CUP-en esperientzia

Nola egin politika feminista udal batean?

  • Isabel Vallet eta Georgina Monge CUPeko kideak dira eta errepublika feminista eraikitzeko diskurtsotik praktika politikora jauzi egiten denean ikuspegi feminista nola lantzen den aztertu dugu beraiekin. CUP 32 udaletan ari da gobernatzen, eta azpimarratu digute lan asko egin bada ere, ikaragarri dagoela egiteko.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2018ko urtarrilaren 21a
Isabel Vallet, erdian, eta Georgina Monge, eskuinean, Bartzelonako Grācia auzoan egindako mahai-inguruan. Argazkia: Jordi Borrās.
Isabel Vallet, erdian, eta Georgina Monge, eskuinean, Bartzelonako Grācia auzoan egindako mahai-inguruan. Argazkia: Jordi Borrās.

Isabel Vallet CUPeko militantea izateaz gain, Endavant mugimendukoa ere bada. CUP Kataluniako Parlamentura lehenengo aldiz aurkeztu zen legegintzaldian diputatu izan zen 2013tik 2015erako tarte laburrean. Georgina Monge CUP babestu zuen Crida per Sabadell alderdi politikokoa da. Alderdi hori ari da gobernatzen Sabadelleko Udalean. Justa Revolta talde feministako kide ere bada.

Hala galdetu diegu solaskideei, ea independentismoaren irakinaldiarekin batera egosten ari den indar feminista Katalunian. Mugimendu feministaren gorakada ez dute kokatu procés-arekin batera, beste bi gertaera azpimarratu dituzte: abortatzeko eskubidearen aldeko mugimendua, Alberto Ruiz Gallardón Espainiako Justizia ministro ohiak Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa aldatzea proposatu izanak eraginda; eta Parekidetasun Legea. Konstituzio Auzitegiak legea partzialki etenda dauka. Mugimendu feministak eremu politikoan aritzeko tresna baliagarritzat hartu zuen CUP. Lorpen instituzionalen ikuspegitik sinbolikoagoa izan zen lehenengo legegintzaldia eta aldiz borrokaren ikuspegitik indartsua. Valletek oso bestela azaltzen du bigarren legegintzaldia. Parlamentukoak baino, udaletako lanak hartu zuen indarra. 32 udaletan ari dira gobernatzen. Feminismoaz gogoeta sinbolikoa bigarren mailan utzi eta praktikan emakumeen bizi baldintzak hobetzeko neurriak lantzen hasi ziren. “Hori askoz zailagoa da, –dio Valletek–, zeren lan erreproduktiboez eta zaintza lanez hitz egin behar duzu, lan horiek emakumeen ardurapetik atera eta sozializatzeko neurriak hartu behar dituzu, zerbitzu publikoak aztertu behar dira, munizipalizazioak landu nahi genituen...”.

Udal feministak terminoa erabiltzen dute eta programa politikoak dioen bezala lan garrantzitsuenetako bat burujabetza berreskuratzea da. Burujabeak elikagaietan, bizitokian, energian, enpleguan, kulturan, parte-hartzean eta erreprodukzioan. Hortxe, esate baterako, udal kudeaketan aurkitzen duten zailtasun handietako bat: burujabetza horietako bakoitzak atal bat osatzen du eta genero gaiak erreprodukzioaren atalean pilatzen dira. Hala dio Mongek: “Beste burujabetza guztiak zeharkatzen ditu generoak, baina zaila egiten zaigu hori ulertzea, genero gaiak generoaren zakuan pilatzen dira”. Udaletan genero ikuspegiko politikak egiteko zailtasunak mota askotakoak dira. Udal langile askok ez dute genero heziketarik eta sarri ikasteko eta hezteko gogorik ere ez; langile gehiago kontratatzeko dirurik ez dago; Espainiako Estatuarekiko konpetentzia arazoak dituzte. Azken horri buruz adibide bat: udalak langile bat azpikontratatu nahi du eta jakin nahi du azpikontratatzera doan langilearen enpresak langile emakumezkoei eta gizonezkoei soldata bera ordaintzen dien. Bada, enpresak uko egin diezaioke informazio hori emateari, Espainiako Estatuko legediak ez du horretara behartzen. Udal politika feministak egiteko zailtasunez ari garela datu esanguratsua eman digute solaskideek, gobernatzen duten 32 udaletako inork ez du superabitik. “Zuei inbidia dizuegu”, diote.

Crida per Sabadell talde politikoko zinegotziek kargu politiko horren autoesplotazioaz gogoeta egin zuten, ikuspegi feminista landuz

Oztopoak oztopo, zein ekintza ari dira bultzatzen udaletan? Egiteko errazenen eta zailenen multzoak egin dizkigute. Errazenak: gizonentzako maskulinitate ikastaroak, jaietan sexu erasoetarako protokoloak, haurtzaindegietan koheziketa plana... Askoz zailagoak, tartean lehen Valletek aipatu dizkigun batzuk: zerbitzu publikoak diseinatzea, munizipalizazioa, udaleko aurrekontuak genero ikuspegitik lantzea...

Diskurtsoan agian ez, baina praktika politikoan eta beren antolakuntza feminizatzerako orduan gabezia handiak dituztela aitortzen dute, asko eginda bai, baina ikaragarri egiteko.

Anna Gabriel eta beste hainbat emakumeren aroa

Datu batzuk eskaini dizkigute. Ezker independentistaren militantziaren %30 da emakumezkoa, eta kopurua handitzea asko kostatzen zaie. Aldiz, azken hauteskundeetarako zerrendetan emakumeak %52 ziren eta gizonak %48. Valletek legegintzaldika egin du errepasoa. Lehenengo legegintzaldian CUPek aurpegi maskulinoa zuen, David Fernández zen buru. Alderdi politikoa saiatu zen profil publiko bakarra sortu beharrean bat baino gehiago izaten, baina hedabideen aldetik ez zen ondo hartua izan. Gainera, CUPeko bigarren aurpegia bistaratzea lortzen zutenean emakumeek ez zuten ezer irabazteko, ilaran zegoen bigarrena ere gizona baitzen. Bigarren legegintzaldian bestela jokatu dute. Buru publikoa Anna Gabriel izan da eta horretaz gain beste hainbat emakumek presentzia handia izan dute eremu publikoan. Ziur daude emakume militante kopuruak gora egin duela bigarren legegintzaldian, diskurtso feminista duelako mugimenduak eta emakumeak politika egiten ikusi dituztelako. Bestalde, Valleten ustez, ez da kasualitatea lehen lerroan egon diren emakume horiek iritzi publikoaren aldetik jaso duten tratu txarra.

2015eko hauteskundeetan, aldiz, atzera egin zuen CUPek. Lau probintzietako zerrendaburuak gizonezkoak izan ziren. Kritikak jaso zituzten eta kritikok zilegiak direla diote. Honela justifikatzen du mugimendu politikoak gertaera: ez dago kide gutxiko kontseilu exekutiborik zerrendaburuak hautatzeko, ehunka militantek aukeratzen dituzte zerrendaburuok eta horien artean gehienak gizonezkoak dira. Udaletan kargu politikoa dutenak ere gehienak gizonak dira eta orokorrean gizonek emakumeek baino botere informal gehiago dute. 2017ko hauteskundeetan, bi gizonezko eta bi emakumezko hautagai izan dira.

Gauza bat da hauteskundeetara begirako ordezkaritza sistema eta bestea CUPek etxera begira egiten duena. Antolakuntzan genero kuotak ezarriak dituzte.

Zinegotzi “autoesplotatuaren” eredua ezbaian

Politikan emakumeak aritzeko neurriez galdetu diegunean segituan heldu dio hariari Mongek, bai baitaki zertaz ari den, ia urtebeteko haurra dauka. Biltzar nazionaletan ludoteka zerbitzua edukitzen dute, ez aldiz probintzia mailakoetan, eta udal batzuetan ere ez. Bere bizitokian, Sabadellen, badu aukera hori. Gaineratu du halako neurriak amei begira hartzen direla sarri eta ez lukeela hala behar, zaintza lanak ez baitira emakumeen ardura soilik. Ama izatea eta militantzia uztartzea zaila egiten zaiola aitortu du.

2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetan, lau probintzietako CUPeko zerrendaburuak gizonezkoak izan dira. Kritikak jaso dituzte
eta kritikok zilegiak direla diote

Mongek, Sabadelleko Udalean gertatutako adibide esanguratsua kontatu digu. Crida per Sabadell talde politikoko zinegotziek kargu politiko horren autoesplotazioaz gogoeta hasi zuten. Hau da, zinegotziak lanerako prest egon behar du urteko 365 egunetan, asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 ordutan. Politikagintzan aritzeko modu bakar hori kontuan hartuz gero, ezaugarri oso zehatzetako profila, betikoa, ateratzen zitzaien: gizona, familia ardurarik gabea edo edukiko ez balitu bezala jokatzen duena, eta adinez erdi mailakoa. Nola uztartu, beraz, bizi zikloa eta politikagintza, zer egin amak, eta ez amak bakarrik, baita politikagintzarako heziketa gutxi duten pertsonak gerturatzeko? Hausnarketan ari zirela, hain justu, Berdintasun zinegotzia haurdun geratu zen bigarren aldiz. Galdera berbera egin zuen ama izango zenak: Nola izango naiz zinegotzi bigarren haurra izanda? Ez dakigu zinegotzi izaten jarraituko duen ala ez ama izaten denean. Kargu politikoaren eztabaidaren ondoren erabaki zehatzik ez dute hartu, baina gure solaskideen ustez oso garrantzitsua izan da gai hori mahai gainean jartzea. Valletek azkena eman dio gai honi: “Nik neuk emakume baten diputatu postua hartu nuen lehenengo legegintzaldian, ama izan zen eta haurrarentzat bestelako zaintza bat nahi izan zuen”. 

Bistan da bide luzea dagoela egiteko, gure solaskideek diote ikasten ari direla, eta errepublika feminista pausoz pauso eraikitzen ari direla.

Eta gizonek zer diote?


Isabel Vallet CUPeko diputatu ohiaren ustez, gizonez eta emakumez osatutako taldeek, herri mugimendu guztiek, gabezia handiak dituzte feminismoari dagokionez. Maila teorikoan ez dute hutsune nabarmenik, baina praktika politiko feministan nekeza da aurrera egitea. Emakume eta gizon militanteak gizarte patriarkaleko kideak dira eta heziketa patriarkala deuseztatzeak bestelako heziketa eskatzen du. Valletek Endavant mugimenduan ere hartzen du parte eta talde horretan militante gizonak behartuta daude maskulinitate eskolak jasotzera. CUP gauza bera egiteko bidean da.

Georgina Mongeren iritziz, gauza batzuetan oso ondo ari dira eta beste batzuetan ez. Praktika politikoan feminismoak zeharkako ardatza izan behar duela oso ondo ikusarazten ari direla uste du. Bi adibide jarri ditu, garrantzi maila oso desberdinekoak. Batetik, CUPeko ordezkari politiko gizonezkoek sarri hitz egiten dute femeninoan, eta bestetik, alderdian ez da gizonik programa politikoan feminismoa garatu behar dela zalantzan jarriko duenik. Zein eremutan dituzte erresistentziak? Bada, etxe barruko bortizkeria matxistaz hizketan hasten direnean. Mugimendu sozialetan indarkeria saihesteko ekintza planak txertatzea nekeza egiten zaie, “ez baikara ari gizarteko gizonen jarrerak ezbaian jartzen, gure mugimenduko gizonen portaerez ari gara”.  Beste eginkizun zaila politikaren ikuskera maskulinizatua desagerraraztea da. Monge ez da ari ordezkari politikoen gizon-emakume kopuruaz, feminismoa politikagintzaren zeharlerro bihurtzearen zailtasunaz baizik. Adibide bat: sozio politikoekin gobernatzen duten udaletan  genero gaiak lehen lerrora eramatea ikaragarri kostatzen zaie, inoiz ez omen dira lehentasun.

 

 

Kanal hauetan artxibatua: Katalunia independentziarantz  |  Feminismoa  |  CUP  |  Katalunia

Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...
2018-02-21 | ARGIA
Espainiarentzat zaila izango da Anna Gabriel Suitzatik estraditatzea

Anna Gabriel CUPeko kideak Espainiako Auzitegi Gorenean ez aurkeztea eta Genevan (Suitza) geratzea erabaki ondoren, Espainiako medioak haren balizko estradizioari begira jarri dira. Baina, aukera horren alde agertzen diren hedabideek ere, ez dauzkate gauzak argi.


2018-02-20 | ARGIA
Anna Gabrielek salatu du jazarria dela Espainian eta ez dela Auzitegi Gorenean aurkeztuko

CUPeko kideak Suitzako egunkari batean adierazi du ez dela Madrilera joango uste duelako han ez duela epaiketa justurik izango.


2018-02-19 | ARGIA
Rovira eta Pascal libre, lehena 60.000 euroko fidandatzekin

60.000 euroko fidantza jarri dio Pablo Llarena Auzitegi Nagusiko epaileak eta libre utzi du ERCko idazkari nagusia. Urriaren 1eko antolaketaren goi mailako taldean egotea leporatu dio. Marta Pascal PdCATeko buruzagia libre utzi baldintzarik gabe.


Kataluniako prozesuaren erantzuleetako bat izatea leporatu diote Mediaproren sortzaileari

Jaume Roures Mediapro komunikazio taldearen sortzaileak Madrilgo Auzitegi Nagusian deklaratu beharko du, Kataluniako prozesua zuzentzen duen “batzorde buruaren” parte izatea egotzita. Urriaren 1eko erreferendumaren erantzuleak deklaratzera eramango dituen auzi berean sartu du Guardia Zibilak.


2018-02-14 | ARGIA
Mireia Boya CUPeko kidea aske geratu da, kautelazko neurririk gabe

Asteazken goizean deklaratu du Espainiako Auzitegi Gorenean Mireia Boya CUPeko kide eta diputatu ohiak. Matxinada eta sedizio delituak leporatzen zizkioten, baina deklaratu ostean aske geratu da kautelazko neurririk gabe.


Oscar Escuder, Plataforma per la Llengua-ko lehendakaria
"Espainia ez da aldatuko eta katalan hiztunok anomalia izateari utzi nahi diogu"

Plataforma per la Llengua elkarteak mende laurdena betea du.14.000 bazkide ditu eta katalan hiztunen eskubideak babestea du helburu. Ez dira hamar urte elkartea estatu propioa eskatzen hasi zela. Oso sinple azaldu digu zergatia Oscar Escuder elkarteko lehendakariak: Espainiako Estatuko legeen arabera, katalan hiztunak errespetatu beharko lirateke. Praktikan hala ez denez, hiztunen eskubideak babestuko dituen estatua sortzea proposatzen dute.


Hitza eta erabakia etxean gatibu

Politikan ez da gauza politikan zioen Lazkao Txikik. Seguruena katalan independentistek arrazoia emango liokete urtarrilaren 30ean Parlamentuaren inguruan bizi izandakoa eta gero. Beste behin ere, kupula politiko batek erabaki zuen gehiengoak boz bidez presidente hautatukoa baztertzea.


Fauna publikoa
Felipe Gonzalez, ongiaz eta gaizkiaz haraindi

Zinismo hitzaren definizioaren ondoan Felipe Gonzalezen esaldi hau agertuko da, noizbait, hiztegiren batean. Denbora kontua da.


2018-02-05 | ARGIA
Hautetsien Batzarrak Bruselan bertan Puigdemont lehendakari berrestea ari dira negoziatzen

Asteburuan Carles Puigdemont ERCko ordezkariekin bildu ostean, badirudi Kataluniako prozesuak bizi duen oraingo korapiloa askatzeko irtenbidea adostu dutela, bertako zenbait hedabidek zabaldu dutenez.


2018-01-31 | Andoni Mikelarena
Inplosio arriskua independentisten artean, inbestidura saioa atzeratu ostean

ERCk “aldebakarreko” erabakia hartu zuen inbestidura saioa atzeratzeko. JxCAT eta CUPi ez zaie gustatu errepublikanoen erabakia eta azken asteetan ezkutuan eraman dituzten eztabaidak azaleratu dira.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude