Ikus-entzutea merezi duten sei lan

  • ARGIAko erredakzioko kideok podcast, film, serie eta dokumental hauek gomendatzen dizkizuegu.


2023ko abuztuaren 03an - 10:30
Azken eguneraketa: 15:39

Cada capa de l’atmosfera
(“Atmosferaren geruza bakoitza”)

Maria Arnal eta Jose Luis Vicente
CCCB, 2022  /  4 atal

Maria Arnal sortzaile katalanaren musika gustuko duen orok entzun beharko luke podcast berezi bezain landua. Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroko ikertzaile Jose Luis Vicenterekin batera, klima krisiak eragindako aztarnen inguruko saiakera eder bat sortu dute eta horretarako soinua izan dute tresna. Arriskupean ezarri dugun planetaren hotsak eta Arnalen musika konposaketak maisuki uztartu dituzte hainbat proiektu, aditu eta arituren praktika eta hausnarketekin. Ordu erdiko lau atal gozagarri, bereziki lehen hiruak, katalanez zein gaztelaniazko bertsioetan. Axier Lopez

 

*******************

 

Artxipelagoa
Ulu Mediak ETBrentzat
2022-23  /  8 atal

ARGIA Saria irabazi duen zerbait gomendatzea apustu erraza dela esango luke edozeinek, arrazoi osoz. Baina ni arrazoia kentzera etorri naiz beste bati, “bigarren zatiak inoiz ez dira onak izan” esan zuenari. Ulu Mediako lagunek ez dela hala erakutsi dute. Nazioartean asko mugitzen ari diren fikziozko podcasten eredua euskarara ekartzea baino gehiago, entzungailuetara kateatzen zaituen istorioa sortu dute, eta bigarren denboraldi honetan aurrekoaren langa gainditu dute, soinu kalitate berari eutsita, baina gidoia eta pertsonaiak koska bat gehiago garatuta. Axier Lopez

 

*******************

 

Urak aske
Bego Zubia
Pixel / Elhuyar, 2021 / 76 min.

Artikutzako Enobietako urtegiko bi milioi metro kubo ur husteko prozesua kontatzen du dokumental harrigarri honek. Horrela erabaki zuen Donostiako Udalak, erabaki ausarta oso, asko baitira halako neurri bat hartzeak dituen ondorioak, esaterako biodibertsitatean. Muturluze piriniarra deituriko ugaztun txiki berezi baten lorratzari jarraituz, urtegiek sortzen dituzten ingurumen problematikez ohartarazten du ikuslea filmak, eta horretarako aditu ugariren iritziak eta Europako beste adibide batzuk ere jasotzen ditu, Normandiako Vezins-eko presarena kasu. Urko Apaolaza

 

*******************

 

The Banshees of Inisherin
(“Inisheringo arima herratuak”)

Martin McDonagh
Erresuma Batua, 2022 / 114 min.

1923an Irlanda mendebaldeko irla txiki batean kokatuta, laguntasun harreman bat da istorioaren muina: Pádraic eta Colm txikitako lagun minak dira, egun batetik bestera eta arrazoi jakinik gabe, Colmek bien arteko harremana mozten duen arte. Pádraicek ez du ulertzen zergatik eta harremana berreskuratzen saiatuko da, egoera muturrera eramanez. Argudio sinple honi tiraka eta irla bakarti bateko tristura nahastuta ironia eta umorearekin, espero ez ditugun gertakizun eta hausnarketetara garamatza film honek. Eneritz Arzallus

 

*******************

 

In my skin
(“Nire larruan”)

Lucy Forbes
Erresuma Batua, 2021  / 10 atal

Bethan gezurretan ari da. Etengabe ari da gezurretan. Inguruan dituen guztiei esaten die gezurra: lagunei, irakasleei, ikaskideei, gustatzen zaion neskari. Baita bere buruari ere. Gainerakoei begira, bere bizitza zoragarria da. Ama maitekorra eta bizimodu berezia duela uste dute lagunek. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Gezur horiek guztiak aita bortitz baten eta nahasmendu bipolarra duen ama baten errealitatea ezkutatzeko asmatzen ditu. Berak bakarrik eusten dio familia-bizitza atsekabegarri horri nerabezaro betean. Maitane Gartziandia

 

*******************

 

Selftape
Mireia eta Joana Vilapuig

Filmax, 2023  /  6 atal

Mireia eta Joana Vilapuig ahizpa kataluniarrek ekoitzi dute Selftape telesaila, fikziotik kontatutako autobiografia. Polseres vermelles telesail entzutetsuko bi aurpegi ezagun dira, eta horrek emandako ospea, ospearen kudeaketa, presioa eta emakume gorputzaren sexualizazioa dute hizketagai, besteak beste. Zer gertatzen da nerabetan izar bilakatu eta dagoeneko ez denarekin? Osasuntsua da nerabe bat ospetsu eta erreferente bilakatzea? Eta orain, jendeak kalean errekonozitzen du? Baina dagoeneko aktore ez bada, eta taberna bateko barran egiten badu lan, porrot egin duela esango genuke? Gorka Peñagarikano

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2023
Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -'Nerium Oleander'-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


2023-08-03 | Mikel Aramendi
Txina 2023
Txikiok handia uler dezakegu, asmoz eta jakitez

Zehazten gaitza den 2023ko egunen batean gogora ekarri beharrekoa izango litzateke; baina, itxura guztien arabera, oharkabean geratuko da. Baina gogoan izanda edo izan gabe, aurtengo urriaren 1ean 74 urte beteko ditu Txinako Alderdi Komunistak Herri Errepublikaren erabateko... [+]


Eguneraketa berriak daude