"Esan nahi dudana ulertzea da nire obsesioa, indie-aren hitz kanpaitsuak ez ditut jasaten"

  • Iñigo Garces “Cabezafuego” iruindarrak bizitza erdia darama musika proiektuak sortzen. Half Foot Outside, Mermaid, Basque Country Pharaons, Royal Canal, Bizardunak, Atom Rhumba... Zerrenda bukaezina da. Azken urteotan Cabezafuego izenpean dihardu eta Somos droga bigarren lana kaleratu du, disko-komikia. Umore errealistaz jositako pop kantu biribilak ditu jomuga, etxeko sampler, teklatu zein ezusteko kolaborazioek  “zikinduta” eta bere musika ezagutza zabal eta “bizarro”-ari keinu eginez.

Zerk pizten dizu musika egiteko garra? Etengabe ari zara proiektu berriak sortzen...

Musika egitea beharra da niretzat. Ez naiz inoiz idaztera jarri, gorputzak eskatzen dit. Jende zoragarria eta putakumeak ezagutu ditut, jende handiarekin batera jo dut... Geldigorra naiz eta egitasmo askotan sartzen naiz gero itota ibiltzeko. Horregatik orain proiektu gehienak utzi ditut, Cabezafuegotik ezingo naiz joan.

Nola idazten dituzu kantuak? Beti daude presente umorea eta nostalgia...

Nire betiko obsesioa da esan nahi dudana ulertzea. Indie-aren hitz kanpaitsuak ez ditut jasaten, ezta hainbaten poesia hutsa ere. Umorea oinarrizkoa da eta berezkoa dut. Eta nostalgiak ere pisu handia dauka. 40 urterekin, bizi izandakoa gaur egungo kontuez hitz egiteko aingura da; oroimen putzuak gara.

“‘Talentua daukazu’ esaten zidaten zurikatzaileek kalitatezko koka esnifatu ostean”. Zein da abesti batek balio duenaren neurgailua?

Oso kritikoa naiz nire buruarekin. Orain jendeak kontzertuetan nire kantuak abesten ikusteak pozten nau. Sumision City Blues-eko Pelaren hitzak heltzen zaizkit, baina gutxienetakoa da. Aldiz, Señor Chinarroren zuzeneko batean 40 urteko gizon bat negarrez ikustea gehiegizkoa iruditzen zait. Eta gauza bera esango nuke Bob Dylanena balitz. Popa edo rocka dibertimendua da, ez besterik.

Ogibide hau erruleta da: Japonian biran Atom Rhumbarekin, plazak beteta Bizardunak-ekin, kontzertu txikiak...

Nire egunerokoa kontzertu txikiak dira. Japonian bost izarreko hoteletan izan ginen, jendetza kontzertuetan... baina astebetera Galizian jaialdi batean publiko gabe goizeko zortzietan jo behar izan genuen.

Diskoari Somos droga izena jarri diozu eta ez da topikoa esatea Mermaid-en garaian, esaterako, drogak oso presente zenituztela.

Bai. Harrotu egiten ginen, mutil guai eta drogadiktoen posea hartu genuen, eta nolabait funtzionatu zuen ezezagunak izatetik hedabideak guri kasu egitera pasa zirelako. Gure egunerokoa zen: 20 urte, egun erdiko lanak egiten... Eta egiten genuen musikak drogen eragina zuen.

“20 urte pasa ditut rock-and-roll disko guai bat egin nahian eta ez dut lortu. Hortaz, orain disko martzianoa egin dut”

Zer dauka agertokiak?

Ni OHOko 5. mailan txoratu nintzen: playback egiteko etxean nuen Demis Roussos-en single bat aukeratu nuen. Mahaietara igota, belauniko lurrera botatzen... hunkitu nintzen, jende guztia txaloka nuela lehenengoz sentituta, eta sortzen den elektrizitate eta energia hori. Baina kontu handia izan behar duzu, jendeak esaten dizunarekin distantzia hartu. Aldiz, asko pozten naiz gaztetxoek lepoko zaina bistan dutela esaten didatenean Bizardunak gauza handia izan dela, Eskorbutorekin guk bizitakoa gogorarazten didatelako.

Rock-and-roll patroia jarraitzeaz aspertuta zaude...

Rock-and-rolla entzuten dut, ez indie nazkagarririk, ezta zabor emozionalik ere. Baina 20 urte pasa ditut rock-and-roll disko guai bat egin nahian eta ez dut lortu. Hortaz, orain disko martzianoa egin dut eta oso gustura gelditu naiz. Zuzenekoetan, baina, nire pop doinuak rock-and-rollera eramaten ditut.

Diskoa etxean egiteak zerikusirik izan du?

Bai. Dani Uleciarekin (El Columpio Asesino) batera egin dut diskoa. Denbora luzea pasa dugu bion artean lantzen. Elkarte bezala eratuta dugun gure Color Hits! estudioan grabatu dugu; musikari ugari batu eta ezohiko gauzak egiteko gunea da.

Zein helbururekin jaitsi zineten Bizardunak menditik?

Taldea gaztetxotan sortu izan bagenu, erdiak hilik egongo ginateke eta besteak HIESarekin. Koadrilako lagunekin osatu genuen taldea eta hainbatek ez zuten esperientziarik. Koadrila afari handi bat zen, eta mahaiaren bueltako eztabaida gordinak musikara pasatzen genituen. Ikaragarri ondo pasa genuen.

Tradizionalistak deitu ohi zaituztegu, baina azken hamarkadatan euskal eszenan jaiotako proiektu apurtzaile eta ezohikoenak Nafarroatik etorri dira...

Hemen harrikada galantak sortu dira. Hiri berean Huajolotes, Los Bichos, Jugos Lixiviados, Bizardunak eta abar sortu izana oso berezia da! Nafarrok oso amorratuta gaude, ehunka eta ehunka urte pasa ditugu zapalduta eta, hala ere, oraindik ez gaude otzanduta: Erriberara jaitsi eta hango “bakaladeroak” basapiztituta daude; iparraldean ere antzera; eta Iruñea orain gutxi arte ez zen hiri bat, auzo bakoitza oihan bat zen.

Zer gelditzen da Half Foot Outside taldean musikan hasitako Iñigotik?

Ezta baxua ere, Atom Rhumbarekin Bartzelonan lapurtu zidatelako. Arratsalde osoa komisarietan pasa genuen baxu bat zer zer azaltzen, eta azkenean baxu heavy itsusi bat utzi zidaten.

Orduan bizkarrez jotzen hasi eta modan jarri zenuen.

Joder! Separatistas-en kontzertuetan jende asko haserretu zen! Ikusleen aurpegiak baino nahiago nuen Mikel Bap! eta Felix Buff bateria erraldoiak ikustea!

Horregatik bakarrik merezi zuen Separatistas sortu izana?

Merezi izan zuen egun bakarrean Bonberenean zortzi musikarik inprobisatzen 16 kantu sortu genituelako.

Half Foot Outside haurtzaroa izan bazenuen, Mermaid nerabezaroa eta Cabezafuego heldutasuna. Nolakoa izango da zure musika zahartzaroa?

R Stevie Moorekin txundituta nago. Zorakeri asko egiten dituen zahar bat da. Nahiko nuke putakume samarra den pop musika idatzi eta zuzenean aritu gabe kantuak sarean zintzilikatu.

Askotan komikiko pertsonaiatzat hartu zaitut eta orain komiki-diskoa kaleratu duzu.

David Molina marrazkilari madrildarra izan da sustatzailea. Proposatu zigun Huajolotes-ek TMEOn zuten zintaren antzeko bat egitea Bizardunak-en pasarte eta xelebrekeriekin. Ideia gustatu zitzaigun, pasarteak jaso eta marraztu genituen baina... ez genuen ezer egin. Gerora jai batera gonbidatu ninduen eta han egin nuen topo Mauro Entrialgo, Victor Coyote... eta beste batzuekin; eta nire kantuetan oinarrituta komiki bilduma egin dute. Disko-komikia beraiek sortutako Autsaider Comic eta gure artean kaleratu dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-05-12 | Iker Barandiaran
Bazen ordua iraultzeko

Gaztetxotan Eskorbutin itxura hartzen nion arren, Aramaion jaiotako Antton Carreterok beti izan du begirada luzeagoa: punka bai, jakina, eta kinya bada hobe, baina beste estilo askori erreparatzen die aurreiritziei paso eginda; canallagoei, sentikorragoei… Horiek guztiek... [+]


Mikel Kazalis (Anestesia)
"Nire burua duela 20 urte bezain indartsu ikusten dut"

'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan.


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-05 | Xalba Ramirez
Aiztoa erakutsi!

Autotunea eta rocka nahastea izango da zakilzaharrentzat sakrilegiorik handiena: “Tranpa” dela, hori musika ez dela, edonork egin dezakeela. Musikariek badakite, ordea, gitarra elektrikoari efektu pedalak kenduz gero, zatarra eta, batez ere, zaila dela jotzeko... [+]


2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


Eguneraketa berriak daude