Bilbo bere saltsan egosten da

Berrikuntzaren eredutzat aurkeztua izan den Bilbok dar-dar egin du azkenaldi honetan. Zein izan da lurrikara horren arrazoia? Buztinezko oinak ote dauzka Bilbo berriaren mitoak? Kezka zabaldu da herritarren zein agintarien artean, eta oraindik erantzunik aurkitzen ez duten galderak  hasi dira plazaratzen. Jakina da erantzunetan asmatzeko, ezinbestekoa dela aurretik galdera egokiak plazaratzea.

Oharkabean bezala gertatu zen guztia: iragan abenduaren 23an, goizaldez,  Ibon Urrengoetxea zornotzarra hila gertatu zen Bilbo erdian, Areatzako zubian bertan, ustez lapurretarako eraso baten ondorioz; handik gutxira Abandoko geltoki atarian, gazte bati eraso egin zioten era basatian, eta begi bat galdu zuen ondorioz; urtarrilaren 18an, azkenik, Otxarkoaga auzoko etxebizitzan Luzia eta Rafael 87 urteko senar-emazteak erail zituzten, ustezko lapurretaren asmoak ere esplika ezin dezakeen  basakeria erabiliz. Gertaera horiei lotuta direlakoan atxilotu dituzten guztiak 14-16 urte bitarteko gazteak izan dira, ardura penalik leporatzeko gazteegiak, alegia. Horrek ekarri du soka luzea, batez ere halako gertaerak direnean  berehala zigorraren premia aldarrikatzen dutenak beraien egarria ezin aseta aurkitu direlako. Zer egin orduan?  Zigorraren bidetik ez bada, nola erantzun gertaera larrioi? Seguru gaude Bilbon?  Polizia gehiago beharko da? Baina zertarako polizia ugaldu, lehenago ere oso ugaria denean?

Puntu horretan sortu da ezinegona, zalantzan ikusi delako azken urteetan agintarien eta apologisten aldetik horrenbeste laudatu izan den Bilbo berrituaren eredua. Puntu horretan kokatzen da, beraz, benetako galderak plazaratzeko abiagunea. Bilbo berri honek agertzen dituen arrakasta faktore hain nabarmenduak baino harago, badu kalteturik? Nortzuk, nola eta zergatik dira eredu honetatik baztertuak eta zokoratuak? Bilbo berriaren eredu hau ondo bideratua da? Zuzendu daitezke arazo hauek, eredua bera sakon aldatu gabe, ala aldiz, beste norabide bat eman behar zaio etorkizuneko hiri demokratikoari?

Galderok plazaratzea komeni da, bai, baina ezin pentsa erantzunak errazak eta berehalakoak izango direnik. Baina bide egokian abiatzeko, agian lagungarri gerta daiteke Bilboren ibilbideari apur bat sakonago erreparatu eta sarien zein goraipamenen liluran ez mozkortzea.

Bilbo berri honek agertzen dituen arrakasta faktore hain nabarmenduak baino harago, badu kalteturik? Nortzuk, nola eta zergatik dira eredu honetatik baztertuak eta zokoratuak?  Bilbo berriaren eredu hau ondo bideratua da? Zuzendu daitezke arazo hauek, eredua bera sakon aldatu gabe, ala aldiz, beste norabide bat eman behar zaio etorkizuneko hiri demokratikoari?

Bilboren izaera proteikoa hortxe dago: zenbat aldiz berritu du bere burua historian zehar, arrantzale eta itsastarren herrixka izatetik, merkatari eta artisauen herri; industriagune  mega-garatua ondoren, eta gainbeheratik birsortu den turismo eta zerbitzuen metropoli izan nahi duena orain; kasu bakoitzean hiriaren zentro eta periferiak ere aldatu dira, baina kasu guztietan ertzak eta bazterrak sortuz; zeintzuk dira gaur egungo bazterrak? Ze ezaugarri dute? Oraingo eredu global hau, unibertsaltasunaren izenean Londresen, Shanghain edo Berlinen distiratsu erakusten dena, Bilboko bertoko eta are Euskal Herriko  biztanleak asetzen ditu? Ikusi ere ikusten ditu?

Iñaki Azkuna alkate ohiak Shanghaiko nazioarteko erakusketara Bilboren irudia eraman nahi izan zuenean, koadro handi luzea aukeratu zuen: Abandoibarra-Guggenheim ingurua nabarmentzen zen batez ere hiri osoa agertzen zuen mihisean. Nabarmendu bai, eraikuntza modernoak, baina ez zen bizidun bakar bat ageri koadro hartan.

Post-Azkuna garaian dago Bilbo. Gauzak zer diren, oraingo alkatea azken hilabeteetan Azkunaren komunikazio eredu eta modu berbera kalkatzen ari zela iruditu zitzaigun, Azkunaren estiloa birsortu nahian zebilela... harik eta azken gertakarien zurrunbiloa lehertu den arte. Orain galdera irekiak hor daude, nork erantzungo.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude