"LGBT komunitatearen historia transmititu behar dugu"

  • Plazer handia hartzen du Nicolas Leport-Letexierrek, serora jantzia soinean, heteronormatibitatea zalantzan jartzen. Betiereko induljentziako serora izateko botoak eman zituen 2007an, LGBT komunitatearen historia transmititzeko engaiamendu militantea hartuz. 1979an San Frantziskon sortu mugimenduak 1.300 bat serora ditu gaur egun. Lau urtero egiten duten konklabea dute irailean Berlinen.

“Mozorroak erakartzen du eta diskurtso politikoarekin jendea ustekabean atzematen dugu. 35 urte eta gero, heteronorma eta patriarkatua galdekatzen eta inarrosten segitzen dugu”.

Erakartzen zintuzten.

Nire homosexualitatea onartu nuen garai horretan. LGBT komunitateak eraman borrokak deskubritzen hasi nintzen eta sekulako irakaspenak jaso nituen. Serorak bikainak iruditzen zitzaizkidan arren, ekintzen formak jenatzen ninduen, muturrekoegiak iduritzen zitzaizkidan. Berez ontsa ikasiriko mutil bat naizelako, kontsentsuan dagoena. Lagun baten suizidioa elektrotxokea izan zen eta aisetasunetik ateratzeko erabakia hartu nuen. 2006an hasi nuen prozesua eta urte bat berantago serora nintzen.

Agnostikoa da mugimendua.

Pobrea, agnostikoa eta barregarria; horra nolakoa den gurea. Erabat serioa eta aldi berean erabat zernahi da gurea. Ahalkea eta errua alde batera utzi eta bizipoza aldarrikatzen gabiltza.

Lehenak 1979ko Pazko astelehenez agertu ziren San Frantziskoko Castro gay eta lesbianen auzoan, metraileta arrosa faltsuak esku artean.

“Jainkoaren maitasuna eskuratzeko hil ezazu homosexual bat” errepikatzen zebilen Anita Bryant-en garai betean ginen, eskuin gogor kristaua arkaz zebilen. Testuinguru horri buruzko kritika zen. Aldi berean, LGBT komunitatearen barneko kritika ere bazen. Castro clone-n garaia zen eta ultragizonkeria matxista heteronormatu hori kritikatu nahi izan zuten. Heterozentrismoaren aurka zebiltzan Radical Faeries taldekoak ziren hamar ekintzailetarik zazpi.  

Sekulako oihartzuna ukan zuen ekintzak.

Bai, lagun arteko txiste eroxka izan behar zuenak sekulako oihartzuna ukan zuen. Zulo bat betetzen zutela ohartu ziren berehala. Konturatu ziren seroraz janztearekin, andana batek betebehar espiritual bat gomendio uzten ziotela.

Hortik urte batera agertu zen hiesa.

Bai, oraindik hiesa deitzen ez zen gaitz beltz hori agertu zen. Laster erreakzionatu zuten; militante sutsuak izanki, sekulako komunikazio kanpainak eta eriei banatzeko diru bilketak hasi zituzten.

Seroraren itxurak indar handiagoa hartu zukeen.

Argi eta garbi. Elizak ez zituen hiesaz hildakoak ehorzten, “gayen minbiziaz” hilak zirelako. Drama ikaragarriak ziren, trauma handiak. San Frantziskoko gayen %70 zen hamar urtez hil! Sekulako hekatonbea, isilean gertaturikoa. Ronald Reaganek ez zuen behin ere bere kargualdian hiesa hitza ahoskatu. Kristauek zioten haien bekatuen ondorioa zutela, medikuek ez zuten deus proposatzeko eta politikarien iritziz, homosexualak, drogazaleak eta prostitutak ziren hunkiak eta horiek gabe pasa zitekeen jendartea. Serorei mutil lagunaren ehorzketa sinbolikoa egitea ala hil aitzin sinbolikoki ezkonaraztea galdatuz hurbiltzen zitzaizkien anitz.

Hamarkada izugarri beltza.

Horri guztiari izu-ikara giroa gehitu behar zaio. Ez genekien zer zen, ez eta nola atzematen zen. Doi bat emantzipazio eta askatasun lortu orduko, horra hor zorigaitza... Ez gara ohartzen zein heinetakoa izan zen traumatismoa. Homosexualen eskubideen aldeko borrokaren oinarrian dagoen grina bizipen horietan dugu kausitzen. Oso bortitza izan zen eta nonbait, oso aberatsa ere bai. Arrazoi pertsonalengatik, serora batzuk San Frantziskotik joan ziren eta komentuak sortu zituzten iristen ziren hirietan. Medikuntza-ikerkuntzan erien parte hartzea bultzatuko zuen borroka horrek ere. LGBT komunitateak eta batez ere Act Up taldeak zuen hori inposatu, urgentzian.

Hiesak aitzina segitzen du.

Garaian, Mendebaldeko gizon txuri pribilegiatuak ziren ezaxolakeria handienean hiltzen; horregatik zen azkenean erantzun bat eman. Izurriak segitzen du Afrikan, ezaxolakerian halaber. Hemen, etorkinak, ingurugiro ez pribilegiatuko gazteak eta emakume transexualak dira gehienik hunkiak; ez dira erakargarriak, ez da hiesa anitz aipatzen. Horregatik diot LGBT komunitatearen historia transmititu behar dugula, bai belaunaldi zaharraren onerako, baita gazteenaren onerako ere. Jakin dezagun ezaxolakeria handienean, gay belaunaldi oso bat hil zuela hiesak.

Zertan da jendarte heteronormatuari talka egitearen xedea?

Eragina testuinguruaren araberakoa da. Frantzia gisako herrietan, nazi eta katoliko integristez aparte, gayen partetik ditugu erreakzio bortitzenak, diote karikaturan garela eta guztiok ez garela lumadunak. Gay eta lesbiana horien umore eskasa kritikatzen segitzen dugu. Parisen inoiz ez gara bakarrik ateratzen, arriskutsua delako, San Frantziskon berriz ia instituzio bat gara. Baserri munduan berriz, horrelakorik izan litekeela ere ez dute imajinatzen. Usu ikuspen ezak baldintzatzen du tolerantzia, onartua izateko heteronormatua izan behar da baserri munduan. Bizi guztian subertsioaren bandera izatearen gogorik ez ukaitea ulertzen dut... Baina seroron betebeharra hori da. Mozorroak erakartzen du eta diskurtso politikoarekin jendea ustekabean atzematen dugu. Beraz bai, 35 urte eta gero, heteronorma eta patriarkatua galdekatzen eta inarrosten segitzen dugu.

Geneseko gailurrak markaturik

“Mugimendu altermundialistan nenbilen buru-belarri. Geneseko G-8aren gailurrean, Carlo Giulianiren erailketak izugarri inarrosi ninduen eta ohartu nintzen ez nintzela ideientzat hiltzeko prest. Nonbaitik ere, garai horretan Betiereko Induljentziako Serorak geroz eta gehiago gurutzatzen nituen manifestazioetan. Haienak funtzionatzen zuela ohartzen nintzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


Eguneraketa berriak daude