Joseba Otondo, Baztango alkatea

"Alternatiba soziala pertsonarengan gehiago pentsatuz landu behar dugu"

  • Elizondo, 1977. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna, Leioako EHUn. Xorroxin irratian eta Xaloa telebistan kazetari izana. Gaur8n eta Nafarkarian aritutakoa. Sortuko kidea da. Baztango alkatea EH Bildutik: “Borroka sozialak, intsumisioa, Itoizko urtegiaren afera eta lurraren defentsa bizi izan ditut. Horiek balio sisteman zuten garrantzia, beren kutsu erreboltari antikapitalista eta alternatiboa ezagutu ditut, baita gatazka politiko bera ere. Errepresio historiko berezi baten testuinguruan hazia naiz. Herrigintzatik heldu naiz alkate kargura”, erran digu solas oparoaren abiaburuan. 

Mikel Asurmendi @masurmendi
2016ko irailaren 18a
Argazkiak: Irantzu Pastor
Argazkiak: Irantzu Pastor

Ekainean urte bat bete zenuen Baztango alkate karguan. Egin iezaguzu orain arteko agintaldiaren balorazioa.  

Neuretzat aberasgarria izan da. Arlo politikoan, berriz, EH Bildu udalera heldu zen programa politiko batekin, herritarrak defenditzeko, beraiek nahi duten moduan. Herriko hautetsiak gara eta herriari zor gatzaizkio, gure eguneroko ingurunearen zordun gara. Gure harremanak denekin lantzen ditugu, akordioak eta desadostasunak izan dira. Iragan urteko ekainean kargua hartu eta abuztuan alkate gaitzetsia izan nintzen, Aroztegia-ren [Lekaroz herrian proiektatutako konplexu urbanistikoa] gaia dela eta. Aurtengo aurrekontuak, lehenbizikoz Baztanen, ez ziren onartu izan lehen itzulian, bigarrenean bai.

Geroa Baik Aroztegia proiektuan duen menpekotasunagatik, jarrera oldarkorra hartu du Baztango udalaren kontra, UPN eta Auzolan-ekin bat eginez, Baztango jarduera instituzionala trabatuz. Hala ere, estrategikoak diren gauzetan aitzinera egin ahal izan dugu,  Baztan artikulatzen duten ideiak, bere aspirazio kolektiboak eta balioak, guk ordezkatzen dugun programa progresista eta euskaltzalearekin bat egiten dutelakoz.

Aroztegia proiektuan Geroa Bairekin ezin moldatuz ari zarete.

Bai. Hasteko, Geroa Baik bere aldeko jarrera argudiatzen du proiektua lehenagotik datorrelako. Hala izanik ere, Nafarroako Gobernuaren lurralde antolaketa, administrazio eta ingurugiro sailek Aroztegia gelditzeko aukera izan zuten. Hauteskunde aitzintxoan UPNko jarduerako gobernuak PSISa (Udalaz gaindiko plan sektorial eraginkorra) onartu zuen, foru interesekoa izendatuz. Iazko uztailean, Baztango Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuari gaia berrikusi eta erabakia birpentsatu zitzan eskatu zion epaitegietara jo aitzin. Gobernuak aukera izan zuen galdera horren bitartez PSISa gelditzeko. Gobernuak egin zuen txostena eskasa da. Argi dago, PSISa eta proiektuarekin aurrera egiteko erabakia hartua zuen. 2008an jada enpresa sustatzailea saiatu zen PSISa bultzatzen. Orduko teknikariek Gobernuari erran zioten aski zela Baztango udal planaren egiturazko aldaketa egitea eta modu horretan planari ekitea. Geroa Baik dio lehenagotik datorrela, hala da, baina bazuten gelditzea Gobernutik. Hori onartu  behar dute.

Auzibidea berriz zertan dago gaur egun?

Batzar Nagusiak administrazioarekiko auzi bat ireki du Nafarroako Auzitegian, hori ebazteko dago. Halaber, bestetik, Sustrai plataformak “Aroztegia eta gero zer?” taldearekin bertze auzi bat zabaldu du, PSISaren eta Gobernuaren kontra. Artean, PSISa onartu dute eta enpresa sustatzaileak urtea akitu baino lehen lanean hasi nahi duela erran du. Maiatzean Elizondoko karriketan 1.500 lagun manifestatu ziren proiektuaren kontra. Ekainean herri galdeketa egin zen Baztango

“Aroztegia proiektuan duen menpekotasunagatik, Geroa Baik Baztango Udalaren kontrako jarrera oldarkorra hartu du”

eredu sozio-ekonomikoari buruz, parte hartu zuten herritarrek nagusiki kontra bozkatu zuten. Lekarozen 2008an galdeketa egin zen, lekaroztarrak kontra paratu ziren, Lekarozko Herriko Batzarra ere bai. Bertako festak pasa berri dira eta giroa tenkatuta zegoen. Jendea ez dago etsitzeko prest.

Horiek horrela, aldaketaren gobernua delakoa, bakartasunean osatua, ez baita koalizio gobernua, aitzindari izan beharrean, iraganarekin hautsi eta gatazkak gainditzeko demokrazian sakondu ordez, berean tematu da. Erregimen zaharraren modura ari da, herritarrei galdetu beharrean, PSISari atxiki zaio. Zergatik? Hori jakin nahi nuke.

Galdera berresten dizut. Zergatik?

Ezkutuko interesak daude nonbait, Geroa Baiko agintari batzuekin lotzen direnak. Ez naiz eroskeriaz ari, tratuez eta ezagutzaz baizik. Irizpidea dutenei buruz ari naiz, gauzak erabakitzen diren tokietan eragiten dutenaz, jarrera hartzerakoan erabakitzen dutenaz.  

Nafarroan gobernu aldaketa eman zen. Nola eragin du horrek Baztanen?  

Baztani buruz keinu sinboliko batzuez harago ez dut aldaketa aunitz sumatu.  Noski, adibidez, Gobernura deitu eta euskaraz hartzen zaituzte, beste abegikortasuna dago hizkuntz terminotan. Gainerakoan, aldaketa gutti. Ulertzen ahal dut Geroa Baik gobernu egoera ekonomiko txarrean eskuratu zuela, horrek egokipen batzuk eskatzen dituela, hori islatzea gobernuaren jardunean, praktika erreal eta materialetan. Ulertzen dut ere oinordetza pozoitsua hartu zuela eta horrek baldintzatzea lehenbiziko bulkada. Ezkutuko sariek urtean 60 milioi euro zurrupatzen baldin badute, arazo eta ezintasunak daude aldaketa gauzatzeko. Baina, egiari zor, horiek horrela, aldaketak deus gutxi ekarri du gurera. Adibidez, Manu Ayerdik [Gobernuko lehenbiziko lehendakariordea eta Ekonomia Garapeneko sailburua] ikerkuntza, berrikuntza eta garapena aipatzen ditu. Baztani buruz ari bada, nire galdera: zer da lurraren birkalifikazioa? Berrikuntza izateko aski termino zaharra. Gure ikuspegia beharbada ez da zuzenena, Aroztegiaren aferak baldintzaturik baikaude, baina, nire ustez, borondate falta dago aldaketarako.

EH Bilduren programa politikoa aipatu duzu. Zein da Baztanen garatu nahi duzuen eredu politikoa?

2015. urtean, EH Bilduk Baztangoari buruzko iparra finkatu zuen 10-15 urtera begira. Programan tokiko ekonomiaren ikuspegitik hainbat erronka garatu beharra eta nahia ageri dira. Landa eremu baten egitura ekonomikoa urria da, Baztanen lanean ari direnen %48 gizarte asegurantzan autonomo bezala afiliatuta dago. Industria eremuetan, hirietan, %14 izaten da. Beraz, Baztango herrietan enpleguarekiko begirada aldatu behar dugula diogu. Errazena da hedabideetatik eta akademietatik gure eskualdea interpretatzea eta gure tokian eragiten saiatzea: horien begirada nagusia hiritar eta industria zale da. Aldiz, egoerak etengabeko berregokitzapena eskatzen digu. Baztango ekonomia eragile kolektiboek eraiki behar dugu, oso barreiatua dena. Eragile ekonomiko kolektibo horiek sortuta, denak bateratu dituen egitura ikusi nahiko genuke 2017rako. Errate baterako, hastapenean Baztango zaporeak ekimena sortu genuen bertako transformatzaileekin, landa txikiko ekoizpena bultzatuz. Aitzindaritza eta sinesgarritasuna irabazi dugu lehen urtean.

Bertzalde, horrekin bat datorren zutabe sozio-kulturala da: herri hezitzailea kontzeptua Euskal Herri osoan hasi genuen lantzen, baita Baztanen ere. Guk kontzeptu horri Kerizu Beretik eman diogu izena eta hainbat proiektu garatzen ari gara norabide horretan.

Zuk errana da: “Sostengarritasunaren alde egin dezakegu edo eredu ekonomiko agortuarekin jarraitu”. Zertan da Baztango eredua, sakon begiraturik?

7.848 bizilagun gara, langabezia tasa %10 ingurukoa da. Askok bere burua enplegatzen du autonomo bezala. Leku guztietan bezala, krisi sozial klimatikoa ekologikoa ari gara bizitzen eta ez dakigu nora joko duen. Testuinguru nahasi horren barnean, gure jendartea eta komunitatea tipia da, hori da ereduaren ezaugarri behinena. Guk ditugun ahalmenak ditugu, tokiko garapena interesgarria da, baina tokiko egiturak eta erreforma sakonak behar ditugu, aldaketa estruktural sendoak.

Baztango nekazariak %7 dira. Ez da nekazal eremua, landa eremua da. Zer da landa eremua? Inork ez du definitzen zer den. Landa garapen politika erraten da. Zer da baina? Inor ez da kapaza ondo azaltzeko. Landa politikaren azterketa serioak behar ditugu, xedeak zintzoki finkatzeko. Nekazaritzarik gabeko landa eremua geratzen denean, zer dago? Bada, zailtasun aunitz. Nork eginen du lurraren eta ingurugiroaren kudeaketa? Baztan da Euskal Herriko udal lurralde handiena. Paisaia %7k kudeatzen du, dagoeneko marjinala den jarduera tasa. %10 eraikuntzako enpresak edo langileak dira. Gehienak Baztanetik kanpo ari dira. %22 industria, asko Bortziriak eta Iruñerrian ari dira. Zerbitzu sektorea, berriz, %65-67 da: adinekoen zaintza, komertzioak, langile publikoak eta turismoa. Turismoa goraipatua da gaur egun. Baina zer da turismoa? Baztanen 10.000 bisitari izan ditugu aurten. Gero eta gehiago datoz, baina sasoiko enplegua da, prekarioa, hortik jende gutti bizi da. Gainera, turista horietako batzuek etxebizitza erosten dute, ez dute bideratzen alokairurako, eta etxebizitzaren arloan arazo larriak sortzen dituzte.

Alternatiben Herria ekimena omen da sistema aldatzeko bidea. Zu horren aldekoa zara. Baztanen aplikatzerik ba al dago?

Zaila da hori zehazten. Hasteko, jendartearen alternatiba –sozial, politiko eta ekonomikoa– pertsonarengan gehiago pentsatuz landu behar dugu, lehengaia pertsona gara, gure beharretatik hasi behar dugu. Baina, nola eginen dugu bideragarria, landa eremutako gazteen iruditegia hiriak kolonizatuta badago. Baztanen, XX. mendean eman zen hiriaren eta herriaren arteko dialektika areagotu da berriz ere, eztabaida hori zaharberritu behar dugu. Hau da, Europako Erasmus programa hizpide, “kanpoan ikasi hemen bizi” lema da hedabide ahaltsuek saltzen dutena. Bizi eredua kontsumoaren ideiaren bidez garatzen bada, aspirazioa kontsumo hazkorraren ideia bada, sozialki gora egiteko aukera xedez, bada, kapitalismoak jendea integratzeko eta gatazka sozialak uxatzeko erabiltzen dituen baliabideekin jai dugu. Arazo ekologikoaren mugak begibistan agertzen dira.

Sostengarritasuna hizpide. Nola dago kontzeptua gaur egun, zure ikuspegitik?

Bada, askotan solas hutsa. Hitza edukiz bete behar dugu. Errespetu guztiarekin diot, sostengarritasuna funtzionarioa izatea xede bada, auto-karabana izatea asteburuan norabait joateko, gaizki ari gara. Parametro horietan baldin bagaude, horrek erran nahi du gure aspirazio pertsonalez ari garela, kolektiboa ez den bertze eremu batean sartzen ari garela.

Aitzitik, sostengarritasuna iraultza kultura eta ekonomikoa al da? Bai, baina horrela planteatuta, batzuentzat ez da bideragarria, ez dauka onarpenik herritarren artean. Hein horretan proposamena guztiz erreakzionarioa gera daiteke. Lelo hau gailentzen da segituan:  etorkinek lana kentzen digute. Faxismoaren muina elikatzen ari da, gizarte lehia etengabe hazten doa. Indarrean dagoen eredua agortua dela jakinik ere, ez bagara diskurtso gutxieneko bat artikulatzeko kapazak, jendeak minimoetan onartu dezakeena, zaila dugu eredua aldatzea. Garapen eredu berriak bertze kontzeptu sakoneko eta eraldatzaile batzuk landu behar ditu.

 

“Landa eremuak, aldika hiritik begiratzen ditugu leku harmoniatsuak bezala, halako jatortasun eta auzo-kidetasuna ematen dena. Baina ez, landa eremuak ere leku gatazkatsuak dira, jendarteko harremanen isla. Noski, gatazka horiek beste terminoetan ematen dira. Gurean hor dira adibideak: Erdiz harrobia, Aroztegia proiektua, Gaztetxea, merkataritza-guneak. Hemen ere grebak izan dira krisi ekonomikoa dela eta. Bertzetik, herri dantzak direla eta, emazteak parte hartzea edo parekidetasunaren aldeko borroka dago.

Baztan anitza da. UPNren izatea lekuko. Batetik identitate kulturalak daude eta bestetik politikoak. Baina dikotomia hori aspaldion argitu da, zorionez. Aldika gertatzen da bien arteko koherentzia eta harreman zuzena, eta bestetan, diskordantzia. Nafarroako mendialdean UPNren aldeko bozak daude, bistan da. Familia euskaldunenak dira, gaur egun gehienak Elizondon daude, ez hainbertze baserri eta herrixketan, hala izanik ere, horietan ere bozak jasotzen ditu. Horietan baina, herritarrek beren identitate kulturaletik politikorako jauzia eman dute. EH Bilduren bozak homogeneoak dira, Elizondon eta baserrietan. UPNren kasua ez da horrenbeste horrelakoa, UPN ari da ezaugarritze berri bat hartzen, elizondoarra da batez ere”.

Kanal hauetan artxibatua: Politika  |  Nafarroako politika

Politika kanaletik interesatuko zaizu...
2017-05-28 | Dani Blanco
Erraustegiaren eta makro-kartzelaren aurkako martxa argazkitan

Erraustegiaren Aurkako Eguna egin dute Zubietan larunbatean. Egun osoko egitarauaren ostean, Gipuzkoa Zutik mugimenduak deituta martxa egin dute mila bat lagunek. Gipuzkoako Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen eremura sartu dira, baita ondoan zeuden makinak margotu ere.


2017-05-28 | Lander Arbelaitz
"Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon?"

"Derrigor egin beharreko galdera da: non ez da komisiorik egon? Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon? Estatuan ikusten ari gara zer gertatu den, PPren paperetan atera izan diren enpresek kontratu publikoak hartzen dituzte hemen. OHL enpresa adibidez, PPren finantzaketa ilegalaren kasuan harrapatu dutena da Nafarroako Ubidea egin duena. Galdetu behar dut: nork ziurtatzen digu hemen ez dela komisiorik egon?”. Patxi Zamora, Kontuz! elkarteko kidea oso zorrotz mintzo da... [+]


Nola eragiten dio hezkuntza publikoaren egungo egoerak zure seme-alabari?

Kezka dute guraso batzuek: “Irakasleak berriz ere grebara doaz eta zer egingo dugu egun horretan seme-alabekin?”. Baina mobilizazio hauekin borrokatu nahi diren puntuek hain juxtu euren seme-alabei eragiten dietela erakusteko idatzia kaleratu dute:


Legealdiaren erdian

Bi urte joan dira. Lehen urtea, zalantzati. Bigarrena, sendoago; udazkenetik hona, bereziki. Lauko gobernu nafarra errotu ahala, nerbiostuago ageri da oposizioa, garrasika, gezurka, irainka, mehatxuka, alderdi sozialista barne. Nafarroako sozialista gehien-gehienak Pedro Sanchezen aldekoak dira. Atera kontuak. Oposizioaren jarrera kezkagarria izanik ere, are kezkagarriagoa da Iruñeko udal gobernu taldean gertatu berri dena, horrek bai, horrek erdi-erditik higatu dezakeelako hiriburuko... [+]


2017-05-28 | Pako Sudupe
Abertzaletasuna zertan dugu egun?

Azken ehun urte eta gehiagoan euskotar eta euskaldun eta euskal herritar mordoxka ahalegindu da Euskadiren edo Nafarroa Osoaren edo Euskal Herriaren independentziaren alde; askotxok bizia eman dute, bizia galdu eta besteri kendu ere bai. Historia hori guztia oso garrantzizkoa da –aurrekorik gabe ez dago ondorengorik–, baina, bi hitzetan, zertan gara egun?

Azken Aberri Egunak ez dira ikaragarriak izan. Eta bakearen artisauek egin dutena? Hori ikaragarria izan da, jarraibidea... [+]


Amerika Kapitaina nazi bihurtu da: komikizaleen errebolta Trumpen AEBetan

Nola ote dago kontua AEBetan, Amerika Kapitaina ere esplizituki faxista bihurtu bada komikiaren azken zenbakietan. 1940ko hamarkadan sortutako pertsonaia nazien aurkako ikonoetako bat izan zen II. Mundu Gerran. Orain, Marvel etxearen azken erabakiak sutan jarri ditu komikizaleak.


2017-05-26 | ARGIA
Agintariak "lasaitasun mezu faltsua" helarazten ari direla salatu du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak

Errauskailua eraikitzeko lanak hasi direla eta “harridura eta haserrea” adierazi ditu Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, prentsara bidalitako ohar baten bidez. Jarraian osorik irakurgai.


2017-05-25 | ARGIA
Guardia Zibilaren armagabetzea irudikatuko dute O˝atin ekainaren 17ko Fan Hemendik egunean

Ekainaren 17an, Fan Hemendik egunaren baitan, Guardia Zibilaren armagabetzea irudikatuko dute Oñatin. Antolatzaileen esanetan "indar okupatzaileek euskal herritarrak torturatzeko eta erahiltzeko erabili dituzten fusilak, bainerak, elektrodoak, poltsak edota kare bizia entregatuko dituzte".


Nafarroako Kontseilura igorri du Gobernuak euskara administrazioan arautzeko dekretuaren proiektua

Gaur egun 148 langile publiko daude 80.000 euskaldun atenditzeko. 3.500 funtzionario baino gehiago euskaldundu dira azken urteetan eta horietatik, milak baino gehiagok lortu dituzte B2 edo C1 gaitasun tituluak.


Argindarraren ordain-agirietan %50eko igoera egon daitekeela ohartarazi dute

Facua-Kontsumitzaileak Martxan elkarteak ohartarazi du maiatzean elektrizitatearen fakturetan bat-bateko igoera handia egon daitekeela, merkaturatze marjinaren berfakturazioaren eraginez. Kontsumitzaile zaurgarrien kasuan igoera %50ekoa izan daitekeela kalkulatu du.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude