Seaska

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko 50 urteko borroka

  • 50 urte bete ditu aurten Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak. Egun, 3.600 ikasle biltzen ditu 36 ikastetxetan. Murgiltze eredua hasi eta buru eskaintzen duen sare bakarra dugu. Sortu zen unetik, etengabe egin behar izan du borrokan.

Miel Anjel Elustondo
2019ko abuztuaren 06a
Arrangoitzeko lehen ikastola, 1970. Beheko taldean, ezker-eskuin: Aitor Gallastegi, Mikel Arandia (bizkar), Maitena Garate, Mikel Muņoa (bizkar). Goikoan, Claire Daguerre, Aitor Arandia (bizkar), Patrizia Daguerre, Ane Driolet, Maider Zabala, Xabier Iriart eta Libe Goņi. Argazkia: Iann Trulle.

(Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.)

Haste hartan, Arrangoitzen du hazia Seaskak, 1969an, eta ama bat izan zuen aitzindari: Argitxu Noblia Richard. Haur txikiak zituen, eta lanean ari zen. Oraingo egunean bezala, lehenengo amak lagundu zion haurrak zaintzen, baina horrek ez zuen luze iraun ahal. Nobliak berak kontatu zigun Argian (2.201 zbkia). Ama baten hiru haurren istorioa da: “Aitor, Mikel eta Ellande, hiru haur banituen”.

Ama hark bazuen kezka, haurrak elkarrekin euskaraz mintza zitezen nahi zuen, euskaraz bata besteari, euskaraz adiskide eta lagunekin. Ama hark ez zuen, ordea, euskara ttipitik ikasi, neke gertatu zitzaion ikastea. “Eta, hain zaila izan zen niretzat ikastea, pentsatu dut hastapenetik hasi behar dela euskara erakusten. Egun batez, senarrarekin eta beste lagun batekin hitz egiten ari nintzela, esan nuen: ‘Norbait aurkitu behar dut haurrekin euskaraz hitz egiteko, jolasteko eta bizitzeko. Ez nuke nahi laguntzaile bat, irakasle bat baizik’. Han gurekin zen lagunak esan zuen ezagutzen zuela norbait. ‘Gipuzkoatik heldua da, Donibane Lohizunen bizi da, lanik gabe. Bazuen gogoa eskolak emateko, errefuxiatuen haurrekin-edo. Baina ezer ez du. Ez du lortu ez Monzonekin hitz eginda ez beste inorekin. Badoa Parisera, ikasketak jarraitzeko, eta ikusi gero’. Senarrari esan nion: ‘Joan zaitez Donibane Lohizunerat, aurkitu neska hori eta ekarri!”. Libe Goñi Garate izan zen neska hori, andereño hori. Lazkaon sortua, Ipar Euskal Herriko ikastolako lehenbiziko andereñoa izan zen.

Hastapena, 1969

Ez zen aise izan, hala ere. Nobliak berak hartu behar ukan zuen ardura. Gerra ondoan Ipar Euskal Herrian babes hartu zuten hegoaldekoen ondokoak ez zitzaizkion bildu. “Guztiz frantsestuak ziren. Nire gain etorri zitzaidan lana. Deliberoa hartu behar ukan nuen. Libe Goñi etorri delarik, pentsatu dut: ‘Nik eginen dut ikastola, nire haurrekin!’”. Nobliak sentitu zuen haurren ardura zuela, eta etxeko ganbaran ezarri zuen lehenbiziko ikastolaren hazia, bere haurrekin. Hiru urte zituen Aitorrek; bi Mikelek; hilabeteetako haurra zuen Ellande”. Laster, haurrak euskaraz mintzatzen hasi zirelarik, hartaz ohartu ziren ondoko jendeak; batzuk, harrituak ere baziren. Eta horrela galdegin zioten Nobliari: “‘Nik ere badut haurra, ekarri ahal dizut, pixka bat euskarazteko?’”. Eta Nobliak baietz. Lehen hiru haur, eta gero bost, eta gehiago gero... Eta tokia arazo. “Etxe hura ez zen egokia: bigarren estaian ginen, igogailu gabe, tokirik gabe, teilatupean… Eta bost haur dituzularik hor, zure gainean korrika, laster nekagarria da”. Eta beste toki baten bila abiatu zen, Miarritzen. Etxetxo bat, baratzearekin. Menturaz, orduantxe egin zuen eureka! Nobliak: “Bai, han ginelarik, ikastola muntatzeko gogoeta etorri zaigu, eta beste lokal bat aurkitzen hasi ginen, beste haurren errezibitzeko. Eta Baionan hasi ginen, Cordeliers karrikan, Enbataren lokalean, Mixel Burukoa medikuaren laguntzarekin”. Enbata mugimenduaren egoitzan ere ez ziren laketu, ordea. Hilabeteak besterik ez zuten eman: “Hura ere ez zelakoz toki egokia: lehen estaia zen, karrika ttipi batean, gela hertsia, argirik ez… Besterik behar genuen. Mixel Burukoaren lehengusu Jacquesekin mintzatu gara, Miarritzeko Braouko parrokiaren lokal baten ukaiteko. Han egon dira haurrak. Haurren guraso elkartearen izenean nik sinatu nuen. Han hobekiago ginen, baina ohartu ginen ez zela luzarorako izanen, eta xerka ari izan gara beti, beste lagun baten bidez –Lulu Garat, pintatzailea–, Arrangoitzeko lokala ukan dugun arte”.

Orduantxe aldi batez baretu Argitxu Noblia, Libe Goñi, eta batetik bestera zebiltzan dozena erdi, zortzi bat haurrak. Elkarterik ez zuten artean, eta Nobliaren izenean ziren egiteko guztiak, Goñi andereñoaren izena Gizarte Segurantzan ematea barne. Horrek, eta lokal aldaketak legearen arabera egin ahal izateko, elkarte egitura hartu behar izan zuten. Horrelaxe sortu zen Seaska, Noblia lehenbiziko lehendakari, Manex Pagola idazkari eta Ramuntxo Kanblong diruzain zituelarik. Seaska. “Behin, Haurtxo txikia sehaskan dago… kanta entzun nuen Miarritzeko ezker paretan, Oldarra balletaren jaialdi batean, eta elkarteari izena emateko sasoian izen horixe heldu zitzaidan: sehaska”. Oraingo eguneko Seaska, alegia.

Eta horrelaxe, agirietan esaldi bakar batez laburturik datorren bidea: “1969an sortu zen Iparraldeko lehenbiziko ikastola, Arrangoitzen”.

1969. Baiona (1970, Arrangoitze). Bost haur. 50 urte iragan ondotik: 2019. Ipar Euskal Herria. 36 ikastetxe: 11 ama ikastola, 20 lehen maila, 4 kolegio (11-15 urte), eta lizeo bat (15-18 urte). Orotara, egun, 3.689 ikasle ditu Seaskak eskolatuta.

Argitxu Noblia, Seaskaren sortzailea: “Hain zaila izan zen niretzat euskara ikastea, pentsatu dut hastapenetik hasi behar dela euskara erakusten. Egun batez esan nuen: ‘Norbait aurkitu behar dut haurrekin euskaraz hitz egiteko, jolasteko eta bizitzeko”
Urteak bezainbat borroka

Manifestaldiak, okupazioak, protestak, bilkurak… sortze beretik dira borrokan Ipar Euskal Herriko ikastolak. Etengabekoa da gatazka, Frantziako Konstituzioan bertan behaztoparri handiena duena, Frantziak ez baitu “eskualdeetako hizkuntzarik” ezagutzen, izan euskara, izan katalana edota okzitaniera. Parisek ez die ofizialtasunik aitortu nahi izan. Zerutik jakina da Frantziako Gobernuak ez duela Europako Hizkuntza Gutxituen Karta berretsia. Zenbaiten irudiko, hizkuntza gutxiturik ofizialtzen ez, eta errespetatzen ere ez ditu Frantziako Gobernuak. Jendearen nahikaria eta borroka temazuari esker egin du aurrera hizkuntza gutxituen irakaskuntzak Frantzian. Bide horretan, bada urte mugarririk aski.

Hasmentan, Seaskak bere gain hartu zuen ikastolen finantzazioa. Hala ere, ikasle kopuruak emendatu eta, ondorioz, gastuak ere handitu ahala, Seaskari ezinezko izan zitzaion berak bakarrik gastuari gain hartzea. Orduantxe erabaki zuen Seaskak Hezkuntza Ministeriora eta tokiko erakundeetara jotzea, diru-iturriak eskuratzeko asmotan. Sozialistak (PS) Frantzian boterera heltzearekin hasi ziren lehen bilkurak, hitzarmen bila, bai eta erdietsi ere 1982ko uztailaren lehenean. Orduko hartan milioi bat liberako –152.449 euro– dirulaguntza ukan zuen Seaskak, eta dirulaguntza hori luzatu egin zen ondoko urtean.

1983. Zenbaezinak izan ziren manifestaldiak, okupazioak, gose grebak eta gainerakoak, eta horren ondorioz, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren lehen ezagupena lortu zuen Seaskak, 1983an. Urte horretan, hiru urteko hitzarmena izenpetu zuen Seaskak Hezkuntza Ministerioarekin, zeinaren bidez Seaskak urtero bi milioi eta erdi libera –381.123 euro–, jasoko baitzituen. Urte horretan bertan sortu zen Herri Urrats, diru premia handiari erantzun nahian. Haatik, haziz ari zen Seaska: ama ikastolak irekiak zituen, eta haietatik lehen mailak sortu ziren; hauetatik, bigarren mailak.

Hendaiako ikastola, 1985. Argazkia: Seaska.

1985. Hitzarmen berria Seaska eta Hezkuntza Ministerioaren artean. Ikastoletako irakaslegoa Hezkuntza Ministerioan integratzeko. Frantziako legebiltzarrak finantza lege bat onartu zuen horretarako, baina horren kontra jo zuten oposizioak eta irakaskuntza publikoko irakasleen sindikatuak, eta bertan behera utzi zuen legea Frantziako Konstituzio Kontseiluak. Eskuinak boterea berreskuratu zuelarik, Seaskak kontratu pribatuak izenpetu behar izan zituen Hezkuntzarekin, baina ez ziren errespetatuak izango. Urte zailak izan ziren, eta hainbat irakaslek hilabeteak egin zituzten lanean, soldatarik jaso gabe. Hurrengo urtean boterera itzuliko dira sozialistak, eta negoziazioen bidetik segituko du Seaskak.

1989. Negoziaketa neke eta luzeak eta gero, 1989an irakasleen zati bat –ama-ikastolako eta Lehen Mailako 61 irakasle–, Hezkuntza Ministerioaren gain ezarriko zuen lehen hitzarmena sinatu zuen Seaskak. Kolegioa eta lizeoa hitzarmen horretatik kanpo gelditu ziren (1993 arte ez zen hitzarmena kolegioari hedatuko). Ordurako, kasik mila ikasle eta hogei irakasle ziren.

1994. Irakasleak integratzeaz gain, hitzarmena izenpetu zuten Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak, ikastetxe pribatuen estatutu bera eskainiz ikastolei, Elkarte Kontratuaren bidez. Ikastola, irakaskuntza murgiltze ereduan oinarritzen duen eskola elebiduna izanen da. Kontratuaren ondorioz, sare pribatuan diren eskolei dagozkien neurriak bete behar dituzte ikastolek: programen aplikazioa, irakasleen ebaluatzea, ikasleen frantses mailaren neurtzea… Kontratu modu horrek ekarri zuen ikastolek dirulaguntza berriak jaso ahal izatea tokiko egitura eta erakundeetatik. Aipatu hitzarmenaren arabera, Parisek Seaskaren egitekotzat aitortu zituen hala irakasleen prestakuntza nola haiek bateko eta besteko ikastoletara bideratzeko kudeatzea.

Ixabel Charritton, Seaskako lehendakari ohia: “Tokiko hautetsien mentalitateak ireki dira. Seaskari laguntza ekartzen diote proiektuak eta helburuak gauzatzeko. Ahal dutena egiten dutela uste dut. Arazoa da erabakia hartzeko ez dutela egiazko botererik”

1996an, Bernat Etxepare lizeoa Baionara aldatu zen. Kanbon izan zen ordu arte. Handik bi urtera, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa ireki zen, eta 1999an, berriz, Donaixtiko Manex Erdozaintzi kolegioa. Ikastolak ireki eta ireki jardun zuen Seaskak beti.

2000. hamarkada honetan, Seaskako ikastolak publifikatzeko eztabaida sortu zen. Negoziaketak ere izan ziren, baina Seaskak ez zuen publifikatzea onartu, Frantziako Estatuaren aldetik aski berme ez baitzuen jaso. Bestalde, Bretainiako Diwan eskolek ere gisako negoziatzea burutu zuten, eta publifikatzea onartu, alferretan, Estatu Kontseiluak akordioa hautsi eta Diwaneko eskolak eta Seaskako ikastolak sare pribatukotzat jo baitzituen.

2009. 40 urte Seaskak. D ereduko eskaintza bakarra Ipar Euskal Herrian. Iragan mendeko 80ko hamarkadan eredu elebiduna sortu zen eskola publikoan eta pribatuan, hastapenean ikastolei kalte egiteko asmoz, iduriz, nahiz eta azkenean ikastolak garatuz joan diren, baita eskola elebiduna ere. Urte honetan 27 ikastola ziren Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. 23, Lehen Mailak ziren; hiru, kolegio; bat, lizeo. 2.700 ikasle zituen Seaskak 2009-2010 ikasturtean, 180 irakasle, 110 langile. Urte guztiz, ikastola berriak irekitzen ari ziren.

2019. Seaska etengabe garatu da. Ikastolak, ikasleak eta zerbitzuak, denak handitu ditu. Seaska mugimendu saihetsezina bilakatu da Ipar Euskal Herrian, dela irakaskuntzako eragile gisa, dela euskararen aldeko eragile gisa ere. Irakaskuntzan, ISLRF Frantziako Errepublikako Hizkuntzen Institutu Goreneko kide da, non Bretainia, Okzitania, Katalunia, Alsazia eta Euskal Herriko ikastolak biltzen baitira, denak ere murgiltze eredua ezarria dutenak. Euskararen garapenari denaz bezainbatean, Euskal Konfederazioaren, Euskal Kultur Erakundearen eta Hizkuntzen Akademia Kontseiluaren partaide da.

Ikasleak Korrikan, 1989an. Argazkia: Daniel Velez.
50 urte, iraganetik gerora

Sortu zen une beretik, etengabe jardun behar izan du borrokan Seaskak. Frantses politikaren itsukeria izan du beti kontra. Egia da aitzinamendu handi bat izan zela 1994an lorturiko elkarte kontratua –eskola pribatuaren estatutu juridikoa, finean–, hitzarmen hura sinatuz Seaskaren eredua salbatu baitzen. Epe luzerako aterabidea izan zen, ikastoletako irakasleak ordaintzen hasi baitzen orduan Hezkuntza Ministerioa. Dena den, hor da oraindik Frantziaren eredua, eta menturaz hor da Seaskak daraman borrokaren zioa. Gisa horretara mintzatu zen Ixabel Charritton 2004an, Seaskako lehendakari zela: “Europa osoan Frantzia da eredu zentralizatua garatzen duen herrialde bakarra. Beste ereduak ondoan dituela, lagun dezake mentalitateak aldatzen Frantziaren baitan. Gure haur eta bilobentzat gauzak alda daitezke. Historia ez da nehoiz bururatzen”. Baina urteak iragan dira, eta borrokan beti Seaska.

Paristik urrun, tokiko hautetsien laguntza

Iparraldeko ikastolen buru izan zelarik, Ixabel Charrittonek zioen giroa aldatzen ari zela, bertako hautetsiak ohartuak zirela, euskara salbatzekotan, beharrezkoa zela zerbait egitea, izan zitezen abertzale, ezkertiarrak edo eskuindarrak. “Tokiko hautetsien mentalitateak ireki dira. Seaskari laguntza ekartzen diote gure proiektuak eta helburuak gauzatzeko. Ahal dutena egiten dutela uste dut. Arazoa da erabakia hartzeko ez dutela egiazko botererik”. Charrittonek esplikatzen zuen egoera ez da sobera aldatu, edo batere ez. “Parisen hautetsi, diputatu eta senatari direnen artean gauza ez da batere aldatu. Iparraldean, aldiz, euskalgintzak eramandako lanak erakutsi du elebidun, edo eleaniztun, bizi daitekeela, euskaldunok ez garela identitate hertsi batean bizi, baina munduari begira”. Iparraldean bertako hautetsiek hori ulertu badute ere, lehengo sineste berean dira Parisekoak, hala uste du behintzat Paxkal Indo Seaskako gaur egungo lehendakariak: “Haiei ez zaie kabitzen elebidun, edo eleaniztun, izan daitekeela, Frantzia, ehuneko handi batean, elebakarra baita, ez baitaki zer den beste hizkuntza baten ikasteko interesa. Hor du bere iragan kolonialista, gainera: frantses batek uste baitu mundu osoan ibil daitekeela frantsesez hitz eginez”.

Hor bada giltza bat, Charrittonek aipatua, tokiko hautetsiek egiaz indarrik ez dutela, alegia. Eta horretan bat dator Indo. Eta badu aski azalpenik. “Iparraldea 300.000 laguneko toki tipi bat da, 65 milioiko herrialdean. Gaur egun, badugu egitura bat, Euskal Hirigune Elkargoa sortu baitugu duela gutxi [2016], baina hirigune elkargo bat baizik ez da, ez da departamendu bat, ez eskualde bat ere –Akitania bezala–, eta ez du botere handirik”. 65 milioi biztanle diren herrialdean, 300.000 lagun biltzen dituen egitura. Eta, ondorioz, bi diputatu eta erdi baizik ez dituena Parisen –bat Biarnoarekin banatzen baitute–. Zenbakien borroka inposiblea berriro: bi diputatu eta erdi, 576 diputaturen artean. “Eraman dugun lanak eman du fruitu, euskalgintzak gaur egun zutabe onak baditu hirietan, herri ttikietan, hirigunean, departamenduan, eta Akitanian ere. Baina ezin Parisen!”. Paristik zer etorriko  zain edo begira egon gabe egin behar izan du bidea Seaskak, urtero ikastola irekiz.

Hizkuntza politikaren eragileak

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) zuzentzen du hizkuntza politika Ipar Euskal Herrian. Bertakoa da, Indok esan digunez. “EEP ez da egitura arrotza, baina Iparraldeko populazioak hautaturiko tresna bat. Egitura publikoa eta Frantziako Estatuaren barne izanik, ez da baitezpada dena lortzen, baina hala ere, tresna ezin hobea da eta, argi eta garbi, Iparraldean gauza asko egin dira euskararen alde tresna horri esker”. Euskararen Erakunde Publikoak hamar urte ditu. Euskal Hirigune Elkargoak, hiru. Laguntzaile dira euskararen normalizazioaren bidean, mugak bistakoak badira ere. “Bretainian, departamenduak bi milioi euro ematen ditu bretainiera eskolentzat. Guk 350.000 euro jasotzen ditugu urtero EEPtik gure funtzionamendurako”. Seaskaren funtzionamenduan dirulaguntzak %25 baizik ez dira. Horrek erran nahi du autogestioan ari garela, eta horrek gurasoen indarra galdegiten du”. Horrek ere badu girbina, dirua lortzeko lan egin beharrak, bestelako lanak egiteko denbora galarazten baitu. “Eta ez dugu lan hori estrategian, hezkuntza proiektuetan eta dinamika berrietan. Seaskaren paper handia da gaur egunean beti eta beti diruaren eske joatea ezker-eskuin, eta akigarria da, eta frustragarria”. Indok esan digunez, egitura berari eutsi beharrak dakarren lan nekeak, ez die uzten gogoan dituzten ametsak egiazki gauzatu ahal.

Paxkal Indo Seaskako lehendakaria: “Gaur egun ikasleen %10 eskolatzen dugu, eta badakigu, Unescok ere hala erraten baitu, bederen heren batek jakin behar duela hizkuntza, hura aintzina eraman ahal izaiteko”

Seaska 50 urte ari da lanean, eta ezin ukatuzkoa da euskararen normalizazioari ekarri ederrik egin diola. Askok baino gehiago egin du, neketan eta penetan, baina egindako lanak izan du sari. “50 urtez egindako lanak errespetu zerbait ekarri digu Seaskan. Bai jende arruntaren kasuan, bai hautetsien buruetan. Seaskak irakasteko gaitasuna erakutsi du eta hori eginez normaltasun zerbaitean jarri du baliatzen duen hizkuntza, erran nahi baita, euskara”. Euskararen normalizazioaz ari, Seaska parte-hartzaile handia izan da orain arteko bidean, AEK, Ikas, Euskal irratiak eta beste askorekin batera. “Euskararen aldeko hainbat egitura izan dira, eta, nonbait, denak batera lortu izan dugu tiratzea. Hori oso inportantea da, Iparraldean lortu baitugu euskalgintza eta euskara politikatik aparte eramatea. Aspaldi pentsatzen da Iparraldean euskara ez dela abertzaleen kontua, ez dela euskaldunen kontua, denena baizik, munduaren ondarea dela, eta dugun estrategia da denek batean tiratu behar dugula euskararen alde, ez dugula mugarik horretan, bakoitzak duen indarra behar dugula”. Indok badu hori ilustratzeko baliatu ohi duen adibidea. “Beti erran dut: Seaskan behar ditugu hamar urtez egonen den lehendakari bat, baina, baita ere, badugu urtean egun bakar batez guraso bakar baten beharra ere, nahiz hiru talo edo talo bakar bat saldu. Inplikazio guziak behar ditugu, tipia ala handia”, horixe baita Seaska, eta seguru, euskalgintza Iparraldean.

Murgiltze eredua herri guztietan

Seaskak 36 ikastola, lau kolegio eta lizeo bat baditu gaur egun Ipar Euskal Herrian. Eta gehiago datoz, Indok aurreratu digunez. “Bosgarren kolegioaren irekitzea martxan ezarri dugu ja. Lau edo bost urteko lana izanen da orain. Bestalde, heldu den urtean Arbonan edo Ahetzen izanen da ikastola bat”. Seaskak egiten ez badu, inork ez duelako egingo. Badakite hori. “Gaur egun ikasleen %10 eskolatzen dugu, eta badakigu, Unescok ere hala erraten baitu, bederen heren batek jakin behar duela hizkuntza, hura aitzina eraman ahal izateko. 30etik urrun gara oraindik, herenaren herena baizik ez dugu! Maleruski, ez dugu haur aski euskalduntzen Iparraldean, eta horretarako, derrigortuak gara ikastolak herri guzietan irekitzera”. Eta Seaskaren lemari egin dio aipu: “‘Ikastola, herri eskola’ erraten genuelarik, zen herri bakoitzeko eskola ere izan behar zela ikastola”. Gaur egun, lema hura egokitzera jo dute. “Orain diogu ez dugula baitezpada ikastola behar herri guzietan, baina bai D ereduko euskal hezkuntza behar dela herri guzietan”.

Borroka da Frantzian tokian tokiko hizkuntzaren alde saiatzea eta murgiltze ereduaren faboretan entseatzea. Hor da beti Frantziako Gobernua Parisen, gaizki mintzo. Apirilean, Lurralde Kolektibitateekiko Harremanen Frantziako ministro Jacqueline Gouraulte, Alsaziako lurralde kolektibitateari buruzko eztabaidan, eskola publikoetan murgiltze eredua ezartzearen kontra mintzatu zen. Maiatzean, Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren txanda izan zen: hizkuntza gutxituak murgiltze sisteman irakastearen kontra mintzatu zen, frantsesa ongi ez ikasteko arriskua dagoela esan zuen. Indoren erantzuna: “Gure eguneroko borroka delarik ikasleek euskara ongi mintza dezaten!”. Murgiltze ereduaren baitan ere ikasleak frantsesera lerratzen baitira erraz.

Hala ere, Seaskan, eta Alsazian, eta Katalunian, eta Okzitanian… aspaldi dakite Parisen zer dioten murgiltze ereduari buruz. Frantses nazionalismoarekin loturik dator prediku hori, Indoren irudiko. “Badakigu ezen, hain nazionalistak diren, hain elebakarrak diren, azken finean, hain zozoak diren, non ez duten ulertzen zein diren elebitasunaren eta eleaniztasunaren abantailak eta alde onak. Ezin ulertu dute, ez zaie kabitzen haien frantses buru ttipian”. Ez dituzte, dena den, jendearen esanak, baina ministroen mizto estu zorrotzetik datozenak. “Oraindik horrelakoak entzun behar, eta ez edozeinen ahotik! Lurraldeekiko ministroa, batetik, eta Hezkuntzakoa, bestetik. Hain zuzen, Seaskak dituen bi loturak, bai lurraldea eta bai hezkuntza, biek dute zerbait erran gure sistemaren kontra, murgiltze ereduaren kontra. Ezin ulertua da, zeren eta ikerketa guzi-guziek erakutsi dute murgiltze ereduaren onura. Ez dakit zer beste erran ahal zaien, zeren ikerketaren emaitzetan ere ez baitute sinesten!”. Indoren hitzek bat egiten dute Stephanie Stoll Bretainiako Diwan eskoletako lehendakariak aipatu Hezkuntza ministroari zuzendutako hitzekin: “Ez da posible halakorik esatea. Hark oso ondo daki murgiltze sistemak ez dakarrela elebakartasuna, baizik eta elebitasuna bermatzeko eredu bat dela. Informatuta dago. Ezin dut sinetsi halakorik erratea”. Sinetsi ezinik batzuk eta besteak, Parisek uste ustel horietan fermuki iltzaturik segitzen baitu.

Etorkizunaz baikor

Karguaz jabetu zelarik 2005ean, Ixabel Charritton Seaskako lehendakari hautatu berriak zioen erdi betea ikusten zuela ontzia, “bestenaz ez nuen kargua hartuko”. Charrittonek, dena den, euskara aitzinatzekotan Hegoaldearekin harremanak indartu behar zirela ikusten zuen. “Euskara da gure lotura, harreman horietan ematen diogu erabilera soziala euskarari. Iparraldeko garapen orokorra harreman horiei lotua da, izan zedin hizkuntza mailan, maila sozialean edota ekonomian”. Eta, buruan, zioen: “Bordele eta Parisentzat ttipiegiak gara. Ez dute herri honetan interesik. Hegoaldeak, aldiz, bai”. Hari horretatik tiraka, Indok uste du Hegoaldeko administrazioen aldetik laguntza badela, baina ez aski. “Ez dio erantzuten gure egiazko beharrei. Krisia zela, hautu politikoak zirela… gaurko errealitatea, nonbait, horretan da. Espero dut Euskal Erkidegoak egun batez berriz hartuko duela Iparraldea eta hizkuntza politika egiazki laguntzeko prozesu berri bat. Argi da, dirua da gakoa, eta beste gobernu batzuekin izan da diru askoz gehiago”, esan du.

Bitartean, bidea luze, pausoa labur. “Baina ari gara, ttuku-ttuku. Erraz ez delarik, sasi guzien gainetik eta hodei guzien azpitik pasatu behar gara, bistan dena. Iduritzen zait, hala ere, zerbait lortzen ari garela herriaren indarrez, eta ez besteren indarrez”. Herriak nahi duen artean izango da, beraz, Seaska, izango dira ikastolak, izango da murgiltze eredua Ipar Euskal Herrian. “Beharbada nire buruari sekulako gezurra erraten diot, baina nik geroa baikor ikusten dut. Zerendako? Bestenaz ezingo nuke horrenbeste urtez borroka eraman”. Indok nahi du sinetsi, eta sinesten du oraindik, baikor izan behar duela, baikor dela bidea. “Eta inkesta soziolinguistikoek horren alde erakusmen zenbait ematen dute. Euskara igerilekuan itotzen ari zelarik, iduri du igerilekuaren zola hunkitu dugula, eta zola hori hunkitzean ahal izan dugula indar hartu berriz gora joateko”.

 

(Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.)

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Aktualitatearen Gakoak 2019  |  Euskara  |  Seaska

Aktualitatearen Gakoak 2019 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude