30. Argia Sariak banatu ditugu

  • Gaur, ostirala hilak 25, banatu dira Argia Sariak, Usurbilgo Atxega Jatetxean. Aurtengoa ekitaldi berezia izan da, batetik 30 urte egin dituztelako Argia Sariek, eta bestetik mendeurrena ospatzen ari garelako ARGIAn, eta ezinbestean, mendeurrenak zipriztindu du ekitaldi guztia.

Goian, ezkerretik eskuinera: Aritz Leoz (Altsasuko Gurasoak), Juan Carlos Etxegoien Xamar, Miriam Urkia (Euskaltzaindia), Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntza), Pello Urzelai (Berria) eta Maialen Sagues (Askekintza). Behean, ezkerretik eskuinera: Antton Ramirez, Isabel Pozueta eta Izaskun Etxeberria (Altsasuko Gurasoak), Gari Garaialde, Maite Asensio (Berria) eta Ion Cerezo (Askekintza). Argazkia: Dani Blanco

2019ko urtarrilaren 25an - 17:48

Bazkaldu ostean, Hiru Damatxo kooperatibak ARGIA aldizkariaren urteurrenaz egindako bideoaren aurrerapen bat izan da ikusgai, eta jarraian ARGIAko lantaldearen izenean diskurtsoa irakurri du Onintza Irureta lankideak. Ondoren banatu ditugu ARGIA Sariak.

30. edizioko sarituak honakoak izan dira:

IRRATIA:  Juan Carlos Etxegoien Juanarena "Xamar” (‘Euskara Jendea’ irratsaioagatik, Bilbo Hiria irratian).

PRENTSA: Gari Garaialde fotokazetaria, migrazioaren errealitatea ikusarazteko argitaraturiko lanengatik.

IKUS-ENTZUNEZKOA: "Gurean" dokumentala (Askekintzarena)

INTERNET:  Indarkeria matxistaren biktimen mapa (‘Berria’ egunkariarena)

SUSTAPENA: Altsasuko Gurasoak

MEREZIMENDUZKOA: Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia, 100. urteurrenagatik.

Horrela argudiatu ditugu sariak:

Irratia:

Gure saritua aspertuta dago, Amazonia edo baleak bezala tratatzeaz hizkuntza. “Noiz arte segi behar dugu Amazonia, baleak eta euskara salbatu behar ditugula aldarrikatzen? Euskara iztegi eta gramatika bat dauzkagunetik salbatuta dago, euskarak ez du sufritzen. Sufritzekotan, euskaraz bizi nahi dugunok sufritzen dugu”. Bere hitzak dira horiek. Gure hizkuntzaren historia, eta nahiago baduzue, gure historiaren hizkuntza, kontatu digu paperean, ondoren ikus-entzunezkoan. Azkenaldian uhinetan dabil gustura, minutu gutxi batzuetako dosietan, Euskara Jendea ahoan.

Prentsa:

Duela gutxi, ikerketa batek ondorioztatu du fotokazetaririk gabeko agerkariek kalitatea galtzen dutela. A ze deskubrimentua, ezta? baina garai prekario hauetan ez dago gaizki gogoratzea. Gure gaurko sarituak, irudien bidez egiten du kazetaritza. Eta azken boladan, jaioterritik Europara bidaia luzea egitera kondenatuta daudenak ditu fokupean: Nekea, etsipena, esperantza, babesa, elkartasuna, noraeza, aterpea, ametsa… narratu digute bere irudiek. Historiak kontatu dizkigu, gizartearen eta garaiaren isla diren historiak. Eta esango genuke, irudiek irakurlearen konpromisoa eta konplizitatea bilatzen dutela. Kazetaritza hori ere badelako.

Ikus-entzunezkoa:

Sokamuturrean alde batetik bestera korrika ari diren bigantxak, lepotik zintzilik dirauten antzarak, ume andanaren aurretik ihesean doazen txerrikumeak, deman ari diren zaldi eta idiak… Edozein herritako irudiak dira, jaien, tradizioaren eta dibertsioaren aitzakian animaliek jasaten duten tratuaren isla. Baina dibertsiotik gutxi dute, eta asko dute sufrimendutik, ezinegonetik, indarkeriatik… Halako eszenak grabatu, bildu eta dokumentala osatu dute aurtengo sarituek. Beraien hitzetan, irudi horietan “ez dago indarkeria espliziturik, ez odolik, ez garrasirik. Baina animalia horietako bakoitzak aske izateko duen nahia urratzen dugu, gure dibertsiorako”.

Internet:

Teresa Egurrola, Noelia Noemi Godoy Benitez, Aintzane Garai, Amagoia Elezkano Corchón, Caridad Rodriguez Arrieta, Carlotta Ortuzar, Melodie Masse, Mercedes Galdeano Gurrea, Natalya Balyuk, Marie-Jeanne Martinez, Nagore Laffage Casasola… 98 emakume eta 11 ume, 2003tik kontatzen hasita. Puntu gorri potoloak ikusiko dituzue mapan, hildako bakoitzeko bat.  Nor ziren jakin ahal izango dugu,  ahanzturan eror ez daitezen. Indarkeria matxistaren biktimak dira. Webguneak, indarkeria matxistaren adierazlerik gordinena biluzi nahi du, bortizkeriaren tamaina agerian utzi. Datu baseak tresna izan nahi du indarkeria matxistaren aurkako borrokan ari diren eragileentzat.

Sustapena:

2016ko urriaren 15ean sortu zen zurrunbiloa, goizaldeko bostak aldera. Ondoren etorri dena deskribatzea ez da samurra. Egun hartakoengatik preso dauzkate zazpi gazte. 800 egun. 800 egun baino gehiago jada. Denbora horretan guztian, bertsio ofizialaren belztasuna urratzea helburu, euren hurbilekoek argira atera dituzte aferaren inguruko datuak, testigantzak, bideoak, argazkiak… Eta antolatu dituzte egoeraren larria salatzeko erakusketak, mintzaldiak, mobilizazioak… Pasa den apirilean 85.000 lagun bildu zituzten Iruñean, Nafarroan oso aspaldi egin den manifestaziorik handienean. Herritik sortutako elkartasun eta justizia aldarria, jende ugarik bere egin duena lau haizeetara.

Merezimenduzkoa:

ARGIA ez da garaiotan 100. urteurrena bete duen eragile bakarra. Badira bi erakunde, duela mendea sortuak, euskal kultura eta euskara batu, zaindu eta zabaltzeko lanean dihardutenak, asmoz eta jakitez, ekin eta jarrai. Etorkizuneko aldaketei aurre hartzea du xede batak. Euskal Herri osoan hedaturik dagoen zientzia-erakundea da, eta hark ezarri zituen, esaterako, ikastolen oinarri teorikoak, eta euskarazko lehen eskola liburuak eginarazi. Bigarrenak, euskara eredu batua proposatu zuen duela 50 urte. Oraingo ikuspegitik, gure hizkuntzak ez luke etorkizunik baturik gabe. Saritua eta euskarazko kazetaritza eskutik ari gara lanean, elkar elikatuz, gure lanbidearen oinarrizko tresna zorrozten eta aberasten.

Sarituen hitzak eta bideoa, Argia Sarien Kanalean aurki ditzakezu.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude