Neokolonialismoa Europar Batasunean

  • Euroaren Europan soberania botere ekonomikoek dute, batez ere herrialde periferikoetan.


2016ko otsailaren 23an - 14:49
(Marrazkia: Joseba Larratxe).

Inperialismoan kolonialismoaren funtzio nagusietako bat da domeinua egikaritzen duen metropoliaren behar ekonomikoak asetzea lehengaiak eta eskulana hornituz. Ondorioa da menpeko eskualde hauetan ekoizpen bitartekoen garapena oztopatu egiten dela, beraien gaitasun ekonomikoak txikituz. Horrela, gaitasun ekonomikorik ez duen herrialdea menekoa eta otzana bilakatzen da.

Berlingo Harresia erori ostean neokolonialismoa nabarmen zabaldu da Europan.Lehenengo kasu argia Alemaniako Errepublika Federalak (AEF) Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) irentsi zuenekoa da. Bi Alemaniaren arteko desberdintasun ekonomikoak historikoak ziren, bihotz industriala mendebaldean zegoen, aldiz, ekialdeko eskualdeak beti izan ziren azpigaratuak. Abiapuntuzko diferentzia hori handitu egin zen II. Mundu Gerran ekialdeak sufritutako suntsipen gradu altuagatik. Ondoren, banaketa etorri zen. AED industrializatu zen arren, bere garapen ekonomikoa AEFk izandakoa baino txikiagoa izango zen, herentzia sozioekonomikoagatik eta inbertsioetarako zuen diru mugatuagatik.

1989an AEF eta AEDren arteko diferentzia sozioekonomikoak eta kulturalak oso handiak ziren. Guzti horiek justifika zezaketen bi alemaniar estaturen existentzia edo gutxienez anexio prozedura mantsoago bat. Baina ez zen horrela izan. Mendebaldeak prozesua presa handiarekin eta defizit demokratikoekin egin zuen. 1990ko martxoan AEDren azkeneko hauteskundeak egin eta sei hilabete eskasetan absortzioa formalki gauzatu zen. AED kolonizatua izan zen oinarrizko bi tresna erabiliz: markoa eta pribatizazioak. AEFko gobernuak ekialdeko markoa mendebaldeko markoarekin parekatzea erabaki zuen nahiz eta bi errealitate oso desberdin ziren.

AEDko industriaren produktibitatea baxuagoa zenez, markoen balioa parekatzeko erabakiak ekialdeko industriari kalte egin zion, alde batetik, bere produkzioak ezin zuen lehiatu Mendebaldekoarekin eta, bestetik, herrialde sozialista ohietako merkatuak galdu egiten zituen dibisa indartsu bat erabiltzeak sortzen zuen garestitzeagatik.Urte batean Ekialdeko produkzio industriala %50a erori zen.

Beste tresna kolonizatzailea pribatizazioak izan ziren. Ekialdeko estatuko enpresa guztiak eta jabetza ugari pribatizatu egin ziren. AEDan jendeak ez zuen kapitalismoaren funtzionamenduari buruzko jakintzarik, ez eta kapitalik pribatizazioetan parte-hartzeko ere. Ondorioz, AEFko korporazioek erosi zituzten konpainia gehienak bezeroen zerrendak lortzeko eta enpresak ixteko, horrela merkatuez eta ondasunez jabetu ziren oso prezio merkeetan. Prozesu guzti horren ondorio sozialak lazgarriak izan ziren. Langabezia-tasak gora egin zuen eta emigranteen jario etengabea hasi zen Mendebalderantz.

Alemaniako esperimentua XXI. Mendean Euroaren Europan hasi zen aplikatzen. Inoiz dudarik egon bazen, orain garbi dago Europar Batasun erreala dominazio modu bat dela herriari ekonomiaren kontrola kentzeko eta politika neoliberalak inposatzeko. Euroaren ezarpenarekin herrialde periferikoek balantza komertzialak orekatzeko zuten tresna nagusia galdu zuten: debaluazioa. Ordutik, Alemaniak bere posizio esportatzailea indartu eta periferietako debaluazio lehiakorrak neutralizatu ditu.

Euroaren Europan soberania botere ekonomikoek dute, batez ere herrialde periferikoetan. 2010 eta 2012 artean zor publikoetako merkatuetan sorturiko turbulentziek herrialde periferikoen arrisku sariak asko handitu zituzten eta ondorioz inbertitzaileek austeritate politikak eskatu zituzten. Krisi horren aurrean, Europako Banku Zentralak herrialde periferikoei laguntza ukatu eta hauspotu egin zituen zorra soberanoen gaineko presioak herrialdeek soldaten barne debaluazioak eta gastu publikoan murrizketak egin arte. Gobernuek austeritate politikak bere egin zituztenean bakarrik esku hartu zuen euroaren defentsan, merkatuetan esku-hartze masibo bat burutuz titulu finantzarioen baloreak egonkortzeko. Neurri hauen iragartze hutsak herrialde periferikoen arrisku sariak erlaxatu eta zorra jaulkitze kostua txikitu zuen. Merkatuen erasoen aurrean politika monetarioaren potentzialtasuna garbi geratu zen. Baina, zergatik ez zen aldez aurretik egin? Murrizketak eta soldaten barne debaluazioa egongo zela ziurtatzeko.

Kanbio-tasa desagertu bada, politika monetarioa transferitua bada Europako Banku Zentral “independentera” eta politika fiskala mugatua aurkitzen bada aurrekontu diziplina zorrotz batengatik, krisi egoera batean irtenbide bakarra doikuntza ekonomikorako soldaten malgutasuna (murrizketa) da. Kontua da aldagai honek ez duela funtzionatzen merkatu abstraktu eta idealizatu batean, baizik eta testuinguru produktibo, monetario, politiko eta linguistiko-kultural oso desberdinetan. Euroa indarrean jarri bezain laster, handitu egin da zentro eta periferia arteko distantzia. Loretta Napoleonik dioen moduan, europar eraikuntza prozesuak izaera kolonialeko egoera bat sortu du, non hegemonia alemaniarrak menpeko herrialde periferikoei eskulan merkea hornitzeko funtzioa esleitu die.

Alemania Ekialdeko krisi sozioekonomikoan ihes tutu bezala emigrazio masiboak funtzionatu zuen herritarrek alemanez hitz egiten dutelako. Europako hegoaldeko herrialdeetan aldiz, emigrazioaren ihes tutuak ez du behar bezain ondo funtzionatzen herritarrek ez dituztelako hizkuntza germaniarrak hitz egiten eta klase xeheek borroka tradizio luzea dutelako. Azken honen tradizio falta dute EBko ekialdeko herrialdeek eta aldi berean, atzerriko hizkuntzak ikasten onak dira, horregatik emigrazioaren ihes tutuak hobeto funtzionatu du. Kontua da populazioa galtzea jasangarria izan daitekeela Poloniarentzat, baina ez nazio txikientzat. Periferiako herrialde txikien etorkizuna arriskuan dago, Baltikoko hiru herrialdeek independentzia lortu zutenetik populazioaren laurden bat galdu dute gutxi gorabehera eta ez dirudi epe motzean horri buelta emateko biderik izango dutenik EB errealaren barruan.

Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


Eguneraketa berriak daude