AHTa Espainiako Estatuan: 25 urteko arpilatzea

  • 92ko apirilean gaude. Beste espoliazio bat ekarri zuen Expo’92-aren hasierarekin batera Espainiako Estatuan AHTaren lehen linea inauguratu zen, Madril eta Sevilla artekoa, mundua liluratzeko asmo hutsarekin.


2017ko maiatzaren 02an - 13:11

Berriki, Mariano Rajoy egungo gobernuko presidenteak AHTaren 25. urteurrena hitz hauekin gogora ekarri zigun: “AHTaren 25 urte hauek arrakasta kolektibo baten historia dira”. Argitu beharko genuke presidenteak aipatzen duen kolektibitate hori ez dela estatu hau osatzen duen populazioa, bere enpresa, ekonomia eta finantzia eliteak baizik, azpiegitura honekin onurak izan dituzten bakarrak.

25 urte hauetan 3.240 kilometro AHT egin dira eta beste 1.500 gehiago egiten ari dira. Horrek esan nahi du Txinaren ondoren, munduan Espainiako Estatua dela AHT kilometro gehien duena, eta biztanleko zein kilometro koadroko AHT kilometro gehien duena, bidaiari kopuru oso txikia izan arren. Hori bai, faktura garestia atera da: 51.775 milioi euro, eta odolusteak ez du etenik.

Nork sustatu du halako erokeria? Gaztela-Leon, Galizia, EAE, Asturias, Katalunia eta Murtzian atzemandako eroskeria sare potoloak, zeinaren ondorioz 14 auzipetu dauden, Barcenasen paper famatuek argitzen diguten bezala. Erantzuleak bi dira: lehenik eta behin, Espainiako Estatuko eraikuntza lobby indartsuaren papera erabakigarria dela azpimarratu behar dugu. Munduko eraikuntza enpresa boteretsuenen artean Espainiako batzuk daude. Horrek azaltzen du zergatik estatu hau den Europan autopista eta autobia kilometro gehien duena (horietako asko oso trafiko gutxirekin eta diru publikoak erreskatatuta) eta zementu gehien esportatzen duena. Lobby horrek estatuko garraio azpiegitura politika inposatzen du eta horren barruan, AHT gero eta kilometro gehiagoren hedapen eroa.

Bigarrenik, boterean dagoen klase politika ustela dugu, euren enpresa lagunei lanak esleitzen dizkiena diru sari potoloen truke. Politikari horieek, gainera, inolako gastu-onura ikerketarik gabe, AHTaren lanak aitzina eraman dituzte “aurrerabidea”, “modernitatea” eta gisa bereko fetitxe hutsaletan oinarrituz, politika horrek hauteskunde-etekin handiak ematen dituela jakitun. Amildegiranzko lasterketa zoro honetan, probintziako hiriburu guztiek AHT geltoki arranditsu bat nahi zuten euren konplexu probintzianoa uxatzearren, zein baino zein handiagoa, herrialdeen arteko lehia zitala sortuz. Gainera, hiriburuetan AHTaren etorrerarekin batera pelotazo urbanistiko itzelak burutu dira, batzuk eldarnioaren goia jo dutenak. Esaterako, Guadalajarako geltokia, hiriburutik hamar kilometrora dagoena, eguneko 70 bidaiari dituena.  Haren ondoan Esperanza Agirreren senarraren lur sailean 34.000 biztanleko luxuzko urbanizazioa eraiki zen eta egun 2.000 bakarrik bizi dira.

Lardaskeria eta inprobisazioa nagusi izan dira AHTaren garapenean, kasu lazgarri asko dagoelarik. Adibidez, Toledo-Cuenca-Albacete zerbitzua, bederatzi bidaiarirentzat eguneko 18.000 euroko gastua zuena, 2011. urtean bertan behera gelditu zena; edo Leon-Asturias tartean dagoen Pajares tunela, hamabi urteko lanen ondoren 1.000 milioi euroko aurrekontua hirukoiztu duena. Akuifero garrantzitsuak zulatu dituenez Leondik Asturias aldera segundoko 2.000 litroko isuraldatze ezkutua eragin du eta oraindik ez dakite martxan jartzeko aukera izango ote duten.

Honaino iritsita, interesgarria da gogoraraztea egun ez dagoela ospe handiko ekonomialari bakar bat ere AHTaren eraikuntza defendatzen duenik. Izan ere, inolako lineak ez du errentagarritasun minimorik, ez ekonomikorik ez sozialik, ezta bidaiari gehien dituen Madril-Bartzelonako tarteak ere. Horrek esan nahi du linea bakar batek ere ez duela sekula inbertitutako dirutza berreskuratuko. Zulo ekonomiko horrek hipoteka ikaragarria ekarriko die datozen belaunaldiei. Eta okerrago, EAEra datorren lineak, Euskal Y-ak barne, inbertsioa ez berreskuratzeaz gain, ustiakuntza komertziala defizitarioa izanen du, alegia, martxan mantendu beharko da zergen bidez. Hori guztia ongi islatzen da ADIF eta RENFEren artean metatu duten 18.000 milioi euroko zorran. Espainiako Kontu Auzitegia berak ohartarazi digu: “Epe luzean AHTaren bideragarritasun ekonomikoa kolokan dago duen zorpetze handia dela eta”.

AHTan inbertitutako gastu itzelak murrizketa sozialak areagotu ditu. Azken urteotan AHTaren inbertsioa eta murrizketa sozialen zenbatekoaren arteko antzekotasun handia jaso da. Horrenbestez, AHTak aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituela dioen propaganda ofiziala gezurtatuz, Espainiako Estatua da Europako langabezia tasa eta lan prekarietate handienetako bat, gastu sozial txikienetako bat eta munduan zor publiko handiena pilatu duenetako bat, kopuru orokorretan zein biztanleko.

AHTaren eraikuntza lanak nagusiki azpikontratazioaren bidez burutzen ari dira, etorkinen esku- lan prekarizatuaz baliatzen direnak. Askotan euren jatorriko herrien lan hitzarmenen araberako  kontratuak egiten dizkiete. Lan jarduera neketsuen ondorioz heriotza tasa handiak jasotzen ari dira (dagoeneko estatuan 50 baino gehiago eta EAEn sei).

Bestalde, AHTa ohiko trenaren etsai amorratu bilakatzen ari da. Nahiz eta trenaren erabiltzaileen %6 baino ez diren AHTaz bidaiatzen, ia-ia trenaren aurrekontu osoaren %70 AHTra bideratzen da. AHTaren linea berri bat inauguratzen den bakoitzean, linearen ohiko zerbitzu gehienak kentzen dira edo linea bera desagertzen da. Azken urte hauetan ohiko trenaren 3.000 kilometro inguru galdu dira. Horri gehitu behar zaio AHTren mantenu lanak ohi baino %70 garestiagoak direla: 100.000 euro/kilometroko/urteko. Horrenbestez, lurraldearen antolaketaren aurkari bihurtzen da, bidaiari asko errepidera bideratzen eta merkantziarik garraiatzen ez dituena. Gainera, 2020rako iragartzen ari den sektorearen liberalizazioari begira, beldur gara eragile pribatuek linea errentagarrien etekina jasoko duten bitartean, estatuak azpiegituraren eraikuntzak ekarri duen diru galera atxikiko ez ote duten. Hori guztia gutxi ez eta, erreskatearen bidez seguraski ordaindu beharko ditugu Espainiako hainbat enpresaren abentura zoroak, esaterako Meka eta Medina bitarteko linea ezinezkoa, egun hondarrean hondoratuta.

Laburbilduz, AHTa botere tresna klasista dela esan dezakegu. Pobreek eraikia, pobreen diruz ordaindua enpresa eta ekonomia eliteen mesedetan; gainera, aberatsek bakarrik baliatzen ahal dute, txartelaren prezioa pobreek ezin baitute ordaindu. Bestalde, haren mantenua zergen bidez pobreek ordainduko dute, berauek erabiltzen duten ohiko trena baztertzera kondenatuta dagoen bitartean.

Azkenik, EKOPOLek berriki argitaratutako txostenak argi eta garbi demostratzen duen bezala, AHTa  inolaz ere ezin da justifikatu energía aurrezteko eta berotegi efektuko gas isurketaren murriztaile gisa, alderantziz baizik. Horri lotzen bazaio lurraldean sortzen duen txikizio erabatekoa, ez bakarrik igarobidean, AHTa bihurtzen da egun dugun eraso eraginkorrenetako bat. Beste faktore askorekin bat eginda, AHTak abiada biziz eta itzulera gabeko bidaia batean eramaten gaitu gero eta ahots gehiagok ohartarazten diguten zibilizazio kolapsorantz.

Mattin Hiriberri Iruñerriko AHT gelditu! Elkarlaneko kidea da

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Diferentziak

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


2024-04-14 | Gorka Menendez
Aste Santua eta ramadana

Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude