Futbola ere lapurtu ez diezaguten

  • Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


2016ko martxoaren 09an - 08:32
Socrates brasildarra, San Mames Barria atzean duela (Ilustrazioa: Joseba Larratxe)

Futbola da zirku mediatikoa, herriaren opioa, negozio ustela, arma politikoa, kezko hesia, indarkeria haztegia… Hala uste du behintzat herritar ugarik. Hori gutxi ez eta erakunde publikoek diru-laguntza potoloak ematen dituzte lotsarik gabe, beste lehentasun batzuk asetzea justuagoa litzatekeenean. Ez zaie komeni, ordea, euren taldeagatik edozer egingo luketen boto-emaileak haserretzerik.

Adibideetako bat da Bilboko San Mames Barria. Haren finantzaketarako –sabaia handitzeak ekarriko duen gastua aintzat hartu gabe–, 211 milioi euroetatik 50na milioi jarri dituzte Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Diputazioak eta Kutxabankek, Athletic-ek adina, eta 11 milioi Udalak. Donostian, Anoeta estadioa eraberritzeko baliatuko den diru-kopuruari buruzko datuak nahasiak dira oraindik, baina badirudi 45 milioi euro inguruko gastua izango duela. Realak 11,2 milioi jarriko lituzke zuzenean, eta beste hainbeste Kutxabankekin lortutako publizitate-akordio bat medio. Halaber, Udalak eskatuko duen 16,5 milioi euroko mailegua bere gain hartuko luke, zati bat bederen. Eusko Jaurlaritzak 10 milioi bideratuko ditu eta Gipuzkoako Diputazioak ere parte hartuko du proiektuan, zeinak EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPko udal ordezkarien oniritzia lortu duen, Donostiari eta Gipuzkoari ekarriko dizkion “onurak” amu, Eneko Goiak alkatetza lortu aurretik adierazi zuen moduan.

Ez gara gu izango kirol profesionalak –futbolak bereziki, gizonezkoenak zehazki– jasotzen dituen laguntza publikoak eta zor kitatzeak –2013an Bizkaiko Diputazioak Bilboko saskibaloi taldearekin egin zuen bezala, adibidez– justifikatuko dituztenak, ezta gutxiago ere. Dopin ekonomikoaren amaraunean katramilatu gabe, ordea, aspektu positiboago batzuei heldu nahi izan diegu testu honetan, pelotazo urbanistikoak, FIFAko goi-karguen delituak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.

Osasuna berreskuratzea xede

Futbola ere lapurtu ziguten jardunaldiak ditugu adibide, Iruñeko Katakrak gunean estreinakoz antolatuak, helburu dutenak, besteak beste, ezkerreko mugimenduek futbola haien helburuetarako balia dezaketela erakustea.

“Futbolaren guda politikoa ezin dugu bere irizpideak inposatu eta klub profesional guztiak eta zaleak kontrolatzen dituen eskuin zaharkitu baten esku utzi”, azaldu dute ekimenaren sustatzaileek: “Kapitalismoa eta eskuina dira nagusi. Horren adibide Osasuna dugu, desagertzeko arriskuan dagoena taldearen zorrak handitu dituen politikaren eta kirol kudeaketa txarraren ondorioz. Ezinbestekoa da futbola garbitu, jokoaren esentzia berreskuratu eta ilusioa berriz piztea. Helburu horrekin antolatu ditugu jardunaldi hauek. Baloiak bueltaka jarrai dezan nahi dugu, futboletik ere egin baitaiteke iraultza”.

Osasuna, aberats berriaren akatsak mahai-inguruak itxi zituen Iruñeko jardunaldiak. Talde nafarrak bizi duen egoeraz aritu ziren Oier Sanjurjo Osasuna taldeko futbolaria, Javier Bikuña futbolari ohia, Joan Bosch ekonomialaria eta Rafa Aguilera Radio Euskadiko kazetaria. Hain justu, Aguilerak @cafekutz Twitter kontuan plazaratutako kritika zorrotz eta etorkizun hurbilera begirako galdera-erantzunek hauspotuta, Osasunako zale eta kazetari batzuek Kutz Proiektua jarri zuten 2014an abian, gardentasuna aldarri, taldea onera ekartzeko helburuarekin.

Bide batez, esan Katakrak guneko kideek Osasunaren ereserkia euskaratu zutela jardunaldi hauen aitzakian.

Lau driblin gehiago

Thinking football gizarte gaiak ardatz dituen jaialdia egin zen Bilbon, Athletic Fundazioak eta BBK aretoak antolatuta. Hamar dokumental proiektatu zituzten, kirolarien rol sozio-politikoa eta agintariek futbolaz egiten duten erabilera hizpide dituztenak. Democracia em preto e branco Pedro Asbeg-en filmak jaso zuen sari nagusia: 1980eko hamarkada hasieran diktadura militar gogorra bizi zuen Brasilek; Socrates jokalariaren Corinthians taldeak bat egin zuen amnistiaren aldeko mugimenduarekin eta langile eta ikasleen aldarrikapenekin.

Letrak eta futbola jaialdiaren 6. edizioa egin zen, hau ere Bilbon, Athletic-ek bultzatuta. Besteren artean, Ronald Reng eta Javier Pérez de Albeniz kazetariek, Marti Perarnau eta Aixa de la Cruz idazleek eta Unai Iturriaga bertsolariak –Athletic taldeari buruzko Diamanteak, urrea eta ikatza komikia plazaratu du Alfonso Zapico marrazkilariarekin– parte hartu zuten futbolaren eta kulturaren artean zubiak eraikitzea xede duen egitasmoan.

– Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak Eibar futbol taldeari eman zion 2015eko Zilarrezko Gehitu Saria, Homofobiarik gabeko futbolaren alde kanpainari eskainitako babesarengatik. Eibar eta Athletic taldeek #EuskalDerbiArcoiris traola sortu zuten Ipuruan jokatutako partidarako. Futbolari guztiek ortzadar koloreko sokak erabili zituzten euren oinetakoetan, “homofobia errefusatu eta diskriminaziorik gabeko kultura berria sortzeko konpromisoa azpimarratzeko”.

– Ikerketa batzuen arabera, futbolaz aritzeak lagundu egiten die alzheimerra duten pertsonei. Ondorio horretatik abiatuta Libero aldizkariak Futbola vs Alzheimerra proiektua abiatu du. Lau ale berezi hezurmamitu dituzte, iraganeko diseinu eta edukiekin, oroimena estimulatzeko ariketak tartean. Aukera dago gaixoaren jaiotze-data, bizitokia, futbol talde gustukoena eta bestelako datu batzuk helarazi eta aldizkari pertsonalizatua eskuratzeko.

Ez dakit, Katakrak-eko kideek dioten bezala, futbola erabat garbitu eta jokoaren esentzia berreskuratzerik izango den. Sinetsi nahi nuke behintzat, futbol modernoarekiko atxikimendu geroz eta txikiagoa dudan neurrian, eta kirolaz idazten duen kazetaria izanik, beharrezko baitut ilusioa (ber)piztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


LOMCE
Hezkuntza hankaz gora jarri nahi izan duen legea

2015ekoa bakarrik ez, azken lau urteotako protagonista izan da LOMCE legea Hego Euskal Herrian: hezkuntza mundua astindu eta ekitera behartu ditu eragile eta instituzioak. 2015ean, hori bai, amesgaiztoa buka zitekeela pentsatu du askok, itxaropena Espainiako hauteskundeen... [+]


Eguneraketa berriak daude