Kronikek diote Frankismo aurreko Aberri Egunak oso jendetsuak izan zirela. Gasteizko 1934an eta Iruñeko 1935ean 30.000na lagun baino gehiago elkartu omen ziren auto pribaturik ez zegoen garaian. Diktadorea hildakoan, Aberri Egunek berpizkunde handia izan zuten Hego Euskal Herrian. Etxe askotan bazkari berezia egiten zen, eta gazteak ginela, Aste Santuko oporralditxoa Euskal Herrian bertan egiten genuenez, igandeetan beti zerbait egiten genuen egun hori ospatzeko.
Etxeko erreferentzia abertzaletasun historikoa izan arren, beste gai batzuetan bezala, abertzaletasunean ere nahiko heterodoxoa izan naiz. Hala ere, Aberri Egunarekin beti ukan dut atxikimendu berezia. Hori dela eta, Aberri Egun bateratua egiteko egin izan ziren saiakera askotan lagundu izaten nuen: ABK eta Euskariarekin, Udalbiltzak egindakoetan, Nazio Eztabaidaguneak egindako saiakeretan, eraitsi zuten Independentistak mugimenduak antolatuetan. Sarritan Ipar Euskal Herriko deialdietan parte hartu izan dut, erosoago egon naiz eta.
Azkeneko urteetan, ordea, ez nabil batere gogotsu horrelakoetara joateko, eta ez da adin kontua. Jakin badakit, aspalditik “Pazko-igandea” aldarrikapen eguna baino gehiago, gehienentzat oporralditxoaren egun arrunta besterik ez dela. Haatik, ez da hori nire kasua, ezta kide izan ditudan hamaika lagunena ere. Nolabaiteko apatiak jota gaudela esango nuke: aporiak jota. Greziera klasikoan aporia izenaz definitzen den egoeran, alegia: ondoeza, gogo eza, kontraesanak kudeatzeko gaitasunik eza.
Aurtengo Aberri Eguna, nire ustez, Aro Politiko berriaren lehena izango da. “Aro” diot, “ziklo “ hitza erabiltzen ari bada ere, azkeneko urteotan bizkortu diren aldaketek amaitutzat ematen baitute XX. mendea. Horrek geurean eragina nabarmenagoa du eta zalantzarik gabe aporia sentsazio horretan isla izan dezake.
XXI. mendeko politikaren garaia da, eta hortaz, pertsona berriak irten dira plazara. Esaterako, Imanol Pradales. Pradales jaunak ez dit interesa batere piztu, berdin-berdin PSEko ala PPko hautagai jator bat (balego) izan liteke. Izan ere PPren boto-emailea lortzea helburu ere badu. Eusko Jaurlaritzaren aginte makilari eustea lehentasuna du. Hori lortze aldera behin betiko baztertu du “ildo soberanista” eta beste eremuetan egon daitezkeen boto emaileekin konpondu nahi du arazoa.
Pradalesek EAJren sektore teknokratena ordezkatzen du, Repsol, Iberdrola, Armagintza eta bestelako lobbyen esanetara arituko den beste pertsona bat da. Hau da, Aberri Egun batean mendiko botak jantziko balitu ere, Bilboko Plaza Berrian bilduko diren ehunka jarraitzaileren grina pizteko gaitasunik ez duen hautagai bat da. Benetan uste nuen zaila izango zuela EAJk Urkullu baino hautagai okerragorik aurkeztea, baina lortu du.
Aberri Egunaren harira, gogoeta bat egin dezagun XXI. mendearen erdialdera iritsi aurretik, ea bideragarria ote den jauzi soberanista Euskal Herrian
Arreta gehiago jarri dut, ordea, Pello Otxandianorengan. Argitaratu berri duen liburua plazaratu aurretik egin zuen aurkezpena entzun nuen sarean. Ordubeteko saioa, eszenografia zainduta, pedagogikoa bere taldekide ezagunen aurrean. Otxandianok Aro Berrirako egokitutako politikari profila du: intelektualki ondo jantzia, bere taldearen zerbitzuan, hizketan lasaia, sinesgarria. Bere izenaz aurkeztu duten hausnarketa ere sendoa da, eta nire ustez, Euskal Herriaren etorkizunerako gako eta erronka handienak ederki identifikatu ditu. Hala ere, tamalez, ez dut uste jarraitzaileen grina pizteko askoz aukera gehiago izango dituenik Pradalesek baino. Eta bistan da, ez naiz karismaz ari. Sarritan, gabezia intelektual, etiko eta estrategikoak dituen buruzagi politikoek karismaz mozorrotzen dira. Pello ez da horrelakoa, eduki lezakeen karisma falta, jarreraz eta prestakuntzaz ordezkatzen du. Nire ustez, arazoa beste toki batean dago.
Sortuk EH Bilduren bidez oso anitza zen (eta den) eremu soziologikoaren hegemonia lortu du Hegoaldean. EH Bildu osatu zuten beste alderdien ekimena desaktibatu du. Izan ere, paradoxikoki, EH Bilduk Sortu bera ere jan du. EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza onak izango ditu. Beste eragileek utzi duten eremua oso handia da; eta desaktibazio soziopolitikoak abstentzioa handituko duen arren, ordezkaritza handia izango du, agian bozkatuena ere izango da.
Baina garaipen horrek badu bere ordaina. EH Bilduk eremu soziopolitiko anitzetako bozkak lortuko ditu, haatik, eremu soziopolitiko zabal horren gaitasun eraldatzailea estrategia bakarrera eramango du. Hortaz, de facto aniztasun ideologikoa zorroztasun estrategikoaren bidez murriztuko du. Eremua soziopolitiko horren hegemonia eskuratze aldera erabili dituen bideak elbarri utzi ditu beste estrategia posible, bideragarri eta beharrezko batzuk.
Politikari profesionalen neurrian egindako tresna eraginkorra sortu du EH Bilduk, baina botere-gune batzuetara iristeko baliagarria izan daitezkeen tren horiek kaltegarriak dira beste eragile askorentzat, eta batik bat, ezinbestekoak diren beste borroka-lerroetarako. Izan ere, dagoeneko, EH Bilduk aukeratu duen jardun posibilistak talkak sortu ditu herri mugimendu batzuekin eta behin baino gehiagotan gehiengo sindikalarekin.
Otxandianok ondo esan zuen bere bataio publikoan: etorkizunaren nondik norakoak ez ditugu ezagutzen, asmatu behar da bidaiatzen ziurgabetasunaren aroan. Horregatik, estrategia malguak behar ditugu. Iraganeko estrategiei eusteak porrota ekarriko du epe ertainean. Epe laburreko garaipena lortzeko “itsasontzi batzuk” erre izanak konponezinak izan daitezkeen kalteak ekar litzake. Autonomismoa berrasmatzea ez da bideragarria, ezta komenigarria ere, Espainiako Estatuaren balizko birsortze prozesua ez da euskal herritar independentiston ardura. Pazientzia aholkulari ona omen da, baina aldaketak bizkortzen direnean, eta aldaketa horiek etorkizun posible batzuk ukatzen dituztenean, pazientziarako astirik ez dago.
EH Bilduk, Iruñerrian, Gasteizko Legebiltzarrerako, Ezker Soberanistak inoiz lortu dituen hauteskunde emaitzarik hoberenak, inoizko hautetsi eta liberatu kopuru handiena, baina bide batez, inoizko boluntario talde txikiena izango du. Politikarien eta herritarron arteko arrakala handitu da, baita hemen ere. Euskal Herria zatitu duten hiru eremu administratiboak onartu izanak hiru lurralde horietako herritarren arteko arrakala handitu du. Lurralde zatiketaren gaineko jardun politikoa ardatza ez bada, Euskal Errepublikaren bideragarritasun estrategiko eta geopolitikoa gal litezke.
Aro Berriak duela 20 urte ezinezkoak ziren eraldaketak egiteko ateak zabaltzen ditu: Euskal Errepublikaren eraketa-prozesua; Udalbiltza erakunde-prozesuaren erdigunean jarri; euskal herritar aske gisa ahaldundu; demokrazia erradikalerantz urratsak eman. Ez gaitezen galdu arerioak eraikitako labirintoetan, ez diezaiegun lagundu 78ko erregimenaren sustatzaileei, irtenbiderik gabeko zulora eramango baikaituzte.
Ez dezagun jan PSOEren amua, pozoituta dagoen haragi puska besterik ez da. Oso garrantzitsua den alkatetza eskuratzen lagundu dio EH Bilduri oraingoz, baina salbuespena da. Testuingurua: Madrilgo gobernua osatzeko laguntzeko beharra; UPNren ahulezia, UPNren alkate kaxkarra. Aitzitik, ez da gauza bera 267 milioi kudeatzea (Iruñeko aurrekontua) edo, adibidez, 484 milioi, Donostiakoa (25.000 biztanle gutxiago Iruñeak baino). Zer esanik ez Eusko Jaurlaritzarena, 2025erako 18.000 milioiko aurreikuspena. Gasteizko Legebiltzarrerako PSEk emaitza apalak izango ditu, 11 bat legebiltzarkide, baina oso garesti salduko diote EAJri euren laguntza.
Aurten, berriz ere, ez dago inolako aukerarik Aberri Egun bateratua egiteko, eta ziurki ere ez luke zentzu handirik izango. Aldiz, egun horren harira, gogoeta bat egin dezagun XXI. mendearen erdialdera iritsi aurretik, ea bideragarria ote den jauzi soberanista Euskal Herrian. Estatu batek dituen tresna juridiko guztiak eskuratzen ez baditugu, etorkizun hurbileko erronkei ezin izango diegu heldu eta menpeko egoera betikotuko da: kulturalki, geopolitikoki, sozioekonomikoki. Ezinezkoa izango dugu herri gisa egokitzea horren konplexu eta aldakorra den mundu berrian.
Patxi Azparren
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.
1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]
Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]
Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]
Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]
Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan... [+]
Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]
Artikulu bati zer nolako izenburua jarri ez da aise hautatzen, ezta? Hasiera batean, “euskaldun gezurti, tranpatiak” bezalako izenburua idazteko asmoa nuen, baina inor mintzeko gogorik ez dudanez, goikoari eutsi diot, ene gogoetaren muina hobeto ulertaraziko... [+]
2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.
Horri gehitu behar... [+]
Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.
Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, “hooligan” samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken aurreko lagina Santi Martinezena... [+]
Euskal Herri osoan —beste herrialdeetan bezalatsu— jairik ez da falta. Negu giroan ere asko badira ospatzen direnak, uda-garaian ez da festa gabeko egunik. Egun-argi luzeak eta gau epelak jendea etxe zuloetatik kanpora, kalera ateratzeko aproposak dira eta jai giroan... [+]
Azken asteetan bolo-bolo dabil Poliziaren eta, zehatzago esanda, Ertzaintzaren gaineko eztabaida. Tamalez, eztabaida piztearen arrazoia ez dira horiek Euskal Herri Langilearen kontra erabiltzen dituzten biolentzia eta jazarpen sistematikoa. Horren ordez, Ertzaintzaren eta bere... [+]
Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!
Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]
A zer zortea gurea! Inork nahi ez duen edozein industria-proiekturentzako puntu bero gogokoena gara gu! Ezkerraldea eta Meatzaldea, beti prest beste leku batzuetan gogaitzen duen guztia beso zabalik hartzeko. Petronor? Ederto. Lindane-hobi bat? Aurrera. Dorre elektrikoak gure... [+]
Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]
Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]