Bularreko anai-arrebak

  • Umeak eta bularrak. Zenbat emakume, hainbat kontakizun. Guk garai batekoak bildu ditugu, eta hiru testigantza jaso. Bularrik hartu ezinik zebilen umeari beste emakumeek eman ziotenekoak. “Mamadoreak” edo “mamoiak” ere hor ziren: emakumeei bularreko gaitzak sendatzeko edoskitzen zutenak. Galtzen doazen, aldatzen doazen hazkuntza komunitarioaren lekukotzak denak. Inguruan galdetuz gero, aurkituko dugu zer kontatua duenik.


2018ko ekainaren 21ean
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

“Hil arropak ere prestatu omen zituzten niretzat jaio nintzenean!” esan digu Emilio Iridoy-k (1946, Hondarribia). Bere amak ez omen zuen esne nahikorik bularrean semea aurrera ateratzeko. Eta ahuleziaren ahuleziaz, larri izan zen Iridoy: “Hilzorian izan omen nintzen. Horrela kontatu izan didate beti etxean. Nik bularra hartzen nuen baina… hil-arropak josten ari zenak esan omen zion gure amari: ume hau gose da! eta horrela eraman ninduten bizilagunen etxera”. 

Inguruko bi emakumek ume jaioberriak zituzten, eta haiengana eramaten zuten bularra hartzera. Oraindik ere badu harremana bere bularreko anai-arrebekin. Arreba eta biak erdi-txantxetan ibiltzen omen dira kontu hori dela eta. 

Umea besoz beso, bularra ondo helduko zain

1945ean izan zuen umea Angela Garinek (1916, Lazkao). Bere ahizpa Lorentxak ere ez zuen askoz beranduago izan. Baina Lorentxari semeak ez zion ondo heltzen bularra, eta esnea hartzeko zailtasunak zituen. Ane Larrañagak gogoan ditu bere ama Angelak kontaturikoak. “Gure amak ez zuen dudarik egin. Ume jaioberria hartu eta Lazkaotik Usurbilera arteko bidea egin zuen, ahizpa Usurbilen bizi baitzuen. Behin iritsita, haren haurra besotan hartu eta bere bularrean jarri zuen. Gure amaren bularra hobeto heltzen zuen umeak. Ondo helduta zuela ikusten zuenean, gure amak bere bularretik ahizparenera pasatzen zuen umea, eta horrela behin eta berriz, harik eta haurrak bere amaren titia ondo hartu zuen arte”. Umeak ikasi zuela ikusita Angelak Lazkaorako bidea hartu zuen berriro, ahizparen haurrak esnea ondo hartzen zuen lasaitasunarekin.

Etxeko haur denentzat esnerik ez

Donostiako Gurutze Gorrian erditu zen haurraz Marixa Mitxelena (1941, Donostia), 25 urte zituela. Elixabete Muñoz, alaba, espero baino hilabete lehenago jaio izanak eragina izan zuen antza, eta segituan ohartu ziren jaioberria ez zegoela ondo. Odol jario handia zuen ahotik eta birikak ondo garatu gabe zituen; Donostiako ospitalera eraman zuten txikia.

Jaio eta bi egunera egin zion lehendabiziko bisita amak alabari. Mitxelena ospitalera igo zenean haurra gaizki zegoen: “hodiak zituen gorputz osoan, eta oraindik esnerik ez emateko agindu zidaten medikuek. Larri zegoen”. Egun gutxian, ordea, amak bularra eskaintzeko aukera izan zuen, eta oso pixkanaka bada ere, Muñoz indartzen joan zen. Mitxelenak atzo izan balitz bezala kontatu dizkigu egun haietan gertaturikoak. 52 urte pasa badira ere, Elixabeteren jaiotzarekin bizi izan zituenak betiko gorde zaizkio memorian. Sentimendu askorekin kontatu digu gertaturikoa: “Goizetan baino ezin genuen joan alaba ikustera. Batzuetan bular pixka bat ematen nion, eta beste askotan kristalaren beste aldetik ikusten nuen. Muñoz esnea hartzen hasi zenean, ordea, medikuak kristalezko botila lodi bat eman zidan. Bularreko esnearekin hura bete, hotzean gorde eta egunero-egunero ospitalera eraman behar nuela agindu zidan. Senideek etxea zuten Donostian eta euren etxean geratu ginen bizitzen. Gurasoak, gure familia eta 13 anai-arreba ginen etxe berean! Haiek komeriak, haiek!”.

Hondarribiko Okila baserrian ematen zion bertako emakumeak bularra Iridoyri.
Bertan bildu ditugu hiru testiguak: Emilio Iridoy, Ane Larrañaga (zutik) eta Marixa Mitxelena. Argazkia: Dani Blanco.

Amak hutsik egin gabe igotzen zuen esne-botila egunero. “Apirila hasieran, Alustiza medikua gerturatu zitzaidan, gure alaba osatu zela eta etxera joan gintezkeela esanez. Bazekien Oñatin bizi ginela, baina mesede handi bat eskatu behar zidala aipatu zidan. Itxuraz nire alabarentzat egunero betea eramaten nuen esne-botilaren zati handi bat leku berean ingresatuak ziren anai hirukietako biri jaten emateko erabiltzen zuten. Haien amak bost seme zituen, eta bat-batean hirukiak etorri zitzaizkion! Amak ez zuen esne nahikorik denak asetzeko, eta ume horiek ez zuten nire esnea besterik. Alustizak garbi esan zidan, nire esnea zela ume horien medizina bakarra”. Mitxelenak ez zuen dudarik egin: “Beste amaren lekuan jarri nintzen. Alustiza medikuari esan nion lasai egoteko. Egunero atera behar banuen, aterako nuela. Eta horrela egin nuen”.

Mitxelena Donostian geratu zen hilabete batzuetarako eta ekaina bitartean goizero igo zuen botila-esne ospitalera. Ander urtebeteko semea alboan zuen eta Elixabete jaioberria bular eskean, baina era batera edo bestera egunero esnea atera eta iristen zen ingresatuak ziren anaiengana. “Gehienetan nik eramaten nuen, baina ezin nuenean senideren bati eskatzen nion. Ezin genuen hutsik egin!”.

Ekainetik aurrera esne gehiagorik ez zuela eraman behar esan zioten Mitxelenari ospitalean. Ordutik aurrera ez du ezer gehiago jakin anai haiei buruz; gaur arte. Izan ere, lagun batzuen bitartez hirukiekin harremanetan jartzea lortu dute, eta egin dute zita. “52 urte igaro dira, baina beti izan dut gogoan kontu hau. Aterako ote ziren anai horiek galdetzen nion nire buruari… baina ez dut ausardiarik eduki hirukiak bilatzeko, eta orain poz-pozik nago. Pena bakarra dut, ordea, ama duela bi urte hil zitzaiela esan baitidate”. Denbora gutxian elkartuko dira denak mahaiaren inguruan, Hondarribian. Marixa Mitxelena eta sendiarekin batera izango dira bularreko anai-arrebak: Elixabete Muñoz eta hirukiak. Inoiz ez da berandu bularreko anai-arrebak elkar ezagutzeko!

 

"MAMADOREAK": BULARREKO MINAK SENDATZEKO TIRATZEN ESPEZIALISTAK

Urte honen hasieran zendu zen Usurbilen Jesus Arruti Gonzalez-Etxabarri, 1940an Asteasuko Azkonita baserrian jaiotakoa. Gaztetan mamadore aritu zela esaten zuen, naturaltasunez. Azkenengo aldiz, grabagailuaren aurrean kontatu zuen:

“Emakumeak familia izan eta umeak tiratzen ez bazuen, faborez eskatzen zidaten joango al nintzen tiratzera. Nik 16-18 urte izango nituen. Hots-egiten zidaten garaian joaten nintzen, egunez bezala gauez. Gure arreba zaharrena ere asko ibili zen mamadore”. Ontzia jartzen zuen aldamenean, eta edoskitutako esnea txartua bazegoen, ahoratu orduko ontzira botatzen zuen. Emakume batzuengana hiru-lau aldiz joan behar izaten zuen segidan, beste batzuek behin aterata nahikoa izaten zuten. “Gero esnea ateratzeko erremintak ugaritu ziren eta mamadoreak bukatu ziren”.

Arrutiren ume garaian oso arrunta zen esne nahikorik hartzen ez zuen umea beste emakume baten bularrean jartzea: “Inguruan bost-sei baserri baziren, eta umea egindako hiru-lau emakume, batek esne gutxi zuela eta besteak asko, umea auzoko etxera eramaten zuten. Igual ematen zituzten auzoko etxean hiru-lau egun, amari esnea etorri edo bularra sendatu arte”.

Estitxu Eizagirre Kerejeta


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren haziera
Instituturako jauziak ere egokitzapena behar du

Ume txikienen eskola-egokitzapenaz asko hitz egiten da, baina instituturako saltoa ere ez da xamurra: hormonak dantzan eta norbere beldur eta mamuak airean, Lehen Hezkuntzan babestuago egotetik ikasteredu zurrunagora igarotzen dira gazteak. Bide horretan laguntzea inportantea... [+]


Gurasoek nola eta zenbat erabiltzen dituzten pantailak zuzenean dago lotuta seme-alabek pantailekiko duten harremanarekin

Nerabe batek mugikor, tablet eta pantailei ematen dien erabileran eragin handienetakoa gurasoak direla frogatu du ikerketa batek. Alegia, nahiz eta adin horretan gurasoenganako distantzia bilatu ohi den, pantailekiko garatuko duen harremanean gurasoak oraindik ere eredu direla... [+]


Askatasunaren tresna

Denok dakigu askatasuna kontzeptu zaila dela, ertz askotarikoa, hitzez definitzen zaila. Maiz mugagabetasunarekin definitu ohi dugu, baldintzamendurik gabe erabaki ahal izatearekin, ondoriorik ez edukitzearekin, edota ekintzen ardurarik hartu behar ez izatearekin. Baina ez denez... [+]


Iruñeko haur-eskola publikoetako ikasle berrien %37 familia sozioekonomiko ahulekoak dira

Plaza eskatu duten guztiak onartuak izan dira onarpen-sistema berria eta zikloaren doakotasunari esker. 12.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familien 297 umek izango dute plaza.


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


2024-07-24 | Leire Artola Arin
Haurtzaroko sexu erasoek gizarte osoa seinalatzen dute

Komunikabideek hainbatetan kontatzen dute halako herritan haur bati sexu abusuak egin dizkiola entrenatzaileak. Beste zenbaitetan entzuten dugu haur baten aitona atxilotu dutela bilobari sexu abusuak egiten zizkiola egotzita. Gutxiagotan argitaratzen da umeari erasoa egin diona... [+]


Erloju adimendunak, gurasoen kontrol gosea asetzeko

Udako oporrak gainean, non dagoen uneoro jakiteko erloju adimenduna erosi diozu seme-alabari? Ez duzu bakarrik uzten, arduraz jokatuko ez duen beldurrez? Egungo belaunaldi gaztea inoizko kontrolatuena dela diote The Guardianen, eta dagoeneko adinez nagusi diren heldu... [+]


“Haurren parte-hartzeak ezin du izan eserita eta hitzaren bidez bakarrik”

Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


“Bilboko eskola-inguru asko kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira”

Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan... [+]


Plano aldaketa azkar asko dituzten marrazki bizidunen eragin negatiboa aztertu dute

Denbora laburrean plano aldaketa asko dituzten marrazki bizidunek, alegia erritmo azkarreko hiperestimulazio audiobisualak eragin negatiboa du umeen arretan, hainbat ariketa mental egiteko gaitasunean eta autoerregulatzeko ahalmenean, ikerketa batek ondorioztatu duenez.


Mugikorrik gabeko nerabezaroaren alde 3.000 familia konprometitu dira jada Nafarroan

Telefono mugikorra edukitzeko adina atzeratze aldera, indarrak batu eta dagoeneko 3.000 familiaren babesa duen elkartea sortu dute Nafarroan: Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa. 50 establezimenduk aukera emango diete gazteei, behar dutenean bertako telefono finkotik deiak egiteko... [+]


Eguneraketa berriak daude