Hezkuntzaren zimenduak lekualdatzen

  • Ez zaio arrotza Kilometroen jaien prestaketa Oñatiko Txantxiku Ikastolari. 1989an egin zuten aurreneko aldiz, eta irailaren 24an bigarrenez hartuko du jaia herriak. Mende erdia bete du aurten ikastetxeak, eta berrikuntza pedagogikoaren zurrunbiloan iritsi da urtemugara.

Hainbat oñatiarrek esan ohi dute inoiz gutxitan ikusi dutela herriko plaza 1989ko Kilometrotan bezain beteta; aparkalekuek gainez egin zuten, ogitartekoetarako ogi gabe geratu ziren tabernak, Eganek plaza osoa jarri omen zuen dantzan. Txantxiku Ikastola batxilergo ikasketak eskaintzen hasi zen garai hartan, eta aldaketa hari aurre egiteko, besteak beste, antolatu zen Gipuzkoako ikastolen jaia Oñatin. Aurten 50 urte bete ditu ikastetxeak eta berrikuntza pedagogikoaren zurrunbiloan bete-betean sartuta ospatuko du festa.

Haur Hezkuntzan egindako lanak
etapa guztietan eragin du ezbaian jartzea orain arteko lan egiteko modua

3 urteko 28 ikaslerekin hasi zuen bidea Txantxikuk 1967an, klandestinitatean eta Elizaren babespean, gehienak lez. Aldaketak zenbakitan emanda, bost hamarraldiren ondoren, 0 urtetik 18 urte arteko heziketa eskaintzen du, eta 978 ikasle, 572 familia, 118 laguntzaile eta 86 langilek osatzen dute ikastola. Zenbakietatik harago, hezkuntza munduak bizi dituen erronkei eta aldaketa-giroari engaiatuta dabil ikastola azken bolada luzean.

“Denok berdina esaten dugu: gizartea aurrera doa, gero eta informazio gehiago daukagu pertsonok nola funtzionatzen dugun, zerk motibatzen gaituen… baina orain dela urte gutxi arte, klaseak duela 30 urte arteko moduan ematen genituen ia-ia, gelako paisaia berdina zen. Horrekin denarekin apurtu beharra sumatu da azkenengo hamar urteetan, eta aldaketa une horretan gaude: pentsatu, frogatu eta aldatu”, azaldu du Zigor Ibarzabal ikastolako zuzendariak. Konfiantzaren pedagogiaren ontzira batu ziren iragan ikasturtean, eta horren barruan kokatu dituzte 0-18 urte arteko etapa guztietan errotzen hasitako berrikuntzak: Ixutu proiektua, EKI ikasmaterialaren digitalizazioa, ikasketa kooperatiboa, eta Batxi Lab mintegiak, tartean. Ibarzabalen esanetan, “konfiantzaren pedagogia marko teoriko orokor bat da, haurraren irakaskuntza ikusteko era bat, eta batez ere, harremanak lantzeko era bat”.

Iaz, kurtso hasierako sasoi honetan “dena dantzan” zegoen: Txantxikuk diseinatutako Ixutu proiektua abiatu zuten konfiantzaren pedagogiaren baitan. Haurra norbanako bezala garatzeko eta adin ezberdinetako ikasleak interakzioan jartzeko, hormak botatzen, espazioa berrantolatzen eta proiektu arkitektoniko berria garatzen eman zuten uda, eta itxura erabat bestelakoarekin hasi zuten ikasturtea Haur Hezkuntzan. Pili Urzelai HHko koordinatzaileak argitu duenez, “0-3 artean Emili Piklerren teoriarekin aberasten da Ixutu (goxotasuna tratuan, umeen erritmo biologiko-koginitiboekiko errespetua… ), eta 3-6 bitartean denboralizazioan eragiten du, batez ere; haurrek tarte malgua dute ikastolara etortzeko, gurasoak barruan egon daitezke umea lasai ikusi arte, 5 urteko bat egon daiteke bi urteko haurren eremuan…”.

“Arlo teorikoan oso garatuta geneukan, baina arlo praktikoan ez geneukan esperientziarik, eta hasierako hilabeteak gogorrak izan ziren; estresa eta haserreak egon ziren”, aitortu du Ibarzabalek. Urtebete igarota, baina, balorazioa oso ona dela dio, haurrek erakusten duten poztasunean antzematen dutela, baita gurasoengan ere. Gurasoak izan baitziren, hain justu, aldaketa bultzatu zutenak. Kooperatiba integrala da Txantxiku, eta Kontseilu Errektorera gurasoek eraman zuten kilometroak antolatzeko proposamena; hautagaitza aurkezteko proiektu pedagogiko bat eraman behar denez, konfiantzaren pedagogiara batzeko aukera agertu zuten. “Aurretik ere gurasoek esaten ziguten berrikuntzen beharra zegoela, bailaran ikusten zituzten eredu berriak. Eta guk ere bageneukan egarri hori”, adierazi du Nagore Altube Bigarren Hezkuntzako koordinatzaileak.

Gurasoen Kontseilua bera ere “hankaz gora” jarri dute. Gurasoek esan zuten Kontseilua zegoen moduan ez zela euren gustukoa, eta protagonismo handiagoa eta autonomia handiagoa emate bidean ari dira aldaketak egiten. Guraso eskolak ere sortu dituzte, “gurasoak pedagogiaren inguruan janzteko”.

Nagore Altube, DBHko koordinatzailea: “Etorkizuna digitala izango dela argi dugu, baina trantsizio garaian gaude, eta denok behar dugu denbora bat egokitzeko”

Denak aldaketapean

“Dena pilatu zen, zuzendaritza berria ere une hartan sortu zen, eta barrura begira iraultza txikia izan da. Aldaketaren ardatza ikaslea da, baina komunitate osoan du eragina”, aipatu du Iñaki Barrena Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak. Bere arabera, Haur Hezkuntzan egindako lanak etapa guztietan eragin du ezbaian jartzea orain arteko lan egiteko modua.

Aurreko ikasturtean HH5ean zeudenak, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailara igaroko dira aurten, eta iaz hartutako bidea ez mozteko, LH1eko eremuak itxuraldatuta hasiko du ikasturtea: “Beste denboralizazio bat izango dute aurrerantzean ere, eta gelako espazioa aldatuko da. Horma zati batzuk bota ditugu barrutik ikasgelak komunikatuta egoteko, eta altzariak aldatu; ez da mahai bat egongo ikasleko, taldetako mahaiak eta asanbladetan batzeko espazioak atondu ditugu”, azaldu du Ibarzabalek. Ikasleek bederatzi proposamen izango dituzte astean zehar garatzeko: hiru arte-hizkuntzakoak, hiru matematika txokokoak eta hiru hizkuntza txokokoak. Eurak antolatu beharko dira aste amaierarako eginbeharra osatzeko. Lekeitioko ikastolan ere izan ziren, bertatik bertara ezagutzeko nola integratu zuten haiek metodologia berria Lehen Hezkuntzan. Diotenez, “ikastolen artean lankidetza handia dago momentu honetan berrikuntzaren aldetik”.

Bigarren Hezkuntzan jada berrikuntzaren gurpilean sartuta zeuden EKI ikasmaterialarekin – Europatik ezarritako konpetentziak ikasmaterialean jasotzea du helburu EKIk–. Azken hiru urteetan, EKIren digitalizaziora egin dute jauzi, eta materialak zehazten dituen sei arlotatik hiruzpalau ordenagailuz lantzen dituzte. Altuberen arabera, ikasleentzat erakargarriagoa da ordenagailuz ikastea: “Etorkizuna digitala izango dela argi dugu, baina trantsizio garaian gaude, eta denok behar dugu denbora bat egokitzeko”. EKI erabiltzen hasiko da Lehen Hezkuntzako seigarren maila aurten. Datorren ikasturterako bosgarren mailan ere izango dute ikasmateriala, baina ez beherago. “Behetik gora konfiantzaren pedagogiarekin goaz eta goitik behera EKIrekin, baina LH 3-4 tartean bien uztarketa egingo dugu”, aurreikusi dute.

Batxilergora begira ere, konpetentzien lanketan sakontzeko, BatxiLab bultzatu nahi du Ikastolen Elkarteak, eta interesa sumatu dute horrekiko ikasleen artean. Interdiziplinitate askoko mintegi batzuk izango direla azaldu du Altubek, eta ikasturte honetan egingo dituztela lehen saioak.

Gurasoak ere aldaketak egiten ari dira, protagonismo eta autonomia handiagoa hartze bidean. Guraso eskolak sortu dituzte, “gurasoak pedagogiaren inguruan janzteko”

Auzolanari lekaixoka

Etorkizunerako erronken artean naturarekin harremanak sakontzea du mahai gainean Txantxikuk: “Ikastola fisikoaz kanpo errekurtso natural asko ditugu eta horiek ere izan daitezke baliabide didaktiko”. Bide horretan, duela hiru ikasturtetik DBH4ko ikasleak baratze bat kudeatzeaz arduratzen dira. Halaber, beste bi erronka orokor aipatu ditu zuzendaritza taldeak: berrikuntza pedagogikoaren bidetik urratsak ematen jarraitzea etapa guztietan, eta komunitatearen rola indartzea. “Gero eta gehiago zentratzen gara gure buruan, eta aurten ildo komunikatiboa auzolana zabaltzea izan da, hezkuntzan eta herri mailan”.

Ixutu proiektuarekin egin behar izan diren aldaketa fisikoak halaxe egin dituzte, auzolanean: “Egiturak gurasoek egin dituzte asteburuetan, margotu, garbitu, tapizatu… denetik”. Elkarlan giro horrek Kilometroetarako egon den “parte-hartze altua” ekarri duelakoan da zuzendaritza taldea. “Jende asko mugitu eta hurbildu zuten ikastolara konfiantzaren pedagogiaren obrek, eta bide bat zabaldu du Kilometroetarako lantaldeak sortzeko; saretu egin da komunitatea”. Hortik aukeratutako leloa: Lekaixoka, auzolanerako deiadarra.

Modu horretan egin ziren 89ko Kilometroak, eta hala aritu dira herritarrak aurten. Baina denbora horretan jazotako kanpo-aldaketek ere izan dute eragina. “Lehen ‘ikastola’ esatea nahikoa zen euskalduntasuna, herritartasuna, nazio ikuspegia esateko. Gaur egun baita ere, baina ez gara bakarrak, badira ildo horretako beste eredu batzuk, eta kontuan hartu behar da 89tik hona aktibazio soziala apaldu dela, edozein arlotan”, adierazi du Barrenak. Halere, egutegian gorriz markatutako egunerako denbora agortzekotan dela, eskertuta agertu dira urte osoan zehar talde guztietan (parekidetasuna, jasangarritasuna, komunikazioa, giza baliabideak, osasuna, prebentzioa…) izan den inplikazioaz. “Agian kalera irten eta esango dizute ez dela ezer aldatu –dio Barrenak–, baina gure ahalegina behintzat hor dago, eta ikuspuntua hori da: bagabiltza aldatzen”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kilometroak
Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik

Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.


2022-10-03 | ARGIA
Kilometroak jai parte-hartzailea egin dute Ibarran

Kilometroak Ibarran ospatu dute urriaren 2an, "Irribarra" lemapean. Aurtengoaren berezitasuna izan da eremuak ez dituztela adinka bereizi eta ez dela kontzertuen gune bakar bat izendatu, eta jolas zein kirol aukera zabala izan dela. Horrekin, festa giro... [+]


2022-09-27 | ARGIA
Eraldatuta dator Kilometroak jaia

Ohiko guneak goitik behera aldatu ditu Kilometroak jaiaren aurtengo edizioak, hitzaldiak ere antolatu dituzte urriaren 2 honetarako eta ezusteko bat baino gehiago prestatu dute. “Jai parte-hartzaileagoa” izango da, “aldarrikapenari toki handiagoa emango... [+]


2022-03-16 | Leire Artola Arin
Hamaika irribarre Ibarrako Kilometroak jaiaren bueltan

Infinitu irribarra egitasmoa aurkeztu dute aurtengo Kilometroak Ikastolen aldeko festaren berrikuntza gisa: irribarrez ateratako argazkiak webgunera igotzera animatu dituzte herritarrak, irribarreen mapa bat osatzeko. Ibarran ospatuko den jaiari atxikimendua emateaz gain,... [+]


Eguneraketa berriak daude