Iruñeko emakumezko apezpikua

  • Iruñea, 1082. Antso V.a Ramirez (1043-1094) Iruñeko erregeak hiriko apezpikua aldatzea erabaki zuen. Ordura arte bere anaia Gartziak zeukan goi-kargua eta Antso V.ak –edo Antso I.a Aragoikoak, hango errege ere baitzen– beste senitarteko baten esku utzi zuen gotzaingoa. Horraino ezer harrigarririk ez; garai hartan errege-erreginek apezpikuak izendatzeko eskumena zeukaten eta nepotismoa ere, jakina, ez zen kontu berria. Baina erregeak, lege kanonikoaren aurka, emakume bat izendatu zuen Iruñeko apezpiku: Antsa arreba. Urte hartako diploma batean idatzita jaso zenez: in sede episcopale Iruniensis cometissa domna Sancia in conmendatione.

Antsa kondesaren sarkofagoa, Jacako beneditarren komentuan. Eskuineko eszenan, erdialdean dagoen emakumea Antsa bera dela uste dute adituek, artazi-aulki batean eserita dagoelako eta eserleku horiek garai hartan errege familiarekiko lotura adierazten zute
Antsa kondesaren sarkofagoa, Jacako beneditarren komentuan. Eskuineko eszenan, erdialdean dagoen emakumea Antsa bera dela uste dute adituek, artazi-aulki batean eserita dagoelako eta eserleku horiek garai hartan errege familiarekiko lotura adierazten zutelako. (Arg.: Oscar Garces Olasagarre)

Antsa Ramirez 1045ean jaio zen eta 1097an hil. 18 urte zituela Ermengol II.a Urgeleko kondearekin ezkontarazi zuten, familiaren aliantza estrategiak medio. Senarra handik bi urtera hil zen, Zaragozako taifako Al-Muqtadir erregearen aurka borrokan. 20 urterekin alargunduta, senarraren titulua hartu eta Huescako Santa Cruz de la Serós emakumeen monasterioaren ardura hartu zuen. Antso nebaren gortera hurbilduz joan zen eta 1071. urte ingurutik aurrera bere izena nebarenaren ondoan agertzen da dokumentazio ofizialean; gerora, iloba Pedro I.a Aragoikoarenaren agirietan ere Antsa aipatzen jarraituko zuten. Kondesaren itzal handiaren seinale da, baita ere, erregeak hainbat monasterioren eta haiei lotutako lurraldeen ardura haren esku utzi izana: Santa Cruz de Serós bera, San Urbez 1074tik, San Pedro de Siresa 1082tik, Atares 1083tik...

Esan bezala, 1082an Antso V.ak Iruñeko gotzain izendatu zuen Antsa, ziurrenik Gartzia anaiarekin zituen desadostasunen ondorioz. Gartzia apezpikua garai hartan Iruñean praktikatzen zen erritu mozarabearen aldekoa zen. Aldiz, Antso, arreba bezala, erromatar errituaren babesle sutsua zen, 1068an Aita Santuari bisita egin zionetik. Hala, erritu mozarabea ordezkatzeko jarri zuen Antsa postuan. Alegia, aita santuarekiko leialtasunak generoak baino pisu handiagoa izan zuen une hartan.

Antsa Ramirezek hurrengo urtean, 1083an, utzi zuen gotzaingoa, ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Baina San Pedro de Siresako gizonezkoen monasterioaren ardurari eutsi zion 1095 arte, lege kanonikoari muzin eginez.

2015eko urtarrilean Elizabeth Jane Holden eliza anglikanoko gotzain izendatu zuten. Historiako lehen emakumezko apezpikutzat jotzen dute askok, duela ia mila urte, askoz gertuago, Antsak eliza katolikoan titulu bera izan zuela ahaztuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erdi Aroa
Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Harakin eta zirujau

Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa... [+]


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude