bai, eta bada ordua errauts horietatik su berriak piztu eta horiek hauspotu, indartu eta hazteko. Gazte mugimenduak hamarnaka urte daramatza su txikiak piztu eta elikatzen, kontsumo eredu berriak sortzen, aisialdirako eta antolakuntzarako espazio propioak eraikitzen. Horretan gabiltza gazte txosnan, aisialdi taldeetan, talde feministetan, euskara elkarteetan, gaztetxeetan, dantza eta kirol taldeetan, musika talde eta tokian toki sortzen diren auzo elkarte, jai batzorde eta gainontzeko proiektuetan.
Lan handia egin dugu gure su txikiak handi bihurtu eta erresistentzia espazioak eraikitzeko. Eta horretan jarraituko dugu: alternatiba propioak sortzen, eraikitzen eta zabaltzen, guk egiten ez dugun bitartean ez duelako beste inork egingo. Txinparta berriak pizten, ez gaudelako inoren zain.
ZUEK UTZITAKO ERRAUTSETATIK SU BERRIAK PIZTUKO DITUGU
Iritsi da uda. Egunak argi, bero eta luze dira orain, eta kostaldea jendez, sonbrilaz, krema usainez eta doi-doi ulertzen ditugun hizkuntzez bete da. Zuzeneko musikan ere gauzak asko aldatzen dira: mailarik gorenean daudenek makrojaialdietako birari ekiten diote, poltsikoak... [+]
Tentsio uneak bizi ahal izan dira ostegun eguerdian Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan.
21 Zabalgunea udal soziatateak desalojo data ezarri diela jakinarazi dute Alde Zaharreko espazio okupatua kudeatzen duten Auzoan Bizi etxebizitza sareak, Herrizoma elikadura sareak eta Zaharraz Harro jai herrikoiak. Korda “defendatuko” dutela adierazi dute.
Airaldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) jakinarazi duenez, larunbatean hartu zuten itzulera hegazkina desokupazio enpresako kideek.
Agerraldia egin dute asteazken arratsaldean, Bilbon, eta "Euskal Herriko gazte langileei" dei egin diete gaztetxeetara hurbiltzera, antolatzera, eta "horien alde borroka egitera". Polizia "gazte langileen aurkako estatuaren erreminta zapaltzailea" dela... [+]
Hainbat okupazio "sinboliko" egin ostean, dozenaka lagun Urgulleko Guardetxean sartu dira eta garbitzen eta txukuntzen ari dira, ekitaldi kulturalak antolatzeko.
Beste bizi eredu baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]
Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.
Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.
Bilboko Etxarri II gaztetxearen hustuketan gertatutakoaz hitz egin du Ertzaintzaren jaurtigai baten ondorioz barrabila galdu duen 33 urteko bizilagun batek. Beste zenbait bizilagunekin zegoen han, gaztetxeko kideen elkartasunean, "modu baketsuan".
Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]
Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.
Joan den asteko kaleratze "ilegala" salatzeko, manifestaziora deitu dute ostiral arratsalderako.
Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.
Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]