Aberatsen luxuzko aterpeak krisi globalari aurre egiteko: arazoaren sintoma esanguratsua

  • Klima aldaketaren eta baliabide materialen urritzearen ondorioak nahaspilatzen zaizkigu –aurten azeleratze batekin– horiei loturiko gerra, erbesteratuen harrera, mantsotze ekonomiko eta eskuin muturraren igoerarekin, bertzeak bertze. Nahaspilatzea gehiketa baino okerragoa delarik, egoera hori krisi anizkoitza –polycrisis– izendatzen du Adam Tooze ikerlariak. Panorama honetan kolapsoaren gaia bueltan dator, eta seriotan hartzen dute ere aberatsenek. Aldiz, ematen dioten erantzuna krisi anizkoitzaren adierazlea da.


2022ko abenduaren 26an - 17:35
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gero eta gehiago eraikitzen ari dira, toki urrun eta diskretuetan: Zeelanda berria, Alaska, Ipar Amerikako Mendi Harritsuak, Tasmania... Aberatsenen artean moda berri bat zabaldu da: kolapso globalari aurre egiteko asmoz, luxuzko etxebizitza ultra-babestuak, “bunkerizatuak”, bertan mundutik hesituak bizirauteko. Irailean argitaratu berri den Survival of the Richest: Escape Fantasies of the Tech Billionaires  ("Aberatsenen biziraupena: teknologiaren milioi askokoen ihes ametsak") liburuan Douglas Rushkoffek azaltzen du Ameriketako Estatu Batuetako aberatsenen obsesio berria: The event edo Gertaera. Horrela izendatzen dute haien ustez gertatuko den kolapso globala, hau da, ekonomikoa, soziala, klimatikoa, eta –horien ondorioz– demografikoa. Haien dirutza inbertitzen ari dira “gertaera” horretatik beraien burua babesteko.

Gugandik hurbilago eta neurri xumeagoan –ez baitira Tasmaniara erbesteratzen– baina asmo beretik abiatuak, komunitate hesituak (gated communities) ere zabaltzen dira. Bertan ere aberatsak ingurukoengandik aparte bizi dira, ez bakarrik sozialki eta geografikoki, baizik eta fisikoki hesituz ere, haien seguritatea bermatzeko kamarak ezarriz eta guardia pribatuak kontratatuz. “Gertaeraz” amesgaitzik ote duten ez dakigu, baina prekaritateak bultzaturiko txiroen ahalezko joerak nahi dituzte saihestu.

Horietarik gehienak jabetza pribatuak izanik, zaila da jakitea zenbat diren eta non. Zeelanda Berrian, 2016ko lehen hamar hilabeteetan, atzerritarrek (gehienbat AEBetakoak eta Australiakoak) 360 000 hektarea lur baino gehiago erosi zuten, aurreko urtean baino lau bider gehiago. Ordutik aurrera joerak gora egiten jarraitu du. Jabe ezagunetan aipatu daitezke Peter Thiel, PayPal-en sortzailea, James Cameron zinemagilea edo Julian Robertson hedge-fund edo estaldura-funts inbestitzailea.

Modeloek errealitatearen irudi itxuragabetu bat eman dezakete, haien parametro garrantzitsu bat edo gehiagoren aldakortasuna ez bada ondo kontuan hartzen

Fenomenoak negozio berri bat piztu du AEBetan, adibidez, 2020ko zenbakiei segi, Texasen egoitza duen Rising S Co. enpresak hamar bunker pribatu instalatu ditu Zeelanda Berrian. Oinarrizko aterpean 22 pertsona bizi daitezke eta horren prezioa 3 milioi dolarrekoa da, baina 8 milioiraino igo daiteke luxuzko bainugelak, joko-gelak, kirol gelak, antzerkiak edo ohe kirurgikoak gehitu nahi izanez gero. AEBetan ere, Survival Condo (Kansas) edota Vivos (Hego Dakota) enpresek, misil-biltegi ohiak berrantolatu dituzte, lurpean hamalau solairuko bizitegiak antolatuz, seguritatezko eta luxuzko elementuak elkartuz. Etxebizitzez gain, baratze akuaponikoak, janari denda bat, igerilekua, antzerkia, liburutegia edota kirol gela ere aurkitu daitezke bertan, hiru urterako janari biltegiez gain.

Gainpopulazioa errudun?

Kolapso arriskua gehienetan lotzen zaie baliabideen urritzeari eta klima aldaketaren uzkailtze-mugak (tipping points) gainditzeari. Baina horien oinarrian ohikoa da gainpopulazioa izatea erru nagusitzat. Egia da XIX. mendearen hasieratik munduko giza populazioak izan duen gorakadak ez duela parerik giza historia osoan, ez bere tamainan ezta bere abiaduran ere. Ezin da baztertu gorakada honek eta harekin bat datozen urbanizazioak eta industrializazioak aztarna sakona uzten dutela biosferan. Baina errua populazioak ote du?

1970eko hamarkadan Erromako Klubak bultzaturiko Limits to Growth ("Hazkundearen mugak") txosten famatua argitaratu zen, ordutik aurrera desazkundearen aldeko talde askok erreferentziatzat hartua. Haien modelizazioak aurreikusten zuen ere baliabide ustiapen eta populazio gorakada joerak aldatuko ez balira, XXI. mendean industria ekoizpenak eta populazioak beherakada gogor eta kontrolagaitza pairatuko zutela.

Baina modeloek errealitatearen irudi itxuragabetu bat eman dezakete, haien parametro garrantzitsu bat edo gehiagoren aldakortasuna ez bada ondo kontuan hartzen. Horietarik bat aurkitu dezakegu modelo horietan: pertsona bakoitzeko kontsumo maila. Zehatzago, modelizazio haietan agertzen diren pertsonakako zerbitzuak, pertsonakako ekoizpen industriala edota pertsonakako janaria, batezbertzeko balio gisan erabiltzen dira. Batezbertzekoak esangura du distribuzio normal batean (estatistikan "gaussiana" deitzen dena), adibidez erdian maila ertaineko aberastasuna lukeen gehiengo batekin eta ertzetan simetrikoki milioidun guti batzuk eta txiro guti batzuk lituzkeena. Aldiz kontsumo mailaren distribuzioa oso asimetrikoa da: Stephen Pacala Princeton unibertsitateko ingurune erakundearen zuzendariaren arabera, 2015ean munduko 500 milioi pertsona aberatsenek BEGen isurketen erdiaren ardura zuten (Naomi Klein, Everything can change "Dena aldatu daiteke" 2015). Bere aurtengo txostenean, World Inequality Labek erakutsi du Frantziako Estatuko BEG Berotegi Efektuko Gas isurketen murriztapen xedea 2030ean lortzeko, %10 aberatsenek beraien isurketak %61 jaitsi beharko lituzketela, aldiz %50 pobreenek soilik %3. Zenbaki horien bidez zalu ikusten da "pertsonakako zerbitzuak" hitzaren atzean errealitate oso asimetrikoak daudela. Berdin ekoizpen industriala gozatzeari edo kutsadura pairatzeari dagokionez.

Kolapsoaren iruditeria eta giza harreman ereduak

“Gertaera” bezalako kontzeptu batek azaltzen du kolapsoaren iruditegi berezi bat: bat-bateko fenomeno bat, mundua inoiz baino sakonago eraldatuko lukeena, oso denbora laburrean milaka milioi lagun hilik utziz (gosez, gatazkaz edo eritasunez), eta bizirik iraunen luketenen esku legokeela zibilizazio berri baten hastea. Renaud Duterme geografoak iruditegi hori analizatzen du De quoi l’effondrement est-il le nom? (“Kolapsoa zeren izena ote da?”) 2016an argitaratu duen liburuan. Argi banatzen ditu alde batetik erlijioan edo mito zaharretan erroak dituzten fikziozko kolapsoen iruditeriak, Mendebalde globaleko klase ertainaren kezka konkretuen itxuraren atzean; bertzaldetik zabaltzen ari diren arrakala sozial eta espazialak, arrakala horien galtzaileentzat txirotze larriko dinamikak bultzatuz, bertako bizi baldintzak jadanik “kolapsatuak” izanik, toki bakoitzean krisi anizkoitzeko osagaien proportzio ezberdinen ondorioz.

Kolapsoen iruditeriak erlijioan edo mito zaharretan erroak ditu, Mendebalde globaleko klase ertainaren kezka konkretuen itxuraren atzean dagoena

Aurreko garaietan ez bezala, gaurko munduko aberatsenek ez dute gainontzekoen “jaun eta jabe” izan nahi, ez dute ere luzaroko inperiorik eraiki nahi –izan inperio politikoa, industriala edo bertze motako eragina duena–; Rushkoffek dioenez, haien helburua gainontzekoengandik ihes egitea da. Kolapsoaz duten iruditegian gizateria bera arrisku bat gehiago da, eta teknika berrienei esker jende xeheengandik lotura guziak moztu nahi dituzte.

Inpresio ilun bat uzten du, dagoeneko aurrerapen teknikoengandik espero dena denentzako oparotasuna ez balitz bezala –joan den mendean espero zena–, baina bai guti batzuen salbatzea, gainontzekoen patua paira ez dezaten eta gainontzekoen haserrea sufritu ez dezaten.

Denak ala inor ez

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenean "trantsizio justua" aipatzen da klima hondamendia saihesteko bide ezinbertzeko gisa. Hots, gizateriaren oinarri materialaren aldaketa justua izan behar dela, aldaketaren ahalegina ez bazaie txiroenei bakarrik inposatu nahi. Hori ez bakarrik injustiziari nahiago behar zaiolako justizia soziala, baizik eta trantsizioaren eraginkortasuna bera baldintzatzen duelako justizia sozialaren mailak.

Argiki, aberatsenek kontrako norabidea hartu dute, interdependentzia ikusi edo ulertu nahi ezean, eta “gertaerari” bizirauteko dagiten inbertsioek negozio bat gehiago elikatzen dute –luxuzko bunkerretan espezializaturiko enpresak–, arazoa gehiago sakonduz. Slavoj Žižek filosofoaren esaldi famatuak zioen errazago irudikatzen dugula munduaren amaiera kapitalismoaren amaiera baino.

Halere, ultra-aberats horiei nahitaezkoa izanen zaie interdependentzia onartzea, Rushkoffen arabera jadanik zalantzak baitituzte haien guardia pribatuen leialtasunari buruz. Pierre-Emmanuel Barré umoristak bere estilo garratzean erran bezala: "Etorkizunean ez bada lur gainean afrikarrik geratuko, nork garbituko ditu gure bunker postapokaliptikoak?

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2025-09-30 | Jon Torner Zabala
Europa, azkarren berotzen ari den kontinentea

Berotegi gasen emisioak eta atmosferaren kutsadura murriztu egin diren arren, ingurumenaren egoera ez da ona Europan, kontuan harturik naturaren degradazioak, gehiegizko ustiapenak eta biodibertsitatearen galerak dakartzaten ondorioak, Europako Ingurumen Agentziak bost... [+]


2025-09-25 | Basilika
Kairos #05: Trantsizioaren mapa, Marta Victoriarekin
MULTIMEDIA - Basilika

Orain da unea eta ez dugu denbora askorik. Baina, zer egin? Nondik hasi? Nora jo? Badugu gaitasun teknikoa, bide-orri argi bat falta zaigu, adostasun zabal bat. Oinak lurrean eta lokatzari aurre egiteko prest, berandu baino lehen ekin beharreko bideaz aritu gara Marta... [+]


Muturreko arriskuak hobeki ulertu

Azken urteotako uda bukaera guzietan bezala, Ipar hemisferioko suteen kalteak zenbatzen ari gara, eta zenbakiak ikusi arren, oraino zaila zaigu arazoaren munta eta horri loturiko arriskuaren ezaugarriak ulertzea. Halere premiazkoa da, horren arabera lurraldeak prestatu beharko... [+]


2025-09-11 | Nicolas Goñi
Munduko auzitegi gorenak klimari buruzko estatuen ardurak argitu izanak ze aldaketa dakar?

Garaipen historikotzat jo dute hainbatek: duela sei urte Ozeano Bareko estatu zaurgarrietako ikasle talde batek bultzaturiko ekimen baten ondorioz, Nazio Batuen auzitegi gorenak iritzia plazaratu du uztailaren 23an, zeinak munduko estatuek klima aldaketari begira dituzten... [+]


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


2025-09-03 | Jesús Rodríguez
Zarata egiteari utzi, gora begiratu

Abuztuan 411.000 hektarea baso eta lursail erre dira León, Asturias, Ourense, Cáceres eta Zamoran. Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera osoa beste. Irmotasunez esan dezakegu muturreko baldintza meteorologikoek sutu zituztela suteak, berotze global antropogenikoaren... [+]


2025-09-03 | Kanaldude
Itsas korronteak eta klima aldaketa
MULTIMEDIA - solasaldia

Paul Moal-Darrigade ozeanografoak "Itsas korronteak eta klima aldaketa" bere tesia aurkezten du Donapaleun Otsail Ostegunak hitzaldi zikloaren baitan, eta Kanaldudek jaso du solasaldia bideoz. 

 


Atlantikoko korronte baten kolapsoa adituek uste baino gertagarriagoa da

Ikerketa batek ondorioztatu du adituek uste baino AMOC korrontearen kolapsoa egoteko aukera handiagoak daudela. Korrontean aldaketa handiek eta azkenengo kolapso batek euri tropikaletan eraldaketa handiak eragingo lituzke, Europan negu oso hotzak eta uda lehorrak izango... [+]


Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


2025-07-09 | Itxaro Borda
"Azpian lur hotza"

Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]


2025-07-03 | Nicolas Goñi
Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte

Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]


Erregistratutako ekainik beroena izan da aurtengoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.


2025-06-22 | Basilika
Kairos #04: Bizi mugimendua, Nicolas Goñirekin
MULTIMEDIA - Basilika

Bizi mugimendua, Nicolas Goñirekin. Bizi mugimendua 2009az geroztik ari da klima larrialdiaren aurka borrokan Ipar Euskal Herrian. Erradikal eta pragmatiko, herrikoi eta anbiziodun, garaiek eskatzen duten mugimendua izan nahi du Bizik. Nicolas Goñirekin aritu gara,... [+]


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Eguneraketa berriak daude