Isiltzen denak zorionik ez du

  • Urtebetez Mozal Legeari eta haren izenean Espainiako Gobernuak ezarri zigun isunari aurre egin izanak emaitza garrantzitsua ekarri du. Kazetaritzarekin lotutako lehen auzian Mozal Legeak atzera egin du. Eskubide urraketen aurrean isilik ez geratzea hautatu dugunok, irribarre txikia ezpainetan, informatzeko eta eragiten jarraitzeko beste arrazoi bat irabazi dugu.

Si te mandan una carta, y no va perfumada, es del Gobierno Civil”. Kojon Prieto y los Huajalotes taldeko lagunek XXI. mendean abesten jarraituko balute, ziur naiz Carlos Urquijorekin oroituko liratekeela. Azken lau urteotan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzaren helegite eta isunak jaso dituzten ehunka euskal herritar, antolakunde eta udalak berarekin oroitu diren bezala. Egia esan, ARGIAn ezustekoa izan zen, gure lana egitearen truke 601 euro eman behar genizkiola irakurtzea. Are gehiago, erabateko bakardadean PPk bakarrik babesten duen Mozal Legea erabiliz isunduko gintuela ikustea. Eta zer esanik ez, Euskal Herrikoa ezezik, Espainiako estatu osoan horrelako gutun ederrik jaso zuen lehen kazetari eta hedabidea ginela jakitean.

Euskarazko hedabide txiki eta independente bat Espainiako Gobernuaren salbuespenezko legediaren lehen jo-puntua. Iazko martxoaren 3a zen, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 13. urteurrenetik astebetera. Argudio zaharberrituak. “ETAren menpe” aritzea lehen; “ETAren eta Ospa eta Alde Hemendik mugimenduen mehatxua indarrean egonik, polizia-agenteen eta beren familiaren segurtasun fisikoa arriskuan jartzea” txio baten bidez, orain. Egun Iberdrolaren izenean mintzo den Angel Acebes ministroak “euskararen eta herritarren eskubideen defentsan” zioen artean; “Broma hutsa da esatea Espainian arazo bat daukagula adierazpen askatasuna edo manifestatzeko eskubideekin lotuta", dio Kongresuan orain Mariano Rajoyk. Madrilgo jende inportantearen jarioa ondo konprenitu gabe jarraitzen dugu euskal kazetariok, antza.

Euskal hedabideon elkartasuna eta babesa ez dira urteetan aldatu. Pribilegiatuak gara kazetariok, kazetaritzaren aurkako erasoek gainerako herritarren aurkako urraketek baino zabalpen handiagoa izaten dute orohar. Baina arazoa kolektibizatzea izan da gakoa. ARGIAko lantaldeak isun bidegabea ez genuela ordainduko eta Mozal Legea desobeditzeko prest ginela lehen segundotik adierazteak azkartu zuen erantzun kolektiboa. Ondoren, euskal hedabide eta kazetarien erantzun paregabeak tranpolin paregabea osatu zuen ordu gutxiren buruan albistea nazioartera salto egin zezan. Eta hala, ARGIAri ezarritako 601 euroko isun administratibo bat milaka kilometrotara dauden The New York Times edo Al Jazeera hedabideek zabaldu zuten. Une horretatik aurrera albistea nola biderkatzen zen ikusi genuen: Mexiko, Frantziako estatua, Errusia, Grezia, Italia, Irlanda, Australia eta abar. Gure historia partikularrerako geratuko dira ARGIA Espainiako Kongresuan entzutea, Onintza Enbeitaren eskutik, edo Jordi Evoleren Salvados saioan parte hartzeko gonbita. Azken momentuan atzera egin zuten ekoizleek.

Isiltzea erabaki zutenak ere izan ziren. Gutxi, baina arrain handiak. The Guardian euskal herritar bati ezarritako zigorraren berri ematen ari zela, hemengo egunkaririk salduenek txintik ere ez zuten esan. Edo El Paísen inoiz argitaratu ez zen elkarrizketa, zeinean Madrilgo kazetariak galdetu zidan lehenengoa izan zen ea ezker abertzalearekin lotura edo harremanik ba ote nuen. Bi adibide ilun, jartzearren. Auzia irabazi dugunean ere jarrera bera izan dute.

Eleak/Libre-ko lagunei esker kalera ere heldu zen salaketa, Hekimeneko hedabideen bultzadaren ostean, EAEko Euskal Kazetarien Elkarteak bidea ireki zuen, aurrena Espainiako Estatuko kazetari elkarte gehienek gurekin bat egiteko eta hortik, Europa mailako Mugarik Gabeko Erreportariak, Amnistia Internazionala edota mundu mailako gobernuz kanpoko 100 elkarte biltzen dituen International Freedom of Expression Exchange taldeak gure isunaren eta Mozal Legearen aurka hitz egiteko.

Legea egiten den lekura legea ez betetzeko proposamen batekin azaldu ginen. Lasarte-Oriako gure egoitzan nagusi den eromen zoragarriaren adibidea da. Ate birakarien bultzadak zorabiatutako politikari ohiak bezala, lanak izan genituen gure txikitasunean handi ez sentitzen kasu egin zigutenean. Mozal Legea ez betetzeko konpromisoa Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Nafarroako Parlamentuak begi onez ikusteaz gain, Polizia bat kontrolatzen duen Gasteizko Legebiltzarrak ia aho batez gure proposamena onartu zuen.

Tamalez, denborak ARGIAren proposamenaren aurka bozkatu zuen bakarrari eman dio arrazoia. “Legez besteko proposamenak zentzurik gabe husten ari zarete, oso ondo dakizuelako –Carmelo Barriok EAJ eta PSE-EEko ordezkariengan begirada iltzatzearekin batera– gaur onartu duzuena ez duzuela beteko”. Orduz geroztik, Ertzaintzak 2.857 aldiz eman dio arrazoia popularrari eta Beltran de Heredia barne sailburuak behin: “Gu legea betetzeko gaude” soil batez.

Zientzia politikoetako irakasleak “Parlamentuan esandakoa sarri Parlamentu barruan geratzen dela” azaldu zuen egunean ez ginen klasera joan. Eta, herabe, sinetsi genuen nahikoa izango zela herritarren, gizarte eragileen, alderdi politikoen eta parlamentuaren gehiengoa indar polizialen jarrera aldarazteko.

Zeren aurrekari?
Isuna jarri zigutenetik, kazetari elkarteek eta nazioarteko eskubideen aldeko eragile garrantzitsuek esandakoari entzungor egin dio Gobernuak. Espainiako Arartekoari –Soledad Becerril popularra– PPko militantea izatea ere ez zaio lagungarria suertatu, eta ARGIAren isuna indargabetzeko eskaerari muzin egin zion Rajoyk. Baina hara non, epaiketa egiteko sei egun falta zirela, atzera egitea erabaki duten. Isuna indargabetzeko forma arazoak argudiatu ditu Urquijoren makila hartu duen Javier de Andresek. Auziaren mamiari hozka ez egiteko, 'marroia' gainetik kentzeko ohiko argudio judizialetako bat erabiliz. Justizia egitearekin eta eskubideak bermatzearekin baino erabakiak unean uneko egoera politikoarekin lotura duela inork ez du zalantzatan jartzen. Ez dute Mozal Legea eta Polizia grabatzeko eskubidea orain ikustea nahi epaitegietan eta, mihi gaiztoen arabera, PSOE, EAJ eta PPren arteko elkarrizketak goxo jarraitzeko gure kasuak ez zuen laguntzen.

Badakigu ez dela aurrekari juridikoa izango, sakoneko gaiari iskin egin diotelako. Ez dute bertan behera utzi argudio gabezi bera ala handiagoa duten zenbait zigor.

Mozal Legea bide judizialetik geldiarazteko saiakeraz aparte, urtebeteko istorio honen amaierak badu ifrentzu politagorik. Nahi izanez gero, aurrekari izan daitekeena. Ez isildu izanaren ondorioz, irabaz daitezke argudioz jantzita eta txikitasuna muga beharrean akuilu hartuta, hedabide independenteen eta herri mugimenduen hauspoari esker. Gaur egun ere protestatzea merezi duela esateko adibide izatea nahi genuke, autozentsuraren aurkako txerto, kazetariok izan ez gaitezen gure eskubideei uko egiten diegunak. Espazio publikoan funtzionario publikoek egindako lanaren berri ematea ezin da inola ere delitu izan. Eta Mozal Legea eskura edukita ere, erakutsi dugu posible dela botereari muga justuak jartzea.

Oinek ukitzen duten lurraren arabera pentsatzen du buruak. Egunetik egunera zabaltzen ari den ARGIAren komunitatea lurzoru ederra da edonora salto egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA mozalik gabe
2021-01-15 | ARGIA
Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da

Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea... [+]


2020-06-25 | Hala Bedi | ARGIA
ARGIAk eta HALA BEDIk kexa bana aurkeztu dugu Sindikoan eta Arartekoan, Poliziaren jarrera salatzeko

Iragan maiatzaren 7an eta 8an ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatu zuen Poliziak Gasteizen, mehatxuak eta gezurrak erabilita. Bi hedabideok Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dugu Arartekoan eta Gasteizko Sindikoan aurkeztutako kexen bidez.


2020-05-12 | Z. Oleaga
Informazio eskubidearen aurkako erasoa
Gasteizko udaltzain batek ARGIAko kazetari bati: "Mugikorra ez erabiltzeko agintzen dizut"

Gasteizko Udaltzaingoa legea urratuz sartu zen okupatutako etxebizitza batean ostegun gauean. ARGIAko kazetari bat han zen lanean. Udaltzainetako bat, legeak dioenari muzin eginez eta gezurrak erabiliz, kazetariaren lana oztopatzen saiatu zen desalojoaren lekukotasun grafikorik... [+]


2019-11-10 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2017ko martxoaren 19a

Eguneraketa berriak daude