Aitzina!, Ipar Euskal Herriko gazte erakunde berria

  • Gazte eta ezkertiar guztien biltoki izan nahi du Aitzina! antolakundeak, abertzaleen arteko zatiketak gaindituz. Bost lan ildo ditu: euskara, lurraldetasuna, gatazkaren konponbidea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta langile borroka.


2013ko azaroaren 4an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Aitzina erakundearen aurkezpen ekitaldia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Larunbatean egindako aurkezpenean Koldo Etxegarai bozemaileak hartu du hitza: “Historia guk idazten dugu, eta egun hau gazte ezkertiar eta abertzale guztien batze eguna bezala ezagutuko da”.

Ipar Euskal Herriko abertzaleen arteko zatiketak aipatu ditu, eta batzeko deia egin die gazteei, “konfiantzaz” eta “elkartasunez”. Etxegarairekin batera, oholtzan egon dira Filipe Bidart ABko kidea eta Xabi Larralde Sortukoa, abertzaleen arteko batasuna irudikatu asmoz.

Bidartek bateratzea hartu du hizpidetzat, Kazeta.info-k nabarmendu bezala: "Plazer egiten du ikustea gazte deliberatuak, aitzineko belaunaldikoen huts beretara erori nahi ez dutenak eta elkartasuna lehenesten dutenak", esan du.

Larraldek Che Guevararen eta Telesfororen aipuak izan ditu gogoan: “Ez dezazuela sekula zuen utopiaren horizontea mugatu, are gutxiago helduek erabili ohi dituzten errealismo edo pragmatismo bezalako printzipioen izenean”. Era berean, borrokaren garrantziaz mintzatu da, baina “borroka Euskal Herriarekin”, egin behar dela nabarmendu du.

Aitzinaren lan-esparruak azaldu ditu Etxegarik. Ipar Euskal Herrian baino lan ez egin arren, Euskal Herri osoko ikuspegia duen taldea dela argitu du: "Ipar Euskal Herriko gazte erakundea da, bai, baina Euskal Herria izango du gogoeta eta desmartxa praktika ororen oinarri”.

Hego Euskal Herriko Ernai antolakundeko kide Maialen Etxeberria ere ekitaldian izan da, eta bi erakundeek amankomunean lan "sendoa" egin dezaketeela azpimarratu du.

Ekitaldia 2zio rap taldeak aurkezpenerako egindako abestiarekin bukatu da.

Hausnarketaren emaitza

Zortzi hilabeteko hausnarketa prozesu baten ondorioa da Aitzina antolakundearen sorrera. Ezpeletan hasi zuten gazte dinamikari buruzko gogoeta saioa, otsailean. Geroztik, funtzionamendua, oinarri ideologikoak eta ildoez eztabaida egin dute Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako hainbat gaztek.

Aurkezpen ekitaldia:


Eguneraketa berriak daude