"Dopin genetikoa negozio ikaragarria izan liteke batzuentzat"

  • WADA (World Antidoping Agency) erakundearen arabera, 2008tik erabiltzen da dopin genetikoa. Baina oraindik ez da kasu bat bera ere ezagutu. Ez baitago detektatzeko modurik. Adrian Odriozola EHUko genetika irakasleak eta bere kideek, diru faltagatik, bertan behera utzi behar izan zuten detekzio sistema aurkitzeko abian zuten ikerketa. Hala ere, kirola eta genetika uztartzen segitzen du Odriozolak berak sortutako KirolDNA enpresan.

“Gaixotasun gehienen arrazoia akats genetiko bat izan ohi da. Hori aldatzeko gai bagara, gaur egun sendaezinak diren gaixotasun asko sendatu ahal izango ditugu. Teknikak merkatuz gero, pertsona bakoitzarentzat farmako bat lortuko dugu”. (Arg.: Oier Aranza
“Gaixotasun gehienen arrazoia akats genetiko bat izan ohi da. Hori aldatzeko gai bagara, gaur egun sendaezinak diren gaixotasun asko sendatu ahal izango ditugu. Teknikak merkatuz gero, pertsona bakoitzarentzat farmako bat lortuko dugu”. (Arg.: Oier Aranzabal)

Zenbat dugu genetikotik eta zenbat bestela?

Ezaugarri bakoitzaren arabera, portzentaje bat da genetika eta portzentaje bat da ingurua. Esan genezake %30-80 bitartean izan ohi dela genetikoa.

Egia da laborategi batean diseinatu daitekeela atleta perfektua?

Ez, zehazki. Genetikaren esparrutik, gure errezeta liburuan gordetzen dugu informazioa. Esan bezala, portzentaje handi batean nolakoak garen definitzen du liburu horrek. Gaur egun gai gara liburu hori nahieran editatzeko. Baina liburu hori, parte batean, guretzat Matrix bezala da, kodifikatua dago eta ez dakigu aldaketek zer eragin dezaketen. Hartu dezagun eritropoietina (EPO) sortzeko prozesuan eragiten duen genearen kasua; saguetan eta tximuetan ikusi da genea bikoiztu daitekeela, eritropoietina gehiago sortzeko.

Alegia, gene bat aldatuta, definitu daiteke gorputzak zenbat EPO sortuko duen?

Hori da. Errezetara joan gaitezen berriz. Zuk patata tortillaren errezeta bat duzu, baina genea bikoizten baduzu, patata tortilla bikoitza sortuko duzu. Edo errezeta horren ondoan seinale bat duzu, adierazten duena zenbat tortilla egingo diren. Bat jartzen zuen lekuan bi jarriz gero, bi tortilla egingo dituzu. Liburu hori interpretatzen ikasten ari gara gutxika. Geroz eta gehiago dakigu. Bi kontu ezberdin dira, batetik liburua editatzeko gai izatea eta, bestetik, berau interpretatzeko gaitasuna izatea.

Baina nola editatu pertsona baten liburua?

Bektore birikoak erabiltzen dira. Birusak duela 5.000 milioi urtetik diseinatuta daude zelulara joan eta beren material genetikoa sartzeko.

Birusak “jaurtitzaile” gisa erabiltzen dira?

Bai, baina lehenengo zati patogenoa edo kaltegarria kenduta. Haren ordez zuri interesatzen zaizun sekuentzia sartzen badiozu, birusak ibilgailu lana egiten du zelularaino, hura genetikoki eraldatzeko. 

Teknika horrekin paziente baten begien kolorea aldatu dezakezue?

Bai, teorian bai, hori baldintzatzen duen genea zein den zehazki jakinda.

Zer eragin negatibo izan ditzake horrek?

Bada, horrela hitz eginda sinplea badirudi ere, oso konplexua da, errezetak elkarren artean komunikatuta baitaude. Eta zaila da jakitea aldaketa batek zer ondorio izan dezakeen. Eragin batzuk ikusten ditugu, baina ezin da jakin oraindik beste albo-aldaketa batzuk eragin ditzakegun ala ez. Mutazioak sortzeko arriskua ere hor dago.

Terapia genikoaz ari gara, ezta?

Bai. Gaur egun teknika horiek hainbat gaixotasun sendatzeko erabiltzen dira. Nik dakidala, sei farmako gutxienez badaude egun, teknika horietan oinarritzen direnak. Milaka ikerketa daude eta teknikak asko ari gara garatzen, osasungintzan oso interesgarriak direlako.

Kiroletako dopinerako ere bai.

Betikoa da. Atal zehatz batzuk aldatuta, jakin badakigu kirol errendimendua ikaragarri hobetu daitekeela. Indarrean, erresistentzian edo minarekiko daukagun sentikortasunean esaterako.

Auto bat tuneatzea edo geure gorputza hackeatzea bezala da?

Horixe bera. Ihes hodia aldatu duzu eta pixka bat azkarrago doa autoa, baina, zenbat soinu eragiten du? Zenbat gasolina behar du orain? Niri alde ona azpimarratzea gustatzen zait, ikaragarria delako.

Eta zein da honen guztiaren alde ona?

Alde ona da gaixotasun gehienen arrazoia akats genetiko bat izan ohi dela. Gaixotasun horien sorburua, askotan, errezeta liburuko hizki soil batean dago. Hori aldatzeko gai bagara, gaur egun sendaezinak diren gaixotasun asko sendatu ahal izango ditugu. Teknika hauek garatu eta merkatuz gero –orain milioika euro balio dute– pertsona bakoitzarentzako farmako bat lortuko dugu. Badira haur asko gaixotasun genetiko oso arraroekin jaiotzen direnak, eta gaur-gaurkoz ez dago aukerarik bakoitzarentzat farmako bat sortzeko. Farmazeutikei ez zaielako interesatzen, besteak beste.

Gaur egun ba al da kirolari transgenikorik?

Ezin dugu jakin, ez baitugu tresnarik dopin genetikoa detektatzeko. Jakina da ordea, teknikoki posible dela egitea. WADAk (World Antidoping Agency) esaten du 2008tik, Beijingo Joko Olinpikoetatik, dopin genetikoa aplikatzen dela. Horregatik inbertitu ditu milioi dolar asko haren ikerkuntzan.

Rioko Joko Olinpikoetan zer edo zer egiten hasi ziren dopin genetikoaren aurka.

Detekzio motaren batekin hasi ziren, baina azkenean atzera egin zuten. Ez baitzen behar bezain fidagarria. Laginak, aitzitik, gorde egin zituzten etorkizunean ikertu ahal izateko.

Dopin genetikoa garestia da?

Bai, baina ekonomikoki negozio ikaragarria izan liteke batzuentzat. Terapia genikoan, horrelako farmako bat garatu eta pertsonei aplikatu ahal izateko, 2-6 milioi euro behar dira. Hori merkatu daitekeen? Ba agian, prozesu ilegal batean, fase batzuk kenduz gero bai. Hori bai, komertzializatuz inbertitutakoa baino diru gehiago irabaziko dute ziur. Oso iluna da dopinaren mundua, iluna bezain errentagarria batzuentzat.

Dopin genetikoaren eskuliburua

“Bi teknika daude, invivo eta exvivo. Invivo zuzenean birusak sartzea datza, zuk nahi duzun errezetarekin. Exvivo aldiz, zelulak atera, eraldatu, laborategian hazi eta berriz ere gorputzean sartzeari esaten zaio. EPOaren genea aldatu daiteke; miostatinarena ere bai, gihardura handitzeko; PPAR edo PPFK geneak aldatu ditzakegu erresistentzia handitzeko, edo minaren pertzepzioa gutxitzeko. Txirrindularitzan esaterako, nork irabazten du? Erresistentzia handiena duenak ala mina hoberen jasaten duenak?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Genetika
Feijooren aberrija genetikoa da

Ez dakit nolakoa izango den Alberto Nuñez Feijoo PPko lider bezala. Txorradak produzitzeko makina bezala oso efikaza dela erakusten ari da. Joan den astean Bilboko Euskalduna Jauregian egun bereziki emankorra zeukan. Carlos Iturgaizekin batera jendaurrean jolasten eta... [+]


2020-01-14 | Estitxu Eizagirre
Euskarazko Wikipediak 350.000 artikulua sareratu du: "Dardarina"

Eduki askeko interneteko entziklopedia eleanitzak euskarazko 350.000 artikulua argitaratu du urtarrilaren 13an. Wikipedia mundu osoko boluntarioek idazten dute eta lankidetzaz editatua da. Guztira 37 milioi artikulutik gora ditu, horietatik lerrook idazterakoan 350.009 euskaraz.


2019-09-01 | Koldo Azkune
Gizon migrazio batek ordezkatu zuen hemengoa duela 3.000 bat urte

Burdin Arotik dator gure informazio genetiko nagusia. Orain 4.500 urte jazotako migrazio prozesu batek Iberiar penintsulako historia betiko aldatuko zuen. Arrazoi ezezagunak medio, iparraldeko gizon etorkin berriak penintsulakoei gailendu zitzaizkien, eta tokiko emakumeekin... [+]


María Luisa Garde Etayo. Editorea eta historian doktorea
"Pertsonen duintasuna ikusten ez dutenak dira analfabeto sentimentalak"

Analfabetos sentimentales. Historias con acondroplasia y más… (Analfabeto sentimentalak. Akondroplasia historiak eta gehiago…) liburuaren egilea da. Nanismoa edo altura txikia duten pertsonez jardun du. Akondroplasia da nanismoaren eragile handiena; gene... [+]


Filistiarrak: gaiztoak eta europarrak

Bibliaren arabera, filistiarrak Israelgo herriaren etsaiak ziren eta bi adibide garbi ematen ditu: Goliat, Dabid erregeak mendean hartu zuena; eta Dalila, ilea moztuta Sansoni indarra kendu ziona. Filistiarrak filmeko gaiztoak zirela, alegia.


Eguneraketa berriak daude