2022an gehien ikusi eta irakurritakoak ARGIAn

  • Webguneko datuen azterketa egin dugu ARGIAn, iaz irakurleen joerak eta edukirik irakurrienak zeintzuk izan ziren ikusteko. Oro har iazko bisita kopurua 2021ekoaren oso antzekoa da, baita irakurleen joera nagusiak ere. Google multinazionalak irakurleen datuen truke doan eskaintzen duen Google Analitycs kendu ostean, Matomo tresna librearekin neurketa egiten dugun bigarren urtea da.


2023ko urtarrilaren 03an - 08:19
Azken eguneraketa: 10:13

Azken urteetan bezala, albisteak dira irakurrienak. ARGIAn ikusitako orri guztien %39,7 (2021ean baino 6 puntu gehiago) albisteak izan dira. Ondoren, ARGIA.eus-eko azala dago, lautik batek bisitatu baitu. Astekariko edukiek bisiten bostena osatzen dute (%17,6), eta ondoren datoz blogeko sarrerak, multimedia ataleko bideoak, Bizi Baratzea-ko edukiak, Eragileen plaza eta ARGIAko produktuen Azoka, besteak beste.

Ondorengoak dira iaz bisita gehien bildu zuten bost albisteak.

Pozgarria da zerrenda honetan lehen aldiz Creative Commons lizentziari esker ekarritako eduki bat agertzea, kasu honetan Sustatu-eus-etik ekarritako albiste bat.

 

 

 

 

 

Astekarian

Astekariko edukien artean elkarrizketak dira tiradizo handiena dutenak, nahiz eta 2022an erreportaje batzuk ere agertzen diren irakurrienen artean.

 

 

 

 

 

 

Blogak

Gorka Bereziartuaren bloga izan da irakurriena iaz alde handiz, eta ondoren Mikel Garciarena, Beranduegi eta Axier Lopezenak daude. Ondorengoak izan dira blogetan hiru sarrera irakurrienak:

 

 

 

Multimedia

Bisiten laurdena dokumentalek jaso dute, eta horien artean ikusiena izan da egun batzuetarako ikusgai jarri genuen Donbass: gerra Europaren bihotzean. Haren atzetik daude Bertsolari Txapelketa Nagusiaren harira BTN saioaren ia saio guztiak

 

Multinazionalak gailuetan nagusi

Gailu mugikorrak dira aurten ere ARGIAko irakurleek erabilitako tresna nagusiak, eta goranzko joera are nabarmenago geratu da. %70,6k (2021an baino lau puntu eta erdi gehiago) aukeratu du mugikorra (%56,6) edo tableta/phableta (%14) ARGIAn sartzeko, eta %29ak ordenagailua. Txinak hegemonia teknologikoa handitzen ari dela frogatzen duen beste datu bat: erabilitako gailu mugikorretan Xiaomi enpresa da nagusi, AEBetako Apple edo Koreako Samsungen gainetik, horien ondotik beste multinazional txinatar bat dago: Huawei. Androiden askotariko bertsioak eta Windows 10 dira sistema eragilerik erabilienak, oso alde handiarekin.

Zein izan da nabigatzaile nagusia? Bada, honetan ere aldaketarik ez: multinazionalenak dira informatzeko erabiltzen ditugun bitartekoak. Bisitarien erdiak baino gehiago Google ahalguztidunaren Chrome (%52,8) erabili du. Haien atzetik doa Facebook barruan albisteak bistaratzeko arakatzailea (%14) Appleren nabigatzaile Safari (%11,8) eta software librea darabilen Firefox (%9,4).

Googleren uberatik

Sarean zerbait bilatzeko erabiltzen ditugu bilatzaileak, baina horretan Googleren monopolioa ia erabatekoa da. Egin kontu, bisitarien %22 heldu da ARGIAra bilatzaileren bat erabiliz, edo hobe esanda BILATZAILEA erabiliz. Bakarra balego bezala jokatzen jarraitzen dugulako: bilatzaileen bitartez ARGIAra etorritako lagunen %96,2ak Google erabili du. Microsoften Bing da atzetik (%1,8) eta tamalez pribatutasuna zaintzen duen DuckduckGo bilatzailea erabiltzen dutenen kopurua ere txikia da: %0,8.

Lautik bat sare sozialetatik heldu da

Bisiten laurdenak (%26,9) jo du ARGIAra sare sozialetatik, 2021eko datuaren oso antzekoa. Facebookek jarraitzen du Twitterrekiko aldea handitzen. 2022an sare sozial guztien artean bisiten %72 Marck Zuckerbergen multinazionalaren plataformatik etorri dira. Twitterretik %22 eta Telegrametik %5.

Goiz eta gau informatzen

Goizeko 07:00etatik gaueko 23:00ak arte, etengabe bisita kopuru handiak jasotzen ditugu ARGIAn. Urte osoan bisita gehien jaso dugun bi tarteak goizeko 09:00ak eta gaueko 22:00ak bueltakoak izan dira.

Webgunea, besterik ez

Datuok webguneko estatistikak soilik hartzen dituzte kontuan eta, beraz, irakurketa ez dela osoa. Jakinik geroz eta gehiago mugitzen garela sare sozialetan eta eskura ditugula sekula baino plataforma gehiago, webgunera jo gabe; Telegramen, Mastodonen, Instagramen, Twitterren lerroburuak irakurriz, irudiak eta bideoak Facebook, edo Youtuben ikusiz, podcast-ak FM irratietan, iVoox edo Spotifyn entzunez, gure hitzaldiak aurrez aure entzunez edota, bai, zorionez, lizentzia libreei esker ARGIAk sortutakoa beste hedabide batzuetatik jasoz. Eta nola ez, astekariak irakurriz.

Edonola ere, datuak datu, gogora dezagun kazetaritza ez dela estatistiken arabera neurtzen. Gure kazetaritza lanaren helburua neurtzea zaila da, dirua baino eragiteko gaitasuna hobesten dugun hedabide guztietan bezala. Horretarako beste aldagai subjektibo gehiago hartu behar dira kontuan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA
Harpidetzen joan-etorria

Espainiako Estatuan hedabide digitalak edota prentsa kontsumitzen dituen herritarren %66k ez du ezer ordaintzen horregatik. Orain apur bat gehiago hasi dira ordaintzen digitalak, baina ezer gutxi, %13k ordaintzen baitzuen zerbait 2022an (Digital News Report España 2023... [+]


Eguneraketa berriak daude