Lurrez ondua

Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak nobelan ikasi genuen gure lehengoak lur zirela edo haize zirela. Ikasi, orobat, gaur egun, gehienon izate mestizoak bi elementuei egiten diela leku, eta bakoitzak batetik edo bertzetik duen neurriak hein berean egiten gaituela gu. Euskal literaturan, luzaz biak nahasian ibili ondoren, haizea nagusitzen ari zaio aspaldi honetan lurrari. Patziku Perurena salbuespen.

Perurenaren lurralde literarioak ez du izenik, harako Yoknapatawpha edo Obaba bezalakorik. Patzikuk ez du galtzarbetik atera bere idazlanetarako eszenatokia. Arantzako edo Lesakako marrak baimenik eskatu gabe zeharkatzen ditu, eta era berean sarbidea aurkitzen Oiartzuneraino. Ereñozu ez zaio arrotz, Berastegi ere ez. Uitziko gaina aise gainditzen du, eta ez da lotsa Basaburuan edo Malerrekan barneratzeko. Muga lausoak ditu, beraz, baina bihotz trinkoa: Goizueta sorterriak eta Leitza bizilekuak partekatzen duten sistema planetarioa; sateliteak barne, Uitzi, Gorriti, Areso, Ezkurra, Arano.

Argi gelditu da: Patziku ez da Faulkner ez Atxaga, ezta nahi ere. Ez du fikziozko izenik asmatu nahi izan bere lanak tokitzeko, bertzeak bertze uko egiten baitio fikzioari. Irudimenaren bahetik pasatu gabeko istorioak maite ditu Perurenak, egiazki gertatuak, jende apalaren ahotik jasoak. Patzikuren edozein lan irakurtzea aski, ohartzeko noraino bizi duen jende zaharraren mintzoaren lilurak. Entzunari, gero, berrespena edo zigilua ematen dio udal eta eliz artxiboetako paper zaharrez baliatuta. Haren kasuan, idazlea erkatzailea da, fede emailea, testigantza kontraesankorren kaosaren antolatzailea. Bertze baten eskutan, ikerketa antropologiko hotza litzateke emaitza. Perurenarenean, fabulen gisara irakurtzen da. Batez ere, irakurlea egilearen lurraldekoa ez denean.

Patzikuren hautua ez da arriskurik gabea. Haren liburuetan batek baino gehiagok ikasi izanen zuen aitona mozkorra zuela, izeba zaharra haur batez erditu zela gordean edo birraitonaren anaiak auzokoa garbitu zuela ukaldika. Memoria historikoaren beharra aldarrikatzen badugu ere, denek ez dute maite etxeko kontu ilunak horrela argiturik ikustea.

Leitzako errege-erreginak ondu zuen bezala, ahoan bilorik gabe idatzi du Perurenak Hilen xarma, arestian aipatu lurraldean XIX. eta XX. mendeetan gertatutako heriotza bortitzen kronika. 1976koa du azkena. Hala ere, liburuaren hondar solasean (Epilogo modura, aizkorari oliadura),  ahotan hartzen du Jose Jabier Mujika UPNko zinegotziaren hilketa, 2001ekoa izan arren. Lerro horiek ere lagun guti ekarri izanen zioten bere herrian. Ingurukoen mutur-okerrek ez ahal diote inoiz luma uzkurtuko Patzikuri.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


Eguneraketa berriak daude