Hezkuntza hankaz gora jarri nahi izan duen legea

  • 2015ekoa bakarrik ez, azken lau urteotako protagonista izan da LOMCE legea Hego Euskal Herrian: hezkuntza mundua astindu eta ekitera behartu ditu eragile eta instituzioak. 2015ean, hori bai, amesgaiztoa buka zitekeela pentsatu du askok, itxaropena Espainiako hauteskundeen emaitzetan jarrita.


2016ko martxoaren 02an - 16:51

“Jainkoak salba gaitzala”. Horra, Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak –maiatzeko hauteskundeetatik ateratako gobernu berrikoak– botatakoa, galdetu ziotenean abenduan Espainiako hauteskundeetan PPk berriz ere gehiengo osoa lortuz gero LOMCE legearekin Nafarroan zer gertatuko den. Izan ere, Hego Euskal Herriko –Hezkuntza– agintariek (baita Espainiako Estatuko lurralde gehienetakoek ere) hauteskunde horiek izan dituzte aurten buruan, bi gauza garbi utziz. Batetik, zenbateraino den Espainiako Gobernuaren lege eta erabakiekiko menpekoa gure hezkuntza eredua (ez bakarrik hezkuntza eredua). Bestetik, askoren estrategia –itxaropena?– izan dela PPk Madrilen gehiengo osoa galtzea, gainerako alderdi ia guztiek esana baitzuten hori gertatuta asmoa dela bertan behera uztea LOMCE, edo gutxienez LOMCE gauzatzea bermatzen duten –eta gako diren– kanpo-probak. Legeak, popularren –eta lagun duten UPNren– babesetik harago ez du inongo alderdi politikoren sostengua jaso, hain da arbuiagarria pedagogikoki eta ideologikoki. Dudarik gabe, hezkuntza alorrean aurtengo eta aurreko urteetako protagonista izan da LOMCE Espainiako Estatuan, baita Hego Euskal Herrian ere, eta herritarrak mobilizatzea, eragileek desobedientziara deitzea edota administrazioak erreakzionatu behar izatea eragin du. Baina goazen urratsez urrats.

Alderdi Popularrak 2011ko hauteskundeetan gehiengo osoa lortu eta berehala jarri zuen martxan makinaria. Politikariek hezkuntzan eskua sartzeko duten joera ohikoa eta arriskutsua berretsiz, frankismoaz geroztik Espainian egindako zazpigarren hezkuntza erreforma aurkeztu zuen José Ignacio Wert Hezkuntza ministro polemikoak. FAES fundazioak (José María Aznar presidente duen think tank popularrak) 2009an argitaratutako La reforma de la educación escolar hartu zuten oinarri, hortik atera kontuak. 2013ko maiatzean aurkeztu zuen proiektua Wertek eta PPren gehiengo osoa baliatuz azaroaren 28an onartu zuten Espainiako parlamentuan Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa delakoa, LOMCE famatua. Aldebakarreko erabakia izanik, jaiotzetik izan du zalantzagarria zilegitasuna, eta geroago aztertuko dugunez, halaxe geratu da agerian 2015eko maiatzean, Estatuko lurralde gehienak PP ez beste alderdien eskuetara –LOMCE legearen kontra dauden alderdietara– pasa direnean.

Ondo lotutako deskalabru pedagogikoa

Aldebakarreko erabakia izanik, jaiotzetik izan du zalantzagarria zilegitasuna, eta halaxe geratu da agerian 2015eko maiatzean, Estatuko lurralde gehienak PP ez beste alderdien eskuetara –LOMCE legearen kontra dauden alderdietara– pasa direnean

Lege honek piztu duen aurkakotasuna kasik erabatekoa izan da, bereziki mingarria baita, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, haurrak bizitzarako konpetentzietan hezi beharraz eta heziketa integralaz hitz egiten den garaiotan, aurreraka begiratu beharrean pedagogikoki atzerakoia delako legea eta hezkuntza instrumentalizatzen duelako, helburu ekonomizista argiekin. Bestetik, kontrol neurriak –legea betetzen dela kontrolatzeko neurriak, alegia– oso ondo lotzen dituelako, eta beraz, Gobernuaren mandatuak saihestea kasik ezinezko bilakatzen delako, desobedientzia aukeratu ezean.

Zergatik diogu atzerakoia eta ekonomizista dela LOMCE? Bada, adibide batzuk jartzearren, eduki homogeneo eta zentralistetan oinarritutako curriculum espainiarra du nagusi, ikasle “txarrak” lehenbailehen antzeman eta alboratzen ditu, eta ezagutza memoristiko eta akademikoa hobesten du. Hala, oinarrizko gaitasunak landu beharrean, eduki kontzeptualen ezagutzan oinarritzen da LOMCEren curriculuma; merkatuaren ikuspegitik “baliagarri” diren ikasgaiak, ikasgai ardatzak, indartzen ditu (Gaztelania, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia, eta Historia), eta bere gain hartzen du Madrilek ikasgai horien edukia zehaztea. Azterketetan eduki horiei buruz galdetu behar zaie ikasleei eta egunerokoan gutxienez ordutegiaren %50 hartzen dute ikasgai ardatzek. Azken finean, ikasketa memoristikoari oso lotuta dagoen inteligentzia mota bultzatzen du, buruz ikastera ohituta dagoen ikaslea, eta ez bere kabuz pentsatzen duena. Subjektu pasibo eta otzanak.

Ikasketa-ibilbidea lasterketa baten gisan dago planteatuta: administrazioak ezarritako lau azterketa estatal egin behar dituzte ikasleek (9, 12, 15 eta 18 urterekin), lau errebalida, eta ikasle on eta txarren arteko bereizketa (nota hobeak eta okerragoak ateratzen dituztenen artekoa) oso presente dago. LOMCEk 14 urterekin banatzen ditu gazteen ibilbideak: errendimendu akademiko baxuagoa dutenak Lanbide Heziketara zuzentzea da helburua, eta gainerakoak Batxilergora (unibertsitatera). Mariam Bilbatua pedagogoak ARGIAn adierazi zigunez, “prozesu baztertzailea eta diskriminatzailea da, ikasleek hainbat ebaluaketa gainditu behar dituzte eta horren arabera bide batetik edo bestetik joango dira; ezin dugu ahaztu emaitzak oso lotuta daudela maila sozio-ekonomikoarekin, eta hortaz ikasle guztiek ez dituzte eskubide berberak. LOMCEren helburua ez da denak helmuga berberetara iristea, bakoitza, dituen gaitasunen arabera, helmuga ezberdinetara heltzea baizik”. Lasterketa eta lehia horren menpe daude, halaber, irakasle eta ikastetxeak: errebalidak gainditzeko akademia bihurtzeko arriskua dute ikastetxeek, eskola-orduak bideratuz 9, 12, 15 eta 18 urterekin egin beharreko azterketa horiek prestatzera. Gainera, azterketetako emaitzekin ikastetxeen rankinga plazaratzeko asmoa agertu zuen Espainiako Gobernuak.

Eta zergatik diogu kontrol neurri bereziak dituela? Hain juxtu, eta batez ere, 9, 12, 15 eta 18 urterekin egin beharreko azterketa horiengatik. Administrazioak ezarritako froga estandarrak dira, Madrildik zehaztutako ikasgai ardatzei buruzko galderekin, eta azkeneko bi azterketak, derrigorrez gainditu beharrekoak, ikasturtea ez errepikatzeko. Kanpo-proba horiek dira LOMCEren berme onena, titulu akademikoa lortzeko bidean proba horiek egin behar dituelako ikasleak, eta LOMCEren barrenak betetzen direla ziurtatzen dute probek. Horregatik, hasieran aipatu dugun moduan, kanpo-probak ezabatzea izan da oposizioko alderdien xedea, modu horretan malguago –kontrol gutxiagorekin– jokatu ahal izateko.

Bestelako neurriak ere baditu PPren legeak, dena den. Esaterako, zuzendaritza profesionalizatzea, zuzendaria bera Madrildik hautatuz eta eskola-komunitatearen parte-hartzea hutsaren hurrengo bilakatuz –hots, guraso, irakasle, ikasle eta gainerako eragileen ahalmena kontsulta-mailara zokoratuz–.

Gurasoen eskutik iritsi dira lehenengo plantoak

Teoriatik praktikara jauzi egin eta LOMCEri benetan kontra egiteko aukera 2015ean eman da, eta gurasoen rola erabakigarria izan da. Jaurlaritzaren kanpo-azterketei planto egin diete askok, LOMCEren aplikazio urardotua direla ulertuta

Legeari aurre egiteko herritarrek izan dituzten jarrera, diskurtso eta ekintzek eboluzionatu egin dutela esan daiteke. Hastapenetan, Werten erreformaren lehen oihartzunak ezagutu ahala, zetorrenaren aurkako manifestazioetara deitzen hasi ziren eragileak, PPren helburu larriez ohartuta. Manifestazio horiek mobilizazio, elkarretaratze eta manifestazio gehiago ekarri dituzte, jendetsuak oso, eta azaro honetan bertan milaka lagun bildu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, “inposatutako hezkuntza ereduak” arbuiatzeko. LOMCE gaitzesteaz gain, hari aurre egiteko neurriez hitz egiten hasi ziren gero, eta hala jaio zen, 2014ko maiatzean, Gure Gida, ELA, LAB, Steilas, Sortzen Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, Hik Hasi, UEU eta Ikastolen Elkarteak prestatuta. LOMCE desobeditzeko gida da Gure Gida eta legea ez aplikatzeko puntuz puntu nola jokatu behar duten azaltzen die irakasle, ikasle, guraso eta ikastetxeei, desobedientzia horrek ekar ditzakeen balizko ondorioez mintzo da, eta ondorio horiei aurre egiteko hainbat neurri proposatzen ditu. Gida ikastetxez ikastetxe aurkezteari ekin zioten, eta aldi berean ugaritzen joan ziren LOMCEri buruzko hitzaldi eta eztabaidak, ikastetxeetan eta bestelako foroetan, hezkuntza arloko eragileek edota guraso elkarteek sustatuta. “LOMCE EZ!” kartela ikusgarri duten ikastetxez betetzen hasi zen Euskal Herria, eta “LOMCErik Gabeko Herriak” sortzen hasi ziren, udalbatzetako alderdiek hala berretsita. Lege espainiarraren kontra ari ziren eragile, mugimendu eta norbanakoak artikulatu eta bateratu asmoz, Hezkuntza Plataformen Topagunea jaio zen azkenean, hezkuntza komunitatearen babes zabala duena.

Baina teoriatik praktikara jauzi egin eta LOMCEri benetan kontra egiteko aukera 2015ean eman da, eta gurasoen rola erabakigarria izan da. Uda aurretik, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen 30 ikastetxetan –ez zuen publiko egin nahi izan zein ikastetxetan– kanpo-azterketa egingo ziela 3. mailako (8-9 urteko) ikasleei. 30 ikastetxe horiek proba pilotua izatea eta kanpo-azterketa 2015-2016 ikasturtean ikastetxe guztietara zabaltzea izan da asmoa, eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak behin eta berriz errepikatu du azterketa hauek ebaluazio diagnostikoak direla (Heziberrik hala baitio, aurrerago jorratuko dugunez) eta ez errebalidak (LOMCEk dioen moduan), baina Madrildik diseinaturiko proba horiek LOMCEren aplikazio urardotua direla ulertu du askok, eta beraz Jaurlaritzaren kanpo-azterketei planto egin zieten. Zehazki, gurasoen gain geratu zen ardura nagusia (azterketaren egunean seme-alaba ikastetxera ez bidaltzea), irakasle eta ikastetxeek zuzenean eskua sartuz gero ondorio legalak izan zitzaketelako. Emaitza: hezkuntza sare nagusietan galdetu zuen ARGIAk eta esan ziguten eskola publikoan, 15etik bakarrean egin zela azterketa; ikastolen kasuan, bi baino ez zituzten probarako aukeratu eta bietan planto egin zuten gurasoek; eta kristau eskoletan, hiru ikastetxe deitu zituzten eta hiruretan egin zuten azterketa. 20tik 16tan, desobedientzia nagusitu zen. Jaurlaritzak aurretik iragarritakoaren arabera, beste 10 ikastetxetan ere saiatu ziren kanpo-proba egiten, baina ez dakigu zeintzuetan, ezta lortu ote zuten ere, Jaurlaritzak ez baitu publiko egin nahi izan.

Mobilizazio herritarraren bilakaeraz ari gareno, LOMCEren kontrako aldarriari eta desobedientziaren bidea hartzeko deiari hirugarren oinarri bat gehitu zitzaion: gure hezkuntza eraikitzeko beharra. Hala, diskurtsoan gero eta pisu handiagoa hartzen joan den ideia da, Espainiatik eta Frantziatik inposatutako lege eta hezkuntza ereduen aurrean, gure hezkuntza eredu propioa izatea eta garatzea dela alternatiba, LOMCE bezalako barrabaskeriak gainditzeko.

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna: Heziberri

“Guk gure hezkuntza legea” izan da, baita ere, Eusko Jaurlaritzaren diskurtsoa. Horren aurretik, “negoziazioa” zen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren hitz kuttuna. Epel jokatzea eta Espainiaren menera aritzea leporatzen zioten eragile ugarik, LOMCEren bertsio leunagoa lortzearren Wert ministroarekin legeaz eztabaidatzeko prest zegoelako. EAEn ez zela legea ezarriko irmo ez esatea kritikatzen zioten. Cristina Uriartek, ordea, itxaropena zuen, 2013an ARGIAn adierazi zigunez: “Arduragabekeria litzateke mahaitik jaiki eta Madrilgo Gobernuak bere gehiengo absolutuarekin egiten duenaren zain geratzea. Gure interesak defendatzen jarraitu beharrean gaude, eta horretarako, hitza erabili behar dugu. Askok galdetzen digute, ahalegin horien guztien ondoren gure helburua lortzen ez badugu, zer? Orduan bai, beste jokabide batzuk hartu beharko ditugu. Esan bezala, gure interesak defendatzeko momentu bakoitzean hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu”.

Negoziazio horien emaitzak lorpen handitzat saldu zituen Uriartek: nagusiki, EAEn Eskola Kontseiluak bere eskumenak mantendu ahal izatea –kudeaketarako boterea zuzendariarengan kontzentratzen du LOMCEk–, eta Lanbide Heziketako zentroetan, unibertsitateetan eta curriculum espezializazio modularreko ikastetxeetan ikasleak onartzeko erabakia Jaurlaritzaren esku egotea. Ez dirudi, ordea, LOMCEri aurre egiteko nahikoa lorpen direnik, eta orduan bai, beste urrats bat eman zuen Jaurlaritzak: Heziberri 2020 plana. Edo beste era batera esanda, EAErako curriculum eta lege propioa garatzea. “Badakigu LOMCE legea [Espainiako Estatuan ezarri dituzten] aurrekoak baino gogorragoa dela, baina aurreko seietan gai izan bagara gure curriculuma garatzeko, bide horretatik jarraituko dugu eta lortuko dugula uste dugu”, zioen Uriartek 2014an. Baina erdibidekoa izan da emaitza. Izan ere, Heziberri EAErako curriculumak punturen batean lortu du LOMCEri aurre egitea, baina LOMCEren hainbat agindu ere barneratu ditu.

Heziberri hezkuntza eragileekin elkarlanean egin dutela esan izan du Cristina Uriartek, arloko eragileen lankidetza eta adostasuna handia izan dela. Prozesuan parte hartu baino, Jaurlaritzak aurkezturikoaren gainean eztabaidatu dutela kexatu dira ordea hainbat eragile eta sindikatu –ikasleen ordezkaririk ez dela egon ere kritikatu dute ikasleek–. Prozesuak hiru fase ditu: batetik, ikastetxeen gestio eredua, autonomia eta finantzazioa, marko pedagogikoa eta eskolan landu beharreko eduki curricularrak zehaztu dituzte; horren ondoren, dekretuetan jaso da guztia, ikastetxeetan aplikatua izateko; eta azkenik, urte amaieran hirugarren faseari heldu dio Hezkuntza Sailak: Heziberriren barruan garatuko den Euskal Eskolaren Legea lantzeari. Baina EAErako prestatzen ari diren eta oraindik oso hastapenetan dagoen legeaz hitz egin aurretik, komeni da dagoeneko Heziberrik erabakita utzi duenean sakontzea. Heziberri curriculuma 2015-2016 ikasturtean jarri baitute martxan Lehen Hezkuntzan, eta 2016-2017an Bigarren Hezkuntzan ezartzea da asmoa.

Gestioaren arloan, eta lehenxeago genioen moduan, kudeaketarako boterea zuzendariarengan kontzentratzen du LOMCEk, hezkuntza komunitatearen eta Eskola Kontseiluaren eragiteko ahalmena kontsulta mailara zokoratuz. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako hitzarmenari esker, Eskola Kontseiluak gaur egun dituen eskumenak mantendu ditu EAEn eta hala jaso du Heziberrik. Autonomia ere aitortzen die Heziberrik ikastetxeei, baina horretarako, bere proiektua aurkeztu beharko du eskolak, eta administrazioaren esku egongo da berau ebaluatu eta baimentzea, errendimendu adierazleak erabiliz. “Abiadura ezberdineko ikastetxeak sortzeko arriskua” dagoela uste dute eskola publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendariak biltzen dituen Sarean elkartekoek.

Curriculumari dagokionez, egia da oinarrizko gaitasunez mintzo dela Heziberri (arazoei aurre egiteko gaitasuna, komunikatzekoa, ikasten eta pentsatzen ikastekoa, elkarbizitzarako konpetentzia…). Egia da baita ere, LOMCEren arabera gazteek 14 urterekin erabaki behar dutela unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren artean, eta hortik aurrera bide bereiziak egingo dituztela ikasleek, baina EAEn curriculum bera jarraituko dutela denek (Espainian baino ikasgai gehiago emango dituzte orotara), erabakia 16 urtera arte atzeratu ahal izateko.

Aldiz, LOMCEren hainbat agindu barneratu ditu Heziberrik. Puntu askotan “indarrean dagoen legea” aipatzen da, lege horrek markaturiko lorpen adierazleak bete beharko direla adieraziz, eta indarrean dagoen legea LOMCE da. Sailburuak behin baino gehiagotan azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik egiten dutena egiten dutela, “berme juridikoa” izatea ezinbestekoa dela, legea betetzea alegia, eta horrek esan nahi du Madrilen indarrean dagoen legeak baldintzatuko duela, gutxiago-gehiago, bertako jarduna. Adibidez, kanpo-proba famatuak (ikusi dugunez, lau makro-azterketa denera, ikaslearen ibilbidean) egin egingo dira EAEn ere, eta hala jasotzen du Heziberrik. Hori bai, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan LOMCEk ezarritako errebalidak EAEn ebaluazio diagnostikoak dira, Heziberrik dioenez, eta hortaz hasiera batean ez lukete ondorio akademikorik izan beharko, baina Lehen Hezkuntzako zuzendarien kezka nagusia da hala ere, ikastetxeetako jarduna azterketa horietara moldatzen joango delakoan baitaude, lorpen maila handiena eskuratu aldera. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukaeran Batxilergora igaro ahal izateko ikasleek gainditu beharko duten kanpo-ebaluazioaren eragina ez du inork zalantzan jartzen, eta ikusteke dago nola baldintzatuko duen DBHn ikasten dena –eta nola ikasten den–.

Erlijio katolikoa eskaintzea ere derrigorrezkoa izango da, Heziberriren –eta LOMCEren– arabera. Ikasgaietan, matematikak eta hizkuntzek (euskara, gaztelania, atzerriko hizkuntza) hartzen dituzte ordu gehien nabarmen, eta horiek dute lehentasuna ikasturtea gainditzeko.

Hizkuntzen trataerak ere haserrea piztu du hainbatengan. A, B eta D ereduak mantendu ditu Heziberrik ikastetxeetan, eragileek aspalditik errepikatzen duten arren A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen eta ereduen sistema gainditu egin behar dela. Are gehiago, euskara eskakizuna ikastetxearen inguru sozialaren arabera egitea jasotzen du Heziberrik eta eragile ugarik ez du begi onez ikusi, berriz ere abiadura ezberdineko zentroak eta ghettoak sor ditzakeelakoan, euskararen ezagutzan denei helburu bera eskatu eta horretarako behar handiagoa duten zonaldeetan baliabideak jarri ordez.

Bestalde, estrategia paralelo bat ere egotzi izan zaio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari: denbora irabazten saiatzea. Martxan jartzeko denbora nahikorik ez zegoela argudiatuta, ahal bezainbeste luzatzen joan da LOMCE EAEko ikastetxeetan sartzeko eguna, beste behin abenduko hauteskundeetan –eta horien emaitzek alor honetan ekar lezaketen aldaketan– esperantza jarrita.

Nafarroako Gobernuaren erabakia: zain egotea

EAEri eskainitakoa baino tarte dezente laburragoa emango diogu Nafarroan administrazioak izan duen LOMCErekiko hartu-emanari, ez baitago asko kontatzeko. Gobernua UPNren esku izan den bitartean, zehatz-mehatz konplitu ditu Madrilen egositako legea Nafarroako ikastetxeetan betearazteko eman beharreko pausoak. Ondo lotuta utzi zituen gainera gauzak, Gobernutik joan aurretik: Sanfermin bezperetan, oinarrizko hezkuntzan LOMCE aplikatzeko dekretuak onartu zituen UPNk. Aldaketaren Gobernua deiturikoak, ikasturte honetan dekretu horiek aplikatzea erabaki du. Halaxe azaldu zuen Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak, Euskadi Irratian: “Hori aldatzeak eta ikasturte hasieran noraezean ibiltzeak, dagoeneko testuliburuak erosiak daudenean, sekulako iskanbila sortuko luke eta beraz trantsizio moduan jarraituko dugu aurten”. Kontseilari berriak 2016an jarri du abiapuntua, hau da, Espainiako hauteskundeen ostean. Mendozak berak esana da, itxaropena hauteskunde horietan izan dutela jarria, egoera berriari esker LOMCE legea “mugatzeko”. Eta bestela, gogoratu, “Jainkoak salba gaitzala”, zioen, Cristina Uriarteren moduan Jose Luis Mendozak ere oso garbi nabarmendu duelako non dagoen marra gorria: “Berme juridikoa” funtsezkotzat du, edozein erabaki hartzeko.

Zilegitasuna galduta, maldan behera

Ekintza guztiek muga garbia dute, oraingoz behintzat: gure sailburu eta kontseilariek errepikatzen duten “berme juridikoa”. Bertako dekretu eta legeek, juridikoki –politikoki– Madrilgo sabaiarekin egiten dute talka

Nafarroan bezala, Estatuko beste lurralde batzuetan ere gobernuz aldatu dute 2015eko maiatzean, eta adibiderako, irmoagoa izan da Aragoiko Gobernu berriak hartutako erabakia: PP buru zuen gobernua Podemos taldeak hartu duenean, bertan behera utzi du DBHn eta Batxilergoan LOMCE ezartzeko dekretua, gutxieneko batzuk salbu.

Kontuak kontu, errealitatea da maiatzetik aldatu egin dela Estatuko mapa, eta agerian utzi duela aldebakarreko erabakiz hartu den lege honen legitimitate eza. Maiatzeko panoramaren arabera, legearen kontra dauden alderdiak bozkatu dituzten herritarrak gehiago dira; zehazki, hamabi erkidego daude LOMCEren aurka eta Estatuko herritarren %70 ordezkatzen dute. “LOMCE autosuntsitze bidean da eta hezkuntza komunitate osoa bide horretan amiltzea arduragabekeria handia litzateke”, dio maiatzeko hauteskundeen ostean kaleratutako manifestuak.

Eta maiatzetik agerian geratu da, baita ere, asko direla Espainiako abenduko hauteskundeetan begirada jarria izan dutenak, PPk gehiengoa galtzeak LOMCE kentzea, mugatzea edota leuntzea ahalbidetu lezakeelakoan.

Hezkuntza eredu propioa soluzio

“Ziurgabetasuna da aurtengo ezaugarri nagusia, ikasturte hasieran behintzat. LOMCE indarrean dago eta aplikatu behar da, baina bistan da aukerak daudela legea bertan behera geratzeko edo gutxienez bere elementurik ezkorrenak ez aplikatzeko. Ziurgabetasun hori aukera bihurtu behar dugu, hezkuntza eta herri eragileek elkarrekin hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eta lan hori guztia lege bihurtzeko, ahal dugun parlamentuetan”, adierazi zigun irailean Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, ARGIAn. LOMCEk zerbaiterako balio izan badu, ez da soilik izan hezkuntza eragileak haren kontra elkartzeko, baita hezkuntzan gure bidea egitea zein beharrezkoa den konturatzeko ere. “Gure bidea”, oraingoz, eskola publikoari eta administrazioari gagozkiola, hiru bide dira, zatiketa administratiboaren eraginez.

EAEn, aipatu dugu jada, Euskal Eskolaren Legea gauzatzea da Heziberriren hirugarren eta azken urratsa. 1993an, Euskal Eskola Publikoaren Legea atera zuen Eusko Jaurlaritzak, eskola publikoa berritu eta ikastolak sare publikoan barneratzeko (hainbat ikastolek publifikatzearen aldeko hautua egin zuten). Orain, eskola publikoa eta itunpekoa (ikastolak eta kristau eskolak) barneratuko dituen legea egin nahi du Jaurlaritzak, baina legeari mesfidati begiratzen diote eskola publikoko eragile ugarik, euren kalterako izan daitekeela sinetsita. Ikastetxeen autonomiaz, gestioaz, finantzazioaz, ikasleak hartzeko sistemaz, hizkuntzen trataeraz, irakasleriaren funtzioaz, curriculumaz… eragileekin eztabaidatzen hasia da Hezkuntza Saila, baina 2016an estreinatuko den legegintzaldirako gaia izango da Euskal Eskolaren Legea.

Nafarroan berriz, Jose Luis Mendozak adierazi du Foru Erkidegorako legea prestatzea dela euren asmoa ere, baina horretarako urteak beharko direla eta bitartean, trantsizio faseko urteetarako oposizioarekin adostutako lege bat behar dela.

Azken buruan, bertako ekintza guztiek muga garbia dute, oraingoz behintzat: gure sailburu eta kontseilariek errepikatzen duten “berme juridikoa”. Bertako dekretu eta legeek, juridikoki –politikoki– Madrilgo sabaiarekin egiten dute talka, eta ezin aurrerago egin, oraingoz behintzat, Frantzia eta Espainiako estatuekiko erabat aske izango diren legeak edo ereduak garatu ezean.

Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


Eguneraketa berriak daude