Eremu mistoa eta D eredua, erraldoi pausoak ofizialtasunerantz

  • Nafarroako eremu ez-euskaldunetik mistora igarotzea eta herriko eskolan D eredua sartzea lortu dute Antzingo herritarrek. Ofizialtasuna dute helburu, baina emandako urratsekin euskaraz bizitzen uzten ez dieten mugak apurtzea espero dute. Aldaketak nola hezurmamituko dituzten azaldu digute.

Argazkian Antzingo eskolako haurrak. 2017-2018 ikasturtean zortzi haur egongo dira D ereduan, hamabi A ereduan eta bat G ereduan. Argazkia: Antzingo eskolak utzia.
Argazkian Antzingo eskolako haurrak. 2017-2018 ikasturtean zortzi haur egongo dira D ereduan, hamabi A ereduan eta bat G ereduan. Argazkia: Antzingo eskolak utzia.

Nafarroako Gobernuak oniritzia eman berri du eremu ez-euskalduneko 44 herritako 39.000 nafar eremu mistora igarotzeko. Horien artean Antzin herriko 362 bizilagunak daude. Laura Etxeberria udaleko zinegotziak azaldu duenez, iazko abenduan Euskararen Legearekin bat ez zetozen hainbat herri eztabaidatzen hasi ziren eta eremu mistoan sartzeko mozioa “aldarrikapen gisa” aurkeztea erabaki zuten, ofizialtasuna baitute jomuga.

Eremu aldaketaren bitartez euskara normalizatzea eta herrian barneratzea helburu dutela azaldu du Etxeberriak. Udaleko langileek euskara jakitea eta biztanleentzako oharrak bi hizkuntzetan egitea ezinbestekotzat jo du. Legeak, baina, ez du horretarako beharra jasotzen. Administrazioarengana euskaraz zuzentzeko eskubidea aitortzen die eremu mistoko biztanleei; ez, ordea, euskaraz arreta jasotzekoa. Pauso garrantzitsuenak, beraz, udalaren esku gelditzen dira. Eremu aldaketak urrats horiek bultzatuko dituela eta euskarari berme instituzionala emango diola uste du zinegotziak: “Orain arte egindako lana martxan jartzeko palanka izango da”.

Herrian harrera ona izan du ekimenak. Udalbatzako talde guztiak bat etorri dira proposamenarekin eta biztanleen babesa jaso dute. Egon badaude, ordea, kontrako iritziak: kalean Udalaren aurkako esku-orriak agertu dira hainbat egunetan. Hori alde batera utzi eta herritarren esker oneko hitzekin geratzea nahiago du zinegotziak, eta euskarak herrian duen babesaren erakusle aipatu du aurtengo Korrika Antzinetik pasa zela eta harrera “ikaragarria” izan zuela.

D eredua, bultzada euskarari eta herriari

Eremu aldaketa ez da nobedade bakarra Antzinen: datorren ikasturtean D eredua ezarriko dute herriko landa-eskolan. Hogei haurrek osatzen dute zentroa, familia gehienek Lizarrako ikastetxe publikora eramaten dituztelako seme-alabak. Arrazoi horregatik, hain zuzen, ondoko herri bateko landa-eskola itxi behar izan zuten 2012an, ikasle nahikorik ez zegoelako. Antzinen, mehatxua ikusita, Udala eta eskola lanean jarri ziren, uste zutelako ikastetxearen itxiera “kaltegarria eta tristea” izango litzatekeela herriarentzat. Familia guztiengana jo zuten, landa-eskolan geratzeko zer behar zuten galdetzera, eta erantzun zuten D eredua, jantokia eta garraio zerbitzua nahi zituztela.

Eskolan D eredua sartzeko eskaera egin zioten Nafarroako Gobernuari, eta hasieran ezezkoa jaso zuten, haur kopurua txikiegia zelako, baina ekinaren ekinez lortu dute: 2017-2018 ikasturtean eremuko ikastetxe bihurtuko da, zortzi haur egongo dira D ereduan, hamabi A ereduan eta bakarra G ereduan, eta garraio eta jantoki zerbitzuak ezarriko dituzte.

“Oso positiboa izan da Antzin eta ondoko herrientzako, zentroaren itxiera ekidingo dugulako, euskara indartuko dugulako eta inguruko biztanleei erosotasuna emango diegulako”, adierazi du Koldo Solchaga Antzingo eskolako zuzendariak.

Antzindarrak Korrika herritik igaro zen egunean. Argazkia: Antzingo eskolak utzia.

Izaskun Pina eta Nuria Txasko Antzin ondoko bi herritakoak dira, Otiñano eta Mirafuentesekoak, eta datorren ikasturtean Antzingo eskolara eramango dituzte seme-alabak, euskaraz ikastera. Orain arte zuten aukera bakarra Lizarrara joatea zen eta horretarako ordubeteko bidaia egin behar zuten haurrek egunero. Berrikuntzak emango dien erosotasuna eskertu dute: “Oso albiste ona izan da seme-alabak landa-eskola txiki batera eraman ahal izatea, gainera etxetik gertu. Tristea delako haur txikiak goizero autobusean uztea, makro-ikastetxe batera joateko”, adierazi du Txaskok.

D eredua sartzeko prozesua abiatu zutenean hainbat zalantza sortu zitzaizkien zentroan, horietako bat zen irakasleekin zer gertatuko zen. Koldo Solchaga zuzendariak azaldu duenez, haiek argi ikusi zuten hasieratik: “Eskola aurrera ateratzeko gu joan behar baginen, ez ginen oztopo izango. D ereduaren aldeko apustua egin genuen eta gure lanpostua uzteko prest geunden”. Azkenean, orain arte zeuden irakasleak geratuko dira eta beste bi sartuko dira, D ereduaren ardura hartzeko. Ikastetxea txikia izateak eta herrian ikastolarik ez egoteak prozesua erraztu du.

Eremu aldaketa eta D eredua, batera baina independenteak

Antzingo eremu aldaketa eta eskolako lerro berria “eskutik helduta” etorri direla azaldu dute Etxeberriak eta Solchagak. Legeak, ordea, ez ditu gauza biak batera jasotzen. 2015ean Nafarroako Legebiltzarrak Euskararen Legea erreformatu zuen, eta harrezkero eskaria dagoen herri guztietan D eredua ezartzeko aukera dago, eremu ez-euskaldunekoak izan arren, betiere zortzi haur baino gehiago daudenean.

Ekimen batek bestea bultzatu duela azaldu du Solchagak: “Udalak pauso biak eman nahi zituen eta babes handia eman digu eskolan euskara sartzeko”. Etxeberriaren iritziz, D eredua eskaintzen hastea euskararen arloan lortu duten urrats garrantzitsuena izan da. Bere hitzetan, Antzinen izandako lorpenek erakutsi dute Nafarroako biztanleek euskaraz bizi nahi dutela eta horretarako baldintzak eskaini ahal direla: “Hemen lortutakoarekin argi geratu da zonifikazioak ez duela zentzurik”.

Josu Reparaz: “D eredua zabaltzeak 1+1=2 egitea lortzen badugu, zorionekoa aldaketa”

Antzinen ez bezala, D eredua sartu duten hainbat herritan ikastolak daude; Lizarran, Tafallan eta Lodosan, kasu. Lizarran adibidez, lerro publikoa eta pribatua bizikide dira, ikasleria-masak horretarako aukera ematen duelako. Beste batzuetan, berriz, bi ereduak mantentzeko adina haurrik ez dago. Lodosan, esaterako, ikastola euskararen biziraupenerako gune garrantzitsua izan da urteetan eta orain kolokan geratu da.

Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariaren ustetan, toki horietan bi ereduak kalteturik atera daitezke eta euskalduntzeari mesede gutxi egin: “Lerro publiko indartsu bat sortu izan bagenu, ikasle berriak erakarri eta bi ereduekin 1+1 egin, ongi legoke, baina horren ordez 1-1=0 gertatzearen beldur gara”, adierazi du. Gobernuaren babesari lotutako kezka ere azaldu du: “Lerro publiko ahula ezarri arren, aitzakia nahikoa izan daiteke ikastolei diru-laguntzak kentzeko. Gainera, egun Nafarroan dagoen gobernuak D eredua babesteak ez du bermatzen etorkizunean hala izango denik”.

Eredu aniztasuna aberasgarria dela sinesten du NIEko zuzendariak, baina formula berriak bilatzeko beharra ikusten du: “Indarrak batu behar ditugu, ez bereizi. D ereduaren zabalkundearekin 1+1=2 egitea lortzen badugu, zorionekoa aldaketa”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zonifikazioa
2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara "mespretxatzen eta gutxiesten" duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


2023-02-13 | ARGIA
Zonifikazioaren aurkako aldarria egin dute Mañerun, eremu mistora sartzeko ezetza jaso ondoren

Mañeruko herritarrek, udalbatzak babestuta eta Hordago taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute zonifikazioaren aurka. Hamar egun pasatu dira eremu mistoan sartzeko proposamenari atea itxi ziotenetik Navarra Sumak eta PSNk.


2023-02-02 | ARGIA
Mañeru eremu mistora pasatzea eragotzi dute PSN eta Navarra Sumak, eta euskarafobia leporatu diete kalean

Mañeru eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzeko eskaria egin du aho batez udalbatzak urtarrilean, eta horretarako Nafarroako Parlamentuan gehiengoaren babesa behar du. Ostegunean egin dute bozketa, eta bertan behera gelditu da udalbiltzaren nahia PSNek... [+]


Eguneraketa berriak daude