Gizarte proiektuetan 21.700 ordu urtean

Ner Group taldean daudenek euren lan-denboraren %2 gizarte ekintzetan inbertitzen dute; 2015ean 34 proiektutan hartu zuten parte. Irudian, Ner Zuhaitz Egunean bolondresak lanean. Argazkia: Lurgaia fundazioa

NER GROUP

Programa: Gizartearekiko konpromisoa

Helburua: Proiektu sozialetan agete aktibo izatea, ingurne jasangarri eta bidezkoagoaren bidean.

Taldea: Ner Group-eko 21 enpresa-proiektuk hartzen dute parte.

Inbertsioa: 431 langile, 21.700 ordu

 

Ner Group. Koldo Saratxaga. Irizar. Kooperatibagintza. Nahikoa ezagunak zaizkigu izenok, ezta? Ez nator Ner Group-en historia eta Saratxagaren ibilbidea kontatzera. Bai, ordea, talde horretan egiten duten “Gizartearekiko konpromisoa” programa azaltzera. Motzean, guztien artean gizarte-ekintzarako proiektu batzuk aukeratzen dituzte urtean, eta langileek beren lan-denbora bat inbertitzen dute bolondres lanetan.

Proiektu sozialetan urtean langile bakoitzak bere lan-denboraren %2 inbertitzen du, Ner Group-en xedea baita giza garapen jasangarri eta bidezkoagoa lortzeko bidean honelako proiektuetan aktiboki parte hartzea. Horrela azaldu digu Juanje Anduagak, Ner Group-eko Gizartearekiko Konpromisoaren koordinatzaileak. Ner taldea osatzen duten 21 enpresa-proiektuk parte-hartze prozesu baten bidez aukeratzen dituzte urteko proiektuak.

Aukeraketa prozesua

Ideia proposamena Ner Group-eko edozein pertsonak edo taldek egin dezake, eta hasteko, proposatzaileekin bezala proposatutako eragileekin zenbait bilera egiten dira proiektua ezagutu, aztertu, eta ahal bada oinarri batzuk finkatzeko. Lehen fase horretan aurrera egiteko honako irizpideok markatzen ditu enpresa-taldeak: informazio nahikoa izatea koste humano eta ekonomikoa kalkulatu eta bideragarritasuna aztertzeko; giza-eskubideak, kultura, hezkuntza, osasuna, zaintza, ingurumena, harremanak edo garapen jasangarria bultzatuko duten gizarte-ekimenak bezalako gaiak lantzen dituzten programak izatea; jasangarritasuna, parte-hartzea eta duintasuna bermatzea; giza-baliabideak baliabide ekonomikoak baino beharrezkoago dituena lehenestea; dependentzia ekonomikoa sor dezaketen proiektuak saihestea, baita ekarpen ekonomiko handia eta iraupen luzekoa behar duten ikerketa proiektuak ere.

Irizpide horiek kontutan izanik eta proposamenen lehen azterketa eginda, Gizartearekiko Konpromiso lantaldean –21 enpresetako ordezkariak daude bertan– proiektu posibleen zerrenda egiten da. Ondoren hilabetean enpresa bakoitzeko langile guztiei tokatuko zaie zein proiektu babesten duten eta bakoitzean lanerako prest zenbat langile bolondres dagoen esatea. Hurrengo bilerara lantegi bakoitzeko ordezkariek beren proposamenak eramaten dituzte, eta han erabakitzen da datorren urteari begira zein gizarte-ekintzatan parte hartuko duten. Enpresa-proiektuen gehiengoak babesten dituenak.

Behin erabakia hartuta, langile bakoitzak aukeratzen du bere lan-orduen %2 zein proiektutan inbertitu. 2015ean 34 proiektu sozialetan hartu zuten parte, hala nola, heziketa eta balio-transmisioa; gizarte-bazterketaren arriskua; edo ezgaitasun intelektual eta funtzionala oinarri zituzten gizarte-ekintzetan. n


ASTEKARIA
2016ko otsailaren 21a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude