Prentsako Argia Saria: Sahara. Herri bat erresistentzian

  • Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.

Kristina Berasain Tristan. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2024ko urtarrilaren 26an - 15:09
Azken eguneraketa: 20:52

Honengatik saritu du Sahara. Herri bat erresistentzian liburua ARGIAk:

"Kazetari honek ametsa betetzea erabaki du eta hala egitea lortu du. Bi hamarkadatan idatzi du nazioartean ahaztuta eta isilarazita dagoen herri baten borrokaz, eta duela gutxi, egindako lanari kronika itxura eman eta liburua argitaratu du. Kazetariak berak altxor preziatutzat ditu urtetan jasotako testigantzak, lekukotza gogor eta latzak, lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta errefuxiatu guneetan bizi diren herritarrek kontatutakoak. Hiru eremuetan lan egin ahal izan duen kazetari bakanetakoa da.

'Pertsona bakar baten bizitzaren bidez, herri oso baten historia idatz daiteke', saria jasoko duenari, berari, irakurri diogu esaldi hori. Lan honetan, herritarren lekukotzak eta historia tartekatuta, behin eta berriz traizionatu duten herri baten aurkako errepresioa kontatu du, hasi duela mende erdi eta gaur egunera artekoa.

Mendebaldeko Sahararen askapenerako borroka lehen lerrora ekartzeagatik. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasainek".

 

Kristina Berasainek eskerrak eman dizkio, besteak beste, ARGIAri "ahaztutako herrien" kronika liburua saritzeagatik: "Munduan ahaztutako herri eta gatazka asko daude". Hemen bere hitzak:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2024
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude