Vandenboschia speciosa iratzea

Gure erreketako altxor ezkutua

  • Ez; Euskal Herrian ez dugu klima tropikalik. Baina bai; baditugu iratze paleotropikalak, hezetasun handiko eta tenperatura ez oso aldakorreko guneak behar dituztenak. Horietako bat da Vandenboschia speciosa. Ezagutzen duenak bat egin lezake bere izen zientifikoaren esanahiarekin: speciosum “ederra”, “itxura onekoa”. Aldiz, bere edertasuna lehen aldiz aurkitu zuen botanikariaren subjektibotasunaren emaitza baino ez dela pentsa daiteke. Vandeboschia speciosa landare berezia, bitxia eta erakargarria dela, ordea, ezin inork ukatu; edo, ikusi al duzu inoiz iratze zeharrargirik zure inguruan?

Iņaki Sanz-Azkue
2017ko abenduaren 31
Argazkian, esporofito fasea. Argazkia: Dani Blanco.
Argazkian, esporofito fasea. Argazkia: Dani Blanco.

“Trés rare”; oso arraroa omen zen iratze hau Euskal Herrian XIX. mendean. Hala esaten zuten behintzat aurreneko aleak aurkitu zituzten botanikariek euren artikuluetan. Biriatuko mendietan aurkitu zuen aurrena (1885an) Zeiller botanikariak. Eta amua bota zien beste botanikariei, inguruan gehiago izango zirela aipatuaz. Honela, urte gutxira (1898an), M. Michel Gandoger botanikariak Bulletin de la Société Botanique de France izeneko aldizkarian aurkikuntza baten berri eman zuen. Trichomanes radicans –egun Vandenboschia speciosa moduan ezaguna– izeneko iratzea aurkitu zuen Jaizkibelen: Pasaian eta Hondarribian. Artikuluaren hasieran adierazten duenaren arabera, Gipuzkoa ez zen a priori botanikari hauek erakartzen zituen lurraldea. Hau dela eta, dio, gutxitan bisitatua izan zela Andaluzia bezalako lurralde “exotikoen” aldean.

Behin bidea irekita, beste hainbat lekutan aurkitu zuten iratzea: 1904an, M. Daguinek –Baionako Lizeoko irakasle zenak– eta Zeiller berak, Laxia arroan, Txarraenia arroilan eta Bidarraien.

Dokumentu zahar hauek irakurrita,  bada gaurkotasuna galtzen ez duen aipamenik. Izan ere, botanikari zaharrek iratzea aurkitu zuten guneei buruz egiten dituzten deskribapenek landarearen bizilekuaz, eta gaur egun ere bizitzeko behar dituen baldintzez pista asko ematen dizkigute.

Bailara ilunetan ere bada bizitzarik

Botanikariek idatzitako artikuluetan bailara sakon, arroila edo kobazuloez hitz egiten dute maiz. Izan ere, Vandenboschia speciosa iratzeak eremu subtropikaletan ematen diren baldintzak behar ditu bizirauteko: hezetasun handikoak eta tenperatura ez oso aldakorrekoak. Eta baldintza horiek, gurean, gune horietan betetzen dira: isurialde atlantikoko bailara itxietan.

Iraganean hedapen zabalagoa zuen espezie erliktiko honek, egun, basoz inguratutako haran sakonetan aurkitu du bere babesgunea; ibar-basoak errekako hezetasunari alde egitea oztopatzen dion lekuan. Toki horietan, izozteek kostata estaltzen dituzte erreka aldameneko arroilak eta harri arteko kobazulo txikiak, eta tenperaturak egonkorragoak dira urtean zehar. Hor aurkitzen du iratzeak bere txokoa; baldintza subtropikaletara gehien inguratzen den eremuan. Ezaugarri horiei, iratzeak azidotasun handiko lurzoruekiko duen joera gehitu behar zaie.

Euskal Herriko Vandenboschia speciosa iratzearen populazioak arduraz zaindu beharko genituzke. Iratzearen gunerik onenak Europan Azoreetan, Madeiran eta Kanariar irletan daude, bertako klima iratzearen oso aldekoa delako. Europa kontinentalean, ordea, iratzea kostaldera dago mugatua. Bretainia eta Britainia Handiko hainbat kostako lekutan aurkitu da, beti ere modu ez jarraian banatua. Europa barrualdean, gune jakin batzuetan baino ez da topatu. Euskal Herritik behera eginda, egoera ez da askoz hobea.

