"Izpiritu libreko artisten zain nago"

  • Jeniala. Tumatxa. Antologikoa. Sareko harrikada handiena. Halakoak irakur daitezke Twitterren Kau Kori Kurari buruz. Hitz surrealistak pop melodia jostariekin nahasiz, tartean behin bideo berri bat igotzen du Youtubera Mikel Aizpuruak. Berarekin hitz egin dugu proiektuaz, bere ibilbideaz, erreferentziez, eta bestez.

“Ze pikuondotatik erori da hau?”, galdetu zuten dozenaka lagunek aldi berean, iazko ekainaren 25ean, ahots hura entzun zutenean, joaldunen zintzarriek markatutako erritmora, “gaur erronkaerieraz hitz egiten esnatu naiz” kantatuz. Informazio gehiago nahi, baina zaila zegoen datuak topatzea: ama Segurakoa zuela, aita Gaintzakoa. Familian Erronkariko inor ez. Horixe. Gero Twitter kontu bat azaldu zen, logotipoan K handi bat zeukana, eta haren arrastoa segiz hasten zen bat ondorio gehiago ateratzen: Ciclos Iturgaiz bikoteko baten proiektua zela hura, Mikel Aizpuruarena, eta bestea, Ritxar Gomez, literaturgintzara igaro den bitartean –Gooolpe de Vista eleberria autoeditatu berri du–, garai batean Elurretan taldean jorratutako kantu estilora gerturatu dela Aizpurua, melodia gozoak hitz umoretsu eta surrealistekin nahasiz. Atez ahate, Patxi Eugi, Erraustegia Txillida-Lekun... konturatzerako, 30 pieza osatu ditu, eta ez du ematen gelditzeko asmorik daukanik.

Kau Kori Kuraren kantuak entzun, eta boteprontoan irudikatzen dudan artista horrelako zerbait da: gizona, goierritarra, 40 urteren bueltakoa, pilotazalea, prentsa ilustratua irakurtzen duena, Durangoko Azokako ohiko bisitaria, Euskadi Racing mugimendua gertutik sufritua... ondo al nabil?
(Barrez) Ez nago urruti, ez. Gauza herrikoiak asko gustatzen zaizkit, auzo txikietako festen xarma, patata tortila lehiaketak eta antzerako kontuak. Juan Carlos Perezek esaten zuen, kontzertua jotzera herri batera iristean lehenbizi jakin nahi izaten zuela ea hango futbol taldeak ze mailatan jokatzen zuen, preferenten, regionalean... halako datuak interesatzen zaizkit niri ere. Federico Fellini edo Luis Garcia Berlanga maisuak ziren kontu horiekin filmak egiten. Edo Herri txiki, infernu handi saioa ere zoragarria da.

“Nire kantuen abiapuntua beti da ideia absurdo edo surrealista bat,
ideia nondik etorriko
den ez jakite horrek
du xarma handiena”

Kantuetan sartzen dituzu, behintzat, erreferentzia herrikoi dexente.
Bai, baina abiapuntua beti da ideia absurdo edo surrealista bat. Gero, zeharka, sartzen ditut horrelako erreferentziak. Esaterako, Patxi Eugi kantuaren oinarria, Tarzanen film batean entzundako esaldi bat da. “Umgawa!” (hangaua) hitza aipatzen zuen askotan, eta ziur nago behin hangauapatxipatxi entzun nuela. Gerora saiatu naiz pasartea aurkitzen, baina alferrik. Behintzat, balio izan dit hortik abiatu eta istorio bat osatzeko. Edo, begira, Estepan sortzerakoan ez nuen pentsatzen Estepan Aldamiz Etxeberriari buruzkoa izango zenik, ni estepan hitzarekin ariketak egiten ari nintzen, estepa (paisaia mota), este pan (ogi hau), step-an (gimnasioan) eta hala, bat-batean, Estepan telebistako aurkezlea ere bururatu zitzaidan. Baina ezin dut gai bat pentsatu eta horri buruzko pieza bat egin, abiapuntu absurdo batetik etorri behar du beti kantuak. Nondik etorriko den ez jakite horrek du xarma handiena.

Pentsa daiteke erronkarierak pisu berezia duela proiektu honetan, lehendabiziko kantua izateaz gain, Kau Kori Kura izena erronkarieraz Hau Hori Hura baita.
Ez pentsa, zalantzan nengoen izenarekin. Pertsonaia bat sortu nuen aspaldi, Baxoerdy, txapelarekin eta betaurrekoekin ibiltzen den hori. Ordizian jaioa da, 70eko hamarkadan Iparraldera joan zen, Mikel Laboaren laguna izan zen... horrekin zerbait egitekoa nintzen, baina Kau Kori Kuraren alde egin nuen azkenean. Orain, kamiseta bat egin nahi dut, Fidela Bernaten aurpegiarekin, omenaldi gisa, Andy Warholen estilora. Ea zer ateratzen den.

Ciclosetik zatoz, baina proiektu honek ez al du antz handiagoa Ciclosen aurrekoarekin, Elurretanekin?
Dudarik gabe. Ciclos Ritxarren proiektua zen batez ere, ia letra guztiak bereak ziren, nik musika jartzen nien. Elurretanen, aldiz, kantuak nireak ziren, eta Ritxarrek baxua soilik sartzen zuen. Elurretanen azken diskoko surrealismo eta absurdo ukitu horretan ikusten dut Kau Kori Kuraren hazia. Une hartan, ordea, Ritxar etorri zitzaidan Cicloseko letrekin, eta erabaki nuen proiektu hura egin beharra zegoela. Ideiak hozkailuan egon dira, eta Ciclos uztean, berriro hasi naiz handik tiraka.

“Ondo pasatzea eta zure buruari garrantzi gehiegirik ez ematea,
hori da jarrera”

Zure ibilbideari erreparatuta, antzeman daiteke musika ulertzeko modu bat, oso jolastia, handikeriaren antipodetan dagoena.
Begira, duela gutxi entzun nuen irratian Ttun Ttun Brigade taldeari egindako elkarrizketa bat, eta pentsatu nuen, “hori da jarrera!”, ondo pasatzea eta zeure buruari garrantzia gehiegirik ez ematea.  Umeen gisara jolasteko eta esperimentatzeko jarrera hori. Asko dugu ikasteko umeengandik.

Zergatik daude tankerako hain apustu gutxi bazterrotan?
Ez dakit. Adibidez, begiratzen diet Juan Carlos Pérezi, Mursegori edo Joseba Irazokiri, eta iruditzen zait hurrengo pausoan edozer egiteko gai direla, baita orain artekoarekin zerikusirik gabeko zerbait ere. Mursegori lehengoan galdetu nion ea zer egiteko asmoz dabilen, eta esan zidan: “ez dakit”. Puntu hori gustatzen zait, eta hemengo oso artista gutxiri ikusten diet. Edo Haritz Artola –Brigada Criminal, Fiachras, Bizardunak–, lagun handia dudana, gai da bat-batean aurrekoarekin erabat puskatuko duen zerbait egiteko. Edo Ibon Rodriguez, Etenekoa. Izpiritu libre horien zain nago ni, ea zer egiten duten hurrena. Musikariengan, idazleengan, oro har, jarrera horren falta sumatzen dut. Jabier Muguruzak edota Ruper Ordorikak –eta kontuz, ni bien oso zalea naiz–, badakizu hurrena zer egingo duten gutxi gorabehera.

Beren ibilbideari oso lotuta ikusten dituzu.
Bai, halako zerbait. Batzuk hortik bizi dira eta ulertzen dut. Gainera, ibilbide bat duzunean zaila da sekulako bolantazoa jotzea, ez bazara PJ Harvey bat, edo Brian Eno, edo Radiohead. Kanpoan gaudenok aprobetxa dezagun nahi duguna egiteko.

Zure kasuan, zure burua ez errepikatzen tematzen zara? Txip kontziente bat da hori?
Ez, ni gauzekin aspertu egiten naiz. Ciclosen amaiera, adibidez, erabat naturala izan zen. Ritxarren azkeneko letrek ez ziguten ezer berririk esaten. Ba kito. Elurretanen ere iritsi zitzaigun une hori. Amaiera horietan, iruditzen zaizu ez duzula ezer gehiago egingo zure bizitza osoan. Baita zera ere! Pasatzen da urte erdi bat eta sortzen da zerbait berria. Orain arte behintzat hala izan da. Hori bai, Kau Kori Kura uste dut hemendik aurrera nik bakarrik egiten ditudan gauzak izendatzeko erabiliko dudala. Kau, kori edo kura eginda, hortxe sartuko dut!

“Laboaren eta Leteren kantu sakonekin bakarrik geratzen da jendea, baina bazituzten bestelakoak, esperimentatzekoak edo barre egitekoak”

Kantuek adinako lana izango dute egiten dituzun bideoek.
Bai, bideoek sekulako lana dute, Youtube ahalguztidunean orduak sartu ohi ditut nahi dudana aurkitu arte. Baina niri mundu honetan gehien gustatzen zaidana motibatzen nauen letra bati musika jartzea da. Pop zale edo melodia zale amorratua naiz, plazer gehien melodia asmatzeak ematen dit, sekula ez dakizu nondik eramango zaituzten hitzek. Ciclosen, adibidez, hori zen ederra: Los payasos de la euskal letra e-mailean jasotzen nuen, eta irakurri bitartean ni malkotan, lehertu beharrean. Opari bat. Egongelara joan eta gitarrarekin melodia ateratzen nuen. Gustuko letra edukiz gero, badakit kantua aterako dela. Letra motibagarri bat motorra da niretzat.

Kau Kori Kuran, zer moduz daramazu letragile ere izatea?
Oso ondo! Inolako zerikusirik ez duten edo erabat antagonikoak diren ideiak lotuta batzutan “gauzak” gertatzen dira. Eguneroko, ohiko gauzak bihurritzea gustatzen zait. Miguel Noguera edo Mikel Pagadi maisuak dira horretan. Askotan idazkera automatikoa egiten dut, eta hitz batzuk agertzen dira. Adibidez, Napoleon –eta menta-poleorekin lotu nuen–. Gero, Bonaparte eta euskara lotu nituen. Irakurri dut hortik zehar baten batek “euskararen aldeko kantu” deitu diola. Baita zera ere! Kalamarana kantua Juantxo tabernari kritika dela ere irakurri dut. Kritika? Omenaldi bat! Zenbat ogitarteko jan ditut hor! Edo, adibidez, ez nuke nahi ulertzea Estepan kantua deus pertsonala bezala, ez baita horrela. Leire Lopez Ziluaga kritikariak Ciclosi buruz esaten zuen, gehien interesatzen zitzaiona zela nola entzulea deseroso uzten genuen, ez zekitelako entzuten ari den ahots horrek zer pentsatzen zuen benetan, hemen kantuaren hitzak artistaren iritzi propiotzat jotzeko ohitura dagoela, eta hitzek fikzioarekin duten harremana gogoratu beharko genukeela. Ciclosen denetik deitu ziguten, fatxak, etarras... norberak nahi bezala ulertzen du kantu bat, noski, baina gauza askorekin seko harrituta gelditzen naiz.

Zer ari zara entzuten azkenaldian?
Betidanik entzun, eta jarraitzen ditut entzuten, adibidez: Beach Boys, Cluster, Brian Eno, Mikel Laboa, Jaume Sisa, Javier Bergia, Richard Thompson, Juan Carlos Pérez, Neu! edo La Dusseldorf, batzuk aipatzeagatik.

“Gaur egun oso zaila da musika mugimendu antolatu bat abiatzea”

Eta zerk harritu zaitu azkenaldian?
Azkenaldian flipatu dut hainbat musikarirekin, batzuk egungoak, besteak aspaldikoak. Frank Zappa And The Mothers Of Invention, The Residents, Rafael Berrio, Los Ganglios, 70eko hamarkadako prog-italiar taldeak...

Lehengoan Joseba Irazoki ikusi nuen, taldearekin, Bilbon, eta ukituta gelditu nintzen. Sentsazio hori nuen: “Hau edozer egiteko gauza da”. Pixka bat Laboarekin gertatzen zen bezala. Niri grazia egiten dit Laboa nola oroitzen den hemen: bere alde sakonaz bakarrik oroitzen da jendea. Baina Laboak zeukan umorea, esperimentazioa... Gogoratzen naiz nola jo zuen Beasaingo Kilometroetan. Bi kantu ezagunekin hasi zen, baina gero hasi zen Chiquito de la Calzadarena egiten: “Anaximandro! Anaximenes!” eta antzerako oihuak botaz, gero kantu instrumentalak joz.... Taula gaineko performance bat. Nire lagunek jasangaitza zela esaten zuten. Baina zer uste zenuten dela Laboa? Bere gitarrazko kantuak oso politak dira, melodia ederrekoak, eta horiek engantxatzen dute jendea. Esperimentazio alde hori, berriz, bere alde frikia bezala geratu da. Ohartzen zara, ordea, pakete osoa hartzen duzunean, sekulakoa dela, aurpegi pila bat dituelako. Xabier Leterekin ere antzera: baditu barre egiteko kantuak, baina hemen jendea gelditzen da sakontasun eta solemnitate horrekin.

Laboa eta Letez gain, Ez Dok Amairuko beste artistak zer iruditzen zaizkizu?
Euskal klasiko gehienak gustatzen zaizkit. Jada gutxi entzuten ditut, baina hor daude, ziur kantuak egiterakoan eragiten didatela. Adibidez, Txomin Artolaren Belarrostoak diskoa sekulakoa iruditzen zait... edo Oskarbi taldearen kantuak, ze melodia eta ahots ederrak!

Duela gutxi esaten zuen Benito Lertxundik Ez Dok Amairu garaiko izpiritu hura berreskuratzeko beharra ikusten duela.
Eñaut Elorrietari entzun nion antzeko zerbait, 70eko hamarkadako kantuen izpiritua berreskuratu nahi zuela edo... Halakoetan pentsatzen dut: garai hartan kantu horiek ez zeuden eginda; jada eginda daude. Izpiritu hori orduan behar zen, ez dauka zerikusirik egun behar denarekin. Lehen komunikabide gutxiago zeuden, zuzenekoak ere gutxiago ziren... orain hamar mila adar daude, musika entzuteko modua aldatu da, eta oso zaila da musika mugimendu antolatu bat abiatzea.

“Denak martxa berean joateko kolektibo bat baino, proiektu motibagarrietarako elkartu eta gero deselkartzen diren artistak nahiago ditut”

Egon da saiakeraren bat edo beste. Orain urtebete inguru Ez dok amaitu proiektua plazaratu zuten musikari batzuek...
A bai? Ez nekien. Dena dela, ni ez naiz oso kolektibo zalea, beren manifestu eta guzti... Arte munduan, jarrerarik interesgarriena elkartzea eta deselkartzea da. Denak martxa berean joateko kolektibo bat baino, proiektu motibagarrietarako elkartu eta gero deselkartzen diren artistak nahiago ditut.

Zuzenekoak ematen hasteko asmorik baduzu?
Ez dakit zer esan. Niri betidanik kantuak sortzea gustatu zait jotzea baino gehiago. Baina azken aldi honetan jotzen ere disfrutatzen ari naiz. Ehun abestiko errepertoriora iristen naizenean, egingo dut zerbait (barrez).


ASTEKARIA
2016ko urriaren 09a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude