Iluntasuna oraindik nagusi

  • Nazioartea gero eta estuago hartzen ari da Espainiako Estatua, tortura salaketak ikertu eta horiek saihesteko neurriak har ditzan. Besteak beste, inkomunikazio erregimenaren “abolizioa” eskatu du NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak 2015ean. Baina mugimenduak oso eskasak dira, zigorgabetasun eremuak handiak, eta iluntasuna oraindik nagusi.


2016ko otsailaren 23an - 17:35
Mikel Zabalzaren hilketaren 30. urteurrenaren karira, torturaz Altzan egindako margolana. (Argazkia: Argazki Presws / Juan Carlos Ruiz)

“Badakizu zer gertatzen den? Guk garai haietan torturarena asumitu egiten genuela. Gero, gai politiko bezala lantzen hasi denean, konturatu gara non bizi izan garen: normaltzat hartu izan dugu”. Txomin Olaetxearen ahotsak kristalezkoa zirudien duela ia hiru urte elkarrizketatu genuenean. Hitz horiekin, Anparo Arangoaren bikotekideak ezin ageriago utzi zuen torturaren gaiak izan duen arazo nagusienetako bat: euskal gatazkaren testuinguruan, torturatuak ertzean izan direla orain gutxi arte, ertzeko biktimak izan dira.

Zeruko Argia-k 1976an Anparo Arangoaren argazkiekin torturaren esistentzia frogatu zuenetik hona, baina, urrats ugari egin dira gaitz horren kontrako borrokan, eta esan liteke 2015. urtean gai hori bake eta berradiskidetze prozesuaren erdigunerago ekartzea lortu dela nolabait, edo sikiera hainbat eragilek aitortu eta konpondu beharreko arazoen zerrendan sartu dutela.

Zabalzaren hilketatik 30 urte

30 urte bete dira Mikel Zabalza torturatu eta hil zutenetik, baina oraindik gertatutakoa argitu gabe dago. 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak orbaizetarra hainbat senide eta lagunekin, eta zantzu guztien arabera “bainera” izenez ezagutzen den tortura egiten ari zirela hil zuten Intxaurrondoko koartelean. Ion Arretxe zine zuzendari eta idazlea Zabalza atxilotu zuten egun berean eraman zuten Intxaurrondoko koartelera. Orain, Intxaurrondo. La sombra del nogal (Garaje Negro, 2015) liburuan bertan bizitakoa kontatu du: erreka baten ondoan basaki torturatu zutenekoa, Enrique Rodríguez Galindo parean jarri eta barrabilak estutu zizkionekoa, edota behin Carabanchelen zela Zabalzaren heriotzaren berri eman ziotenekoa. “Nik ez nuen inoiz ikusi Zabalza –dio Arretxek liburuan–, eta zer gertatu zen segurtatzeko moduko ausarta ez naiz izango. Baina irudika dezaket, eta ez da asko irudikatzea, atxilotu gintuzten gauean ni eraman ninduten toki beldurgarri eta ilun berera eramango zutela, burua erreka berean sartuta torturatuko zutela, eta eskuetatik joan zitzaiela”.

Dirudienez, Mikel Zabalza esku artean hil eta berehala, beste historia bat asmatu zuten guardia zibilek: zulo bat erakusten ari zitzaiela ihes egin eta bere burua Bidasoara bota omen zuen Zabalzak. Bertsio ofizialaren kontraesanak asko dira, emandako datuak sinesgaitzak, eta 2004an El Mundo egunkariak filtraturiko informazioa ere hor dago: Intxaurrondoko Pedro Gómez Nieto guardia zibilak CESID Espainiako zerbitzu sekretuetako arduradun nagusietakoa zen Juan Alberto Peroteri 1985ean izandako –eta sekretupean grabatutako– hizketaldi batean esan zion “eskuetatik joan” zitzaiela galdeketa, baina ezin izango zela “inoiz frogatu”.

Zabalzaren kasua hainbat bider itxi eta zabaldu da urteotan guztiotan, azkenekoz 2010ean artxibatu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Nolanahi ere, hiru hamarkadaren ostean beste ekimen batek kasuari argi gehiago eman nahi dio. Galdutako objektuak dokumentala egiteko proiektua 2015eko azaroaren 10ean aurkeztu zuten publikoki –Zabalzaren amari semea “galdutako objektuetan” bilatzeko esan zioten Intxaurrondon, hortik izenburua–. Filma Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak bultzatu du eta Ahotsa.info, Piztu.info eta Filmotek ari dira ekoizpen lanetan. Finantzazioa, besteak beste Verkami plataforman lortu dute crowdfunding bidez.

Donostiako Aieteko Bakearen Etxean egindako aurkezpenean ekimenaren atzean daudenek azpimarratu zuten dokumentalak ez duela Zabalzaren kasuaz soilik hitz egingo: “Erakutsi nahi dugu urte hauetan guztietan milaka eta milaka izan direla polizia-etxetik pasatu eta tortura latzak jasan dituztenak”, zioen Miguel Angel Llamas Pitu egileetako batek.

Latza. Torturari betiko loturiko hitza 1981eko otsailaren 13az geroztik. “Oso latza izan da” esan zien ziegako bere kideei Joxe Arregi zizurkildarrak hil baino ordu batzuk lehenago. Seguruenik Arregiren tortura kasuak ezagutu izan diren beldurgarrienetakoak dira. Urtero, otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna izaten da Euskal Herrian eta makina bat mobilizazio egin ohi dira torturen ondorioz hildakoak gogoratu eta praktika hori salatzeko. 2015ean ere ez dira falta izan pintaketak, bideo-emanaldiak, hitzaldiak eta protesta bilkurak; eta ohi moduan Zizurkilen Joxe Arregiren senide eta lagunak bildu ziren torturatuen omenez egindako Barnekanta eskultura aurrean.

Apirilean, eskultura horren irudia atera zuen azalera ARGIAk esaldi deigarri honekin: “Joxe Arregiren espedientea aurkitu dute ikerlariek”. Laura Pego Euskal Kriminologia Institutuko abokatuak eman zuen albistea astekari honekin egindako elkarrizketan eta lau haizetara zabaldu zen berehala. Hortik egun gutxira Pegok berak eta Pako Etxeberria auzitegi-medikuak Arregi kasuaren sumarioaren kopia osoa jaso zuten Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen eskutik. Etxeberriak dei egin zien 1960tik hona poliziaren eskutik abusuak, tratu txarrak edo torturak jasan dituztenei eurekin harremanetan jartzeko, “uste dugulako halako aukerak aprobetxatu egin behar direla”.

 

 

3.587 tortura kasu, oraingoz

Eusko Jaurlaritzak 2014an agindu zion Euskal Kriminologia Institutuari azken mende erdian izandako tortura kasuez ikerketa abiatzeko, Bake eta Bizikidetza planaren barruan.  2015eko otsailean 3.587 tortura kasu kontabilizaturik zituen institutuak, baina zerrenda luzatzen ari da hilabeteek aurrera egin ahala. Zenbait estimazioren arabera horiek baino askoz gehiago ere izan litezke; adibidez, Euskal Memoria fundazioak bere webguneko datu basean 739 kasu ezezagun sartu zituen 2015eko ekainean eta dagoeneko 4.000tik gora kasu ditu “ziurtatuta eta datuz osatuta”.

Kriminologia Institutuak 2016an amaituko du ikerlana. “60ko eta 70eko hamarkadetako jendea hurbiltzen ari zaigu, urteetan gordea izan dutena kontatzeko prest” zioen Pegok harekin izan genuen elkarrizketan. Eta berriz ere burura datozkigu Olaetxearen kristalezko hitzak: “Orduan asumitu egiten genuen...”. Eskuartean dituzten salaketek ez diote eredu bakarrari segitzen: badaude hamarkada guztietakoak eta polizia mota guztiei zuzendutakoak –Guardia Zibiletik hasi eta Ertzantzaraino, Eusko Jaurlaritzak ere etxeko lanak egin behar dituen seinale–; baina oro har inkomunikazio egoeran egondako atxilotuak dira eta haien salaketek ez dute aurrera egin.

Euskal Herria torturaren laborategi izan baita. Ez diogu guk, Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak baizik. Koordinakundeak 10 urte bete ditu 2015ean eta bertako bozeramaile Jorge del Curak La Directa egunkari katalanari azaldu zionez Euskal Herrian 2004 urtetik hona inkomunikazio egoeran atxilotuta egon diren 504 lagunetik %67k torturak salatu ditu: “Planeta guztirako torturen laborategia izan da Euskal Herria, ez soilik Espainiako Estaturako”, zioen Del Curak.

Torturak nagusiki bi helburu ditu: batetik, informazioa lortzea –berdin du faltsua bada ere– torturatuaren edo ingurukoen kontra erabiltzeko ikerketa eta auzibideetan; bestetik beldurra sorraraztea eta haren bidez zenbait esparrutako jendea kontrolpean edukitzea. Hargatik, ohiko izaten da komisaldegitik pasa ondoren torturatuak poliziaren “bisitak” edukitzea edo torturatzailea kalean ikustea. Oihane Barrios Jaiki Hadi elkarteko psikologoak estatuen biktimei buruzko iraileko LARRUNen azaldu zigunez, badaude zantzuak pentsatzeko torturatzaileak bertoko poliziak direla: “Batzuetan torturatzaileak kaputxa kentzen du, batez ere atxilotuaren inkulpazioa lortuta duenean, lana amaitutzat ematen duenean. Torturatuak haien aurpegia ikustea nahi dute. Hori amesgaizto latza da, aurpegi hori ez zaizu burutik joango bizitza osoan”. Barriosen esanetan “oso maiz” gertatzen da torturatzen aritu den agenteak bere biktima kalean agurtzea.

Horixe gertatu zitzaion Egoi Irisarri gazteari. 2010ean atxilotu zuten Segi erakundearen kontrako makro-operazio batean eta atxiloturik egon zen egunetan torturatua izan zela salatu zuen, beste askok bezala; ospitalera ere eraman behar izan zuten barrabiletan jasotako kolpeen ondorioz. Aske geratu ondoren, bera torturatu zuen polizia ezagutu zuen Segiko gazteen kontra 2014an egindako epaiketan, eta horren ondoren poliziak berriz atxilotu zuen 2015eko martxoan, ezagutu zuen polizia horri “torturatzaile” deitzea egotzita. Azaroan 2.320 euroko isuna ordaintzera zigortu du epaileak “kalumnia eta irainengatik”.

Bistan da ezinezkoa litzatekeela zigorgabetasun maila hori edukitzea estatu aparatuen babesik gabe. Tortura, batez ere, estatuek erabilitako tresna zikina izan baita historian zehar. Horixe nabarmendu zuen Sortu alderdiak Joxe Arregiren heriotzaren 34. urteurrenaren karira Basaurin egindako ekitaldian: “Hemen, torturari babes politikoa eman dioten estatu akordioak egon dira”, esan zuen Pernando Barrenak. Indar abertzalearen esanetan tortura sistematikoa izan da eta “estatuko alderdi politiko nagusien, segurtasun indarren eta salbuespeneko legeen bidez bermatu da”.

Ignacio Mendiola EHUko Soziologia irakasleak Habitar lo inhabitable (Ediciones Bellaterra, 2015) liburuan dio tortura “estatu aparatuen funtzionamenduan txertaturiko praktika politiko-zigortzailea” dela. Egitura oso batek ahalbidetu du tortura existitzea Espainian, hasi inkomunikaziotik eta auzitegi-medikuetaraino. 2015eko maiatzaren 18an argentinar mediku talde batek idatzia helarazi zion Genevan dagoen Munduko Medikuen Elkarteari, eskatuz Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi-medikuen jarduna ikertu dadila: “Salatzen duguna da auzitegi-mediku horiek torturak ikusi arren ez dituztela salatu. Hau guztia dokumentatuta dago eta oso larria da”, zioten. Horretarako sei pertsonaren kasuak aurkeztu zituzten: Ainara Bakedano, Anabel Prieto, Beatriz Etxeberria, Sandra Barrenetxea, Gorka Lupiañez eta Unai Romano hain zuzen. Argentinar sendagileek eskatu dute Genevak Espainiako Medikuen Elkargoan esku hartzea, “bereziki” Auzitegi Nazionaleko auzitegi-mediku taldean, “torturaren konplize izateagatik eta arau etiko guztiak apurtzeagatik”.  

Are salagarriagotzat dute torturaren kontra diharduten askok epaileen jarrera. 2015eko otsailaren 26an torturari buruz Donostiako Koldo Mitxelenan egin zen mahai-inguruan epaileen jokabideaz sakon hitz egin zuten. Pako Etxeberriaren ustez tortura posible da epaileek euren zeregina betetzen ez dutelako, atxilotua haien ardurapean baitago komisaldegian egon arren. Amnesty Internationaleko Virginia Álvarezek ere ahotsa altxa zuen gai hori aipatzean: “Epaileen partetik egoera eskandalagarriak bizi ditugu. Portu eta Sarasolaren kasua lotsagarria da, adibidez”.

Baina zer espero liteke Unai Romanoren aurpegi ubeldua ikusi eta torturak ukatzeko gai izan zen Ruiz-Polancorengandik? Edo Egunkariakoek baino lehen Durangon hainbat atxilotuk ondo ezagutu zuten Del Olmorengandik? Zer Igor Portu eta Mattin Sarasola ospitalera larri eraman zituztela jakinik senideen habeas corpus eskaerari muzin egin eta inkomunikazioa luzatu zien Grande-Marlaska bezalako batengandik? Gerora, “etikaz” jokatu zuela esateko azala izan zuen instruktore-epaileak.  

NBEk Espainia gero eta estuago hartu du    

Genevako Wilson jauregiko aretoan “inkomunikazioaz” etengabe galdetu zieten Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeko kideek Espainiako ordezkariei. Horiek baina, sor egin eta legeak dioena betetzen dutela baino ez zuten erantzuten. 2015eko apirilaren 28 eta 29an batzordeak azterketa zorrotza pasa zion –seigarrenez– Espainiako Estatuari tortura saihesteko 2009tik hona hartutako neurrien inguruan. Batzordeko presidente Claudio Grossmanek pentsatuko zukeen babo aurpegiarekin jaiki zela ohetik egun hartan, espainiarren jarrera ikusita; 2009tik 2015era bildutako 300dik gora tortura salaketa zituen mahai gainean, horietatik 194 euskal herritarrenak. Bederatzi batzordekidetatik zazpik inkomunikazioaz galdetu zieten Espainiako ordezkariei, horiek ordea, berriz ere sor. “Terrorismoak ez du inolako justifikaziorik, baina abusuak ere ez”, esan zuen azkenean haserre Grossmanek.

Batzordeak bi aste geroago kaleratu zuen ondorioen txostena. Bertan “oso kezkatuta” azaldu zen inkomunikazio erregimenean egiten diren atxiloketekin, “askatasunik ez duten pertsonen funtsezko lege-babesen murrizketa” dakarrelako eta erregimen hori berriskusteko eskatu zion Espainiari, “abolitzeko asmoz”. Era berean, gogorarazi zuen tortura delituek ez dutela preskribitzen, Espainiako Kode Penalak dioenaren kontrara, eta horrelako edo antzeko krimenak ezin direla amnistiapean egon.

 

 

Hain justu, hilabete bi geroago, 2015eko uztailean NBEko Giza Eskubideen Batzordeak egindako beste azterketan, erakunde horrek “larritasuna” adierazi zuen Espainiak 1977ko Amnistia Legea mantentzeko duen jarreraren aurrean: “Legeak iraganeko giza eskubideen urraketak aztertzea galarazten du, batez ere tortura delituak, behartutako desagertzeak eta exekuzio sumarioak”.

2014an Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Nazionalak uko egin zioten frankismo garaiko hainbat torturatzaile ezagun estraditatzeko María Servini de Cubriak egindako eskaerari. Frankismoaren krimenen kontrako kereilan, besteak beste Antonio González Pacheco Billy el Niño eta Jesús Muñecas poliziak tortura kasu ugariren erantzule izan zirenentz aztertu nahi du Servinik –tartean Andoni Arrizabalaga Itziarren semea-ri edo Anparo Arangoari berari egindakoak–, baina espainiar auzitegi bereziak arrazoitu du delitu horiek preskribituta leudekeela, NBEk kontrakoa dioen arren.

Torturari dagokionez Espainiak nazioarteko eskaera eta txostenei muzin egitea ohikoa izan da orain arte. Baina gero eta maizago iristen dira euskal herritar torturatuen kasuak Estrasburgora, eta gero eta ugariagoak dira tortura salaketak ez ikertzeagatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiari ezarritako zigorrak. 2015ean Patxi Arratibelen kasua ezagutu dugu.

Arratibel 2011n atxilotu zuen Guardia Zibilak Etxarri Aranatzen, Ekineko kidea izatea leporatuta. Torturak eta tratu txarrak jasan zituela salatu zuen –berarekin batera atxilotutako beste hainbat lagunek bezala– eta hori demostratzeko polizia-etxean egindako deklarazioetako batean aztnugal utzi zuen idatzita sinaduraren ondoan, “laguntza” alderantziz. Ez Iruñeko auzitegiak, ez Nafarroako lurraldekoak, ezta Espainiako konstituzionalak ere ez zituzten aintzat hartu torturatuaren salaketa eta helegiteak. Orain, Estrasburgo izan da Espainiako justiziari esan diona salaketa hori ikertu behar zuela.

Portu eta Sarasolaren torturen auzia ere Europako goi mailako tribunalera iritsi da, kasu honetan tortura salaketa baino, torturarik izan zen ala ez aztertzen ari da Estrasburgo. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 2010ean lau polizia kartzelara zigortu zituen ETAko bi kideak torturatzeagatik, baina ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak torturatzaileak absolbitu zituen “erakunde armatuaren ildoari jarraituz tortura faltsuak asmatu” zituztela esanez. “Kazetari askori galdetu beharko genieke normala iruditzen ote zaien Guardia Zibilak ‘teknika ez agresiboekin’ lortzea polizia frantziarrak lortu ezin duena; hau da, euskal militanteek aitormen zehatzak egitea eta beren kideak ‘argi eta garbi salatzea’”, dio Xabier Makazagak 2015ean argitaraturiko El caso Portu-Sarasola liburu digitalean.

“Justizian zenbat eta gorago, orduan eta gutxiago begiratzen zaio torturari”, zioen Maritxu Paulus Basurko abokatuak Baionan 2015eko apirilean Paueko Unibertsitateak beste hainbat erakunderekin elkarlanean antolatutako Tortura, memoria eta inpunitatea jardunaldietan. Tortura saihesteko neurriez hitz egin zuten bertako mahai-inguruetan eta batek baino gehiagok Istanbulgo Protokoloaz dagoen ezezagutza nabarmendu zuen.

Istanbulgo Protokoloa: zertarako?

Istanbulgo Protokoloa torturak ikertu eta dokumentatzeko gida-lerro multzoa da, gisa horretako lehena nazioartean; 1999tik Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak onartuta dago. Euskal Herrian baina, azkeneko bizpahiru urteetan egin da ezagun, batez ere 2014ko irailean osasun arloko adituek eta giza eskubideen aldeko hainbat elkartek Madrilen aurkeztutako txosten baten harira.

Txosten horretan 45 euskal herritarren kasuak aztertu dituzte, denek inkomunikazio aldian torturatuak izan zirela salatu zuten eta Istanbulgo Protokoloan oinarrituta egindako azterketan egiazkotzat jo dituzte salaketa horiek. Lagin bat besterik ez da, baina ikerketaren egileen ustez demostratuta geratu da protokoloaren emaitzak balio dezaketela torturak izan direla frogatzeko eta gezurtatzeko salaketak ETAren aginduz egin direla.

2014 amaitzear zela Espainiako Auzitegi Nazionalean Segikoak izatea leporatuta 28 gazte epaitu zituzten. Epaiketan psikologo talde batek peritu gisa hitz egin zuen eta zehatz-mehatz azaldu torturak salatu zituzten hemeretzi gazteri –denak Espainiako Poliziak atxilotuta– Istanbulgo Protokoloa ezarri eta haien testigantzak nahiz koadro klinikoak ebaluatu ondoren –ostikoak, poltsa, mehatxuak, sexu erasoak...–, egiazkotzat jo behar zirela salaketa horiek.

“Ez dugu ezer sinesten”. Sei hilabete geroagoko sententzia espero zitekeen mailukada izan zen, batez ere epaimahai buru Angela Murillo izanik –torturak azaltzen ari denari “venga, arratsaldeon” esanez hitza mozteko gai den epailea–. Epaimahai horren arabera torturak ez ziren “inolaz ere egiaztatu” eta zazpi gazte seina urteko kartzelara zigortu zituen –gerora, Auzitegi Gorenak haietako bost absolbitu egin zituen–. Gazteen kontrako frogatzat, polizia-etxean egindako deklarazio eta autoinkulpazioak baino ez zituen aintzat hartu Auzitegi Nazionalak.

 

 

Torturak, frogak eta ondorioak

Torturapean egindako deklarazioetan soilik oinarritutako epaiak ez dira gutxi izan herri honetan. Bada, zentzu horretan, 2015ak berritasun bat ekarri du justiziaren arlora. Ekainean Auzitegi Gorenak deliberatu zuen aurrerantzean poliziaren aurrean egindako deklarazioek ez dutela balio izango epaiketan; ahozko auzian balio izango duen adierazpen bakarra, beraz, epailearen aurrean egindakoa izango da.

Ikusteke dago, baina, doktrina berria nola aplikatuko duten auzitegiek, orain arte epaileek beti bilatu izan baitute zirrikituren bat polizien aurrean egindako deklarazioekin soilik auzipetuak zigortzeko. Esaterako, Etxarte Salvador abokatuak Info 7 irratian gogorarazi moduan, oraindik ez da argitu zer gertatuko den inkomunikazio aldian epailearen aurrean egindako deklarazioekin. Eta zer gertatuko da komisaldegiko autoinkulpazioak oinarri hartuta orain arte zigortutakoekin? Salvadorren esanetan kartzeletan “modu ilegalean” daude. Zenbat daude egoera horretan? Atzeraeraginezko izaera izango al du Gorenaren erabakiak?

Asko dira torturatuak izan ondoren, horren ondorio juridiko eta penalak jasaten ari direnak. Torturaren itzala luzea baita oso eta eremu askotara barreiatzen du iluntasuna eta sufrimendua. Psikologikoki sortzen dituen ondorio emozionalez gain (anulazioa, lotsa, antsietatea, beldurra, disoziazioa, menpekotasuna...), osasunari loturiko kalte fisikoak ere urteetan antzeman edo ager daitezke. Baionako jardunaldietan Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako operazioan atxilotutako Joanmari Torrealdaik jakinarazi zuen minbizia duela, eta bai bera eta bai bere psikiatra ziur daude 12 urte lehenago jasandako tratu txarren ondorioz sortu zaiola gaitza. Zenbatek eraman ote dituzte halako egoerak isilpean?

ETAk armak utzi zituenez geroztik atxilotuen eta tortura salaketen kopuruak behera egin du; hala ere, arazo larria da oraindik. Anparo Arangoaren garaian polizia-etxeko “erradiadoreekin joaz” torturatzen zituzten gupidarik gabe disidenteak, urtetik urtera forma sotilagoak erabili izan dira, baina berdin-berdin ikaratzeko modukoak. Nola deitu, bestela, pertsona bat 500 gau eta egun bakar-bakarrik isolatuta edukitzeari, Jon Enparantza eta Arantza Zuluetarekin egin duten moduan? Tortura “zuria” deitu diote, baina torturak ez du kolorerik. Tortura, tortura da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


Eguneraketa berriak daude