Vandenboschia speciosak bailara heze eta itxiak ditu gustuko. Argazkia: Dani Blanco.
Iratze zeharrargia

Erreka sakonen ertzeko harkaitzen zuloak, iluntasuna; hori da bere lekua. Oso landare gutxik jasango duen iluntasun horretan, argi izpi gutxi batzuk eskuratuz egin beharko du fotosintesia bizirauteko. Iluntasunean hazten den baldintza subtropikaleko landarea izatea gutxi balitz, bere hosto edo frondearen berezitasuna ere agerikoa da. Izan ere, zelula geruza bakarrez osaturikoak dira, zeharrargiak. Gardentasun puntu horrek emango dio ederra deitzeko hautua egin zuen botanikariari arrazoia. Alde horretatik “speciosum”, espeziala baita.

Iratzeak ezkutuan bizi nahi zuen baina…

Azken hamarkadetan Euskal Herrian egin diren iratzea bilatzeko ahaleginek fruituak eman dituzte, eta aurretik ezezaguna zen tokietan edo urria zela pentsatzen zen lekuetan ale berriak aurkitu dira. Laginketa sakonak egin diren lekuetan, Jaizkibelen eta Urumean esaterako, aurretik ezagunak ziren aleen kopurua 10 aldiz handitu da azken hamarkadan. Honek guztiak arrazoi bat du, ordea: mende honen hasieran Euskal Herrian ordura arte ezagutzen ez zen iratzearen sekreturik handiena aurkitu zuten bertako zientzialariek: Vandenboschia speciosaren gametofito fasea.

Euskal Herrian, beste leku askotan ez bezala, iratze hau bere bizi-zikloko bi faseetan aurkitu daiteke: gametofito eta esporofito faseak

Iratzeak ezkutuan bizi nahi bazuen, alferrik du dagoeneko. Iratze guztiek bere bizi-zikloan zehar bi fase, bi gorputz ezberdin eduki zitzaketela jakina bazen ere, Euskal Herrian Vandenboschia speciosaren “iratze itxurako” fasea soilik ezagutzen zen, esporofitoa. Ordea, bada beste fase bat, iratzeak erabat bestelako itxura duena: gametofito fasea. Fase honetan, iratzeak goroldioaren antza hartzen du, zailagoa da ezagutzen, txikiagoa da, eta hori gutxi balitz, erreka ertzeko zulorik ilunenen barrualdean ezkutatzen da askotan, ia ikusezin bihurtuz.

Gametofito fasea Euskal Herrian aurkitu zen lehendabiziko egunetik, ordea, garbi ikusi zen hortik aurrera iratzea leku gehiagotan ere aurkitzeko aukera zegoela. Izan ere, Euskal Herrian, beste leku askotan ez bezala, iratzea bere bizi-zikloko bi faseetan aurkitu daiteke, bi gorputz ezberdin izango balitu bezala, eta biek gainera, bizileku ezberdinak erabili ditzakete, iratzearen biziraupenerako abantaila handia izanik. Iratzearen gametofito fasea ezagutzeak, beraz, bide berri bat ireki zuen Euskal Herriko botanikarientzat. Ordutik, Vandenboschia speciosaren ikerketan ari den Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldeak ezagutzen ez zen lekuetan aurkitu du garoa. Urtero-urtero, aurretik ikusi gabeko lekuren batean azaltzen da oraindik ere.

Iratze honi buruz martxan den Europako ikerketa genetikorako, Jaizkibel eta Urumean hartutako laginak garrantzitsuak izango dira

Konplexutasun hau guztia dela eta, eta Euskal Herriko errekek ematen duten ikerketarako aukera bikaina baliatuta, Granadako Unibertsitateko Víctor Suárez doktorearen taldea Jaizkibelera eta Urumeara etorri zen 2012an, iratze honi buruz egiten ari diren Europako ikerketa genetikorako laginak hartzeko. Euren esanen arabera, bertako populazioek garrantzi handia izango dute ikerketan.

Erreka ertzeko basoak zaindu ezean, zaurgarri

Europan babestua dagoen espezie honek jasan ditu mehatxuak ere. Irlandan, adibidez, ia desagertzear izan zen bildumazaleek euren herbarioetarako jaso zituztelako. Euskal Herrian, ordea, mehatxuak bestelakoak dira. Basogintza gogorrenek eragindako erreka ertzeko basoen mozketek edo eta arro oso batean egindakoek kalteak sor ditzakete, babesa kentzen dietelako eta izozteen aurrean zaurgarriago bihurtzen dituztelako. Urumeako arroan egindako modelizazio lanek ere, ez diote etorkizun ona aurreikusten espezieari. Eta klima aldaketa etsai gogorra izan daiteke hezetasun maila altua eta tenperatura egonkorrak behar dituen espeziearentzat.

Naturak eman digun bitxikeria honek gure artean jarraitzea nahi badugu, erreka ertzeko basoak ondo mantentzea, edo eta berreskuratzea da prebentziorik onena. Landare hau bilatzen lan egiten dugunok, bestalde, Europako ikerketa genetikoaren emaitzen zain jarraituko dugu, bitartean, ale berrien bila erreka ilun eta malkartsuetako pareta hezeetan begiak irristatzeko aukerarik galdu gabe.

Kanal honetan artxibatua: Baso naturalak

Baso naturalak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-12-28 | ARGIA
Donostiako metroko obretan baso-mozketa baimendutakoaren bikoitza izan dela salatu du Satorralaiak

Donostiako Antiguako hainbat eremutan zuhaizti eremu zabalak kaltetu zituzten metroko obrek joan den abenduaren 12tik 15era egindako baso-mozketek. Eguzki talde ekologistak eta auzotarrek jo zuten alarma.


2015-02-08 | Jakoba Errekondo
Gernikara? Eskinosoa

Basoa janaria sortzeko eta metatzeko kaos oparoa dela nioen aurrekoan. Eta kaos horretan harrapari iaioenak nagusi. Belearen familiako korbidoak ez dira harrapariak, baina ez dira atzean geratzen... Belabeltza, bele txikia, erroia, belatxingak, mika, eskinosoa... Azken hori da basoarekin lotura estuena duena. Baso mugako arbolak ederki miatu eta fruituak onenetik onenera jaten ditu: gerezi, udare, aran, eta abar. Hala ere bere buila eta zalapartak ederrak dira. Eta lumaje urdina erakusten duen... [+]


2015-01-18 | Jakoba Errekondo
Edertasuna bai

Esan zaion zerbaiti entzuleak ameto ematen diola edo egokia dela iruditzen zaionean bai beharrean beleza, hau da, “edertasuna” erantzuten duen herrian ibili naiz. Telefonoak medio gure artean nagusitu den “ok” motzaren aldean ederra. Edertasuna, alajaina. Baietzaren edertasuna, ahoa neurri, ahoz aho, bolo-bolo guztien aho mihietan darabilen herria, bai. Ez da harritzekoa, tximeleta urdin-urdin eta berde bizi eta txori gorri artean bizi dira. Beleza.

Natura ederra da... [+]


2014-11-09 | Jakoba Errekondo
Atenas-Oņati-Manaus

Laster ikusiko ditudan itxaropena dut, ondo bidez, Manausen, Amazonasen. Neureak ez, baina elkarren senide diren bi ikustera noa. Bata, Atenasen bataiatua, 1860an. Oñatin bestea, 1798an. Lehen ere bai, baina bataiatu ondoren ere, Erdialdeko Amerika eta Amazonas artean bizi dira.

Sokrates famatuaren ohorez bataiatu zuten Socratea exorrhiza. “Exorrhiza” hitzak adierazten du lurretik kanpora ere sustraiak dituela, trikimako sustraiak. Palmondo bat da, eta oihanean, argia jaso... [+]


2012-01-15 | Jakoba Errekondo
Negu berri on

Gure jendartearen ur-aparretako bizi-mailari eusteak guda besterik ez dakargu. Energia premia gero eta harroagoak asetzeko, dagoen tokian dagoela, lapurtu eta ekartzen dugun petrolio upela etxeko atari aurrean, muturrean lehertuko zaigu. Gerra gorria. Energia premia apaltzea eta bertan sortzea da irtenbide bakarra.

Europan XX. mendeko lehen erdiko gerrateen ondorengo erregai eskasiari aurre egiteko gasogenoa zabaldu zen. Petroliorik ezean, gasolio eta gasolina gabezian, gai solidoak erreaz... [+]


2011-04-17 | Jakoba Errekondo
Otetan

Urre koloretan lore da otea, Ulex europaeus. Gure otadi eta otatzetan ezagunena dugun honi ote zuria ere deitzen zaio. Bi subespezie bereizten dira, Ulex europaeus subsp. europaeus eta subsp. latebracteatus. Ez da gurean espezie bakarra, ordea, ez gure paisaia kulturalean, ezta gure kulturaren paisaian ere. Ote beltza ere badugu. Ulex minor edo Ulex gallii, bati zein besteari deitzen zaie beltz.

Baztanen, urre meatzetako lurra urarekin nahasi, ote zarbekin egindako galbahetan iragazi eta... [+]


2010-11-28 | Jakoba Errekondo
6

Sei egunez behin landare berri bat aurkitzen dute Amazonian. 1999 eta 2009 urteen artean 637 landare berri eta ia beste hainbeste animalia topatu dituzte. 6.700.000 km2 ditu bederatzi estatuk osatzen duten Amazoniak: Venezuela, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Ekuador, Guyana, Guayana Frantsesa, Surinam eta Peru. 320 aldiz Euskal Herriaren azalera duen oihan horretan munduko espezie ezagunen hamarretik bat bizi da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude