Oderitz: Aralarko lurpean ur natural egarriz

  • Aralarko goi mendietako paisaia zoragarrietan paseatzea maite dutenek –udaran larre eta neguan elur– edo mendizerrako basoak zaintzen dituzten abeltzain eta herritarrek, orban zarpail bat ikusiko diote hemendik ez gutxira, Nedgia Navarra SA enpresak gasbide bat eraikitzeko bere egitasmoarekin aurrera jarraitzen badu.

Egar haitzuloetako baten barrunbeetan, paisaia harrigarria gordetzen du Aralarrek. Argazkia: Agustin Apaolaza

2023ko abuztuaren 01an - 06:00

Arakilgo Etxeberrin dagoen distribuzio saretik Lekunberriko Albisualde poligonoraino joango litzateke gas naturala garraiatzeko hodia, lurpean, metro eta erdiko sakoneran. Ia hamabost kilometrotan, gutxienez zortzi metro zabaleko soilgunea sortuko luke, batez ere Etxeberritik Oderitzerainoko eremu aldapatsu eta basatian –trazaketaren erdian dago Oderitz, eta hortik aurrera Astitzen eta Allinen barneratuko litzateke–.

Arakilgo eta Larraungo udalak ez daude gasa Lekunberriko poligonora eramatearen aurka. Baina Nedgia enpresak eta Nafarroako Gobernuak bultzatu duten aukera hori kaltegarriena dela irizten dute. Badago alternatiba bat, Plazaolako bide berdeak “humanizatutako” trazadura aprobetxatzea planteatzen duena, mendiari halako ebakidurarik ez egiteko. Foru administrazioko teknikari batek txostena egin zuen udalen enkarguz alternatiba horren inguruan: “Txosten serio bat da, ez gara ezer asmatzen ari”, azaldu zuten prentsaurrean.

Larraungo eta Arakilgo bailaretako herritarrak biltzen dituen Aralar Zaindu Dezagun plataformak salatu du 6.000 zuhaitz moztuko dituztela gasbidea egiteko; hodiak Etxebarritik Lekunberrirainoko ibilbidean Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremua zeharkatuko duela bost kilometrotan luzetan; eta Latasako akuiferoa bezalako ur errekargarako guneei eragingo diela. Sustrai Erakuntzak azaldu duenez, obrak egiterakoan haitzulo eta osinak agertuko balira gasbidearen proiektuak ez du inolako neurririk planteatzen, eta ez du “zonaldeko ondare geologiko garrantzitsua” aintzat hartzen.

Oderitz eta Astitz inguru karstikoa sima, haitzulo eta galeria ugariz josita dago. Haiek ezagutzeko, besteak beste, Mendukilo bisitatu daiteke –itxita dagoenez, erreserbatu egin behar da–, baina badira beste haitzulo ez hain ezagunak erraz iritsi eta libre ikusteko modukoak.

Adibidez, badago ibilbide zirkular bat Oderitz herrian hasi eta amaitzen dena, eta Egar izeneko bi haitzuloetaraino eramango gaituena, konplikaziorik gabeko sarbidearekin. Estalagmitak, estalaktitak, salak, zutabeak... beste Aralar bat aurkituko du bisitariak barrunbe horietan. Horrez gain, ibilbidean zehar Azolape, Pikabotz edo Pagamendi bezalako trikuharriak ere ikus daitezke. Hamaika kilometro inguru ditu, apenas 250 metroko desnibela, eta goiz batean egin daiteke. Parajeotan lurpean sartu eta azaltzen da jostari ura, Aralarren benetan naturala den baliabidea, gasa ez bezala.

Fitxa teknikoa

Non

Larraun (Nafarroa)

Nola iritsi

A-15 autobidetik Lekunberrira iritsi eta Aralarko San Migel santutegira doan bidean Alli aldera jo, Oderitzera ailegatu harte. Irurtzundik N-7500 errepide bihurgunetsua ere zuzenean iritsten da Oderitzera.

Informazioa

Oderitzeko “trikuharrien ibilbidea” balizaturik dago eta Wikiloc atarian track ugari aurkitu daitezke.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2023
Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -'Nerium Oleander'-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


2023-08-03 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioko kideok podcast, film, serie eta dokumental hauek gomendatzen dizkizuegu.


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


Eguneraketa berriak daude