87 milioi urteko amonite fosil bat aurkitu dute Langraiz Okan

  • 60 bat zentimetroko diametroa duen amonite bat aurkitu du mendizale talde batek Arabako herriaren inguruetan. "Aurkikuntza handia" dela azpimarratu du Arabako Foru Aldundiko Kirol eta Kultura diputatu Ana del Valek.


2024ko irailaren 12an - 16:05
Amonitearen irudia. Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Fosilen pasealekua" deitzen diote Langraiz Oka inguruko lekuari, hain zuzen, garai zahar bateko arrastoak topatzea ez delako hain ezohikoa. Aldi honetakoa bai dela ohiz kanpokoa: 60 bat zentimetroko amonite bat aurkitu du mendizale talde batek. Cephalopoda klaseko molusku desagertuen talde zabala da amonitea edo ammonoidea. Iraila hastapenekoa da aurkikuntza eta orduz geroztik Arabako Natura Zientzien Museoaren esku artean egon da, hain justu, fosilari buruzko informazioak biltzeko asmoz. Adituek ondorioztatu dute duela 87 milioi urtekoa dela; Kretazeokoa, hain zuzen.

"Aurkikuntza handia" dela azpimarratu du Arabako Foru Aldundiko Kirol eta Kultura diputatu Ana del Valek:"Zalantzarik gabe, aurkikuntza bikaina da, oso interesgarria, bai publikoarentzat baita zientziarentzat ere".

 Arabako Natura Zientzien Museoan egonen da fosila, eta, aurkikuntza horrekin, guzira hiru amonite izanen dituzte ikusgai. Hala ere, hori aitzin, kontserbaziorako beharrezkoak diren ikerketa zientifiko eta zaharberritze lanak egin beharrak ditu Arabako Zaharberritze Zerbitzuak.

 

 

 

Erauzketa lanen argazkia. Pieza oso-osorik aurkitu dute. Argazkia: Arabako Foru Aldundia

 

 

 

 


Eguneraketa berriak daude